Umea, Eroa eta Moskorra
Moskor moskor eginda ere
Mieltxo Moskorra
Estatu torturatzaile baten aurka edozer da zilegi, zioen aspaldi ez dela MLNV delako bozeramaile batek, eta moskor moskor eginda ere ezin dut arrazonamendu hori burutu. Ez da higuingarria bakarrik, ergela ere bada.
Izan ere gara dezagun silogismoa, Estatu torturatzaile jartzen den lekuan, «boterea duen erakunde torturatzaile» jar daiteke inolako bortxaketarik gabe, eta segidan honoko hau bezalako gogoeta bat burutu: «Boterea duen erakunde torturatzaile baten aurka edozer da zilegi. ETA holako erakunde bat denez Ortega, Blanco... edozer da zilegi ETAren aurka, esate baterako tortura, esate baterako herio-zigorra, esate baterako...».
Beraz buka dezagun silogismoa MLNVk tortura eta okerragoak eskatzen ditu torturaren aurka. Contradictio in terminis, esaten zaio horri latinez, eta euskaraz berriz, gordinago, pitokeria.
Eta galdera da: nola lortzen du euskaldun jendeak holako planteamendu higuingarri eta ergelak burutzea? Botilaren laguntzaz, nik bezala? Ziurrenik bai, eta horregatik egongo dira Euskal Herriko kaleak moskorrez beteak. Horregatik, halaber, igoko da moskor horien kopurua norbait bortxaz hiltzen dutenean, heriotza eta pitokeriaren ezkontza siniestroa nola edo hala ahaztu beharra dagoelako.
|