L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-2 (1998-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Umea—

 

Informatikumeak

 

Nikolas Garziarena

 

Ni duela urtebete arte zoriontsua nintzen, zoriontsua gurasoen kuttuna nintzelako, zoriontsua aiton-amonen altxorra nintzelako, eta zoriontsua nahi nuen guztia egiteko aukera neukalako. Nire gurasoak, ordea, ez omen ziren erabat zoriontsuak etxean ni bakarrik edukita, eta beste ume bat ekarri zuten. Arreba polit-polita da, alaia: beti barrez dago, baina oinez hasi eta bere bizitzako lehen urte osoan grina egosten eduki izan balu bezala zuzen-zuzenean nire jostailuak baino ez ditu nahi eskuetan.

        Niri asko-asko gustatzen zait jolas egitea, eta orain arte etxeko ume bakarra nintzenez gero dena niretzat edukitzen nuen. Ez hori bakarrik, gustatzen zitzaidan jolasean bakarrik ibiltzea, eta batez ere gutxienez beste lagun batekin egin beharreko jolasak zirenean. Partxisean neuk manejatzen nituen beste jokalarien eta neure fitxak; indioekin jolasten nuenean neuk egiten nuen zintzoen eta gaiztoen papera; kartetan zer esanik ez: estrategia bikoitzak garatzen eta batez ere tranpak egiten oso trebea naiz.

        Baina nireak egin du. Nire urtebetetze egunean, San Nikolas egunean alegia, jaso nituen azken opariak, eta bide batez esan behar dut hauek izaten direla Olentzerok, Erregeek eta gainerantzekoek ekartzen dizkidaten urteko opariak —gurasoek eta aiton-amonek hala erabaki zuten eskolan urte amaiera— hasierako bisitari horiek gezurra zirela jakin nuenean. Beraz, nik beste umeek baino lehenago jasotzen ditut opariak, eta aurten besteak beste ordenagailu bat jaso dut. Gurasoek esan didate gaur egun tramankulu honen bidez ia dena ikasi eta egin daitekeela, eta etorkizunerako oso baliagarria izango zaidala.

        Etorkizuna zer den ez dakidanez gero bost axola zait, baina jolasak ere ordenagailuan badaudenez gero horietara jo nuen berehala: batzuk gustatzen zaizkit, baina gehienak ez, izan ere konturatu bainaiz ezin diodala tranparik egin, ezin ditudala nire estrategiak eskuzko jolasetan bezain erraz planteatu. Etorkizuna makina honen kontra arituaz garatzen den adimena ote? Buruhauste hauekin nabil, eta arrebak berarekin jolas egiteko eskatzen dit. Makinarekin eta arrebarekin jolas eginaz beste mutikoekin jolas egiteko zaletasuna sortuko zait beharbada, eta horrela aukera gehiago eduki ditzaket. Gustatzen zait ideia: gogoko ditugun gauzak egiteko zenbat eta bide gehiago eduki eta hobe, horrela beti edukiko ditut aukerak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.