|  
              
               
 
 
De jardines ajenos
 
 
 
(Gerardo Markuleta, 
 
«Basurdea labyrintoan: Joseba Sarrionandia eta Hnuy illa nyha majah yahom». 
 
Testu hautatuak)
 
 
 
Margolaria deserrian
 
 
 
Gerardo Markuleta
 
 
 
Bereziki izugarria behar du exilioak margolariarentzat. Sorterriko itsasoak sorterriko haize, argi eta koloreak hain urruti izanik, margolariak muzin egingo dio agian bere deserriko inguruneari eta beti hara, aukeratutako aberri hurrinera, bidali nahi izango du bere mezua.
 
        Sorterriak barrenean etengabe sortzen dion oihartzuna mingarria izango zaio, beti ere alanbrada paisaia eta larderia besterik ez baitzaio gogoratuko. Postalak, argazkiak, liburuak izango ditu lagun, baina handik zeharka heldutako usoak, berriz, ez dio sekulan mokoan olibondo adarrik ekarriko. Usoen keinuek mozorro baten azpikoak irudituko zaizkio, ala bele negarra, ala arranokeria hutsa. Lotura sendoek tinko iraungo dute, baina beste era batez: haizeari esker, itsasoari esker, aldekoak izango baititu biak, haizea bere hasperenekin elikatu duelako, itsasoa bere malkoekin igo eragin.
 
        Barreneko bideari ekingo dio orduan, margolariak, erbestean, besteren herrian hain zuzen: ordurako beraren herria ere besterena bihurtua izango baita, zoriona bezalaxe. Eta garbitu nahiko ditu eztarria eskuak eta pintzelak uso zirin guztietatik, baina beti bere basurdetasunak basurdetasun dirauela. Eta atzaparka ekingo dio sorterriko kalenderak, postalak, haurrentzako liburuak, diska azalak etab. marrazteari, paisaietatik ageriko alanbradak kenduak izango direla profitatuz, baina bere benetako sinadura beti gordea izango du beti behin-behinekoa izango zaigu haren ahotsa. Eta libre baina agian ezjakin jaurtikiko ditu bere gezitxoak, etxekoandre eskolaratuari, beren baitarako pake eskaleei, errata-argitaratzaileei...
 
        Gaur jada han izanik, Orhiko berri baduelarik hantxetik etorri berria dela esango du lasai, azken finean hemengoa ez zela ere esana baitzuen eta hortik aurrera ez du iruzurraren aurreko obstinazioa eta obstinazioaren iruzurra nahastuko halabaina mito zaharrak nahasteari ekingo dio, salbamendu bakarra horixe baita labyrintoz okertu zirenentzat. Ongi etorria egingo zaio orduan, kontutan hartzeko apostua baita berea, bere alde soil-soilik sinadura eta lana dituela arriskatuko baitu burua.
 
"Ertzetik", Euskaldunon Egunkaria, 1993 -1-3
 
 
 
 
 
Etorkizunaren saudadea
 
 
 
Joseba Sarrionandiari zor
 
 
 
Koldo Izagirre
 
 
 
Inoiz porturen bat jotzen baduzu 
 
Beti zabalduko zaizu 
 
Munduko edozein portutan aurkituko duzu 
 
Rue des Basques bat 
 
Ahantz ez dezazun ez zarela 
 
Ziega hartan sartu zinen lehena
 
 
 
Inoiz Newfoundland jotzen baduzu Kanadan 
 
Egina dute lehenago han ere 
 
Ziegan hordituriko zangoek 
 
Rue des Basques bat 
 
Ostera ere ontzi har dezazun 
 
Hemengoa ez zarela frogatzeko
 
 
 
Inoiz Biskay Bayko Baiona jotzen baduzu 
 
Amorezaren ihesi 
 
Zain edukiko duzu itsasoan luzatzen den 
 
Rue des Basques bat 
 
Oroit zaitezen hemen ere 
 
Ez garela geure baitakoak
 
 
 
Rue des Basques bat 
 
Portumundu guztietan 
 
Rue des Basques bat 
 
Euskal Herri guztietan
 
Non da Basrque's Harbour?, 1997
 
 
 
 
 
Posdata
 
 
 
Bernardo Atxaga
 
 
 
Joseba Sarrionandiari egindako gutun batetik
 
 
 
Marinel sartu bahintz orain Hamburgon egongo hintzateke 
 
edo apika Dublinen edo Errege Cristianen lur jelatuetan 
 
edo Shangain bestela, jazmin-tea hartzen enperadorearekin 
 
eta zergatik ez Lisboan arratsez, leve leve muito leve 
 
um vento muito leve passa, e va-se, sempre muito leve.
 
Susa 5 zk., 1982
 
 
 
 
 
Deserria / Herrimina
 
 
 
Pako Aristi
 
 
 
Zuri, Sarrionandia: 
 
Bizi zara benetan? 
 
Ala zure izena 
 
maite izan zintuztenek 
 
zure memoria gordetzeko 
 
darabilten goitizena al da?...
 
 
 
...Ez al da arrazoirik tristeena 
 
zure maitasunari gorrotoarekin, 
 
zure borrokari isekarekin 
 
erantzun dizutenengatik 
 
deslurtar izan beharrarena, 
 
lurminez bizi ezinarena?
 
Castletown, 1996
 
 
 
 
 
 
 
Joseba Sarrionandia
 
 
 
Lehendabizi Ekuatoreruntz nabegatu ondoren, itsasuntzia ekaitzek Hego Polo aldeko Eskualdera eraman zuten. Marinel zaharrak han, gupidarik gabe eta abegitasun legeak apurtuz, itsas Hegaztia hil zuen eta, ondorioz, zigor ugari eta gogorrek oldartu zuten. Eta nolabait bere herrira itzuli zen.
 
 
 
Marinel zaharraren balada-ren argumendua, 1995
 
 
 
 
 
Joseba Sarrionandia
 
 
 
...ustekabeko xori migrari, iritsi dira 
 
gutunak. 
 
Ihazko galdera haientzako, heldu dira 
 
erantzunak.
 
 
 
Baina berritu dira haroak, eta zahartu 
 
galderak 
 
gutuna iritsi baino lehenago, erantzun ditu 
 
denborak.
 
 
 
Orain galdera berriak ditut, hegats arinez 
 
hor doaz. 
 
Hurrengo urtaroarekin ea itzultzen diren
 
menturaz.
 
 
 
Hnuy..., Poemak 1985-1995
 
              
              |