L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<barz0300>— Garziarena Berria-3 (1998-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Itzultzaileen fabore

 

Jose Garziarena

 

Alegoria antipatikoa dela diote, agian arrazoiz, baina ildo horretatik adieraziko dut halere ideia: mundua golf zelai bat balitz, gu bizi garen leku hau zelai horren hamazortzi zuloetako bat izango litzateke; zulo kaxkar bat, sator edo xagu baten etxe, edo gutxiago, sator edo xagu baten etxeko tximini. Eta zulo horri batzuetan Euskal Herria esaten diogu, eta besteetan Euskadi edo Euzkadi, edo holako zerbait.

        Eta alde batera, guri herri honetan gertatzen zaiguna kontaezina da bere osotasunean, infinitoa da, zeren bizitzaren azalpenak, bistakoak edo gordeak, distiratsuak edo opakoak, infinitoak baitira nonahi, baita sator edo xagu baten etxeko tximini barruan ere; hain baita zabala bizitza, hain baita altua, kasu, besarkada soil batek ezkuta ditzakeen zerako zeraren pera zeratzaileen zera zeratuen zenbakia...

        Ordea, eta beste aldera, hain herri ttikian, sator edo xagu baten etxeko tximini honen barruan, ezin da zabal izan, kasu, besarkada baten inguruan idatzitako poema, ipuin, nobela edo antzerkien atala; ezin da altua izan bizitzaren zerako zerak jaso, hausnartu eta ederki berritu ditzaketenen zenbakia; Izan ere, zenbat idazle bizi daitezke tximini batean? Gainera, ez al dira orri gehienak ke bihurtzen?

        Zorionez, ordea, besarkada bat besarkada da nonahi, eta munduan barrena —golf zelaiaren luze laburrean— bizitzaren zera zeratu guztiekin sortutako liburuak itzul egin daitezke, ekar egin daitezke gure artera, sator edo xagu baten etxeko tximini barru honetara; eta itzultzaileek —sator ibiltariek, bibliotekako xaguek— hartzen dute lan hori, eta hartara hobe egiten gaituzte, eta baita, maiz, bizkorrago eta zoriontsuago ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.