Infortunium linguae
E. & I. Garziarena
Ibaetako ikasgela itxuroso honetan errotua nagoelarik, sortaldetik datozkit euskal eguzkiaren errainu belaskak, betiereko errail indargeetan behera, inularraren euskarri den zeru-sapai hauskara amultsuki ferekatuz. Etengabeko soan, ekiaren argitasun unatua hauteman dezaket itsas-zolaren mugan, zeruertzeko hodei ubelean filtratu ondoren, sortaldeko dizdira iragan printza baino izango ez den arren. Iragan printza, etsipenduriko geroaren ihintza.
Bertako gerizpean, begiz jo dudan leihoko barrote ugertuek kupidarik gabe zatitzen dute eguzkitiko argia, estantziari legez dagokion iluminazioaren esentzia doilorki bereganatuz. Eta iragazpen prozesua amaitzearren, begiradaren sostengu dudan kristal garden baina opakoak uko egiten dio dizdira naturalari, berau agonia eternalera kondenatu nahirik. Horregatik, ernamuinak ñarrotu arren, ezin dut nire irudiaren itzal higigaitza ere ikusi. Ene ezinegon hitsa areagotzen duen ilunbe itogarriaz gain, "Problemática del vascuence" dioen esakunea begizta dezaket soilik, arrastiriaren birundan, bakardadearen amaigabeko agonian.
Buru gainean dudan sapai goibel itzaltsuak, lekuko isilaren irmotasun patetikoa dager bizimin ezkilen estalkia bailitzan; lekuko isilaren ezinbesteko oinarri diren lau horma betilun zurrunek iluntasunaren hats, trakets, neketsuaren hotsa neurrigabe anplifikatzen dute eta egunerokoari jarraiki, gainaldean eskegitako bonbila kulunkariek ilunbea ahantzi nahi dute, eternaleko malenkoniaz, kaleko argi pizgarritik urrun. Bien artean, zorigaiztoko bizitza hutsalaren sakanean, etsipenaren erraieko marrua somatzen dut ene bihotz zurbil bakanean.
Fugit irreparabile tempus.
|