Idoloa
Xabier Garziarena
Batek daki zer izango litzatekeen hogeita lau orduko gauean zein egunean bizitzea. Eguzki galgatan etengabe egotea ala hotz elurtua besterik ez ezagutzea. Horregatik munduko eremu epeletan metatzen da populazioa; urte sasoiak ezagutu ahal izateko. Hango elur urtzea, edo hemengo arbolen biluztea, loraldia, zeru garbia, lainoteria,... Asperraren aurkako balsamoa, aldaketa.
Leihotik harantz dagoena desagertu egiten da ikusmira berria bultzaka datorrelarik. Nafarroan endemas. Koloreak goitik behera aldatzen dira eta atzetik aurrera ere bai. Zer izan zen eta zer den ez dute konparaziorik. Nolako etorkizuna iragartzen zaion ere eguraldiaren gora-beherako uzta da. «Ikusitakoan esango dizut». Denbora tarte laburretan euritik eta eguzkitik izaten da, eta halakoak udaberriko egun bizigarri horietakotzat hartzen dira.
Ispiluan, leihoan ez ezik, ikusten dira denboraren aztarnak: ile txuriak gehiago eta inguruneari espazio lapurtzea (hori besterik ez bada). «Hark duen itxurakoa izan nahi nuke», baina frustrantea izaten da amets egitea esnarik. Miguel Induráin-en sasoiak eta xalotasunak eredu gogorrari eutsi diote urte luzeetan. Ur sakonetan aritu gabe bihotz haundi bat bizikletaren gainean ibili zen Frantziako errepideetan. Duela aste gutxi, gorputza eskergaitza dela ohartu eta denbora gutxira, beste eredu bat azaldu zaigu telebistako ispiluetara. Sasoia ajatua, zimurrak edonon eta edadean aurrera doa Montxo Armendariz; alabaina, dohairik badu, alegia, ideiak irudi sinple eta indartsu bihurtzeko gaitasuna. Hankak bueltaka erabili beharrean kreatibitatea istorioetan gauzatzen dituenak erakusten du alderik aurrekoarekin; hoberako aldea, haurtzaro inozo batean geratu nahi ez bada. Nafarroak merezi zuen alor artistiko edo intelektual zabaldu batean gailenduko zen norbait, indartsuaren edo adreilu koskorraren topikoetatik aldentzeko bederen. Zinegileak badu, halere, paperetan maiz agertzen den pentsamendu korrontearen arabera ulertu ezin daitekeen zerbait. Nafarra izanik, Baldorbakoa, eta burua erabiltzen duelarik, euskalduna sentitzen dela aitortu du. Psikoanalista behar du.
|