Nik uste nahiko hurbildik eta zuzenki erantzuten dietela zuek bidalitako lehen hiru galderei. Ongi dagoela deritzot, olerkariak olerkien bidez erantzutea 
  
Joxan Artze 
(Usurbildik, 90ean urriaren 5ean) 
  
1. Zure olerkigintzarako hari nagusiak zein dira? 
  
  Zertarako da on 
argirik ez darion 
          olerkia, 
ez badarama beragan 
               egia? 
  Unetxo baterako 
agian belarriari zaio xamur, 
                      begiari eder, 
baina barnera orduko 
       ezabatzen da eta 
      deus ez da, ez da ezer: 
  
  
Eguzkiari badiozu atzea ematen, 
 itzala agertuko zaizu aurrean, 
    aurrean luzatuko itzala. 
  
Geroztik itzala dukezu itzai: 
        hura nora, zu hara; 
  hura aurretik, 
                         eta zu atzetik... 
zeure itzalaren itzal bihurturik! 
  
  
  
 "Nola" egitea ez da zaila 
   "zer" egiterakoan ardurarik ez denean. 
  
 "Zernahi"ri "nolanahi" egitea dagokio 
eta zernahi egin, nolanahi egin, 
                 biok berdin direnean, 
                 biok dira berdin 
                            nolanahiko  zernahi. 
  
  
  
Landareek edo harriek ez bezala, 
               abereak, 
      ikuskor dena ikusteko 
      dauzka begiak buruan. 
  
    Abereek ez bezala, 
          gizakumeak, 
     ikusten denean ikusten ez dena batik-bat 
     ikusteko dauka bihotza 
                  gorputzaren erdian. 
  
     Ikustezina ikusteko dago batez ere 
            olerkaria gizakumeen artean: 
      ikustezina ikusi eta 
      ikustarazten laguntzeko ingurukoei. 
  
     Ikustezina ikustera etorri da, 
     ikustezina ikustera doa 
             olerkaria, 
eta ikustezina ikusiz, 
      esanezina esatera 
             olerkitan. 
  
3. Zein autore dituzu inspirazio bide? 
  
                   Iturri zaharretik 
                        edaten dut, 
                    ur berria edaten, 
   beti berri den ura, 
   betiko iturri zaharretik. 
  
         Iturriak izan aurretik 
                 ugari zen uretik 
                edaten dut, 
           ura baino lehen zen 
                  iturritik edaten, 
        inoiz agortzen ez den, 
 eta inoiz lehortzen ez den ura 
isurtzen duen iturri bakarretik, 
                      iturri guztien iturburutik... 
  
  
  
 "Bi punturen artean, 
   zein da biderik laburrena?" 
  
 "Biderik ederrena!" 
  
  
LXXXII 
  
                               Om! XIVÂya namah! 
agur, zuri, ekialdeko Sri XANKARÂTXÂRYA 
                        "Bakea Sortzen duen Gidaria"; 
  
agur, zuei, ekialde urruneko TXOAN-TXE 
                 Tibetar MILAREPA, Japoniako MATSUO BAXÔ; 
  
agur zuri, ekialde hurbileko Rabbi MOXE BEN LEON; 
  
orobat zuri, Arabiar Xeih AHMAD AL-ALAWÎ 
                      Lâ ilâha ill-ALLÂH 
                      MUHAMMADun rasûlu-LLÂH. 
  
agur, zuei, itzalalde urruneko Siux lakotadunak, 
                HEHAKA SAPA, "Altze Beltza" eta 
                TAXUNKO WITKO, "Zaldi Zoroa": 
                         Hi-ei-hei-i-i! Hi-ei-hei-i-i! 
                         Tunkaxila WAKAN-TANKA! 
  
           agur eta ohore zuei, agur eta goraintzi denoi! 
  
  
  
           Ez zaituztegu urrun. 
     Eguzki berak gaitu jotzen, 
     Ilhargi berak ferekatzen, 
                zuek eta gu; 
Euri berak bere garaziaz bustitzen, 
   Tximista berak argiz betetzen, 
         zuek hor eta gu hemen. 
  
    Eguzkia bakarrak dizkigu 
gabiltzan bide anitzak argitzen, 
              zuei eta guri, 
         Lur bakarrak gaitu bazkatzen 
eta Indar bakarrak eusten 
zuei orduan eta guri orain, 
                                          zutik! 
  
  
Sophia Perennis 
  
               Jakinduri iraunkorra, 
               lehen zena eta gero datekeena; 
               mundua hastean bertan zena, 
               mundua bukatzean bertan datekena. 
  
           Eguzkia baino argiagoa, 
              elurra baino garbiagoa; 
                  sua baino biziagoa, 
               zerua baino zabalagoa; 
             haren aldean urrea eta harri-bitxiak 
               hautsa eta errautsa besterik ez dira. 
  
       Ez du lurrak ehortziko, 
       ez urak ithoko; 
       ez du suak kiskaliko, 
       ez eta haizeak ere eramango; 
    aldiek ez diote koskik ez koskarik egiten, 
    aldeak ez du bere luze-zabal, 
                                 goi-behe neurrigabean biltzen; 
    aldiak hasi aurretik zena, 
    aldiek aldegin ondotik ere datekeena; 
  
hasiera baino lehenagoko Hasiera, 
bukaera baino goragoko Bukaera; 
Hasierak isuria Bukaerak bilduko duena, 
Hasiera eta Bukaera biok bat direna; 
  
            den guztiaren, den denaren 
       Abiaburua, Helbidea eta Helburua. 
  
2. Zer mundu ikuskera eskaintzen diguzu? 
  
            Iturri zaharretik 
                  edaten dugu, 
              ur berria edaten, 
            hitz bizia aditzen, 
   beti berri den hitza, 
   betiko hizkuntza zaharretik. 
  
  
  
 Nola hatsa biriketatik biriketara 
                  jauzika, argigarri; 
 nola odola bihotzetik bihotzera 
                  isurika, berogarri, 
 hala heldu zaigu 
       mendi malkarretan behera oldartsu, 
                ibar zelaitan barrena baretsu, 
       isilunerik gabeko kantu luze zaluan... 
  
       Darion ura nondik datorkion, 
            zer daki iturriak! 
 hala heldu zaigu, 
         alde ezezagunetik, 
         aldi ilhunetik 
 zaigu heldu, 
                    ahoz aho ahora, 
                 eskuz esku eskura, euskara: 
                                   hitza eta bizia. 
  
 Nola gauari bere ezkutukiak 
        agerterazten dizkion eguzkiak, 
 hala geuri ere digu hizkuntzak 
        gauzen izanaz argitzen izenez: 
  
       izena duen orok du bere izana, 
        izana zezaguenak emanik, izena; 
  
       izena dazagunak ba dazagu izana, 
        izanaren aurpegia denez izena. 
  
Horrela, 
              aurpegiz aurpegi garamatza 
              eta derakusku argiro hitzak, 
         izenez izen, izaki ororen izana, 
         izanez izan, izadi osoaren zaina, 
                                  muina eta gaina. 
  
  
  
    Ez niri eguzkirik itzal! 
                ez eta ere apal! 
       ezin badute ere hura 
          ene begi ahulok jasan; 
  
    ez du eguzkiak errurik 
        ene begi gaisook 
                ezin badiote hari 
                begiz begi begira... 
  
  izatekotan, 
            indar gehiago bekie, 
      arren othoi, ene begioi! 
  
       Ez, othoi, eguzkirik 
      ene begioi itzal 
  Ez, arren, zeure aurpegirik 
  ene bihotzari estal! 
  lehergarri bazaio ere honi, 
itho-zoriak izutzen badu ere 
  
            jotzen duzunean. goitik, 
             goitik ere goienetik, 
      iharrosten batera barrutik, 
                  barru sakonenetik. 
  
           Zer litzateke ene bihotzaz 
    jantzi ezean zure aurpegiak, 
            bete ezean zure egiak, 
            hutsik eta bilutsik hotzez! 
  
       Bekio, arren, bihotz honi egia, 
                     hori du eta bere ogia! 
  
Etor bekio, 
    betorkio, othoi, 
                              bihotz honi argia, 
                 hortaz du eta berak haragia! 
  
  
  
   "O! adiskideok, entzun nazazue: 
        eguzkiaren antzekoa da maitasuna 
        harri beltzaren irudikoa berriz 
        maitasunik gabeko bihotza", 
        izotz beltzak ernetako baratza 
        maitasunik gabeko bihotza 
  
      Maitasun mamitua da edertasuna 
     edertasunaren mamia, berriz, egia. 
    Edertasuna baizik ez du hedatzen egiak, 
                hala nola argia eta beroa ekiak. 
  
      Egia ez da inoiz agertzen 
     edertasunez jantzirik baizen; 
     edertasunaren bidez du egiak 
       bere mezua haizeratzen 
Eta edertasuna agertzeaz bat 
       han da bertan maitasuna: 
       non eta den edertasuna, 
       han du ondoan maitasuna 
  
      Maitakiro zaigu ageriko edertasuna 
                             ezkutuko egiaz mintzo; 
      xamurkiro deitzen digu edertasunak 
         gordean duen egia ezagutzera. 
  
        Edertasunetik egiara iristeko 
          ezinbestekoa dugu maitasuna.  
          Ezin daiteke egia ezagutu 
                  maitasunik gabe: 
          egiaz guztiz jabetzeko, 
             buruz ezagutu dena 
        bihotzez behar da izan, 
   eta ezagutu duguna izateko 
        beharrezkoa da maitasuna. 
  
     Maite dugu edertasuna. 
   egiaren aurpegia erakusten digulako. 
     Maite dugu egia, ederra delako. 
  
  
     Maite dugu edertasuna 
             edertzen gaituelakotz. 
      Maite dugu egia, 
              argitzen digulako begia, 
            garbitzen bihotza....