L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Enseiucarrean-7 (1992) —<ense0700>




 

 

Kriseiluaren itzaltze hura

 

Nerea Zuloaga

 

Eguraldiaren berri irratian egunero lez "goizean eguzkia izango dugun arren, eguerdi partera zenbait aldaketa izango dugu..."

        Igandea, inor ez kalean. Loak alde egin duen arren, ametsek utzitako azken imajinak gogoratu nahiean nabil, alperrik da ordea. Bertan aurkitu nahi izan dut barruan sentitzen dudan sentsazio berezi honen zergatia; nire bizitza aldatuko duen norbaitekin topatuko naizenaren susmo ezezagun hori.

        ...eta orduan ulertu nuen ezinezkoa zela, edo behintzat, ez zuela fruiturik emanen, zeren amodioz jositako gau baten azken besarkada eta azken promesak zeruari so eginez pasa genituen. Eta egunsentia ez zen beti bezala azaldu, ez momentu horretan behar bezala; eguzkia zurbil zegoen, hodeiak, izarak balira, mendien artean zabaldu ziren, esnatu berria zegoen eguzkiak kasik atera ezin izan zuelarik. Beste edozein egunetako zerua, margolariaren paleta litzateke. Eskuak loturik genituen, bihotza berdin, ahoan, gazteak lehen aldiz maitasuna ezagutzen dueneko gusto goxoa oraindik dastagai. Baina zeruak ez zuen gure lekuko izan nahi... eta orduan ulertu nuen ezinezkoa zela, edo behintzat ez zuela fruiturik emanen.

        Ez, oraindik ez dut hasi ofizinara heldu den liburu honen irakurketa, bai, arrazoia duzu, arratsaldean erantzun definitiboa eman behar zaio Joserra, edo... delakoari. Bueno, eskerrik asko, ez ditut asko atsegin makinetako kafe ureztatu hauek, baina irakurtzen dudan bitartean hartuko dut gusto onez.

        Izenburua: Heriotzaren eskua muxukatu zutenen oroimenez. Izenburu xelebrea benetan. "Famatu egin zueneko izena ahaztu ondoren, dardaraz zuen eskuak ezin zezakeen bere agudeziaren izenburu zen zirriborro konplexuaren trazadurik egin. Eta gortina gorridun, urrezko pintzeldun eta itsas usainez perfumaturiko estudioa, ilargiaren begirada sotilaren esklabu bihurtu zitzaion."

        "Bakardadea, pintzel bat eta lau kolore, hiru lientzo zuri, hori bai, aulkia, etxerik ez, eta bere existentzia ahaztu nahiean, koadro bakoitzean asmaturiko istorio bat, besterik ez." Argitaletxeko zuzendariak gogoko zuen hasiera behintzat.

        ...eta kanpandorreak hiru dilin dalan abestu zituen, jaio berriaren negarrarekin bat bailara osoa busti zutelarik. Sukaldean, osaba Alberto, tia Matilde eta Martina zeuden, nola ez zen bada auzoko Martina azalduko! Ongi baitzekien Joserra jaiotzerakoan konbentutik izekok ekarritako pastatxoak aterako zituela amona Agusek.

        Nekaturik nengoen, izan ere logelara egindako joan-etorri guztiek, Joserraren etorkizunari buruzko gogoetek eta, kontxo! aita jaio berri bat izatearen kezkek hauts eginda utzi ninduten. ­Leonardo, mutil eder eta sendo bat bidali dizu Jainkoak, horrek bai! Horrek ongi zekien zein beharrezko zenituen esku fuerte batzu soloan laguntzeko!— esaten zuten.

        Denok geunden pozik aitona Xalbador ezik. —Ekaitza dago— aitonaren esanak, sukaldeko leihotik zerurantz begi triste batzu jasotzean— hiru tximista zeruan, hiru ezpata bihotzean.

        Aitona zoroa, lehenago sartu behar izan genuen zoroetxe horretan, horrela, zutik iraungo luke oraindik baserriak.

        Lerro zeru eterno baten atzean joateak ez digu uzten, zorionez, inguratzen, edo hobeto esanda, itotzen gaituzten adreilu erraldoiekin topo egiten. Zorionez diot, zeren neonezko iragarki intermitente, semaforoen gorri-berde, eta leihoetako geranio kutsatuek gure ingurua osotzen dutela pentsatzea, eta pentsatze honek sorturiko bihotzaren gaitza tristeak bait dira. Gaurkoan oinek ez dute markatzen pausua, bihotzak baino, esnatu naizenetik, zeruaren agurra entzun ondoren, norbaiten presentzia izango dudala baitakit. Norena baina? Nor ote da? Argitaletxeko zuzendaria, baietza ahoan dakarkidalarik agian? Arima lapurtu nahiean dabilen inpernutako agintariren bat akaso? Edo jainkosaren bat? Edota...

        Igandea, kalean inor ez, kaleak zeharkatzen ditut, auzoetan barna, noraezean, lerro zuri eternoa noiz hautsiko zain.

        Zigarro bat piztu ondoren, hankak mahai gainean jarri ditu, idazle gazte batek ekarritako nobela, gero eta gustorago irakurtzen duelarik.

        "Arrats horretan, eskuak dantza majikoa gozatu ondoren, udazkenez jantzitako zuhaitzez inguraturik, dorretxe bat irudikatu zuen. Martzel jaunak, erosi berria zuen etxeko leihoan zirauen gau eta egun, leihoaz bestaldera, lorategi batean, Minervaren estatua zegoelarik. Ordurarte zaldunaren begiek ez zituzten gorpu hilak besterik ikusi, belarriek, ezpaten soinu garratzak bakarrik entzun zituzten bezala. Egunetik egunera, gaitz izugarri batek dardaraz astintzen zizkion atal guztiak. Gerora jakin zuen, gaitza estatuarekiko desio inkontrolatua zela. Arratsero estatuaren aurpegia muxukatu eta gorputz biluzia, urrez brodaturiko jantziz estaltzen zion. Halaz ere, estatuaren begiradak, ezpata balitz bezala, zeharkatzen zion bihotza, eta marmol zuriaren testurak azal osoa erre. Iluntasunak eguzkia ito, eta dorretxeko atera noble beltza hurbildu zitzaionean, bere patua gaitzetsi zuen. Estatua ederraren barnean sentitu nahiean, bere hilobia osatuko zuten marmolezko zatitan hautsi zuen. Gaur egun, marmoleko hilobiaren gainean estatua bere bat hazten omen dagoelarik.»

        Ez nuen uste gau infinitorik esistitzen zenik; luzeak dira beti ni bezalako zahar batentzat ilunak, arnasak ere nekez aurkitzen du argia. Zeruan izar bat ere ez. Bizitauna behar du izan zeruak, kolore gorriz blaiturik egon, berotasuna, argia... zaude lasai baina, nire jaun eta jabe zaren zeru goibel hori, nik berpiztuko zaitut, baserritik askatuko diren txinparta eta sugarrez.

        Bi orduz nabil oinez. Zerua goibeltzen hasia, burua zalantzaz josia. Arnasa estu, oinak, nekeak sorturiko ibilera torpearen dantzati. Halaz ere, ezin geldi naiteke. Alboko tabernan, herdoiltzen hasia dagoen irrati zahar batean eguraldiaren berri, egunero lez.

        ...eta alde egin behar izan nuen, nire familia guztiarekin batera, ni haur bat besterik ez, suak beldurtu ninduen, eta tximistek, eta...

        Joserra, bere paper guztiak besapean zituelarik, argitaletxeko ofizinan sartu zenean, ez zuen zuzendariak begi onez ikusi, beste idazletxo bat bezala ikusi baitzuen. Baina nobela irakurriz zihoan neurrian...

        "Margolariak koadro hura tristegia zelakoan baztertu zuen. Bere esperantza bakarra ziren bidaiek gehitzen zioten ospearen ixiltasunak urraturiko zauriaren mina. Bere Nia-ren zati batek marmolezko hilobian zirauen, bertan gatibu, itzulia, itsasoak nor maite duen jakitea bezain ezinezkoa zelarik. Ahulduz zihoan margolaria. Makal zegoen, triste, goseturik, famatu egin zueneko izena ahaztu ondoren ahulduz zihoan.

        — Aizu! Salgai al dago koadro hura?

        — Ez dizu erantzungo, beste munduren batetan balego bezala gortzen zaizkio belarriak, mututu ahotsa. Famatua omen zen, etxe eder baten jabea, emakume eder bat ondoan, hiru loretxo jaio berriren aita... Baina bere zoramenak lurperatu omen zituen berak eraikitako marfilezko dorre guztiak.

        — Utz dezagun bada bere mundu horretan, itzuliko da bidaia amaitzerakoan.

        Horrela gertatu zen, begiak behingoz zabaltzean trastu guztiak hartu eta alde egin zuen, gauero lez, babesa aurkitu nahiean."

        ...eta anitz galdera izan dut beti, erantzun gabeko itaunak guztiak. Aitaren "horrela delako"ak eta amaren "Jainkoak daki"-ak entzutearekin ez nuen jakinahia asetzen. Sukaldeko leiho ondoan, hanka bat kolokan zuen jezarlekuan,  aitona Xalbador beti zegoen fin erantzuteko prest, honek, zeruan iltzaturik zituen begien aldentze bat suposatzen bazuen ere

        — Zergatik izarrak aitona? Zergatik laztan ezin daitekeen ilargi bakartia?

        Halaz ere, ordungo galderak ez zizkidan azaldu, eta niri Jainkoak jakingo zuela otu zitzaidan.

        Hamaika argitaletxek emandako ezetzak bihotzarekin bat datoz datozkit burura; taup-taup-ez-ez-taup-taup...  Agian egia da beti esan didatena, eta idazle izatearen amets hori bertan behera utzi beharko dut. Ezinezkoa izanen zait ordea, paperean ez bada ere, beti bainabil, odolezko tintaz iragana izkiriatzen gogoan.

        Lau kale berri. Izerdi tantak bat egiten dira nire masailean zeruko tantekin, bat egin dira gorputza eta zerua.

        "Poetak liburuz beteriko mahaian zuen bere gunea, erdian poeten lagun diren paper zuria eta luma. Margolaria, poetaren bizar zuria margoztu ondoren, prest zegoen lientzoaren zerraila zabaldu eta alde egiteko. Erosia zuen istorio berri batera eramango zueneko txartela.

        —Boumi poeta, Maitasun anderearen perfumeak blaitzen ditu beti zure idatziak, Maitasun anderearen edertasunaz eta zure arimatik ateratako hitzez, urrezko kordontze infinituak egiten dituzu. Gauero, kriseilua ere lotan delarik, Maitasun anderea hurbiltzen zaizu, bat egiten zaretelarik ohantzean. Berari egindako poemek estaltzen dituzte logela honen paretak. Maita nazazu ni, Boumi, Maitasun andereak ezezik, Bakardade anderea naizen honek ere zu behar zaitu eta, sor dezagun gure amodioaz argituriko egunsenti berri bat.

        —Bakardade anderea, askotan etorri zatzaizkit gogora, ni ere izkutuan, bakardadearen Jainkoa bainaiz. Baina ez al duzu konprenitzen poeta triste baten eta Bakardadearen arteko fruitua heriotza izango zela? Ezinezkoa da beraz.

        —Egunen batean zure eskutan izango duzu nire erraietan gorpuzturiko haurtxo bat, zin dagizut.

        Behin, Bakardade anderea...

        ...eta orduan izan zen azkeneko aldia. Alde egin zuen, espero nuen bezala. Hilabete batzu pasatu ondoren kotxe istripua... bi hildako... Amaia eta Martin Donostiarako bidean... ez nuen entzun nahi izan. Ni izan nintzen hildakoak hiru zirela jakin izan nuen bakarra; Amaiak nire haurra zeraman erraietan, istripua gertatu zeneko gauean jakinerazi zidanez. Egunsentia ez zen urte askotan azaldu nire leihora.

        Euria. Eta tantak, nire masaila ferekatu ondoren lurrean desegiten dira, gogora datorkit nola nire malkoek ere berdin egiten duten, idatzi nahi eta ezin dezakedan horietan, istorio bat iruntsi nahiean dabilen folio zurian.

        Harritzen hasia nago, inoiz ez bainaiz horren oldarkor izan, eta gaurko ibilaldia, ezin esan daiteke asko pentsaturiko paseo lasaigarria denik. Beraz, niregandik urrun dagoen indar batek mugitzen ditu nire artikulazio guztiak.

        Belztu da zerua, eta ez gaua delako.

        «...bere majiaz baliatuz, Maitasun anderearen maskara eta arima jantzi ondoren, Boumiri hurbildu zitzaion, honek, itsu-itsuan, bere bihotzaren giltza eman ziolarik. Bizar zuriko poetaren kriseilua ez zen gehiagotan esnatu, Heriotza deituriko jaio berriak besarkatu baitzuen bere aita.»

        ...eta ez zitzaidan atsegin hiriko bizitza, are gehiago aitona Xalbadorren presentzia ez edukitzea. Baina aitona ezezik, berak hain gogoko zuen zeruaren mugagabetasuna ere niregandik urrun zegoen harrizko paraje ezezagun honetan.

        Leihotik begiratzerakoan, teilatuek eta beraien tximiniek gorenari egindako zaurietatik isuritako odolez zikintzen nuen bekokia.

        Amaia ezagutu nuen geroztik, alde batera utzi nuen tristura, honekin aitona Xalbador lurperatu ahal izan nuelarik, ez lehenago, zerua bere atsedenaren lekuko jarri gabe baina.

        Irratia ez da nahastu gaurkoan, ekaitza hastear dago. Forma ezberdinez landuriko hodeien jatorria ea da denek uste dutena. Aitona Xalbadorrek esan zidanez, hodeiak hildakoen aurpegi eta gorpuak besterik ez dina. Zeruko ateak aurkitu nahiean dabiltza, baina ez dute Paradisura sartzeko gogo handirik ez baitituzte lurrean utzi nahi lagun eta senide guztiak. Honengaitik, gaur bezalako egun tristeetan hiri eta herrietan sartzen dira, beraien orroez, barnean daramaten min eta desesperantza askatzeko asmoz.

        Eta euria ez da meteorologoek eta jakintsuek esaten dutena. Hauek errealitatea azaldu nahian ahaztu egiten dituzte mundu honetakoak ea dinen gauzak, munduaren parte txiki bat bakarrik ezagutzen dutelarik. Dama aitonak ongi ezagutzen zuen euri tanta horien jatorria, sarritan ikusi baitzituen hodeiak negarrez, eta aitonak, sukaldeko leihotik hitz goxo eta hunkigarriak zuzentzen zizkien, aitak, zeinek aitonaren jakituria zoramenarekin nahastu zuen, zaharraren esanak tristuraz entzuten zituen.

        Ekaitza hastear dago. Zentzazio madarikatu honek noiz arte iraunen du nire azalean? Nazkatzen hasia nago eta gainera eguraldi hau.

        ...eta ezin izan nuen ulertu zergatik eguzkiak alde egiten zuen mendien artera, udazkeneko arratsetan, zerua kolorez blaiturik utzi ondoren. Baina nola ez? Denek zorotzat zuten aitonak bazekien erantzuna.

        Egun osoz dago eguzkia zeruan —esaten zuen aitonak bere pipa esku baten hartu eta magalean jesartzen ninduelarik— esnatzerakoan, loak uzten duen nekearen erruz, ahul agertzen da zeruan. Eguerdi aldera txoriak bere argitasunean murgiltzen dira, eskerrak eman nahiean, kantuz inguratzen dutelarik egunaren Jauna. Baina inolako euskarririk gabe egoteak, guztiz nekaturik uzten du eguzkiaren diztira. Hori dela eta, ilunabarrean alde egiten du atseden bila, halaz ere natura ea da esker onekoa bizi ematen dion Maisuarekin, eta bere arratsaldeko azken ibilaldian trabak jartzen dizkio, eguzkiak, mendien ertzekin sorturiko zauriak direla eta, heriotza ikusten duelarik. Eta gorpu hil berriarengandik askatzen den odolak blaitzen du zerua, naturak beltzez pintatzen duelarik goi-partea, bere maliziaren kutsurik egon ez dadin. Eguzkia gogorra da baina, eta goizero berpiztu egiten da, ni bezalako zabar zerutarrek bidalitako errezoen bidez...

 

 

—Aizu Jose, gaur margolaria ez dago betiko lekuan, haur jaioberri baten imajinaz margozturiko koadro ilun bat besterik ez da gelditu bere txokoan.

        —Ez dakit, agian bere buruarekin topo egin eta heriotzaren eskua muxukatu du.»

        Harriturik utzi nau Joserra honek. Poztu egingo da nire baietza entzutean, gaixoak, ziztada gogorregiak izan ditu galtzailearen papera mundu honetara heldu bezain pronto jaso zuenetik. Bere egoera larria zela ezin uka daiteke, baina bere burua hil nahi horiek. ...ez ditut ulertzen, edo agian ez ditut ulertu nahi izan.

        Eguerdiko zerua , eguraldi madarikatuaren poderioz belztu da. Joserraren oinak gelditu egin dira bat batean, ez berak nahi izan duelako baina. Eskumuturrean daraman erlojuak, edozein kanpandorreko dilin-dalanak imitatu nahiean, hiru abestu ditu. Zerurantz jasotako begi tristeak lekuko... hiru tximista zeruan, hiru ezpata bihotzean.

        Behin norbaitek esan zuen zoramena ea zela errealitate ezezagunaren islada baizik.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.