Olerkiak
Juanra Madariaga
Poetikaren arkitektura
Poemaren angelutik at
deuseztatzen da mundua
eta koloreak barreatu.
Erran nahi baita
karraturen direla
nere pena eta loriak,
nere kexa eta eihagorak.
eta hori perfekzionatzera
deliberatu baitut,
poema angeludunak
izkiriatuko ditut.
Zuretzat.
Poemaren angelutik at
ezpaitago deus.
Abantzu direnek
Dying
Is an art, like everything else.
S. Plath
Abantzu direnek
dena daukate
eta itsasoaren urgainetik ibil daitezke
eta elurtzan ez dute erexarik inprimatzen,
errez banitzen baita abantzu dena.
Abantzu direnek
dena daukate
eta aberastasunaren lurrunean egiten dute lo
eta ez dute inguma eta eldarniorik sofritzen,
errez banitzen baita abantzu dena.
Kuriosoa da, baina
abantzu direnek dena daukate
heriotza propialaren jabeak baitira
itsasoaren urgainetik ibil baitaitezke,
besterik ez.
Guda azalia
Gerlariek ordokia betetzen zuten,
zurdaz jantziriko belartzak zapalduz,
buruz buru, urrunean
arerioaren begiak somatzen saiatuz,
baina zein ere gizon elemenia zen
ez zen fitsik ere entzuten
lekat eta lantza guzien puntak
urratzen zuen haizearen urrumada,
guda azalia bilakatuz.
Gatazkatik
Gatazkatik itzuli nintzen
armaduraz jantzirik
bihotza boztarioz, irusik,
eta zu nereganatzen ikustean
gutiziatu zintudan,
Griala bezala,
eta geroz maitatu,
halaz ere
ez nuen zure besarkada senditu
brontzezko armadura hotzak
galerazi baitzidan zure kereza.
Hainbeste erran dut
Hainbeste erran dut udagoiena
non negua enkaria bihurtu baita.
Hainbeste erran dut egoneza
non bakartasunak hodeiertza baitirudi.
Hainbeste erran dut amodioa
non fereka negar egiteko bidea baita.
Hainbeste erran dut itsasoa
non urdinak dezepzionatu bainau.
Hainbeste erran dut heriotza
non umeak eta usoak ez baitira jaiotzen.
Hainbeste erran dut udagoiena, egoneza,
amodioa, itsasoa,
heriotza,
non poesia irain bihurtu baita.
|