L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<ense0900>— Enseiucarrean-9 (1993) —Hurrengo artikulua




 

 

Meteoro

 

Xabier Agirre

 

Kale estuetako ibiltari bakarti bihurtu zen Tom azken ordu erdian. Jira eta buelta zebilen zaldi geldi baten gainean zegoen harrizko militar baten inguruan. Estatuatik ihes egiteagatik ezein kale kantoi ilun hartu arren handik denbora laburrera berriro han zen enparantza hura ubide guztien amaia bailitza. Laugarren aldiz nahigabe hara azaldu zenean soldadutzar hark farrez begiratzen ziola iruditu zitzaion. Tom-ek bere burua irrigarri ikusi zuen pertsonaia gailen han arrazoia emanez. Hiri arrotz hartan galduta zegoela erabaki zuen. Goizeko bostak izango ziren jada eta garai hartan norabide zuzena galdetzeko norbait aurkitzea gaitza egingo zitzaion. Hala ere, hotelak egon beharko zukeen kalea ez zen urruti ibiliko zakurra paseatzen ari zen gautiar baten esplikazioen arabera. Animalia bertaratu eta enparantza hartarako bidea erakutsi zion Tom-en eskariari erantzun nahian orduan hiru ordu laurden. «En aquella plaza pregunte usted de nuevo» gehitu zion on beharrez gizon izutu hark. "¿A quién? Si ahora no anda nadie por la calle". Baina errespetoz Tom-ek ez zuen halakorik esan eta eskerrak eman ondoren hotelerantz, hala uste zuen berak, bideratu zen helmugara hurbiltzen ari zelakoan. Ez bidean ezta enparantza inguruan ere ez zuen arimarik topatu eta gau hartan hartutako gin-tonicek eraginda bakarrizketa animosoari ekin zion "Calle de las Flores"en plaka enegarren aldiz irakurri zuenean. Barneko poztasun hark etsipena galerazten zion eta eguna argitu arte han bueltaka aritu beharraren ideiak, areago, pentsamendu osoa piztu zion mozkorraren irrifarrea aurpegiratuz. "Zer egingo diagu bada?" esan zuen ahopeka "lantegiaren kontura nabilenez ez diat penarik izango oheaz ez probetxatzeagatik". Pasiada etengabe han atseden txiki bat eman asmoz estatuaren oinarrian zeuden harmailetan eseri zen burumakur erlojuaren joan hutsak egoera konprometigarri hura ebatziko zuela sinistuta.

        Ez ziren hamar minutu pasako kale bihurri bateko ate bat ireki zen arte. Takoidun zapata batzuren klok-klok arritmikoa entzun zuen Tom-ek, begiak altxatu eta hots harekin nahastuta gizon baten boz errukiorra. "Hasta mañana, preciosa" zioen barruko argiak itzalak galtzada erdiraino luzatzen zituelarik. Tom-ek takoi haien txalaparta soinuarekin jolastu nahi izan zuen bere artean. Kadentzia geldoa zeraman lehen momentuan eta, itxuraz, kostatu egiten zitzaion hura azkartzea. Pistarik nahi ez zuelako, Tom-ek begiak itxi zituen eta hurrengo taupakada noiz izango baietz asmatu agin zion apustu bere buruari. Ez zen lantegi erraza, hain zen eta irregularra doinu haren musika: orain bi elkarren segidan, isilunea, bakarra, beste hiru bizkor... Mingainaren punta aho sapaira eraman, atzera okertu eta kolpean kraskatuz harlauzen gainean takoi haiek egiten zuten ttakuna erreproduzitzen saiatu zen, baina gutxitan zetozen bat beraren aho huekoko hots umelak eta zapaten kolpetxo labur eta lehorrak. Jende arraroz betetako antzoki batean doinu nahasi hark sona haundiko arrakasta lortuko zukeela bururatu zitzaion Tom-i, entzuna bait zuen zarata korapilatsuen zaleak ere bazirela modaren muturren egon nahi zutenen artean. Zaldi lasterketaren bat grabatu eta honen diskoa saltzen aberas zitekeela pentsatu zuen. Ez zen konturatu burutapen itsu haiekin zebilen bitartean, zapata abanguardista haien jabea beregana zetorrela. Egia esan, musika goralpen apoteosikoaren momentu bizienean sartzen ari zela eritzi zion Tom-ek takoikadak ozenago eta arinago entzun zituenean. "Tienes fuego, guapo?". Tom-ek begiak ireki zituen eta eskua poltsikora sartu metxeroaren bila. Besoa luzatuta sua eman zion "Hotel Embajador" non arraio ote zegoen galdetzea ahaztu gabe. Zeharo burutik aldeginda zeukan ohera joatearena baina bere praktikotasun senak alkoholaren gotak urratu eta errealitatera ekarri zuen metxeroaren suak egoera hipnotiko batetik atera izan balu bezala. Ea logurerik zuen galdetu zion emakumeak ez, askorik ez zuela erantzun zion Tom-ek, baina hurrengo egunean garaiz jaiki behar zuela eta zegoeneko berandu zela kalean gora eta behera ibiltzeko, eta... Neskak farre algara eskandalosoak bota zituen hura entzun orduko. Alaitasun kontrolaezin hark esan nahi zuena ahozkatzen galerazten zion. Ezpainak hersten ahaleginak egiten zituen arren, algara egin beharrak polo berdineko imanen antzera elkarrengandik urruntzen zituen ezpainok. Arnas hotsa eta eztarriko kurriska batera ateratzen zitzaizkion aho gorri hartatik. Aurpegia gorritu eta gerritik doblatuta egiten zuen karrera neskatxa hark.

        Tom-i hura gehiegikeria iruditu zitzaion; hortaz, enparantza hartako hiritarrak kejaka hasi baino lehen handik aldegitea erabaki zuen. Enparantzatik norabait zihoazen kaleen artean zabalena aukeratu zuen. Gau osoko edanaren pisua sentitu zuen lehenengo aldiz pausu geldoez eskaparateen aurretik pasatzerakoan. Ohera sartzeko gogo pittin bat etorriko zitzaion zeren jada bere kasa hitzegiteko gaiak nekezago bait zetozkion gogora. Hotelaren arrastorik ez zuen, kalean ez zebilen inor, Lehen bezala zegoen. Lehen gaizki egon al zen, bada? Ez, horraatik.

        Aurrera egin behar zuen. Baina lehendabizi zigarrotxo bat erreko zuen kontzentrazioa lortzeko. Zela kontzentrazioa, zela gosea, zela atseden hartzean beti zegoen aitzakia dexenterik zigarro bat pizteko, eta, hala ere, Tom-ek ez zuen bere burua erretzaile porrokatutzat jotzen. Ahokada zuriak goruntz zuzendu zituen indioen kearen lengoaia ikasi ez izanaren damuz. S.O.S. larri bat bidaliko zukeen norbait haren bila joan zedin eskatuz. "Mesedez, bidenabar ekar iezadazu gin-tonic bat" gehitzea ere okurritu zitzaion. Ez zuen, egia esan, lotara joateko gogo haundirik baina kotxeren bat ikusiz gero aurrean jarriko zen EE.BBetako errepide amaigabe horietan auto-stop-a egiten den bezalatsu. Bitartean zigarroari tiratzen segituko zuen beste egitekorik ezean. Ez zeukan inongo presarik ezertarako giroa ere pasiatzen ibiltzeko aproposa zelako. Soinean zeraman udako jaka arinak nahikoa babes ematen zion sor zitekeen goizaldeko brisa finari aurre egiteko. Sorbaldan bakarrik sentitzen zituen alkandoraren eta jakaren oihalaren pisua, beste gorputz atalak biluzik baleude moduan arin eta aske mugitzen zituen kale hartatik barrena. Ez nekerik, ez goserik, ez antsietaterik erruberen gainean zihoalako irudipena zuen Tom-ek.

        Botika baten ondoan argi disdiratsuak ikusi zituen. Ateko morroiarekin hitz batzu gurutzatu eta "Meteoro" izena zuen diskotekaren barrura sartu zen azken tragoa hartu asmoz. Hango giroa dekadente samarra iruditu zitzaion: barran morroska talde sotilak alkoholdun edari gogorrak eskuan; eskumaldeko ezkinako besaulki luzeetan emakume gehienak isko heldu banaren eraso sexuala jasaten ari ziren: batzuk jendartean egoteak ematen duen ahalkeak mugatuta gizonen gurariei nola-halako gustoa egiten zieten, beste batzuk, aldiz, handik ihes egiteko nahia adierazten zuen aurpegikera zuten; ezkerrean, pistan, jantzi eszentrikoz apaindutako hirukote bat dantzan ari zen giharre guztiak lantzen zituzten mugimendu zoroez; bestela... han-hemenka aurpegi nekatuko koadrila nahasi batzu. Bera zen lagunik gabe zegoen bakarra. Barraren muturrean jartzeak nabarmenago lagako zuelakoan erdialdetik gurutzatu zituen matoi itxurako gizon mordoska haiek eta gin-tonic bat eskatu zuen. Egoera hartatik isolaturik, barraren bestaldeko boteila ilarei begiratzen zielarik, gogotapen hutsalekin burua nekatzea erabaki zuen. Voyeur frango bazegoen jada inguruan bera ere hartan hasteko. "Hotel Embajador" haren bila berriz ere ekiteko indarrak berritu behar zituela pentsatu zuen, baina beharbada azken trago hark gaitz egingo zion. Ezer gutxi behar da mozkorraldian momentu zoriontsutik korapilo askaezinera pasatzeko. Hori gogoratuz ezpainetara zeraman baso luzea atzera barraren gainean pausatu zuen. Ez zen komeni gau hartako swing hura alferrik galtzea, edonola ere, hurrengo goizean (edo eguerdian, esnatutakoan, alegia) buruan burniola gartsua izango zuela ondotxo zekien. Zegoeneko dexente edan zuen eta harrek biharamun latza ekarriko zion. "Mirad quién viene por ahí". Ondoan zeuzkan gizonezkoek sarrerarantz zuzendu zituzten begiak azal ilun baten esanetara. Tom-ek ez zuen burua mugitu ere egin, baso luzeari eragin zion jela koskorrek kristalaren kontra ateratzen duten hots leunak distraitu zezan.

        Malenkonia apur bat sentitu zuen, zergatik ez zekiela, postura hartan egotean. Saiatuz gero negar malkoak ere sorreraz zitzakeen bere begietan asko kosta gabe. Baina ondoko algarek triste egoteko arrazoirik ez zeukala pentsarazi zioten, egunak eta batez ere gau hark ez zuten halako amaierarik merezi. Alabaina, goibeltasunaren menpe zegoen eta ez zuen une hartan bere burua bajonazo hartatik ateratzeko gauza ikusi. Sentimentuei bere lana egiten uztea deliberatu zuen, aurrean zituen izotz mugikor haien madura astiro-astiro urtu nahi zuen, eta begiak umeltzen hasi zitzaizkion. Hura zen hura marka! Inoiz ez zitzaion burura etorri halaxe suertatu behar zuenik. Zurrutada sakona eman zion edalontziari isurkina ezpain bazterretatik behera jario zitzaion arte. Gaua bukatutzat eman zuen. Ez zuen ezerren damurik.

        Hanka orpoak itzultzera zihoanean emakume gorputz batek enbarazo egin zion. Gerria ezkerraldetik okertu zuen atzerantz oztopoaren berri izateko. "Todavía no tienes sueño, cielo?" entzun zuen jiratzeko astirik hartu gabe. Ahotsa ezaguna egiten zitzaion. Barraren gainean ukondoa bermatuz buelta osoa eman eta enparantzan algara batean utzi zuen neskatxa ikusi zuen begien aurrean irrifarre egiten zion gorputzaren pisua gainera boteaz. "No esperaba volverte a ver". Tom-ek halako batean ere erreakzionatu zuen. Neskaren atzean gizon saldo bat zegoen biei begira. Egoera ez zitzaion erosoa Tom-i; hala ere, konbertsazioan hasi zen besterik gabe. Biei mingaina arindu zitzaien ondoko zakar koadrilakoei kopeta iluntzen zitzaien hein berean. Tom hazi egin zen gizon haien jarrera mehatxatzailea ikustean. Neskatxaren maila etilikoa ez zen begirada intentzio txarreko haien ondoan ibiltzeko egokiena. "Vámonos de aquí" esan zuten biek ia batera Tom-ek zaldizko haren bueltan ibili zenekoaren kontaketa amaitu zuenean. Farre ere biek batera egin zuten kointzidentzia xelebre hargatik. Neskatxak lepotik heldu zion eta aurpegia Tom-enera hurbildu zuen, honek eskumako masaíla jarri zion ezpainen aurrean; baina haragi biguñoen kontaktua ez zen leuna izan, lehentxoago ezkerreko masailean ukabilkada itzel bat jaso bait zuen Tom-ek. Biak, neskatxa eta Tom, lurrera eraitsi zituen azal iluneko gizonak luzatutako zartakoak.

        Tom-ek kolpearen bultzadaz neskatxaren musu saiaketa zapuztu zuen; horren ordez buru inarrospen bortitza jasan behar izan zuen eta zolu zikinaren kontrako kolpea. Dorpeki jaiki ziren biak. Tabernako bezero guztiak gertatuakoari erreparatzen ari zitzaizkion hiru tabernariren artean gizonkoteari eusten zioten, eroritako neska-mutil biek erropan zituzten zakarrak astintzen ziharduten. "Me traes mala suerte" esan zion Tom-ek neskari, "nunca me acostumbraré a los hombres". Tom-ek ez zekien zer egin; hobe handik lehen bait lehen aldegitea. Aterako bidea hartu zuen eta berehala konturatu zen neska ez zerraikiola. Alde batera poztu egin zen, ez zuen arazo gehiagorik nahi. Nolahala hotelera heldu beharra zeukan eta lo egin ondoren hausnartuko zuen gau hartan jazotakoa. Oraindik minik ez zuen sentitzen baina ziur zen matrailekoa hoztutakoan eta alkoholaren anestesiak aldegindakoan ederra ubeldua eta minbera izango zituela. Ate parera heldu zen eta segundu motz batez barra aldeari begiratu azkarra eman zion. Neskak aurpegi serioz zerbait ziotson gizon zaparroteari, hark begiak Tom-engan zituen tinkaturik neskaren esanei kasurik egin gabe. Tom-ek atea ireki eta bestearen begirada mantendua eskumako ukabila jaso zuen behatz nagia goruntz luzatuta.

        Kanpoan argitzen hasita zegoen. Nonbait izkutatu behar zuen berehalako batean zekorra atetik aterako bait zen haren bila. Joku bera han alferrikakoa eritzi zion arren, baldarki lasterka kale kantoian okertu eta peora bateko lehen eskailamailak igo zituen. Momentuan orruak entzun zituen. Tom-ek arnasa hartuz gora begiratu zuen. Pareko espaloian hotel bat zegoen. "Te voy a matar!"

gero eta urrutiago. Hotelaren izena "Embajador" zen. Kalea gurutzatu eta hotelera sartu zen. Logelako giltza eskatu zuen. Igogailu eta ohea. "Mekauenl! Eskapada ederra egin diat!" eta loak hartu zuen goxo-goxo.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.