|  
              
               
 
 
Zenbait poema
 
 
 
Unai Elorriaga
 
 
 
 
 
 
 
Littera (96 -6 - 23)
 
 
 
Mila bederatzirehun eta 
 
hirurogei eta hirugarren urtean 
 
latineko hiztegi bat egiten ari zen 
 
gizon betaurrekodunak
 
lan serio-inportante bat egiten zebilela 
 
uste zuen
 
geroko kulturarentzako iker-bide-helmugatzat
 
zeukan.
 
 
 
Millabederatzireundairurogeitazazpian
 
euskarazko hiztegi bat egiten ari zen 
 
gizon bizardunak
 
lan ilusorio-fribolo bat egiten zebilela 
 
pentsatu zuen
 
lau katu hezitzeko metodo ez-deustzat 
 
zeukan.
 
 
 
 
 
 
 
(96-6-22)
 
 
 
Nik
 
behar zaitut 
 
nire etorkizunak
 
behar zaituelako 
 
 
 
Nire etxe berria berotzeko 
 
derrigorrezkoa zaitut 
 
zuk 
 
geroaren giltza bait daukazu
 
 
 
Gure proiektuetan 
 
ezinbestekoa zara 
 
zu gabe
 
biharko egunik letorke?
 
 
 
Beraz
 
 
 
nik
 
behar zaitut 
 
bankuko zuzendari jauna 
 
interes bajuko prestamoa egidazu.
 
 
 
 
 
 
 
(96-6-24)
 
 
 
Ez dabilen 
 
kuku-erloju bat 
 
daukat etxean
 
 
 
kukuak biziorik gabeko bizia du 
 
kukua bizi bait da; 
 
minbiziz kasi hil direnak 
 
orratzak dira.
 
 
 
kukua kateatuta egon daiteke 
 
erloju barnean
 
edo kukua Tahitiko taxi estatiko baten
 
orratzik ez dagoen hondartzara doake. 
 
 
 
kukuak turistei ordua galdetzen die 
 
ez ordua interesatzen zaiolako 
 
denborari adarra jo nahi diolako baizik 
 
lehen berak jotzen bait zizkion orduak. 
 
 
 
kukuak
 
gutun bat idatzi dit Tahiti-tik 
 
oihuka ari zaizkit bere le-trak 
 
galdera sorta da: zerga-tik? 
 
zeintzuk diren nire me-tak.
 
 
 
zergatik erosi dudan 
 
funtzionatzen duen 
 
erloju berria.
 
 
 
 
 
 
 
(96 - 6 - 25)
 
 
 
Ihintza laboratorioetan 
 
sortu nahi zuten 
 
lore-landareetatik 
 
desagertua zegoelako 
 
kasu, apenas egiten zitzaiolako
 
 
 
zientifikorik ospetsuena 
 
deitu egin zuten 
 
enseiu-probeteetatik 
 
atera zezan 
 
gizarteak berriro arnas dezan
 
 
 
ikerlariak azterketa 
 
sakona egin zuen 
 
Bilintxen bertsoetatik 
 
erantzuna lortu nahian 
 
zientzia-sentimenduen ezbaian
 
 
 
gau batez 
 
mendian galdutako ume 
 
batek
 
gauzarik berriena bezala 
 
ihintz tanta bat oparitu zion amari, 
 
goizean, poxpolo kaxa batean
 
 
 
ordurik hona 
 
ume itxurakoentzat 
 
bakarrik ote dira 
 
magiazko malkook?
 
 
 
 
 
 
 
Enpresarioa (96 - 6 - 23)
 
 
 
Hots!
 
Hots!
 
Telefono hotsa 
 
saltzaileen ahotsa 
 
numero hotza
 
ez, ez naiz lotsa 
 
 
 
Bihotz!
 
Bihotz!
 
Negozio mingotsa 
 
lagun arrotza 
 
diru morrontza 
 
stres zorrotza
 
bai, erosi sugearen hortza
 
 
 
Bai!
 
Bai!
 
Pesetatan blai
 
hiltzen denean, ai!
 
Eizue lo lasai
 
 
 
 
 
 
 
Ofizio ofiziala (96 - 6 - 23)
 
 
 
"Nik herria zuzentzen dut" 
 
esan zuen politikoak 
 
"nik kanpaiei eragin" 
 
erantzun kanpan-zaleak 
 
"nik estatua aurrera ateratzeko 
 
egiten dut lan"
 
"nik soka honetatik tiratu" 
 
"ni jendearen etorkizuna lantzen 
 
ari naiz, nobletasun osoz gainera"
 
"kanpaiak pertsona alaitu ohi du"
 
"etsaiak urrunzen ditugu, dirua hurbildu, 
 
entrepresak sortu, geroa eraiki, 
 
hiriak edertu, baserria gurtu..."
 
"hileta elizkizunak alai jotzen ditut" 
 
Orduan politikoak diru sorta 
 
eskaini zion; ez bait zuen jendea 
 
alaitzerik nahi... oposizioan zegoen eta.
 
 
  |