Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Epailla-Yorrailla. 3 eta 4'garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Mende-erdi elerti-bidean

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Mende edo gizaldi-erdi bat burutu dugun ezkeroz, aldi ondan euskel literaturaren gora-berak aztertuz dendunean ezartzea on ta noraezeko lana deritzat. Arlo ori burututzeko ordea, orri ugari bearko genituke, argitara yalki diran lan guziak arakatzeari ekingo ba'genioke. Bainan, irakurle maite, ez natorkizu kalaka garratz orrekin burua eltzegortzera, idazlan zailu eta arin baten bidez, begi-klixkaz bezela, euskel-baratzari gain-begiratu bat ematera baizik, larratxoriak zelaia antzo.

        Batez ere, izkuntzari berari nagokiola, euskerak berrogeitamar urte oietan erakutsi dizkigun gaitasun eta indar bereziak azaldu nai dizkitzuet, oargarri eta ikusgarriak bai dituzute. Beti ere, begi aurrean yarri nai nizueke euskera ez duzutela emazte antzu ta elkorra, ugari ta emankorra baizik ernerazle sendo ta beroaren beso-artean.

        Emeretzireungarren urtean, ARANA-GOIRIK lentxoago erein azaia ernemintzen azi zitzaigun. Ordurarte, egia esan, euskeltzalerik asko euskal-soroan ari ziran; sail bakarrean ordea, eliz-gai eta elerti-gai zentaitzu uzkur eta bildurrez lantzen. Ez zuten somatu ere gure izkuntza, beste edonongoak bezela, edozein yakintza-bide barna sartzerik; eguneroko, arrunteko gaiak erabiltzeko baño euskerarik etzala sortu uste zuten. ETXEPARE'k irureun urte lenago toki garaienak opa izan zizkion euskerari bere «Kontrapas'ean»; bainan aren oiuak basamortuko leoiarenak bezela suntzitu ziran. Euskeldun batxok ere, etzitun aintzat artu.

        Irakaslearen deadar ozenak ordea, euskotarren zenbait biotzetan zirrada sortu ondoren, aunitz euskaltzale iratzarri zitun. Arrezkero, gure izkuntza loraldi bete-betean sartu zan, mende onen asieratik ain zuzen ere.

OLERTI.— Izkuntza oro, berpiztaroan, olerkariz agertzen zaizkigu. Gurearen lañoak ere, olerkariak euren kanta zoragarriz urratu zituten. Lenen Arana-Goiri bera. Ordurarte, bertsolari ugari bai, benetako olerkaririk ordea gutxi, Elizanburu, Arrese-Beitia edo besteren bat izan ezik. Aiek etzuten euskeraren miña, are gutxiago arrandia, euren biotzetan sentitu. Aranaren ondorengoak berriz, berrogeitamar urte auetan, urduritasunez eta euskel-miñez blei dagerzkigu.

        AIZKIBEL'dar Bingen, euskeldun berriak, bertso dotore eta ederki taiutuak bizkaieraz eman zizkigun. Aren neurtitzei abertzaletasuna batez ere, darie. Euzkadi'ko mugatik kanpora egada batzu egin zitun eta beste elertietako olerkarien neurtitzak ere eman zizkigun. Arana-Goiriren yarraile porrokatua zenuten, eta elerti mailan euskera iasotzeko ederki oldartu zan.

        ORMAETXEA'tar Nikola (Orixe), beti ere bere bideak barna ibilki, Euskalerriko zeruan izarrik argi eta diztiratsuena izan zaigu. Euskeraren muña iñork ez bezela beretuta idaztietan ixuri digu. Aren olerkiak erriaren uriña, lurraren gozoa darie. Or-emenka banatuta dabiltza zenbait olerki yori, aldizkari-izparkarietan. Orixen urratsak yarraituki, irradan erein zitun zenbait olerkiz bilduma zoragarri bat egin nuen; bilduma ortan argitara bageko olerkiak ere baditut. Ene gogoari atseden-aldi eman nai diodanean, bilduma ortara yotzen dut. Geroago «BARNE-MUINETAN» neurtitz-sorta aipagarria eman zigun. Gure mintzairak, luryantzi sendoaren oskolean bilduta, mistikaren maila garaienak ikutu zitun. Bainan ORIXE'k bere indar guzia, euskeraren zainak barrena dabillan odol guzia, izate guzia, «EUSKALDUNAK» deritzan poema nagusian mamitu du. Ez du euskerak bizi dan ezgeroztik olako olerkaririk ezagutu. Guda gogorrak argitaratzea galazi zun. Pozik yakin dugu orratio, Euzkadi'ko poema nagusiaren irartzeari gogoz dakiotela. ORIXE'k gure izkuntzari arnas berria eman dio: beraz, euskeltzale ta euskel idazle izatera iritxi nai duanak, arnas zindo-osasuntsu artatik biriak gañezka bete arte ekin bearko dio.

        YAUREGI ere, Satarka eta beste zenbait bezela, olerkari xotil eta errikoi agertu zitzaizun: aren neurtitzak ere biotz-ondo badute baita atsegin-yario ere.

        Geroago LIZARDI'k olerti eskola-berria sortu zun. Bestek ez bezela euskera gaitu eta neurtitz-bideak barna erabili zun. Giza-adimenaren erpiñik garaienak atzi-arazi zizkion. Lizardi'ren baranoan, udaberrian zugatz-adaburutsuaren inguruan lili-pitxiak bezela, olerkariak saldoka yaio ziran: Loramendi, Tapia-Peruarena, Urkiaga, Gaztelu, Onaindia, Zaitegi, Argarate, Monzon, Loidi t.a. Barka benazate aizpatzen ez ditudan aunitz olerkarik; oro aipa ba'nezazke, ez nuke, beingoan, lan au burutuko. Euskera, olerkariei zor, arranditsu ta nausikiro zioan olerti-bideak barna, mundu zabalean bere burua erakustera. Olerkariek euskera azkartu ziguten eta zenbait gai azaltzeko mintzul zegokigun izkuntza gaur egunean zailu ta egalari edonun ibili diteke.

ELEBERRIAK ere bere ereile yatorrak izan zitun euskal-soroan, alaz ere, ez ditugu ugariak izan: AGIRRE, BARBIER, ANASAGASTI, BARRENSORO. Erbestean IRAZUSTA eta EIZAGIRRE. Batez ere Agirre'k gertirudi irakurgarriak eman zizkigun; bata bizkaieraz, «KRESALA», bestea gipuzkeraz, «GAROA». Biak, bata baino bestea ernegarriagoak. Barbier'ek «PIARRES» eleberri mardula mintzaira xarmagarriz idatzi zun. Ipuinlariak batez ere, berrogeitamar urte auetan izan dute aldi: KIRIKIÑO irritsu zirikalaria; AZKUE, dotore ta sakona, aldizkari ta izparringietan burua erakutsi dutenez landa. Erri-ipuin biltzaileak ere poliki ari izan dira: Mayi ARIZTIA lenik, Euskalerria'ren Yakintza'ren egilea ondoren.

        Izkuntza yasoko ba'dugu, eta euskaldunak erdel-eleberrietatik saiestuko baditugu, ikaragarria baita eleberri arrotzak euskeldunen artean dagiten sarraskia, eleberringintzari su eta gar ekin bearko diogu, gaiak geiegi mugatu gabe ordea, bakoitzak bere etorriari ateak luze ta zabal irikiz.

ANZERTIA.— Antzerkigille ugari izan ditugu, naiz eta lanak banaka eman dizkiguten-arren; bilduma osoa ALTZAGA Toribi'k ager lezake, bereak oro batu ezkero. Ortan ere ezin uka, euskerak, mende-erdi ontan, bide aundia egin duanik. Batez ere ANZERTI zeritzan aldizkari ederrian lanik sakon eta gotorrenak argitara ziran. Labayen'ek adore ta kemen eman zizkion. Antxe irakurri genitun Muxika, Lafitte, Lekuona, Mendizabal, Zaitegi eta beste zenbaiten antzerti lan goragarriak. Euskera elerti-sail onetan, indartzen, mardultzen, arnaz berriz anpatzen zioakigun, guda gogorrak aizkora zorrotza gerri-gerrian ezarri zionean. Argi ta garbi erakutsi zigun, arestian esan bezela, arlo ontan ere gure izkuntzak beste iñungoak bezela etorkizunari begira zezakiola. Bai, noski; mastia urre-mordoz zamatuta dago: biltzaileak palta, ordea. Betoz eta ardo-goxoz zaragiak bete al izango ditute.

YAKINTZA-BIDEAN.— Euskerak, orrez gainera, garako izkuntza dala edonori ezagutarazteko, yakintza-bideak urratu bear zitun. Ederki irakatsi zigun Olabide zenak bere Euskaltzaindi'ko itzaldi zaintsuan; «Elebitzarik (bilingüismorik) ere ezin ditekela, elkarren ondoan bizi diran izkuntza biak oro azaltzeko gai ez baldin badira: gaiago danak, goiz edo berandu, gai ez dana itoko du». Ez dago ez abertzaletasunik ez supaster-txokorik iraun-araziko dionik. Gure mintzairak ordea, arlo ontan ere argi erakutsi digu, idazle ta euskaltzale gartsuak eraginda, gai dala, garako dala. ZINKUNEGI'k «IRIZPIDEA»ren bitartez, euskera pilosopi-bidean yarri zigun, asmaketa guren eta goienak irauliz. OLABIDE'k «GIZA-SOÑA» idatzi zun osalarientzat bidea yakintza ortan urratuz. Geroago JAUREGI'k «PISIA» ta «KIMIA» egoki baino egokiago euskeraz gatzatuta argitara zitun. Idatzi oien agerpena txaloka artu zuten euskaldun orok, eta PISIA liburu mardula aldi gutxi barru akitu zan, eroslerik asko izan zitun. Esan bearrik ez, KIMIA'k ere zorion bera izango zuala, ezbear gorriak Euzkadi yo ezpazun. JAUREGI aberri ontatik bestera eriotzak eraman zigun oraindik gazte ta kementsu zala. Ez ote zaigu berririk gertatuko? ZABALA-ARANAK ere jakintza-bidean euskera ezartzeko lerrenak egin zitun, baita eskola idazti bikaiñak argitaratu ere. Ua ere, eriotzak gure artetik aldendu zigun. Alaz ere, aiek urratu bideak, aiek goldatu soroak, tinko daude yarrailerik sortu baledi.

        Lan au irakurri ondoren, euskaltzale, arro-biderik ez bainan poz-biderik bai, badugula derizkiokezu, mende-erdi onetan egin laneri buruz. Gizaldiak igaro ziran loraldi bete euskerak yo baino len. Antxiña, euskal idazleak tantaka, euren lanak argitaratzen zituten, legortean iturriak ura bezela: berrogeitamar urte oietan ez dut uriolan esango, bainan bai oparo, errekatxo naroak bezela. Errekatxo ori itsaso mugagaitz biurtu arte euskeltzale guziok oldartu gaitezen.

 

Paris'en 29-I-50.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.