Orrilla ta Garagarrilla. 5 eta 6'garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Orrilla ta Garagarrilla. 5 eta 6'garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

«Orixe» Euskal-Olerkariarenean

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin

 

Gaur zortzi, igandez, oetik yaikitzerakoan, Tolosa'n esnatu nintzala buruak eman zidan. Euria mara-mara, zerua goibel, etxebazterrak illun. Naiz ta uri ketsu artan adiskide miñak ugari izan, goiz-meza entzun eta Orixe'ri «munduaren ipurdian» ikustaldi bat egitea otu zitzaidan.

        Bururatu-ala, bidez niyoan: eskuetan gorosti-makilla, Lizardi'ren «Biotz-Begietan» besapean, istar-zabalka bideak barna lotu nintzan ekaitzari bizkar, giro onari bular.

        Iñor ez da ageri alorretan... Gariak buruturik dira. Euri ziriñaren beldur da nekazaria, nonbait, gorriñak yoko ote dion uzta osoa. Alare, soroak nagiak ateratzen uzten ditu igandez gure Erri Yainkozaleak: Goiko Mutillaren esku begidunak onik zaitu bide oi du etorkizuna.

        Basetxe-atarietan txakurrak lurrean zabal etzanda; etxeko ateak itxita... oillarrak ikullu ondoko orma-gañean ekiñalean kukurrukuka diardu: urbill, olloak aztarrika. Tarteka-marteka esnedunen astoak ipurñauska, buru-estalki beltzez mezetara doazen zarrak, gizakume gordiñak, gazte begi-alaiak; an-bean, erreka-laño tartetik Araxes ibaian arrantzan diardun kale-semea nabari da.

        Egun artan, bidez irakurtzerik ez nun al izan. Euria adarraka ta ego-aizeak arpegiratzen zizkidan tantoak.

        Bide osoa arnasaldi batean burutu nizun: ezkerrera Leaburu ta Gaztelu, eskubira, berriz, Altzo ta Lizartza utzita, azkenik iru ordubete epean, aldapa goian nire begibetegarri nizun Orixe errixka, aize-erauntsiari buruz lerden. Ogei bat etxe ditu: katu zar bat ere ez da ageri bazterretan: zarata ta urrumarik ere ez da entzuten: bazkal-garaia bide da.

        Zuzen-zuzen «Orixe» adiskidearenera yo nizun. Beraren etxea bide ertzean duzu, ezkerrera. Bizitza bakarrekoa: azpi aldean aza-baratza du. Atarira naiz eztiki... Iñor ez. Etxariko atea ertsirik, etxe

gibelean norbaiten urrats-otsak eta mintzo ozenak dantzuzkit. Labur, atartean lotu naiz, eskua ate-langari edatuki, biotza dardaraz, bekokia ameska.

        An da bera. Lanean ari da... Ahapaldia amaitzeko zai geldituko ote naiz?...

        — Ots! Zatoz aspaldikoa, berak.

        Burutsik, maukutsean, begiak ñir-ñir, matraillak goi-argiz gorrixka, ezpain-ertzean irri xuria, Elade'ko artzaia bezain lerden, urrats luze, bertso-berriak yario...

        — Nor ta zu! —Ots egin zun «Orixe'k, yauzi ta zapart, besoak nire sorbaldaratuz.

        — Yaunak zakart, ziñez. Egin-egiñean ere, egun dugu pestaburu. Errian ditugu Tolosa'ko txistulariak: aari-talka, eliz-yaia, arratseko aurreskua, ta abar. Oraintxe bertan etortzea egin det meza nagusitik. Buruñurdun bat izan dizugu izlari: ao-ederra, benetan...

        Mintzatzen zidan bitartean, biotz-ukituta, «Orixe»ren idaz-maiari so egin nion erabez: mai-erdian ingurrazti bat zabalik: «Euskaldunak». Aurten bertan argitatuko dun Ormaetxea'tar Nikola'ren poema nagusia. Iru urtez burutu du: azkenengo itz neurtua orain iruzpalau illabete idatzi zun. Alare, ez du oraindik argitara.

        Badakizu, ba. Ahapaldi au erriaren aorako aldatu, besteari ots zoliagoa atera nai... «Orixe» ao-ederreko dugu euskeraz. Bere bertso berriak erri osoarentzat nai ditu: bere esku egokiak eta bere Euskalerri-yakintzak bakarrik egin ditzakete orren eder. Bai. «Orixe» ren lanatzaz zion, antza, Lizardi'k:

 

                «Eder aunagu, mintzo yoria

                eder, benetan, garoz yantzia:

                larre-loretik eztia,

                basotik euskal-mamia,

                laister sortzen al duk, Olerkaria!

                Ta, ala Yaunaren gogo ba'ledi,

                nik gogo dudan bezin gartsuki

                euskotar azal ta mami,

                gure erriaren olerki

                garaia, norbaitek lenbailen begi.

 

        Eskura dut «Euskaldunak», orriak biotz-ikaraz irauliz... Bat-batean belarrira zazkit, «Orixe'ren etxe aurrez txistu-yoka dioazten txistularien ots ariñak.

        Aldi laburrik barne, badator «Orixe»ren illoba: begirikian maia atondurik du, zamau zuri ta guzti. Biontzat bazkaria gertu du.

        Atzerik etxean daneko oitura dute illoba maian ez yartzea. Batez ere, euskera besterik ezpaidaki etxezai yatorrak eta erdaldunen aurrean mingaña loturik bide luke. Gañera, badu zer egiñik aski sukaldean.

        Ots! Aurkeztu digun bazkariak esku goxoa eskatzen, alajaña:

 

                «Zopa lodia, baba gorria

                yanari dana etxeko,

                oillaskoren bat ikulluan da

                laztasun au leguntzeko»...

 

                («Lizardi» gurean).

 

        Bazkalostean, euskal-poemaren billa yoan eta mai bertara, «Orixe»ren aurrean, daramat.

        — Erri zear yoatekoak giñan, —irri parrez ziraustan Olerkariak.

        — Ez, ez... «Euskaldunak», «Euskaldunak».

        Etsi zun Orixe'k: ta bere mintzo goxo legunez asi zun poemaren lenengo kanta:

 

                «Atozkit, Arnas goiko,

                eizu nerekin lan,

                erri baten arnasa

                mamitu dezadan.

                Geroak esan beza:

                «erri bat izan zan»,

                edota aize emaiogun

                ontan iraun dezan.

 

        Atarian, kanpaiak durundi, etxafleruak lertuz zapart zegiten: bidexkaetan barna, txistulariak txistu-yoka zioazten. Nerau, berriz, ukalondoak mai gañean, buru-belarri entzuten gure euskal-olerki zoragarria. Labur-sur poema osoaren muiña: biotz-idurimenez edertzenago bage, Euskalerria dagonez azaltzea asmo izan du «Orixe»k.

        Bertso-berririk aski entzun dituzu, idaztiñoa itxiaz dio. Ez zaitezen aspertu, goazen erri-yaiak ikustera...

        Atera gera: auzo dana landan genun. Ateri da. Zerua ozkarbi: tellatu gorri bustietan eguzkia dirdaika.

        Garaiz eldu giñan ibildeunerako: ordubete iraun zun.

        Bezperak amaitu ziranean, aizkolariak, aari-talka, arri-yasotzalleak, aurreskua, ta, abar ikustera goaz, eliz-apaiza ta izlaria buru.

        Illunabarrean, Abemarietako etxera giñan biok.

        Apalostean, oe-gelara nintzan, «Euskaldunak» besapean izaki.

 

                «Oaburuan baso bat lore

                izarak mendi-lurriña... »

 

                (Lizardi'gurean).

 

        Loak artu baño len, beste atal bat irakurri gogo nizun. «Orixe» berberak aukeratu zidan orrialdea: «Arraunketa». Atal ernegarria, benetan. Barnetan aznaia ematen du egiaren egiz ta ederraren ederrez: ez dio, arean, zorrik Bergili aipatuaren arraunketa entzutetsuari.

        Bertso-berriok auxe ipiñi didate burutan. Gure euskerarenak egin bide zun ainbesterañoko zabarkeriz. Begira-iduri dut gurasoen belaun-etxea erdi-ondatuta; tellatua autsita, leioak aozabal, ateak oroldiz estalirik, zirrikitu ta ituxurak nonnai. Xaguak, zedenak eta pipiak irotutako zurabea suari deika. Ikurdia euriak eta untzorriak yana: nartza ta belarrez orma inguraturik. Ez-erori bai-erori zan baserri zarraren babespean sendi gaixo bat bizi da oraindiño.

        Bein batean, basetxe seme nagusia ondakin zar pilloak lotsatzen dute. «Baserri au berritu ta edertu bearra dut», dio bere kiko. Yarri da etxe-berritzen; beste anaiak laguntzalle ditu: guzion artean ormak yaso, arriak landu, zirrikituak estali, zurguak egin, etxariak apaindu... ta landan yoranez ekinda, akalak oro itxutu ta arbasoen yauregi ederra lengoratu ta sendotu dute.

        Arrezkero, eguzki dirdaiean buruzut ageri da semeen babesgarri ta arrotzen begi-betegarri.

        Euskera degu baserri berritu ori. «Orixe» degu baserriko seme nagusia.

        OAR:-Idazlan au amabost urte dirala idatzia da. Orain dirala lau urte, «EuzkoDeya«k Mexiko'n argitaratu zun. Aurten, nekez bederen, «Euskaldunak» poema nagusia argitaratu dute. Idazti oni gora andia ematen diogun-ezkero, idazlan au berriz argitaratzea erabaki dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.