Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

Euzko-Gogoa

 

Elentxu

 

Eguzki betea azalean, argi-izpiak Euzkadi'ko mendi-tontor eta txoko illunenetara edatzen, Guatemala'tik EUZKO-GOGOA deritzan aldizkaria etorri zaigu, orainarte baino mardulago, beteago eta aberatsago.

        Benetan atsegiña Euskalerri'ko baso ederrak zear udazkenez ibillaldi bat egitea ango zugaitz lerdenak eta milla kolorez margoztutako ostoak ikusteko. Bainan atsegiñago oraindik, EUZKO-GOGOAK dakarzkigun euskel oian aberatsean pasialdi bat egitea. Nai ba'duzu, irakurle, elkarrekin egingo degu ibillaldi ori, ango landare bikañak, enbor mardulak arretaz begiratuki. Goazen bada, eta laister ikusiko duzu gure euskerak ez dula olako edertasunik ezagutu bere bizitza zear.

        Pausu bat, eta ara aurreneko orrialdea: OLERTI dion irudi batez apaindua datorkigu. Arlo ontan olerkariak ari dituzu euskel-basoko lur emankorra atxurtzen. Aurrenik EUZKEL-PIZKUNDEAREN OLERKARIKIK ONENAK deritzan atalean, Arana-Goiri, Elizalde ta Arriandiaga ziranen bertsuak damazkigute, ez-ezagunak geienak, eta Zaitegi'ren TORI NIRE EDONTZIA. Urrenik, NEURTITZ-BERRIAK sallean, oraindik bizi diran olerkariek ari dituzu. Ara or ORIXE, Joan Sebastian BACH'i bertso kantari, eta nolakoak! zeru arnas eta miztiku igurtziz beterikoak. Entzun arren, FUGAren soñua:

 

                Geroen batean

                organuak soñuz

                FUGA bat azten du

                ...............................

                Asi da, ari da

                iruten, ariltzen,

                ekin eta iarrai

                bilbatzen, eiotzen.

                Ari albiñua

                Sei notak atontzen

                aiek itzul, iraul,

                iñoiz ez azpertzen

                itokin antzera

                biotz au zulatzen.

 

        Urrengo, MIRANDE'tar Ion xuberotar gaztearen iru olerkitxo. Ogeitalau urte baño ez ditu bertsolari gazteak, bainan ba'du ezpal, ba'du zozko. Euskera muin-muinetik ezagutzen du eta olertiaren guna ere beretu du: BA NIN ADISKIDE BAT, xuberoeraz, ILLUNABARRA eta JAUREGI OTZEAN gipuzkoeraz. Olerkiok irakurriko litukenak, ximikorik nabaituko du noski biotz-ondoan.

        Ara orria itzuli. Baserri bakarra, zugatz adaburutsua, garo-metak dakarzki biñeta onek, erdian ELERTI du Beraz arlo au literatürari dagokio. Orra JEMEIN'dar Keperin, gogoz lanean EUZKEL PIZKUNDEAREN BERRI ematen. Au bai gizona! Iñun abertzale sutsu ta langillerik ba'da, orra bat. Abertzaletasunak euskera piztu zion biotz-ezpainetan eta ederki ari da euskeraz. Araxego, ORIXE aundiak ZAITEGI YAUNAREN IDAZLANAK aztertzen ditu. EUSKO-GOGOA lenik, Zaitegi'k sortu ta biziazten bai du, «Sopokel'en Antzerkiak, Ebangeline» eta «Goldaketan» bertsu liburua urrenik. Txalo berorik iotzen dio «Orixe»k. Bide batez, gogorki iñarrosten ditu euskera zaila darabilgula dioten euskotar alpernagiak. Ara zer dion:

        «Ezer egin gabe eskuak antxumaturik dauden oiek goratzarre aundiagorik merezi al dute? Ortan baldin ba daude bein ere ez dute ikasiko euskera jakintsurik. Zer mutikoak oiek! Ba dakite bai, trigonometria, coseno ta alako itzak, eta eundaka geiago, naiz literaturan, naiz beste edozer jakingaitan erabiltzen ditutenak, aien erriak ez dezazkela sekulan ulertu. Baña gu euskera jakintsu egin naiean asten ba gera, gure erriak guzi-guzia ulertzea nai lukete. Eskerrik asko, berena baño aintzatago gure erria artzen dutelako. Bitartean, beude lotsagarri, alper oiek!»

        Egi borobilla, ORIXE, dagokionak ausnartzeko. Zein dek au, urrutitik datorkigun euskeltzale azkarra? TAUER'tar Norberta, yaun yakintsu eta sutsua. Txekoslobakia'tik datorkigu. EUZKADI TA TXEKOSLOBAKIA izendu artikulu eder baten, txekoera ta euskeraren goraberak ikertzen ditu. Arrigarria benetan gizon argi au euskeraz ain ederki nola jabetu dan. Jarraibide galanta, ainbeste euskotar eta euskaldun alper kirtenentzat, geienak zoritxarrez, alperrak eta kirtenak. Izkuntza askatzen ez dakitenak Aberririk ez dute askatuko, ez dago bildurrik. Txekoek lenen izkuntza askatu zuten, eta izkuntzak Aberriaren askatasuna ekarri zun.

        Entzun zazute TAUER'ek Pragatik egiten digun deia:

        «Nere ustez, euzkotar guziak urrengo goiburua artu bear dute: euskeraz dakienak toki guztietan, beti eta euzkotar guztiekin euskeraz itz egin, gutxi dakienak bere euskeraren ezagutzea osotu eta euskera ez dakienak berealaxe bere euskaldun adiskideen laguntzaz euskera ikasi bear du. Eta asmo au beteaz, urte batzuen buruan euskera euzkotar guztien izkuntza bakarra izango da.»

        Ori orrelaxe da, Tauer jauna, baina zeinek astinduko ote euskotarren zabarkeri negargarrizkoa? Galdera onek biotzean min ematen dit.

        Oraingoan, Zaitegi'ren eskutik, ORIXE EUSKAL OLERKARIARENEAN sar gaitezen. An arkituko dugu Orixe iatorra, «burutsik, makutsean, masaillak goi-argiz gorrizka, ezpañak irri-xuriz, Elade'ko artzaia bezain lerden, urrats luze bertso berriak jario». Idazlan zoragarria benetan Zaitegirena. Iñungo idazle aberatsenari ez dio zorrik. Eta darabilzkin irudiak? Ara bat

        «Bein baten, basetxeko seme nagosia ondakin zar pilloak lotsatzen dute. Baserri au berritu ta edertu bearra dut, dio berekiko. Jarri da etxeberritzen; beste anaiak laguntzalle ditu: guzion artean ormak jaso, arriak landu, zirrikituak estali, zurguak egin, etxariak apaindu... ta lanean yoranez ekin-da, akalak oro itxutu ta arbasoen iauregi ederra lengoratu ta sendotu dute. Arrezkero, eguzki dirdaitsutan buruzut ageri da semeen babesgarri ta arrotzen begi-betegarri. Euskera degu baserri berritu ori. Orixe degu baserriko seme nagusia.

        Eta zu, Zaitegi, gaineratuko nuke nik, baserriko langileetan adoretsu ta aurrenengoa.

        Zer dira txinta oiek? Orra bi txistulari, baserri argi ta eliza apainak; irudiak ereserti dio. Txistularien txintatik musikaren arloan gaudela laister igarri diozute noski. Alaxen da izan ere. Aldiskariaren sail au ereserti edo musikari dagokio.

        Ain zuzen ere, aurten, mundu guztiak aundikiro ospatzen du BACH ereslari andiaren eriotzetik bigarrarren eun urtebetetzea. Ibinagabeitia'r Andima ereslari aundi orren bizitzaren berri ematen digu. Ez ori bakarrik, baita ere Bach'en musika-lana aztertzen ditu; aren koralek, Kantatak, Fugak, Eresaldiak euskera errex-samarrez azaltzen dizkigu gai auetan gure izkuntza bakan erabilia izan baita. Merezi zun BACH aundiak euskeraren goratzarrea ludian izan dan musikurik garaiena bai zenuten. Bidenabar, Andima'k euskeraz ere beste erderetan erabiltzen dituzten gaiak erabili ditezkela egiztatu nai izan digu.

        Orra txokoan liburu-pilloa, ondar-erloiua, mazmarro ta abar. Zer dek au? Zakarra bear dik onek Ez ikaratu, EDESTIAREN saila dezu. Alta IRATZEDER beneditanoak EUSKALDUN HANDI BAT'en zeapenak ematen dizkigu, eta Beloke'ko beneditanoek euskeraren onez dagizkiten lanen berri ere bai. Ango garra, ango euskal-sua! Irakaspide ederra Euzkadi'n euskera itotzen ari zaizkigun apaiz, pralle ta moja txatxu arroskoentzat. Ara aita Iratzeder olerkari aundiaren itz batzu:

        «Bai, irakitan dago gain hortan (Beloke'ko komentuan) Euskal Gogoa. Zer jaliko da ortik? Geroak erranen, geroak eta Aita Bastres'en Eukual-ametsari, goiko-suari ufa eginen dioten biotz zabalek».

        Eta irakin orren zituak dagoneko ikusi ditugu argitara dituzten liburu eta euskal-lanetan.         «ARALAR» idazle aberatsak, historiaren kolko sakonenean sartzen gaitu, EUSKALERRIA YESUKISTOREN GARAIAN nolakoa zen erakusteko. Idazlan au gaurko jakintsuak eskatzen duten trebetasunez idatzia duzute. Orain bi mila urte loratu ziran edeslarien aztarrenai iarraituz, garai illun aiek nolarebait argitzen dizkigu. Lan ederra benetan «Aralar» napartarrarena.

        Edestiaren ondoren, orra ANTZERTIAREN txokoa. Nigarra labur, irria luze dio sail ontako irudiak. ZAITEGI-Ibinaga'k euskeratutako ABERE INDARRA'ren bigarren ekitaldia irakur dezakezute, Benavente'ren antzerkia euskeraz biziki ta goxo jantzita. Ekitaldi ukigarria benetan; nigarra irria baino areago begi-xokoetaratuko dizue.

        Beste pausu bat, eta JAKINTZAREN jauregian gaituzute. Arlo ontan Urrutia'tar Gotzon'ek, bere idazkortz zorrotzaren egoeten GIZADIAREN AZIKERA BIDIAK barna, Amurabi bakaldunaren erreinuetara garamazki. Antxiñako idazkun illunenak zear, idazle iakintsua txoria eguratsean bezin aixa dabillela dirudi ludiaren asikera ta azikera anbiolako aldi igatu aietan atzeman naiez.

        Goazen aurrera, irakurle, geure bidean. Zein ditugu aiton-amona berritsu ta xamur oiek baso itzalean yarrita? Aiton-amona xamurrok EUSKERA dituzute, eta euskerari dagokien arloa bere ontasun eta xaar-kutsuz babesten digute.

        Lenik, «Elentxu» idazleak aldizkari berri batzuen kontu ematen digu. Tarteka aserre xamar agertzen zaigu eta gogorki erderaz idazten duten idazle zenbait astintzen ditu. Urrenik Ormaetxea'tar Nikola idazle aipatuak, EUSKAL ADITZA. SARRERA deritzan lana yaulkitzen du eta IZAN-ADITZA nola bategin muin-muinetik azaltzen digu. Lan oiek bezelakoak gutxitan baino ez ditugu euskeraz ikasi oi. Izkuntza aurreratuenak ere ez lituke gure euskerak bezin egoki gaiok argiz jantziko. Ortarako ordea, Orixe baten trebetasun eta antzea bear. Sail berean eta idazle ber-berak zenbait aldizkarietan idatzitakoen berri ematen digu.

        Orra Jon Andoni. Kaxo Irazuzta? Berak bakarrik idatzi lezaken bezin ipin-apain euskeraren izangoaren OÑARRIAK arakatzen diardu. Ezin uka upelka arrazoi duanik. Agur zeuri, Jon Andoni.

        Euzko-Gogoaren basoa ain baita sarria eta edertasunez betea, asnas artzeko betarik ere ez digu ematen. Ez al zakit aspertuko bide-lagun! Urrats bat, eta GIZARTE GAYAK'etan murgildu gera, gaur ain gora aundia eman oi zaion «cuestion socialen». Argarate'tar Erraimun idazle ta olerkari apañak LANGILLEEN ESKUAK deritzan idazlan miragarrian, txukun ta dotore gaiok azaltzen ari zaigu. Au bai mutillal Euskerak ez du eziñik Argaratentzago. Jaso itzatzu adiskide maite txalorik ozen eta gorienak Txina'ko eremu larri ortatik.

        Ara Aita Harynbart ere GUREA OTHE GEROA? arnas oska galdeka. Auzi ori erabaki nai luke. Nola gero? Ua euskeraren goxoa, eta ugaria, Beloke'ko beneditano kartsu orrena. Egi borobilla'k botatzen ez zaigu lotsatzen. Ez orixe. Onatx bere lerrotatik zenbait:

        «Bazter guzietan ari dira behar dela nonbeitik funtsezko bake bat moldatu; nehork ez du nehoiz bakea orai bezainbat aipatu. Bainan nolaz ahantz bereala, hamar urtez lur guzia inarrosi duten bi azken gudu izigarri hauk; nolaz ahantzi iragan berria dugun gudu hau, Euskadi eta Euskotarrak zangopilatuz asi zela, oroz gainetik beren askatasuna eta beren sinhestea maite zuten Euskotar zintzo eta zuzenen odol garbia ixuriz asi zela?»

        «Gu euskotarrak, dio geroago, kristauak gira. Gure bizi-moldeak eta ohidurek goraki diote egiazko anaitasun bat nahi dugula ezarri ororen artean gure Aberrian.»

        Bai, praile gazte, laister etorriko al zaigu egun zoragarri ori.

        Orratx ibilkundearen azkena. Itun-zarra-Itun Berria, idazti aundi bi zabalik dakarz irudiak; erditsuan IDAZTI DEUNAK dio. Beraz idazti deun edo liburu santuei dagokien arloan gaituzute. Aldizkariaren zuzendariak GOTEUNAREN ETORRERA eta KEPA'REN ITZALDIA Bidalien Egiñak deritzan liburu deunetik yasota, ondo-ondoraño ikasi ta azaltzen dizkigu. Teologo sakon baten lana euskeraz jantzita. Gure antxiñako asabak birloratuta geldituko lirake Zaitegiren euskera durunditsu, aberats eta apaña belarrietaratuko balitzaieke. Euskera arlotekeriak azaltzeko besterik ez dala? Ikus dezatela, irakur dezatela Zaitegi'ren idazlana. Kirtenak ordea, ezer ikas edo irakur ote dezakete?

        Zer iruditu zaizu bidelagun gaurko gure ibilladia? Olako pasioaldiak ez zaizkigu noiz-nai gertatzen baso ain aberats eta ikusgarriak barna. Baina ez nuke amaitu nai geure ibillaldi au EUZKO GOGOAK damazkigun irakaspenak aipatu gabe. Lenik euskera, gai guziak azaltzeko, naiz eskutuenak izan, euskeltzale ta abertzale zintzoen eskuetan, gai dala.

        Bigarren: Euzko-Gogoa'ko idazle zintzo ta euskeltzale sutsuei jarraituki, beste euskaldun guziak ere, euskera ikasi, idatzi ta erabiltzen saiatu bear gerala; buru-belarri ordea, amor eman gabe, etengabe, askatusenerako giltza euskera baita.

        Azkenik: Oraindik arpidetu gabe arkitzen zeraten euskaldunak, len bai len, arpidetu zaitezte Euzko-Gogoara. Euskeraz iñoiz egin dan aldiskaririk ederrenaren jabe egingo zerate, edonun bere burua agertu lezaken aldizkariarena ain zuzen ere. Gañera aldizkari ortan gaur mundu guzian barreiatuta dabiltzan euskel-idazle azkarren eta aipatuenak batzarre egin dute: arabar, bizkaitar, gipuzkoar, lapurditar, napartar, xuberotar: oro euskeraz, oro gure izkuntza xarra laztanduz bizitza berria bere zainetan txertatu nairik.

        Au bai ikuskizun ederral Au bai benetan etorkizunaren aurrerapena, itxaropenez betea. Zeure arnasa, zeure laguntasuna ukatuko ote diozu irakurle? Ez dut uste, euskaldun zindo ta zintzotzat zaduzkat bada, ene bidelagun maitea.

 

Euskadi'ko Irratirako idatzia

27-IX-50.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.