Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Sabin'en itzalpean

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Arek utzi zigun aztarren beroak urte-oro alkartzen gaitu benetako euskotar eta aberri maitaleak. Zertako, ordea? Gizadiaren bizitza, gertakari aundi batzuez, muga-ariz bezala, zedarituta daukagu.

        Bide-zear arnaska gabiltzanok, erioaren ikutua gure zainetan daramakigunok, erbestearen pixua bizkargainean eraman naiez oldarka ari geranok, etsipenaren itzalak maiz makur-arazi nai gaituanok, bide-ondoan yarritako mugarri oietan eseri bearrik arkitzen gera, arnaz berriz, adore ta kemen berriz gure soin eta gogo nekatuak anpatu ta betetzeko. Alabear ere inguratzen gaituten zoritxarrek itoko ezpagaitute.

        Orra gaur Irakaslearen illobia, euskaldunen mugarri. Sabin aundiaren, itzalpean, atseden, deskantsu pixkat artzea dagokigu euskotar orori gure gogo-indarrak zarberritzeko. Aren itzala, Euzkadi guziaren gainean zabaltzen da, baita euskaldunek kokatzen diren txoko guztietan ere, eta bere oroimen goxo ta kartsuak, oro babesten gaitu: etsai eta adiskide.

        Gurutzea, zion Paul biali deunak, yentillentzat tupustarri, kristauentzat berriz, aintza-bide gertatu da. Gurutz orrek, ordea, guziok bere itzalarekin estaltzen gaitu: yentil eta kristau. Era berean, Irakasle maitearen itzala, gogo-eztilkora, arotz eta euskotar gaiztoentzat, tupustarri, au da eskandalua, euskotar zointzoentzat berriz, aintza-bide gertatu da. Berak benetako aberri-miña Euzkadiren zainetan txertatu zun, eta arrezkero aberri-min ori bere zainak barna atertu gabe dabil, odolak gorputza bizi-azi ta berotzen duen bezela, Euzkadi guzia bizi-azi eta bizkortzen.

        Beraz, aren gomuta berritzeari une batzu bederik eskeini ditzaiogun.

        Bigaran karlatarren guda sortu baino urte batzu lenago, Arana-Goiri'tar Sabin Abando'n yaio zitzaigun. Garai artan Euzkadi guzia sakabanatua zegon, naigabe eta atsekaberik gerrienaren menpean erdi-illik. Alaz ere, bere errai legor eta akituetan, aurreneko karlatar gudaren etsipen eta naigabeak gora-bera, kemen izkutua sortu zan, eta euzkotarrak berriz ere, errege arrotz baten ikurrinpean-jeiki ziran. Zerk ordea gure gurasoak ostera ere menditartu zitun?

        Lenengo gudan, Txao'k dionez, euskotarrak ez zebiltzin karla yasotzeko lerrenak egiten, beren askatasun yatora iristeko burrukan baizik. Eta urrengoan ere beste ainbeste gertatu zan.

        Erritasunik gabe zegon, orduko Euzkadi, eta euskaldunak erritasunez yabetu gabe bizi ziran; obeto esan, erritasunaren esan-gura, eskubide ta izatearen ezagutza osorik ez zeukaten behintzat. Euskaldunak ziran, euskalduntzat euren buruak zeuzkaten, bañan arrotz-aizeak ayen erroak, ayen burmuñak naasi xamartuta zerabilzkin. Askatasuna zaitzeko beti gertu, bainan ez benetako eusko-izatasunaren, erritasun osoaren barnean, erritasun ori lauso ta odei-pean baizik ezpaizuten asmatzen.

        Orra, gain-gainetik, garai artako euskaldunen egokera latza.

        Beraz, izkillu-ots eta guda-zarataz inguraturik pulunpatu ziran Sabintxo'ren aurtzaroko urteak.

        Eta nolako ondorenak guda anker arenak. Euskalerria, euren gurariak garai ateratzeko arrotzek arratz zakar bat bezela erabili ondoren, lauorri gorrienaren menpean erori zan. Guda galdu, eskubideak galdu eta lengoen gainera, samin, negar ta atsekabeak mukurutzea besterik etzun iritxi. Benetako euskaldun askok aberria atzerriaren truke utzi bearrean arkitu ziran.

        Aranatarrak, Donibane-Lohitzun'era aldatu ziran, guda-galduaren ondoren minkaitza ausnartzeko. Zenbait urte erbestean igaro zituten. Berriz ere Bilbao'ratu ziran.

        Antxen Sabin'en gogoan erritasunaren argia biztuko zan. Gertatua nik bezin ondo dakizute, eta ez niyorkizue berriz azaltzera.

        Euzkadiren izatea ordurarteko euskotarrek ez bezela bere barnean-nabaitu zun, eta etzan nabaitze ortaz naikotu baizik eta ezagutza ori beste euskaldun guziei irakatsi nai izan zien. Eta Euzkadi'ren izatasuna ezagutu egunean bertan, buru-belarri, gorputz eta arima lanera yarri zan. Basamortu soil eta elkorraren erdian oiuka ari dan leoi indartsuaren orruak lau aizae-xokoetan galtzen diran bezelatsu, gure leoi gaztearenaz ere galtzen, aienatzen ziran. Zer naigabe, zer lan zer zoritxar euskotarren adimenak argitu eta ezagutza berrira erakartzeko.

        Lenik ordea, Sabin'ek bere burua ezi eta azi zuen irakaspen berri ortan, bere gogoa eusko-izatearen sakonenean murgildurik. Eusko-edestia, eusko-legeak, eusko-oiturak, oro bere buru argi eta istatzuz aztertu eta ikasi zitun.

        Nundik asi zun eta nola bere lan miragarria? Zer ordea, beste ezer baino lenago bere biotz eta adimenaz yabetu zan?

        Izkuntza, geure euskera maitagarria; euskotarren pitxirik bikañena, ezaugarririk garai eta agiriena zala argi ta garbi ikusi zuen. Eta ikusi ba'zun, ikusi zun.

        Ordurako Europako enderri geyenetan, menperatuta zeudenetan beintzat, batez ere Austri-Hungari, Rusi eta Alemanian uztarripean zetzatenetan, erri izkuntzen loraldia asirik zegon.

        Txekoera, alemanerak zearo yanik zeukan. Erri artako izkuntza yatorra baserritar eta erritar arlote zenbaitek besterik ez zerabilten. Berkizkundearen urrezko turutak ots-egin zun, eta txekotar abertzaleak adorerik eta kemenik aundienaz izkuntzaren arlora yarri ziran. Eta laister errixka ixilletan lotsaz bezela mintzo oi zan izkuntza Uri zabaletaratu zan. Ikastolak beretzakotu zitun baita ere ikastola nagosia Pragan'n.

        Suomitarrak, finlandarrak, beste ainbeste zegiten rusoek menpera zeukan beren izkuntzaz. Izkelgitan zatitua, zugaitz urtezu irotua bezela erdi ustelik zegon. Andik eta emetik apurrak bildu zituten, eta izkuntza osoa antola zuten. Osotu-ala, arnas berriak artzen asi zan Finlandi'ko izkuntza, eta laister ikastol txiki ta andiak, oldarrez atzeman zitun. «Kalebala» erri-poemak, adorez bete zun Finlandi Guzia, eta ordurarte izkuntzarekiko uzkur eta soraio zegon erria, bere mintzoaz yabetu zan.

        Hungari'n beste ainbeste gertatu zan. Oyek ere izkuntza erdi iretua zeukaten alemanaren eragitez: izkuntzaren askatasuna ango abertzaleek aldarrikatu zuten, eta zetzan lo-zorrotik esnatu eta mendi-erpiñeraño yaso zuten.

        Garai artan, ain zuzen ere, Katalunya'k ere gogoz zekion izkuntza berpizteari. Olerkari, idazle, ertilari, yakintsu, eriotz-bidera zijoan katalanera garrez beterik makurtu ziran euren mintzo maitea gaizkitzeko. Ordu an Barzelonan erdera zen nagusi, epe laburrean ordea, katalanera erderaz nagositu zan eta bere durundi eta zarata alaiez gaztelania betiko erri artatik uzkali eta baztertu zun. Geroago Joan Maragall olerkari eta idazle aipatuak esango zun: «Zorionekoak gu, gere ao-ezpainetan izkuntza berpizten ikusi dugunok.

        Yakiña. Arana Goiri'tar Sabin etzegon izkuntz pizkunde oien oldarra ikusi gabe. Beraz, bere kitian egin zuan: «beste aberriak euren izkuntza yaso ta gotortu bearrez ain urduri, ain langille baldin badabiltz, euskotarrok zer egin ote dugu il-obira laisterka dioakigun geure euskera maitagarriaz?

        Eta Kisto'k, oetxoan zetzan elbarrituari zuzendu zizkion itzak euskerari zuzendu zizkion: YAIKI ETA ABIL. Bai yagi eta abil euskera maitagarria. Orainarte sokondoratua, ezetsia, zapaldua, ostikoz, tutarez erabili zaituzte: gaurgero, alayainkua, adore guzia, kemen guzia, nere soin eta adimen guzia emango ditut, ezarriko ditut zu berpizteko, zu garbitzeko, zu edertzeko eta dagokizun erpin garaienenan yarteko.

        Lanera yarri zan. Aldi gitxi barru, erdeldun zana euskaldundu zen. Euskera zearo ikasi zun. Idazteari ekin zion. Aren zain eta erro sakonenak iratiotu zitun: euskel arbola zarra bere indar guziekin iñarrosi zun eta ostopean izkuturik zeuzkan igali, frutu gozoenak yalki erazi zizkion. Euskeraren berpizkundeari asiera eman zion.

        Arrigarria Sabin irakasle maiteak euskera zegon uztarripetik ateratzeko egin zitun lanak. Askok uste baiño geiago idatzi zun euskeraz eta ederki. Ain zuzen ere, Bayona'n oraintsu sortu da Sabindar-Batza, Irakaslearen idazlan guziak argitaratzeko, eta entzuten zagozkidatenok ez dut uste ukatuko diozutenik zeuen laguntza bazkun goragarri orri. Orduan ikusi al izango dugu irakaslearen lan izugarria euskerari buruz, Sabindar-batzak aren euskerazko idazlan guzien bilduma emango digunean alegia. Nik orain aien berri emango ba'nizueke ez nuke beingo baten, ez orixe itzaldi au bukatuko. Alaz ere, Urkixo euskalari yakintsuak, goian bedi, esana entzun ezazute: «Ezin gentzake ukatu Arana Goirik euskerari eman dizkion adore ta indarra; aren aurretik idazti gutxi baino etziran argitaratzen, aren ondoren ilabetean, lenago eun urtez baino liburu geiago idazten da euskeraz».

        Bainan gauza bat orregatio begien aurrean yarri nai nizueke argi ta garbi. Euskera izan zula Irakasleak bere abertzaletasunean lenengo maila. Eta au gaineratuko nuke: maila ortan uts-egingo luken abertzaleak, ez dula aberri bidean gora aundirik egingo, naiz migañez besterik aitortu bere burua zuritu bearrez.

        Entzuten zagozkidatenok. Auxe ar ezazute gogoan: euskera bako abertzaletasuna, ez da abertzaletasun erdia baizik. Amaikatxu ari dira esaka, naiz euskera il, askatasunaren yabe egiten geranean berriz ere biztu al izango dugula, gramatika eta iztegi bat lagun.  GEZURRA eta milla bidar gezurra. Ez da oraindik jayo, ez eta jaioko ere, mirari ori egin dezaken gizkumerik. Alperren amets txoro eta apuko geldoak besterik ez dituzute, eta ori sinistuko luken euskotara, alper oien lankide, alperkide obeto esango nuke, baizik ez da.

        Eta zertako genuke euskera gabeko Euskadi? Olerkari bipil, Jauregi'k zion: Arima gabeko gorputz ustela. Mordo gabeko masti oritsua, besterik elitzate. Eta oyek zertako? Bata lurperako eta bestea surtarako.

        Ongi ikusi zun bai, irakasle maiteak euskeraren garrantzia, euskeraren arrandia. Euskadi'k erritasuna gordeko ba'du, euskera bear du. Eta lenaldiko abertzaleak argi ikusi zuten ori, eta zabalkunde osoa euskera oñarritzat arturik egin zuten.

        Ezagutu nun bat, nere aita zana, abertzaletasuna euskera utsez eta euskel kanta ederrez Euskadiko errixka geienetan egin zuena, ain maite zuen Irakaslearen irakespenari yarraituki.

        Amaikatxu malko goxo eta dardara xamur sortu-azi zitun aunitz euskaldun biotzetan. Ark ere, irakasleak bezela, gazterik utzi ginduzen. Ezin nengokion oroitzapen kaxkar au eskeñi gabe. Biotzak eskatzen zidan.

        Gaur Irakasle eta orduko aren yarraileak, erromantikutzat artzen ditute zenbaitek. Bainan, egia esan, ameslari ez dan abertzaleak aberriaren onez ezin dezake deus onik egin, are gutxiago euskeraren onez. Ameslari bear dugu ez dirukeriari, erosokeriari, errexkeriari itsatsiegi. Dirukeri, erosokeritsu eta errexkeritsuek, ez dute deus onik egingo, eta aberriaren onez burrukatu bear danean, amor eman eta erbi ikaratiak bezela igesi yoango dira.

        Ameslari zan Irakasle maite. Ameslari zirenaren lenengo yarraileek. Nolako lana ordea, burutu zuten. Aiek Euskadiren zainetan berpizkundearen indarra txertatu zuten. Ayek euskerari indar berria eman zioten. Aiek aberzaletasuna gotortu zuten. Eriotzarako gertu, Euskadiren yareipenerako odola emateko beti prest. Ez ori bakarrik, odola eman ere egin zuten oraindik euskotar asko arrotz-zaletasunaren lozorrorik gaiztoenaren menpean zetzatela. Gero oldarrez loratu dan pizkundearen oñarria, ayek euren ames eraginkorrez yarri zuten. Orduko gogo-zintzoa gaurkoak ere nai genuke. Ayen abertzaletasun garden aratz eta xaloaren yabe ai gintzake. Beste txori batek txinta joko liguke Euskadi barnean eta Euskaditik landa. Ordukoak bezelako euskaldun zintzo ta euskeltzale bizkor ba'giñake, aberriaren izkuntzari arnas berria ematera saiatuko giñake.

        Gaur egunean Euskadiren izena ludiko lau ertzetan zabal eta egalari dabil; mundu guzira bere turuta ozenaren oiuak iritxi dira, nun-nai ezagunda, Arana'ri zor eta aren ikasle adoretsuei. Euskadi'ren odola, Euskadiren guna dan Izkuntza, ordea, igesi dioakigu, geure zabarkeriz, geure koldarkeriz: dakigunok, ezdarabilgulako, ezdakitenek ikasten saiatzen ez diralako. Gure etsaiek indar guziak ezarri ditute, arrainari gibela bezela, euskera erauzi eta erro-errotik ateratzeko. Gu ordea, etsaiek baino gaiztoago, aiei arrazoi osoa ematen ari gera. Ayek ederki dakite euskera dala izkillurik zorrotz eta eginkorrena aberriagatik darabilgun burruka odolgorri ontan. Eta guk ez dugu ori ikusi nai, eta geure mintzaira zarberritu, erabilli eta sendotu bearrean, aiekin batera zapaldu eta ostikopetzen ari gera. Geok diardugu gere baitan genokidio mingarriena burutzen. Etsaiek ori egitea, gaitz erdi, bainan euskotarrok, benetako abertzaleok eginbide makur ortan aritzea, erailketa gogorrena duzute. Ortan yarraituko ote dugu? Eta noiz arte?

        Ez dezagula, euskotar maiteak, geure ondare bikañena, euskera ederra bertanbera galtzen utzi. Orra irakaslea bere illobitik oiuka. Euzkotarrak, euskera duzute askatasunaren giltza, Euskadi'ren etorkizuna, aberriaren oñarriak betiko gogortuko ditun arkaitz sendoa. Sabin'ek bere ondasun, osasun ta bizitza aberriari eskeini zizkion. Gerora samaldan sortu yarraileek, berdin egin zuten. Eta oraindik luzaro ez dela, Euzkadin izan den gudarik ankerrenean, zenbat eta zenbat gudari lerden, gure ama Euzkadiren etorkizuna ziran Euskalerriko lore yayoenak, Euzkadi biotzean eta ezpainetan euren odol gorri ta beroa eman dute. Euskotarrak! Odol-ibai negargarri ori ustel aterako ote da? Betiko galdua izango ote da? Ez noski guk zintzo ta bermuki yokatzen baldin ba'dugu.

        Aien yarraibide ederrari atxiki gatzazkion. Eta Irakaslearen il-ondorengo berrogeitazazpigarren urte onetan, orok biotz-biotzean burni-goriz idatzita auxe ezarri dezagun:

 

                Euskera ta euzkadi

                bitez nerekin beti.

 

25-I-50

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.