Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Aberaskume ni

 

Orixe

 

                                Samikolas txikia

                                gure ganbaran azia;

                                gure ganbaran zer dago?

                                Andre Juana Maria.

 

Ba-nekin aspaldi ezkero nere izeneko santua guziz ezaguna zala munduan; bañan ez nun uste oinbesteraño. Oiartzun'en, Billabona'n, Orio'n, Mundrau'n eta beste nonbait arraultze-lukainka, intxaur edo olako zerbaiten eske ibiltzen ziran edo dira aurrek Samikolas'i kantatuz. Bañan oiek erri gutxi ta txikiak dira. Or ditugu Errusia osoa, Balkanerriak, Poloni, Austri, Alemani, Holanda, Belgika, Luxenburgo: Españia'n Iru Erregeen begira egon oi diran bezela, erri oietan Samikolas'sen begira daude Eguberriz, zer yostaillu edo goxo ekarriko ote dizkien.

        Ez nekin ordea, Kanada'n, Ipar-Amerikan eta Erdi-Amerika'n ere aurrek santu TXIKI ori ezpaiñetan zutenik. Neronek nere begiz ikusia yalkiko dizuet San Salvador'en.

        Aurten ekarri dit neri ere, 1950'garren urte ontan, Eguberri sari ori. Ez giñan aberaskume. Aurtzaroan entzunik geneukan, Erregen bezperan, leioan zapata utsa uzten zuten aurreri, andik igarotzean Errege oiek esku-ikusiren bat uzten zietela. Nork siñestu? Guk ez, guri ez-baña aberatsen aurreri uzten baitzieten. Gurasoek egia erakutsi ziguten, aurrak lo zeudela, aitak edo amak sartzen zitiela yostaillu ta goxo oiek.

        Ba-genekin Iru Errege oiek zerutik ez-baña ganbaratik yeisten zirala, Samikolas txikia bezala; bañan aurten, siñestatu egin bearko.

        Ni naukaten etxean, etxeko amona yantzi da gorriz, galtza ta guzi, bizar zuri, makilla eskuan, egundoko yostaillu zama bizkarrean. Gure etxe ontan utsaldi ederra eman zion. Amonatxo orrek amabi billoba ditu, amairugarrena bidean, eta bakoitzari zerbait eman bear. Semeeri ere bai. Aurpegia zamoturik an agertu zan, aurrak etzeudela, tellatutik sartu omen zala-ta. Lodi lodi mintzo zitzaien gizon erara. Iduritu zitzaion orregatik billoba bati alako batean, amoma Mertxe ote zan. Bañan ez siñesten.

        Bakoitzari bere izenez otsegiten dio Samikolas'ek, eta azkenean neri, billoba berri oni. Zer ekarri zidan? Alkandora bat ederra. Besterik ez ba da ere, au bientzat siñestu egin bear: Yainko bat ona ba dala, olako amona ta olako senar-emazteetan agertu zaidana. Pixka bat biotza ukitu zidan. Lenbiziko aldiz aur aberats gertatu naiz. Gerta nadila beste oinbeste urtez.

        Aurrak beren yostailluekin eta ni nere alkandorarekin, barreiatu gera geron gisa. Bitartean, yakiña, aurrek oartzeko betarik ez dutela, Samikolas beste etxe batera abiatu da, tellatuan barna, edo obeki esan, amona ganbaran erantzi da, soiñeko gorria erantzita datorren urterako gorderik.

        Luzaro gabe amona berriro agertu zaie aurreri eguneroko yantzian. Galdegiten die zer ekarri dien Samikolas'ek, eta aiek zearo mearo adierazten diote, yostailluak erakutsiz.

        Amabi billoba oiek iru senar-emazterenak ditugu. Bat lau urtekoa: ez da makala! «Zergaitik ez da yoaten Samikolas gure etxera?» galdegin du; amonaren etxera bildu baitziran guziak. Atsaldeko zazpiak aldean gertatu zan komeri ori.

        Gauerdiko Meza ondoren, sorgiñ-apari egiteko, kurrin bat il ziguten, txerrikume bat, eta beste bat aundixagoa. Gañera gañerakoak yan edan egin genitun.

        Nor yoan Europa'ra datorren urtean?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.