Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

On eta eder

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

EDERRA GAUZEN KERA

Esan baitigu areztian S. Agustinek gaizto diranak ere on-antzean, eder-antzean maite ditugula, esan genezake berebat gezur diranak ere egi-antzean, eder-antzean maite ditugula. Ortaz, eder ori antza da; beste izen batez esan, gauzen kera da.

        Ederra zeruetaraiño jaso naiez zenbaitek egia ta ona baino areago dala esan dute, edatuago dala. Ez naski. Eder'ek ez ditu bere barrenean artzen Egi ta On; aien kera danez mugatzen ditu. Kera aurpegiarena, begiena ta abar da; aurpegia, begiak eta abar ez dira kerarenak. Edertasuna egiarena, ontasunarena, izatearena da; izatea, egia, ontasuna, ez dira kerarenak. Kera ez da gauza bereizia, ez da izate bereizirik. Ortaz, ederra gauzaren muga da. Muga arkitzea adimenari dagokio ta idurimenari. Egia berez garaiagoa da ederra baño; baña inoiz muga bat eskatzen du atzeman dezagun, kera, antza, edertasuna. Emen dator burruka, adimenak mugak zabaldu egin nai baititu ta idurimenak ertsi. Bai, askotan adimenak ezagutzen du muga-bearra ta idurimenari eskatzen dio.

        Kera ori, muga ori, bitara jo dezaguke orobat: muga garbia berez ertzak ongi ageri dituna, ta, muga lañotsua. Bietakoak artzen ditu antzeak, margo-antzean berean ikus dezagukena. Ele-ederrean ere ba ditugu Dante'ren iduribideak alde batera, ta Milton'enak bestera. Zenbait aldiz, gauzak berak duten kera garbia da ederrena, arkitu ezkero. Guk egozten diegun kera ere, gauzean bertan arkitzea oberenik. Aurpegi bat, zuzenka begiratu ezkero, ez da saieska begirata bezain nabari. Zenbait aldiz gauzeri ere saieska begira bear diegu, gure idurimenari obeki dagokion antza arkitu arte. Izenez ta izanez muga dana, buka-muga, batez ere idurimenari dagokio; baña guk gauzean bertan arkitzen duguna ager-muga, naiz geron buru-jokuz egozten dioguna, egoz-muga, berebat dagokio adimenari ere. Orregatik, antze-lanean bi kemen ok elkarri lagundu egiten diote, batez ere bien aldera danean, bakoitza bere aldera ari danean. Buku-muga ori idurimenak berez usu arkituko dio gauzari. Ta au ederrena ez ba da, adimenak berak zirikatuko du idurimena, saieskarako edo beste muga egokiago bat billa dezaion; eta ezin ba du, beste muga bat egozten lagunduko dio, egiazko antz-lana ta antze-lana atera dezan.

        Belarrieri dagokien kera ere zer dan emen adierazi bear genduke. Kera esaten baitzaio ariora, ta ederki esana. Artea, tartea bere lenagoko itzez esan aldea, ta garaia, astia, irautea, lenagoko itzez esan, aldia dira kera oien guzien erabateko muga. Alde-aldietan (en el tiempo y en el espacio) jokatzen dira mintzoa ta musika, ta or artzen ditute beren bakoiz-mugak. Soñua dute gai; nai ta nai ez alde-aldietan gertatzen dana. Soñu orrek iru nola-izate ditu: ba du bere indarra, ba du bere goi-beea, ba du bere iraun-aldia. Ez ditu ordea oriek aski bere kera bereizia, antza, antzea artzeko. Bear du gaiñera urrunkera; bear ditu noizbeinka aterguneak, aterr-urrenak, ori baita rhythmus numerus esaten zaiona. Aurren-urrenak nai ta nai ez lituke, atertu bage ari izanean ere, baña urrenkerarik ez, «nam rhythmus in continuatione nullus est» esan baitzigun Kikeron'ek. Eta mintzalari bat ez litzake eder azkengabeko arnasa ba lu ere «etiamsi cui sit infinitus spiritus-datus»' olako aterr-urrenik igi-neurririk ez ba lu. Ez da aski ordea urrenkera au ere, soñuaren urrenkera au ere aditzapenetan urrenkerarik ez ba da. «El ritmo de las ideas» esaten zaiona, burutapenen urrenkera, ez da batere bear-urrutigoa.

        Jakiña, antze-motarik bikaiñena mintzo-antzea dala esan diteke; baña musika-antzeak dala esan diteke; baña musika-antzeak ba du alako zorabide bereizi bat, antzelan guzietan geiena bezala erakartzen baikaitu. Emen dute leku len esan dugun kera lañotsu oiek. Mugak eta ertzak garbi ditun gauzak atsegin ematen digu, baña baita illuntsuago ditunak ere. Alde batera, adiemenari muga lasaiagoak uzten zaizkiola dirudi guzia garbi esango ba litzaio baño.

 

ANTZERA EGITEA

        Itzazu Platon'en zenbait itz eder: «Ar ezazu ispillu bat, eta jar ezazu alde guzietara. Jarri bezain laister, an egingo dituzu eguzkia, naiz izarrak, naiz zere burua, naiz antze-lanak eta esan dugun oro». (Republ. X, I) Izadiaren antzera egitea bakarra ez dagokio antzelariari, ez baitezake, lenik, ispilluak aiña ere egin: belar bizia, landare bizia, gizon bizia ispilluak berak ere ezin egin, errañua ta mugimentua ezarri arren.

        Artara ezkero, ispilluak antzelariak baño obeto antza ezarten dio izadiko edozeri. Urrenik ez esan, izadiko landa-inguru edozeinetan dagon guzia, antza zearo ezin emanda ere, al diteken antza emanaz-gaiñera, gizonak beste zerbait ezarri nai ez dionik. Oarkabean agiz, bai, baña beste zerbait beiñipein. Antzera egiten asita ez legoke atseden, ispillua baño motxago gelditzearekin. Platon'ek berak dio jende txearentzat: «Jende txea igarri al dezaioke ederraren jatorria bat dala, ta eder diran gauzetaz beste dala? « (Republ. VI, 3 ) Landa-inguru apain bat margoztatzen dularik, margolariak ari antza ematea bakarra nai dula nekez adierazi diteke. Beste zerbait nai du ark ere, ez baitaratu arren. Zerbait ori, adierazteko zail geldituko da beti, baña eder eredura-naia dala esan dezakegu. Platon'ek berriz»: Sokrat.— Bizi al da egitan, gauza ederrak ezagutu arren, Edertasuna bera bere baitan sumatzen ez duna, ta artara eraman nai dunari ezin jarraitu diona? Ametsa ala egia litzake ori? Begira, zer da amets egitea? Ez al da, antzeko gauza gauzaren beraren ordez artzea, naiz lo naiz esnai dagola? Glauk.— Nik ametsari izen ori emango nioke. Sokrat.— Zer ordea? Ametsa ala egia dirudizu, aldiz, Ederra bere baitan dagola siñesten dun aren bizitza, eder ori begiztatuz, naiz berez eder dan gauzean, naiz ederraren izatea darion artan, eta Ederra bera gauza ederren ordez eta gauza ederrak ederraren beraren ordez biñere nasten ez ditun aren bizitza? Glauk.— Aren bizitza egizkoa dirudit». (Repub. V, 3 ). Antzegilleak berebat, bizitza ori bizi bear du, ta ortatik jario bear zaio antze-lanean antzaz gaiñeko beste zerbait ori. Platon'ek ostera: «Bai, Adimen maite, izanez dan utsaren begiztaldian ari danaren begiak ez du astirik gizonen jarduerara jeisteko, ez aiengana gorrotoz ta samiñez betetzeko; aldiz, arr-eman eta burubide bera duten gauzetara begiak zorroztuz, eta beiñere elkarrekin nastu bage, arrazoiaren eta burubidearen legepean daudelarik, albait, aien bateratasuna antzerazten eta beregan adierazten ari da. Uste al duzu iñor, arrituz eta maitatuz zerbaitengana urbildu ditekenik, aren antzeko izaten aleginik egin bage? Sokrat.— Ez diteke». (Repub. VI, 2).

        Bestera esan diteke, gizonak bere aztarrena anze-lanean utzi nai lukela ere, oartuz naiz oarkabe. Ez ordea bereegia, aren antze-lana ez bailitzake guziekikoa antzelan bikainak eskatzen dun bezala. Edozein gizonek, antze-lan ori ikustean, bere buruaren aztarrena nolabait ezagutu bear du, ta gizonak oro ederra dala diotenean, orduan izango du giza-aztarenik aundiena ta guziekikoa. Gizonak, ordea, beraz gaiñeko zerbait atzematen du antze-lan gai gaiñekoetan beintzat. Eder eta On bat ez ba dira ere, ta ederrak ona asmo ez ba du ere, ona dario. Ta nolanaiko onak eta ederrak ez gaitu asetzen, ez ta nolanaiko antze-lanak ere; baña asetzen gaitunean, beiñere aspertu bage artara itzultzen geranean, ezagutzen dugun onik aundiena sumatzen dugu, ta ezagutzen duguna baño aundiagoa aztarrenatzen dugu: on-iturria bera, artara-nai isil bat biotzean sortzen zaigula.

        Bakoitz danaren muga urratu-naia dugula esan baitut len, bakoiztasunean arki diteken antzea edo ederra ere, guzierako muga zabalagotik datorkigu. Antzelariak, bere aztarrena baño zabalagoa ezarri bear dio antze-lanari, giza-aztarren guzizkoa, albait, eta giza-aztarrenaz gainekoa. Bakoiztasunari uko egite ortan, gizon antzelaria ta santu Jainko-ikuslea berdintsu ditugu: bakoizkako oro alde batera utziz, erabateko dan arengana jotzen baitute, batak oartuz, besteak oarkabe. Bide ortan ez ditu ezerk ere saiesten: ederra ta ona, beste mugarik eta asmorik ez dute, beste saririk nai ez dute. Naiz satutasunak naiz edertasunak, beren berenez eragiten eta erakartzen dute; ta santuaren santutasuna naiz antzelariaren eder-lana begiematen ditunari, berebat gertazen zaio. Beti ordea, aietan ezagutzen dugun ona ta ederra baño areagoa igarritzen diogu, erabat santu ta erebat eder dan Arengana aztamuka goazela. Ortatik dator ederrak guri besteren esparik ez ematea. Esparik-eza bear omen da eder-lan bati so egitean edo begiratzean, eta gauzak ala dakar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.