Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III'garren urtea. 1952 gko.
Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Edesti—

 

Israel

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

                                «Zure semeak sorkaldetik erakarriko ditut,

                                Sarkaldetik, berriz, elkartuko zaituztet.

                                Iparrari esango diot: Emaizkidazu!

                                Egoari berriz: Etzatzula luzarogo gorde!

                                Ekarzkidazu urrutietatik nere semeak

                                Eta lur-errietatik nere alakak!

                                                (Isaia, XL, 5, 6,)

 

Erri guziak, edestia zear, lauorri gorriak ezagutu ditute, Isrraele'k bezin ugari egari dituanik ez duzute beste bat aixa arkituko. Historiaren gau beltz eta sakonenean galtzen dira erri maitagarri onen zoritxarrak.

        Kisto Garezur-mendi'n il-aurretik, Isrrael'ek diaspora edo sakabanatze gogorrenak ikusi zitun. Yentil-erriak barna barreiaturik arkitzen ziran garai artan milaka iudar.

        Idazti-deunek nork ez du irakurri isrraeldarren Aigito ta Babilon'go egoera latza? Zeinek irakurri ez, arako eresi edo psalmo ukigarri ura: «Babilon'go ibai ertzean exeri ginduzun, zutzaz, Israel antzi-eziñik». Zenbat negar, zenbat zinkurin, zenbat odol Aigito'ko paraondarren zaharopean. Ni neuk, idazteunean zati auek irakurtzean, beti ere Israel'kiko kupidarik eta errukirik xamurrena biotz barnean nabaitzen dut.

        Obenik izan zula? Bai noski. Bainan, Kisto'k, inguratzen zitun aiei bezela, erri guziei esan genezaieke: «Obenik ez duen erriak iaurti beza arria». Orra erri oro zut eta zurt, biatzik ere mugitu gabe. Ai eta zelako obenak iaulki dituten erri guziak eta Israel erriaren aurka, ain zuzen.

        Erromatarrek Palaistina'z iabetu ziranean, sarraskia, erioa eta miña lur zoragarri artan edatu zituten. Milloika yudar, aberria utzirik, erbestean, yentil-errien kokatu ziran. Benetan negargarriak, Iosepu'k bere liburuan gudu gogor ortaz erasiak. Iauretxea porrokatua izan zan, eta iauretxearekin batera yudu-erri osoa ere bai.

        Erromako Inri aundi ta sonatuarenak ere, andik lasterrera egin zun. Gerora, arabiar eta maometarrek Palaistinaz iabetu ziran, eta lenago esne ta ezti zerizkion lurralde oparoa, oti-odei beltzak yan bai'luan, basamortu etze ta elkor biurtu zan. Artean, iudarrek, negar ta samiña alde orotarik zeritela, arrotz bizi ziran ludia barna, sorterritik uxatuta milaz urtetan.

        Erbestean ez zuen ordea atsedenik idoro. Pizti antzo artuak, pizti antzo zerabilkiten; batean ostiko, bestean yo, bestetik yaurti. Espainiako Katoliku otsezko erregeak, erruki gabe isrraeldarrak bere ugartetik iraitzi zitun 1.500 urte buruan. Beste lurraldetatik ere, era berean yaurti zituten.

        Bainan errien ankerkeri oien erpiña, Alemani ta bere menderrietan egiñak yo zuen. Nazitarren erasoaldian mukurutu zen. Iudarrek ia bi mila urte zear, lurralde aietan egokiro eta gizabidetsu bizi ziran. Nazi-zaleak ordea, etziran isrraeldarrak beren menpeko errietatik botatzeaz naikotu. Apokalipse'ko piztiek bainon ankerrago ta ikaragarriago, oro sakaildu, oro erail oro lurgañetik ezabatu nai izan zituten. Eta zigor-zelai ta laspel-gelatan zazpi milloi israeldar errugabe garbitu zituten.

        Erriak, yeiki zaitezte! Erriak entzun itzatzute israeldarren oiu samiñak. Baiñan, aldiak zauri ta negar oro itzaltzen omen, eta erriek ere erailketa gorriok aantzi ditute; geroztik, beñipein, ez die geiagoko gorarik ematen. Israel'ek ordea, ez ditu aztu eta aantziko ere ez ditu.

        Ainbeste odol, ainbeste naigabe eta ezbear, ezin zitezkean mintzul lotu. Eta Israeldar oro, ainbat urte iguriki ondoren, isrraeldarrentzat aberria iasotzen asi ziran, berez zegokien lurraldean bertan, ots, Palaistina'n. Muga-gabeko samin-itxaso onek, orra bere ondorena eman: Israel, iudarren aberri zar-berritua.

        Ari ziran, aspaldi, ardiak saldoratu naiez Palaistina'ko pazka goxoetan. Eta berrogeitamar urte buruan, aberria eraiki dute. Ez ori baka rrik, aberriarentzat azkatasun osoa iritxi ere bai. Eta Israel berria, Isrrael zarraren oñarrietan jasorik, yudar oro bereganatzen ari da. Etsaiez inguraturik. Etzaio ajolarik. Atzo seireun mila biztanle zituan erriak, gaur milloi terdi ditu: bi urtetan, askatasuna iritxi ondoren, bere giza-kopurua bikoiztu du Israel'ek.

        Iudarrek, gizaldi ontako miraria, erri baten miraria burutu dute. Legor zana, ezotu; elkorra, loreztatu, illa berpiztu. Maometarrek oin zakarrez igartua, israeldarrek lan ta arteziz berriz ere pizkortu dute. Aberri bat eraiki dute geroaren itxaro betea, eta ainbeste naibageren ondoren yoria. Utsa zegona bete dute. Lantegi, soro oparo eta uri ederrez yantzi dute. Txinaurrien lana utsa duzute aienaren ondoan. Ilik zetzan eberkera, Israel'go semeen ezpainetan berpiztu dute ta or dabil egalari yuduen aberria zearo beretuz.

        Yarraibide galanta euskotarrak. Gu ere, yuduen antzera, zelai-samin au barna gabiltza; batean ostikoz garabilzkite, bestean bultz, bestean ondiko. Arrotzek aberriaz iabetu zaizkigu. Ito nai gaitute, izkuntza, gure pitxi bikañena, biotzmingañetatik erauzi nai digute. Gure mendiak zitalez bete nai dituzte.

        Naiaren indarrez, burrukaz, oldarrez, izkilluz, Israledarrek beren miraria egin dute, ainbat mendetako ametsa aragitu dute. Ez noski, demokrazi francozaleen, demokrazi ustelen laguntasunez.

        Omen zuri Israel, erri zar eta erri berria. Aintza zuri. Zure azkazia itxasoko ondarrak bezin ugari bedi! Bil semeak zere baitara, eda mugak lengo einera. Zorion osoa opa dizutegu euskotarrok. Yarrai-bide izan zakigu gure aberri errukarrian burutu nai degun lan gogorrean. Gora Israel.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.