L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Epaila-Yorraila. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Pen Euskal Bilkuraren urteko batzarra

1951'gko Lotazillaren 9'an.

 

Idazkariak

 

PEN EUSKAL BILKURA'ren Barne-araudi' ko bederatzigarrenak onela dio:

        «Pen Euskal Bilkura'ren Batzar nagusia, Euskeraren egunez, lotazilak 3, Xabier Deunaren jai-egunean, urtero egingo da, edota urrengo igandean. Pen-kide oro etorri ditezke, eta eziñean, beste norbaitez ordezkatu, eskutitza Idazkari Nagusiari zuzendua diteken arren».

        Orra urtebete lendabiziko batzarra egin genuenetik. Orduko asmorik garaiena batzarkide, idazkari, buruzagi izentapena izan genun Barne araudiaren onartzearekin batera. Eztabaida gabe, gure artean gerta oi danez, zori-txarrez edo onez, urrengo izen zerrenda onartua izan zan:

 

        ALTUBE'tar Seber - Buruzagi

        Gavel Henri - Buruzagi-orde

 

Batzarkideak

                Elissalde Jean

                Lafitte Pierre

                Garate Justo

                Ormaetxea Nikola

                Lopez Mendizabal

                Zaitegi Jokin

 

Burukide-ordeak

                Etcheberri Michel

                Fagoaga Isidor

                Iratzeder Xabier

                Irujo Imanol

                Landaburu Xabier

                Sota Manu

 

        Jaun ok beren izentapenak oneritxiz artu zituten eta Pen Euskal Bilkuraren komitea osotua gertatu zen. Beriala London'go erdi-lekua izen ok igorri nitun, baitare Paris'ko «Maison International des PEN»era ere. Beaz, bear bezela PEN Internationalekin artu-emanean jarri ginduzun. Gure bilkuratxoa ats-artu ta bizitzen asi zan. Ondoren arrezkero bete ditugunen berri eman nai nizueke, ots, urte au barna PEN Euskal-bilkurak egin lanen zeapenak.

        «Maison International des PEN».— Aurrenekoz, gure ondo-ondoan baitago, etxe orrekin yardunean asi ginduzun. Henri Membre, idazkariak, txera on ta atsegiña egin zigun. Errextasun eta aukera guziak eman zizkigun etxe artaz baliatzeko, idazle arrotz eta mundua zear dabiltzan idazle garaienen ezagupidea egiteko. Beren liburutegia ere gure esku yarri zigun, etxe eder artako salak bilkuretako irikiz. Ez ori bakarrik; iñoiz euskal-bilkurako idazlerik Paris bidenabar gertatuko ba zen, lo-gela, bostegunerako, dubarik eskiñi zigun. Eskeintza orien berri gure aldizkarian zabaldu nuen, Euzko-Gogoan, baita Irratiz ere.

        Ez gera errextasun orietaz baliax, euskotarrok pizti-zakar geralako, illetsu ta kopetillun. Zakarkeri onek, gure alperkeriarekin batera, euskal bidean batik bat, betiko itoko gaitu, eta laister.

        Lausanne'ko International Pen. 23'gn. Batzar Nagusia.— Batzar ortarako deia artu genizun, eta London'dik, iru bidar gutxienik idatzi ziguten, batzarraldi artara joateko arrenka eskatuz. Dei alperrak. Nerau ezin nindekan ioan ortarako dirurik ez neukalako, ezta jakintzarik ere. Gure bilkura txiroa da ta ez dauka iñungo diru-etorririk. Euskaltzale aberats bati idatzi nion, nere ordez, edo Pen Euskal Bilkuraren ordari Lausanaratu zedin. Erantzuna... ukoa. Beaz ez ginduzun urbildu ere.

        Damurik, bada garai egokiena zitekean euskal-elertiaren berri mundu zabalari emateko. Aukera ori ere galdu gendun.

        International PEN eta Euskal-bilkura. Ala ere, PEN International'ekin artuemanean jarraitu genun. Argitaratzen ditun aldizkariak yaso ditugu, emengo etxeak aldizka aizetaratzen duana ere bai, txintxo eta ezertxo ere ordaindu gabe gañera. Lotsa ere ematen zidan euskaldunok ain txiro agertu bearrak eta neonek idatzi nien urtesaria eskeñiz. Erantzunik atsegiñena eman zidan Herman Ould, oro-idazkariak, antolaketan genbiltzan ezkero ez geneukala deus ordaintzerik esanaz. Milla esker itzuli nizkion.

        «International PEN-Bulletin of Selected Books». Ilabeterokoa duzute aldizkari eder au. Mundua zear bizi diran literaturen berri ematen du, baita lurralde geienetan argitaratzen diran liburu aipagarriena ere. Englandera ta pantzeraz idatzia dator. Argitaltzallea Alma Witting anderea da, ta Pen International'en ardurapean.

        Lenago ere maiz idatzi zigun andere orrek, euskeraz argitaratu liburuen berri eskatuz, bere aldizkarian zabaltzeko. Azkenean ori ere egin dugu. Neonek idatzi zenbait kritikatxo, Mirande olerkari garaiak pantzera txukunez ezarri ondoren igorri nizkion. Azken urte bi abetan argitara liburuek bakarrik aipa zitezkean. Zorionez, ba' genizun liburu aipagarririk ortarako ere:

        Orixe'n EUSKALDUNAK, Zaitegi'n GOLDAKETAN, Irazusta'ren BIZIA GARRATZA DA, Etxaide'ren ALOS-TORREA, Mitxelena'ren AMA SEMEAK ARANTZAZU'KO KONDAIRAN. Yakiña itzulpenak ez dituzute aldizkari ortan onartzen. Onatx Alma VVitting andereak, kritika orietaz idatzi diguna: «Your reviews are very interesting», ots, zure liburu iritziak txit ernegarriak dituzu. Beaz, datorren zenbakian euzkitaratuko ditute. Gaur arte euskal liburuek ez dizute orlako aldizkarietan sarreraik izan. Ori ere iritxi dugu PEN Euskal Bilkura'txo oni eskerrak.

        Euskal-elertiaren edesti laburtxo bat ere idatzi bearko genuke, labur-laburra bainan mamitsua «Bulletin of Selected Books» ortako irakurleak gure berri dezaten. Ene ustez, gure Mirande'k bezin ondo iñork ere ez luke egingo ori beteko. Zer derizkiozue? Dena den, antolatuko gera.

        Orratx gain-gainetik, aurtengo gora-berak. Ez da lan aundia, baña utsa baño geiago bai noski.

        Ugariagoa zitekean, euskaltzale ta euskotar idazle oro lagun etorri ba'zitzaizkigun, neke da ordea, orlako zoririk izatea. Gure aldizkari danak, PEN Euskal-Bilkuraren berri eman dute, Herria ta GURE HERRIAK ez. Ez dakigu zergatik. Ni neuk deia biali nien beintzat, bainan ez dute gure lanik ontzat artzen edo. Aldizkari orietakoek. euskera mendi tontor ta baserri-ukulluetarako nai dizute nunbait. Guk ez; mundu zabalerako nai dugu, noiz-nai, nun-nai ta gañera edozertaz erabiltzeko. Eta-yo-muga ori erre arte ez dugu amor emango.

        Berri yakingarrienak PEN inguruan.— International Pen'go idazkari zan Hermon OULD London'en il da. Eralguntzako buruzagiari idatzi ge nion gure dolu-minak erakutsiz. Ogeitabost urte jarrai International'eko oro-idazkari izan zan eta lanik aski' egin zuen idazle aipagarri orrek. Zeruak beza bere magalean.

        PEN Ogeitalaugarren Batzar Nagusia. Nice'n datorren garagarrillaren 15 asiko da. Eldu nai lukenak esan besterik ez dauka; neonek dirua emango diot, artean frakak urratzen ez'bazaizkit.

        Bilkura ta batzarrari buruz zerbait esan nai lukenak bere du aoa.

 

Paris'en 195l'gko Lotazilak 9

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.