Elerti
Aita Urrutia'ri
Orixe'k
Aita Agurgarri ta adiskide on: Aunitz esker lenik, Euzko Gogoa'ren bitartez ematen ditidazun gorespenengatik. Zuk ene ordaiñak merezi dituzu lan ortan bertan, eta etzaduzkat azturik euskal-idazleen artean egin duten sailketan. Ez gera alperrik ari, beraz.
«Baiñan au diozu. Garbitokia baltzegi edo gogortxuegi elestuten ote daun bildurtxua daukot». Ez ote nun, A. Urrutia, nere bururakizuna bear bezain garbi argitara eman? Oraingoan egiñalak egitera noa.
Zuk diagozuna ederki dago. Oñarri ortan gotor egonik, ain zuzen ere, etzidan zirkiñik eragin gizon berriketontzi arek. Siñestea galdu ez ba'dut, gauza oiek aski poliki ikasiari baiño Iainkoaren errukiari zor aundiago diot, ala ere.
Nere Garbitokia beste au izan zan: erri xumeari kalte izugarria egin ziola sasi-iakintsu arek, buru-biotzak nasiaraziz eta asaldaraziz. Monzon iauna lekuko, ta arekin beste euskaldun asko, bi Euskalerrietakoak. Ikus zer esan zidan iaun onrek: «Orixe, egun auetan asko, meatu zera». Amabost egunean bai dozenerdi bat kilo. Lorik egiten ez nula gelditu nintzan ainbeste astakeri entzunik: Adan bat baiño geiago bazitezkela; Elizak bein baiño geiagotan amore eman dula giza-iakintzaren aurrean, zelako egietan esan gabe; zenbait gauzetan Biblia'k bi mingain ditula, ots elkarren buruzki dauden aitorkizunak ba-ditula, t.a. Erri xumearen aurrean olako gauzak. Eta apaiz batek, Kalonje batek, Baionako Apaizgaitegian Irakasle dan batek. Egi egitan au esan ziteken: gorriek azpitik dirua eman ziotela. «L'Eglise catholique a reculé plusieurs fois devant la science; il y a eu, peut étre, plusieurs Adam: il y a des contradictions dans la Bible»... Zergatik ez esan garbi siñeskizun eta siñes-bearreko egitan Elizak ez dula beiñere ta ez dezakela gibela eman?
Lenengo mintzaldia bukatu zularik, Antzokitik irtetean, an atera zan gizon ezpaiñarro bat, siñesten ez obeki esan siñestu nai ez duten oietakoa: «Nik oraiñarte ezer gutxi siñesten nun, baiñan emendik ara, batere ez.» Eta iende xumeak onela: «Zer da au? Zer siñesten dugu, beraz?»
Kristau zintzo batentzat ez al da ori Garbitokirik aski? Gauzeri beren baitan begiratu ezkero, ots, egiari, ta egia gorderik daukan Elizari, ez da ain beste kezkatzeko, berriketontzi ez-ikasi oiek gora bera, egia ta Eliza nagusi aterako baitira menderen mende. Baiñan, ondo dakizunez, gure kezkaren iturburu ori, askotan gure baitan bakarrean dago. Nere estualdi ori ez zan nere baitako utseko estualdia: gure erri siñestuna zerbait da nitaz landa kezkaturik dagona. Nik agoa geitxo berotu nula nere aitorpen ori egitean? Ori Iainkoak daki, ta beste munduan ikusiko duzu. Au litzake nere erantzun guzia, baiñan asi naizan ezkero, itz aspertu bat egin dezadan zurekin.
Donibane'ko apaizak oso adiskide nitun, eta gizon ori salatuko ote genun idarokitzean, «Apezpikua ganat io ba zineza, hura bera aratago doa» esan zidan batek; «Erroman aizea bestetara ari da» beste batek; «Aita Saindua bera ere «mota-aldatze» orren aldeko omen. Esazu, A. Urrutia, asaldatzeko aiña ez ote zan? Orduantsu atera zitzaigun apezpiku prantses bat «la difference entre la matiere et l'esprit, s'il y en a» esanez. Aita Sainduak ixilerazi zun. Garbitokian itxaropena baita beti ere, oiñazeak gora bera, iduritzen zitzaidan Urtzilari ele-iario oientzat zigorra etorri zitekela, ta etorri zan. Baiña bitartean nekeak neke.
Noan zure artikulu ederrera, zuregatik ez-baiña irakurleengatik; ez baitira guziak apaiz. Misal'a irakurtzen duten emazteki elizarako oietatik batek baiño geiagok irakurriko nautela nago, begiratuki, ta oiek erri xume baitira, garbi mintza bearra dago, kezkarik sartu ez dagiegun.
«Ziñismena zer dan jakin biar dogu» diozu. Bai, bai; baiñan olako tokilloengandik ez. Obe lukete lenik giza-iakintzan eta geno Iainko-iakintzan ikasiago izan. Nere Irakasle berri orren argibide guzia au zan beti: «ditekena da, beraz ala da; dirudina da beraz ala da; gauzak dakarrenago da; beraz ala da.» Ori zan aren 'la science!' eztarria ta agoa ta sudurra pozturik 'la siaanns!'
«Zelan jakin, baña Urtzi jaunak Erkaba ta Igarliai esandako egijaik egi dirala, gerauk Urtzi jaunari entzunge? «Orretarako jaungoikuak Berak Ordezkaria ixentatu dau; ordezkari ori Doibatz edo Elexea da...» Izan ere; baiña «vous étes en rétard», Aita Urrutia; «L'Eglise a reculé plusieurs fois devant la science».
«Doibatzak orrela esan arte» diozu. Iakiña. Baiñan ori gora bera, nere baitan keskatu naiteke irakasten ari dan apaiz bedegarra oker ote doan, eta kezka ori Garbitoki diteke gure erri xumeari buruz, Humani Generis etorri arte. Nik ez dut antzirik Irakasle nolabaiteko ari siñestausle dala esateko; baiña bai au galdegiteko: «zer dio Elizak gauza iakiñik gai ortan»? «Eta ua mutu gure erriaren aurrean, bere ipui berriak saltzen». «Gaur arte dakigunez zuk oraino Jaungoikuak Doibatz bidez gai orretzaz desaskun egi bakarra auxe da: gizadi gustija lenengo gixonagan OBENDARI dala» eta beerago «guraso BAKARRA». Zu ta ni gibelatuak gaude, Aita Urrutia. Ez lenengo ta ez guraso bakar. Irakasle arek bestera esan zigun; izanik zitezkela Adan bat baiño geiago. Beraz, Kristo bat baiño geiago? (Rom. V.) Iru aldiz gutxienik galdegin zion Txomin Onaindia Iaunak, zelako egi-mota zedukan Elizak (sub qua censura) Adan bat bakarra izan zala. Azkenean alako marmari bat atera zun, eta arengandik garbi iakin gabe gelditu giñan. Ez dea Onaindia iauna? Gizon orrek etzidan neri batere kezkarik ematen, ez-ikusi bat bezala mintzo baitzan.
«Adama baño lenago beste gixon batzuk ixan zirala ixan lediken gauza da; bañan ixan ete zan ala ez, ez dakiguna» diozu geroago. Barkatu iruzkin bat, zuretzat ez-baña ni irakurriko nauten emaztekientzat. Beste gizon batzuk izan zitezkela Adan baiño len, baiñan ua sortzerako illak, ez doa ez, emaztetxoak, Elizaren irakaskizunen aurka; baiñan arekin batean bizi izan zirala, eta gero biziz iarraitu dutela, aiek edo aien aziak, ori bai; orduan ez bailiteke izan «primus homo» lenengo gizona, ta ez guzion, guraso bakarra; «unicus protoparens».
Izarretan bai ote diranekiko auzi orrek ez nau batere ikaratzen. Aztu egin zitzaidan nere adiskide Elias'i galdegitea. Ditekena da nere adiskide ori beste izarren batean bizitzea, ta onara noizbeinka turista antzo etortzea. Ditekena da Aingeruak emazte eder bat arentzat txerloetatik arturik eraman izatea. Eta emazte onek azken-egunetaraiño bizi izateko doairik ez ba du, ditekena da Aingeruak beste emazte berri bat, auek il-ala, eramatea, azken egunetara arte. Ditekena da, befi Adan ugarituxe zanean, aren azitik binako batzuk izarretara Iainkoak Aingeruen bidez eraman izatea, ta aiek ere guraso bakarra izatea. Ipuiketan asi ezkero nik ere asma nezazke.
Zueri, urtzilariori on zaizue egiaren eta gezurraren muga-mugaraiño ioatea, an arerioa zapaltzeko; baina gu bezalakoa, andik urrunago ta obe.
Ta zenbait urtzilari buru-arin ere bai. Eta emaztetxoak, iakiña, gauza erditara adierazten ba'zaie. Nik nere aldetik, Elizak besterik esan dezan arte, urtzilari oiek gora bera, neretzat au idukiko dut: Iainkoa Biblietan berariz ari zaigula gauzen sorrera ta bereiz Adam'ena ialkitzen. Iesukristo gure Iaunak indar eman ziola kondaira orri bere Ebangelioan, eta Gogo Gurenak Iondoni Paul' en bidez ederki sendotzen dula egi ori. Beraz, ango itzak beren otsean, itzez itz, ots, sensu obvio et litterali artu ditezkela, ta artu bear dirala. Bear ba'da Elizak ez du aitortuko berariz ori fedezko egi dala; baiñan ezago ez dala. Beraz, «bi ta bi lau» dirala bezain ziur eta ziurrago dakigu Adan lenengo gizona ta guzion guraso bakarra dugula. Ziurrago, oiñarri sendoagoz, alegia.
Bestenaz, gure euskalkirako gogortxo da zuk diozuna. Guk ola esan genezake bizkaieraz: «Adama baiño lenago beste gixon batzuk ixan eikezala, ixan eikean gauza da».
Beste zerbait ere ba-dut esan bearra: Baiona'ko apezgaitegiko beste Irakasle bat, gai itsusi ontaz mintzatu zitzaien donibandarreri: «Beraz-bestera gizona ernarazteaz». Ez dut gordiñago esan nai euskeraz. Txomin Onaindia iaunarekin buru egin nun Saint Jacques karrikan, eta «nec nominetur in vobis» esan genun ago batez. Egun artan ez nintzan agertu Antzokira, ez Onaindia iauna ere.
Antzokia neskatxez bete omen zan. Bi nexka gutar ere ikusi omen zituten. Arri ta gorri gelditzeko aiña ba-da.
Biaramonean ene adiskide bati au aitortu zion beraren beste adiskide batek: «nere nexkatoak le peché solitaire zer dan galdegin dit». Eta nere adis
kideak ari: «Neri nereak ez dit ezer galdegin, ez bainun eraman antzokira», Batzuren batzuk, ni lengo bi mintzaldietan ikusirik, irugarren ontan ere ikusi nai ninduten mokoka. Au galdegin zidan emazte batek: «Zergatik etziñan agertu atzo antzokira?» Eta nik: «Ni giza-gazte naiz olako gauzak entzuteko». Irri arek.
Aztu zitzaidan mota-aldatze orrekikoa. Gure gizon ua alda-darraio oietakoa zan. Lenbiziko itzaldian, «L'origine del homme. Qu'en dit la science», adierazi nai izan zigun. Bere aldeko iakintsuen aburua bakarrena eman zigun. Nik ez dut esaten sorkari kaxkarragoetan mota-aldatze ori gerta ez ditekenik eta eintsu batean gertatu ez danik; baiñan Adan'en gorputza tximu edo matxango batengandik etorri zitekela? Adan eta gu bakarrik ba'giña gizadi, nonbait or litzake oraino: ez lidake ainbeste eragingo; baiña Iesukristo gure Iauna gizon danez olako guraso likits batengandik etorri izatea: itsuskeri zaida. Eta batere zuzenago ez dana, giza-mota beti obe-aldatzen ari baldin ba'da, bi milla urte auetan bateretxo aldatua ditekue, obetua diteke. Beraz, zu ta ni Iesukristo gure Iauna baiño gizonez gizonago ote gera? Ta emendik lau milla urtetara diraken gizonak areago? Nere buruan obeki esan, biotzean ez diteke sartu olakorik
Bigarren itzaldian «Qu'en dit la Bible?» nere Irakasle arek, galtzarbean eziñ artu-ala liburu eraman zitun: bat bakarrik ez Bibliarik edo ontaz dan iruzkiñik. Guziak ipui berri oietakoak. Eskeiñi zitidan, eta, ez nula aien bearrik esan nion. Iragarritako gaia etzun zuzen ukitu ere. Biblia zer zan, nortzuk eta nola egiña zan, eta abar, sarrera-gaietan bost ordu laurden eman zitun. Eta, iakiña, Bibliak zenbait aldiz ago batean bi mingain ditula. Nonbait erasoaren bildur zan, eta Donibaneko apaiz baten bitartez galdegin zidan nondik erasoko nion. Ebangeliotik eta Iondoni Paul'enetik batez ere. Ori zala edo ez zala, itzik etzigun esan gizonaren iatorriarengaz.
Nik neretzat itzaldi bat eskatua neukan, «itza bestera» zillegi zala zabaldu baitzuten paperetan. Eman zidaten, «Gure Etchea» Antzokian ez-baiña, gibeleko gelatxo batean. Ertsi ertsi ogeitamar lagun kokatu zitezken. Noiz eta non zan ixilka iakin zuten batzuk besterik etziran izan.
Urren urtean kontuzago ibilli ziran izlari oiek gai-aukeran. Batean izan nintzan: «Elizaren lenbizi aldiko odol-aitorleak» zan gaia. Gauza ederra edozeiñentzat, eta batez ere, erri xumearentzat.
Dana dala, A. Urrutia, nik gertakizun ori «gogortxo elestu» izatea ba'liteke bai, ba'liteke ez. Zuk, apaiz zeranez, bakoitzaren baitako edozein auziri begirune diozu, ta iduritzen zait iritzia apur bat alda dezakezula.
Beste bi auzitxo zure artikuluaren orpoan. Bigarrenean arrazoi osoa duzu: ledike, dedike: lenengoan ez ala, nere uslez. Nik Bizkaian gegike ez-baiña geinke dut entzuna, ots, geginke (gengike elatz-aldatuz) guk a ikusi geinke; ak gu ikusi giñeikez.
Ez dago-z orren bearrik; baiñan oiturak indar aundia dulako, oraingoz bego. Naparroan nonbait: «guk ua ikusi genezake; ark gu ikusi ginezake, gindezake. Nen, gen, nin, gin, n bearrezko da. Besterekiko ioka-itzetan nen, gen; gurekikoetan nin, gin. Ederki Bizkaian nendun, gendun, nindun, gendun. Ginduzan birgeiagotzea da. Orrek ondatu du gure aditza. Nago, zago, dago; gago, zagoe, dagoz.
Zertako esan zagoz, gagoz, bikotuz, eta gagozi, dagozi, irukotuz, eta daudez, daudezi, dagozte, lau kotuz. Guzietara entzunik nago, zorigaitzez.
Salvo meliori.
|