L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Azila-Gabonila. 11-12 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Olerti—

 

Ortzi'ren ttunttuna

 

Mirande'tar Jon'ek

 

 

Ortzi'ren ttunttuna dabil soinutan,

Ezereza gainti rhythmua heda.

Huna ¡ttunttunaren dantza-hotsetan

Ezereza uhin bilhakatu da.

 

Soinu-uhinetan agertu-eta

Biraldatuz doa izaiki oro

Ttunttunak jo arte dantzaren beta:

Jaio'ta hor-izan eta igaro.

 

Hotsaren uhinak darabiltzate

Izaiki guztiak goiti behera

Lehen goizetik gaua hel arte

Bethi berdin dira, nehoiz ez dira.

 

Ortzi dantzariak ttunttun-hotsetik

Ixuri daroaz suzko uhinak;

Izaiki bakhoitza iragaitetik

Ikhuz bitza suon bere orbanak.

 

Jainkoaren esku ezkerretikan

Sua itzali da eskumaldera,

Izaikiak oro suzko errekan

Iragaiten dira, beheiti gora.

 

Bethikotz sortzen du ttunttunak uhin,

Iragaitza hunek bethikotz dirau;

Halatan hor-izan den oro, behin

Hor-date berriro, lehen zen arau.

 

Bainan ttunttunhotsak urrhena duke

Gaua horra dathor, sua erhanda.

Izanen da berriz bethiko bakhe,

Uhinen lilura hamaituren da.

 

24-X-52.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.