L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Ilbeltza-Otsailla. 1-2 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Euskal-literatura amaseigarren mendean

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

(Idaz-saio auek Londres'ko B.B.C. irratontzitik zabaldu ziran bi ekiñalditan).

 

Amaseigarren mendean Europa guztiko literaturek alako eragin aundi bat izan zutela esan diteke «renasentza» deritzaion mugimenduak ernerazia. Zer dugu, ordea, renasentza?

        Ez da errexa itz orren mamia bear bezala azaltzea. Izen ori igikun edo mugimendu bati dagokio; Italia'n bere sorlekua izan zuen mugimendu orrek. Erri artan amalaugarren menderako renasentzaren aize ozkirria eraiki zan idaz-lanean eta eder-lanean ari ziranen adimenak argituz. Geroago, aize osasungarri ori, Europa'ko lurralde guztietara zabaldu zan, ala nola Frantzia, Espainia eta Inglaterra'ra, besterik ez aipatzeko. Eder-lanak sort-araz zezaken guztia ukitu zun: literatura, philosophia, arkitetura, pintura eta abar. Eguzki-errainu bakarra kristalezko pirismatik igarotzean mila koloretan banatzen dan bezala, renasentza, era berean, eder-lan guztietara banatu zan.

        Bainan beste eraginik ere izan zuen rensentzak, guretzat iakingarri eta onuragarriena: erri-izkuntzak beren lo-alditik iratzarri eta bizi berri baten bidea barna sar-eraztekoa.

        Ordurarte erdeñuz begiratu oi zituten yakintsu geienek erri izkerak. Ama-izkuntzak bertan bera utzirik, antxiñako latin zarrean ari ziran; izkera apainez, nai ba'duzute, bainan erabat utsalez. Izkera ilak, naiz eta aberatsenak izan, ez dute iñoiz ere izkera bizien pizkortasunik eta aietan egin idaz-lanak, naiz eta garaienak izan, beti iñul eta bizi-gabe agertzen zaizkigu.

        Frantzi'an batez ere, renasentzak, ango gizon argiak erri-izkera pizkortu eta apaintzera eraman zituen. Orduz-gerokoak dira frantsesaren aurrerapenak literatura bidean.

        Euskalerrian ere, renasentzaren aizeak izan zuen eragiñik. Garai artan beintzat, aurreneko euskal idazleak sortu ziran, lenengo euskal liburuak ere agertu ziran. Bi idazle aundi, arbola tantai biren gisan, orduko sasi artetik jeiki ziran: Bernart Detxepare (1545) eta Joannes Leizarraga (1571). Bi idazle garai auek gure izkerari literatur-bidetik ibiltzeko gurpillak ezarri zizkien, beste edonungo izkeren neurrian gurea ere, gai zala liburuetan eta elerti garaian erabiltzeko munduari ari erakutsirik.

        Gaurko iardunaldian Etxepareri buruz mintzatuko natzaizue.

        Nor zan Mosen Bernart Etxepare? Oso zeapen gutxi iritxi zaizkigu poeta orren irudi bizi bat egokitzeko. Iaio zanean, ez dekigu zein urtetan, oraindik Naparroako erreinua bizirik zegoen, naiz-ta Kastilla eta Aragoiko erregeen irrikaz ertsi-ertsirik. Etxepare il baino len, Pernando goitizenez katolikuaren atzapar-artean erori zan alare. Ez ordea osotoro, bada Pyrenez beste alderdiko Baxe-Naparroan, Naparroako erregeen menpean bizirik iraun zuen antxiñako erreinuaren puxketa batek. Puxketa artantxe bizi zan Etxepare, Donibane Garazin, antxe iaio ere bai zen. Bere liburua ere antxen idatzi zuen. Eta liburu artantxe billa bear ditugu Mosen Bernart Etxepare-n bizitza nolarebait argitzeko iturriak.

        Lenbiziko euskal-poesi bilduma ortan idazlearen bizigaraiak ondo mugaturik ageri zaizkigu: bata gazte-arako zaldun bizitza: bestea apaiz egin zanez gerokoa.

        Bertsuetatik eratsi dezakegunez, gazte ero eta emakumeen maitasunez erretzen zebillena zenuten Bernart zalduna. Olerkariak lotsa tipienik gabe aitortzen digu orixe:

 

                Nihaurk ere ukhan ditut zenbait ere amore

 

eta geroago

 

                nerau ere ibili naiz anitzetan erorik

                gaoaz eta egunaz ere otzik eta berorik,

                loa galdu, pena aski.................

 

        Esan ez bazigun ere, irakurleak laster atxeman zezakean ori. Bere poesi liburuko olerki geienak emakumeen omenez idatzi zituen Bernart gazteak. Gaurko irakurlearentzat gordiñegiak nonbait, bainan bertsu ederrak, gaurdaño euskeraz idatzi ez diran bezalakoak. Maitasun garra ibaika ereiten du ahapaldiak zear. Ez zan noski maitasun garbia, bai ordea egizkoa. Ori beintzat ezin diteke ukatu. Kolore argiekin, itz eta arudi bizkorrekin kantatu zuen emakumeekiko maitasuna:

 

                Iduri zait emaztia dala gauza eztia

                donario guztietan guztiz gauza emia,

                gauaz eta egunaz ere badu plazer aundia

                harzaz gaizki erraitia vilania aundia.

 

        Ez zuen iñola ere egonarriz eramango emakumeez gaizki esaterik, garai artako zaldun ibiltariei zegokienez:

 

                Andren gaitz esale orok bear luke pentsatu

                bera eta beste oro nundik ginaden sortu.

                Ama emazte luyen ala ez, nahi nuke galdetu,

                Amagatik andre oro bear luke goratu.

 

        Poema lizun zamarren erdian, barne ximikoak eraginda edo, maitasun garbienaz oretutakoak ere ba dakarzki Andre Maria'ri eskeiñiak. Ikusgarrienetakoa duzue kanta gordiñetan asi baño len Andre Maria-ri egiten dion «orazionea». Geroago, «Amorosen Gaztigua» au da, «maitaminduei oarrak» deritzaion poema luzean ere, Andre Mari goraipatuz ari da argan uste eta itxaropen guztia ezarriz:

 

                Itsasoan ur guzia, zeruetan izarra,

                Oianetan itzalori, lur guzian belarra,

                Egunari iguzkia, gau beltzari illuna

                Lehen faltaturen dira ezi hura gugana

                Balin eta egiazki gu bagaude argana.

 

        Ez da miresteko, eliz-gizon izaki. Aldi artako eliz-gizonek ordea, eta lenagokoek ere, errex naasten zituten goi-maitasuna eta lur-maitasuna. Garai bateko literatura guztietan ikus diteke ori. Beraz ez daukagu zertan arritu Mosen Bernart'ek orrela iardun zuelako. Aitzitik, esker-onena zor diogu euskeraren gaitasunak ain ederki erakutsi zizkigunari.

        Gure lenengo olerkariaren liburu eder au ordea, itzalpean gelditu zan. Ez dakigu zenbat ale argitara zituen, bainan bakar bat, besterik ez da gureganatu Paris'ko Bibliotheque National'en gordetzen dutena. Aldi artako euskaldunak lizunegi arkitu ote zituten Etxeparen bertsuak? Aren bertsuari darien maitakeriak atzendu ote zituen aurreneko ernerazleari gorarik ez emateko? Ez dakigu ezer ere. Alabaina urteak igaro dira euskaldunak liburu ortaz iabetu baino len; ia lareun urte.

        Arrezkero, lau mende geroago, euskalari eta euskal-idazleak Etxepare aintzat artzen asi dirala dirudi, erabe ordea, ao betean olerkariaren goratasuna aitortzeke. Alare aren inguruko lainoak urratuz dioaz. Rene Lafon euskalari iakintsuak ain zuzen, Detxeparen olerkiak frantsezera itzuli-ta argitaratu ditu. Benetan itzulpen zoragarria Lafon iaunak egin diguna. Bidenabar poeta aundi ere zala Etxepare aitortzen du. Bai, alaxe da izan ere. Lotsatzeko bildurrik gabe, garai artan beste erri-izkeretan idatzi zuten olerkarien parean ezarri dezakegu.

        Bainan badu besterik Etxepare'k euskaldunen esker-ona oiuka eskatzeko Gure euskera goi mailara eraman nai izan zuen eta zegoen leozpetik betiko atera. Ark gure izkera-berpizkundearen oinarriak iarri zituen, mundu guztiak ikus zezan euskera ere argi lanerako, buru lanerako izkuntza bete-betekoa zala. Ortara bortxatu zan, eta io-muga ori iritxi ez bazuen, euskaldunon zabarkeriagatik baizik ez zan izan.

 

                Oh Euskara lauda ezak Garazi'ko herria

                ..........................................................

                Lehenago hi bai intzan lengogetan azkena

                Orain aldiz, izanen aiz orotako lehena.

 

        Gaurko euskaldunak beintzat bear bezala maitatuko al dugu gure lenbiziko olerkaria, eta aren lanak ikastera gogoz iarriko al gera. Orra Bernart Etxepareri egin dezaiokegun gorasarrerik egokiena.

 

 

II.— Bernard Detxeparen olerkiak

 

        Orain, lenagoko saioan, Bernard Detchepare, lenengo euskal poetaren berri, gain-gaiñetik eman genizuen. Aren poesiak aipatu genitun, ez ordea osorik, olerki eder aiek darien eztia bear bezala dastatzako. Gaur zenbait olerki irakurriko ditugu, zatika eta osorik, gure entzuleak goza ditzaten. Bearrezkoa da nozipeiñ liburu zaarrak astintzea euskaldunak beren literaturaz nolarebait iabetu ditezen.

        «Linguae Vasconum Primitiae», ots, «Euskeraren Asi-masiak» deritzaion bere liburuan, —orain lareun urte argitaratutako liburuan—, ba da olerki bat, luze xamarra, bañan egiz ta biotzez idatzia. Antxen ikas ditzakegu poetaren berri batzu. Ez da argiegi mintzo; bere esankizunak laiño-mandirepean bezala agertzen zaizkigu.

        Ez dakigu zergatik, bañan Errege Jaunak, Naparroa'ko bigarren Henrri'k, beregana deitu zuen eta kartzela n sartu, auzia garbitu bitartean. Azkenean, epaitu gabe, libre utzi zuen erregeak. Olerkariak kartzelan bertan idatzi zuen «Mosen Bernard Etchepareren Kantua»deritzan poema bikaña, bere errugabetasuna erakusteko:

        Ona emen ahapaldi batzu:

 

 

                Mosen Bernart Ecthepareren Kantuia

 

                    Mosen Bernart iakin bahu gauza nola ginen zen,

                Bearnora gabetarik egon ahal lizaden.

 

                        Iaun erregek mezu nenzan ioan nengion bertatik.

                        Gaitzez lagola entzun nuien, baña nik ez ogenik.

                        Izterbegiei (etsaiei) eneien malizian lekurik

                        ioan nintzan ez nengien oben gabe igesik

 

                Falsu testimoniotik ezin iñor begira,

                hala kondemnatu zuten Iankoa ere hiltzera.

                Bekatore gira eta mira eztakigula,

                balineta bide gabe akusatu bagira;

                pazienza dugun eta Iainkoak gizan aiuta;

                malizian dabilena berak diro mendeka.

 

                        Iangoikoa orain dizut egiteko handia,

                        Hiri hunetan eriotzez hiltzen duzu gendia;

                        Gatibutan hil enadin gizon oben gabia

                        Osorik, othoi, ialgiteko zuk idazu bidia

                        Izterbegiek eztagidan gibeletik irria,

                        «Ogenduru zuain eta han galdu dik bizia».

 

                        Libertatia nola baita gauzetako onena

                        gatibutan egoitia hala pena gaitzena.

                        Ni bezala eztadila, othoi, nihor engana,

                        Ez etare hitz orotan fida ere gizona!

                        Iangoikua zuk begira niri ere zuzena.

 

        Rene Lafon iaun iakintsuak dionetik, «poema eder ontan, bakun eta xaloki idatzia, poetaren sendimendu barrenen indar eta oldarra ageri dira, gogorki bere barnean burukan. Eta zuzentasuna eskatuz bukatzen du, bere burua garbi ta pekatu gabe ikusten duen atxilotu errukarriak eskatu oi duen bezala; oihu latzez».

        Liburutxo ontan bi eratako poemak berezi ditzakegu; iankozko poemak eta maite-poemak. Azkeneko auek dira, nere iritxi laburrean, gure lendabiziko olerkariak ondu zituen ederrenak.

        Alare, azken juizioari buruz idatzi zuenaren zati batzu irakurriko dizkizuet. Poema sakona, egun ikaragarri orri dagozkion tinta beltz eta illunez idatzia.

 

Iudizio generala

 

                  Arma, arma, mundu oro iudizio handira!

                Zeru eta lur ororen kreadore handia,

                Munduaren iuiatzera rigoroski heldu da.

                Nola gauden apaindurik bat bederak begira!

 

                  Erioa manatzen du, ezein falta gaberik,

                hilak oro dakazela aintzinera bizirik.

                Handik harat ez dukegu botererik iagoitik

                mundu oro iarriren da bi lekutan hertsirik

                glorian ezta enfernuian ezta eskapatzerik.

 

                  Seinaliak jinen dira aitzinetik tristerik,

                elementak ebiliren oro tribulaturik,

                Iguzkia, Illargia odoletan etzinik

                Itsasoa samurturik (asarre) goitik eta beheitik

                hango arrainak iziturik ebiliren ialgirik.

 

                  Eta lurra izigarri oro ikaraturik,

                zuamuiak (arbolak) dakartela odolezko izerdi,

                tempestatez, igortziriz aire oro samurrik,

                Mendi eta harri oro elgar zatikaturik,

                Mundu oro iarriren da suak arrasaturik.

 

                  Trompeta da mintzaturen, mundu gusietarik

                «Hilak oro, iaki, huna zuen hobietarik».

                Arima eta gorputzetan oro bertan pizturik,

                orok ara behar dugu eskusatu gaberik.

                Ba'zuen indar Detchepare'k, bai eta poeta aundien ezpal.

 

        Oiek utziz, goazen alaiagoetara. Maita kantuetan ere, gure olerkariak, barneak zeriztuetan ere, gure olerkariak, barneak zerizkionak idazteko ez zuen bat ere lotsarik. Poeta au zintzoa zan eta ez zion bere barneari ukorik egiten. Lenago ere esan nizuen; apaiz batek idatziak izan arren ez daukagula zertan ezkandalizatu poema gordin auen bistan. Garai artan, poetarik geienak gordinki idazten zuten, ez ziran gaur bezin minbera, sendo ta gizonago baizik.

        Irakurtzera noakizuen au ariñ ta polita da. Ementxe ageri da Detcheparek zeiñen derki ezagutzen zuen emakuemeen sikologia. «Potaren galdatzia» du izena; gaur musu-eske, esango genduke. Elkar-izketa tipi baten tankeran idatzia, laburra bañan atsegiña:

 

 

                Potaren galdatzia

 

                  Andria, Iankoak drugauzala! Orain berdin girade!

                Ni errege balinbanintz erregina zinate!

                Pot bat, othoi, egidazu, ez zaitzula erabe,

                nik zugatik tudan penek hura merezi dute.

 

                          —Eia orrat! apartadi! Nor uste duk naizela?

                        Holako bat? ez dut uste nik ikusi dudala!

                        Horrelako hitz gaiztorik niri ezterradala,

                        Bertzer erran, albaititza; enuk uste dukana!       

 

                  —Andre gaiztoa bazinade nik ez nuke konturik,

                Ziren zirena bai zira zutzaz pena dizut nik.

                Ene ustian eztut erran desonest den gauzarik,

                Pot niri eginagatik ez zinduke laidorik.

 

                          —Hire potak, ba zekiat, bertze gauza nahi dik...

                        —Anderia azti zira, nihaurk erran gaberik.

                        —Bada utzi albainenzak ni holakoz ixilik.

                        —Horren gaitz ziraden gero eginen dut bertzerik.

 

                  —Bizi naizen egunetan bada ez zaitut utziren,

                Nik zer orain nahi baitut heben duzu eginen.

                —Uste diat, eskuiarki, ez izala burlatzen,

                Gizon hunek oraintxe nau hemen laidoz betetzen.

                Eiagora, nik zer daidit?-Zaude ixilik anbaten!

 

                          Eta lelori bai lelo, pota frango bertzia bego!

                        Andria mintza al bazinde bertze aldian emiago!

 

        Bukatzeko, euskerari eskeñi zizkion poematatik bat esango dizutet. Ortxen ageri zaigu Detchepare euskeraren benetako berpiztaile bezela. Bera da izan ere, gure izkeraren lenengo ernarazlea, euskera bizkor ta kantari Euskalerri guztian ikusi nai izan zuena.

        Ain zuzen ere, datorren illaren lenengo igandean, Euskaldunak biltzen diran munduko bazter guztietan «Bosgarren Euskeraren Eguna» aundikiro ospatuko da, gure izkera erdeñatuari dagokion gora emateko.

        Zuei, munduan barreiatuta zabiltzaten euskaldunoi, euskal-idazle zarrenaren, «Kontrapas» deritzaion poema bikaina eskeintzen dizutet. Dantza neurrian idatzia, zailua ta sakona:

 

 

                Kontrapas

 

                Heuskara! Ialgi adi kanpora!

 

                   Garaziko herria

                benedika dadila!

                Euskarari eman dio

                Behar duien tornuia!

 

                Heuskara! Ialgi adi plazara!

 

                   Bertze gendek uste zuten

                Ezin eskriba zindezen!

                Orain dute phorogatu

                enganatu zirela!

 

                Heuskara! Ialgi adi mundura!

 

                   Bertzek orok izan dira

                beren gohien gradora,

                orain hura iganen da

                bertze ororen gainera!

 

                Heuskara!

 

                   Baskoak orok preziatzen,

                Heuskara ez iakin arren;

                Orok ikasiren dute

                Oroi zer den euskara!

 

                Heuskara!

 

                   Oraidano egon ba'hiz

                imprimatu gaberik,

                Hi engoitik ebiliren

                mundu guzietarik

 

                Heuskara!

 

                   Ezein ere lengoajerik

                Ez frantzesa ez bertzerik,

                orai ez da edireiten

                Heuskararen parerik!

 

                   Heuskara!

                Ialgi adi dantzara!

 

        Orra, entzule maiteak, Detchepare aundiaren biozkadarik beteena!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.