Olerti / Euskerari nola eutsi
Gutun iakingarri bat
Zeleta
Euskal-idazle ospetsu ori, agur: Arretaz irakurri det gure Euskera gaxoaren egokeratzaz Etxaniz jaunari idatzi diozuna.
Mingarri zaigu iruntzi bearra, baña gaur, gaur-bezela Euskalerrian nabaitzen degun Euskera'ren egokera, benetan tamalgarria-da. Eta ori asko eztala, mingarriagoa oraindik arazo-labanari ikutzean euskaltzaleon ezin alkar-aitua, eta txarrago dana: beti asarreka edo burruka bizian aritu bearra. ¿Noiz arrano alkar-aitu eta baketu bear ote gera? Oraingo itxuraz, egundo ez... ¡Au lana! Gauza onetxek ematen dit, neri, miñik aundiena.
Orrelakorik jazo ez-dedin, nere ustez, gai-oietaz idazterakoan, lau gauza aben esanaia bear genduke euki gogoan:
«NAI» izatea'rena.
«USTE» izatea'rena.
«IZANA»-rena, eta:
OGEI-URTE abetan Euskalerrian gertatu-dana'rena. Ordun, agian, ez-giñake ain setatsuak izango, eta bakegiroz eta egi-bidez arituko giñake, ez NAI IZANAK eta USTE IZANAK eragiñik... Gure okerra, ortan dago, nere ustez.
Zuek, ortik, guk ez-bezela ikusi eta neurtzen dituzute gauzak. Gu, emen gaude ordea, EUSKERA'k indarra, egizko indarra ta bizitza bear luken tokian. Orrengatik, gure esanak eta iritziak zuenak baño egi-antz dunagoak nai ta nai ez bear dute izan, NAI izatearen eta USTE izatearen gaindik daudelako: IKUSIAK eta GERTATUAK.
Gu zuengana zuzentzen geranean, IKUSI degunaz edo iruntzi bear izan degunaz edo GERTATU danaz, mintzatu izan gera. ¿Gure esanak siñesgaitz zaizkizuela? Orrek ez nau ni batere arritzen, geok ere beti «AITARENKA» gaude-ta.
Azkeneko iru urte abetan, egundo baño euskal-liburu geiago argitara-da, egilleak eragozpenez lotuak egonduagatik. Baña erosleak, zenbat eta nortzuk izan dira? ¡Betikoak! ¡Lengoak! eta ez guziak, zori-txarrez: batzuk betiko aldenduak ditugulako, ludi ontatik; beste asko, euskera-arazoetzaz arduratu gabe bizi diralako.
Egia esan, irakurle berriak ere ba-ditugu; baña, zenbat?, eta ¿nolakoak? Ixilik nagon, Jainkoarren. Euskera garbi-zale ta mordollo-zale, guzira, BOSTEGUN bat irakurle ditugu, gaur, Euskalerrian: eta ortik bera saldu diran idaztiak, askoz geiago dira, goitik saldu diranak baño. Galdetu «BIZI»ren egilleai, naiz «KANTA-KANTARI»renai edo «PURRA-PURRA»renai eta beste ainbat idazle minduei.
Arrigarriena, ordea, «BIZI»-rekin gertatu dana-da. Ordubeteko itzaldi bat egiteko beste esangai badet paperetan bildua, liburu-elizkoi onekin gertatu danaren gaiean; baña itz gutxitan gertatuaren mamia azalduko dizut
Dakizun bezela, ain irakurria izan zan Arami'ren «VIVRE», Irigoyen jaunak euskeraratua degu idazti eder au. Euskera egiten dan erri bakoitzean, gutxienez bost iyeki salduko ziralakoan, BOST MILLA liburu egin zitun gure idazle argiak. Uste bezela, bost'eko liburu sortak banatu zituan erri bakoitzera, uriko apaiz euskaltzalienai utziaz eliztarren artean banatzeko ardurea.
Iru-lau illabete geroko, idazki bana zuzendu zien, uste izaneko apaiz euskaltzale laguntzalleai, oararaziaz unuzkero aisa salduak izango zituztela lenbizi bialduak eta aien txindia igorriaz eska-zezatela beste sorta bat... Dozenerdira etziran iritxi, saldutakoen edo bialitakoen txindia biali ziotenak, eta bi bakarrik, berriz iyekiren bat edo beste eskatu zituztenak.
Geruago beste idazki bat zuzendu zien, egoki ta buruz idatzia, lagunkide-alper aiek suspertzeko ustean; baña alperrik... edo okerrago dana: bakarren batek baizik etzion erantzun, eta berak iyeki bat edo biren txindia bialtzen ziola, geiago ezin saldu zezakela-ta, adieraziaz.
Illabete batzuk geruago, nigana etorri zan, gure Irigoyen jauna, guztiz biotz-mindua, gertatu zitzaionaren berri ematera. Sinistu ezin ditezken gauzak edestu zizkiran, adiskide errukarriak.
Eta nere gain artu nuan arazoa...
250 idazki gipuzkoeraz
250 idazki bizkaieraz, eta
100 idazki naparreraz,
Araba, Naparroa, Bizkaia eta Gipuzkoa'ko euskaldun-urietako apaizeri zuzendu nizkien, idazkiaz batera igorriaz ostera itxultzeko idazkazala, «sellu» ta guzi...
Amarretik gora etziran izan, erantzunak; eta berak aitzakiak jarriaz, uri artan euskeraz irakurtzeko zaletasunik eztzegola, liburua polita zala, baña euskera ulergaitza de la... librua eskoladunentzat idatzia dela... eta abar. Beste batzuk, ezer erantzun gabe, lenbizitik jasoriko liburu-sorta ostera itzuliaz gelditu zitzaizkidan, eta geien-geienak deus esan gabe.
Kontu egin zazu, zenbat lan eta zenbat diru alperrik galdu detan. Argiago itz egingo det, garaia danean. Bienbitartean... adorerik galdu gabe irauten saia gaitean.
Zu, nik Zaitegi jaunari bere «Bidalien Egiñak» deritzon liburu mardul eta goragarriari buruz esan dioten zerbaitez, mindu zera. Arrazoi dezu ortan, Andima adiskidea, baña esan ori, ezta nerea izan, besterena baizik. Nik ikusi ta entzuten detanaz itz egiten det; oso gutxitan, neronez.
Abadiok, uzkutz-gaidun idaztiak irakurtez, gogaiturik gagoz, eta ez doguz irakurten; eta euskera-gatxean idatzirikoak, gitxiago ondiñok»...
Emengo «Seminario»ko bizkaitar apaiz baten itzak ditugu oiek; ez nereak. Onen antzeko astakeri ita tentelkeri pranko entzun biar izaten degu sal-gelako maian atzetik gaudenok.
Iru eratako liburu-erosleak ditugu emen:
Irakurtzegatik erosten dutenak, geienak.
Laguntzeagatik erosten dutenak, talde bat.
Lotsa'gaitik erosten dutenak, beste batzuk.
Baña danen artean, euskera-errezean idatzitako liburuen egarria nabaitzen degu, askoz geiago, euskera-garbian edo euskera-goitian idatzitakoena baño.
Ni, beti garbi-zalea izandu naiz, eta naiz; baña geienen iritzi-bidez jokatu bearrak, sarritan beartzen nau beste era bat artzera. Elburua, nola edo ala, EUSKERA erabiltzea bai-ta. ¿Ez alda egia?
Bukatzeko, itz bat: Gure esanen'gaitik, etzaitezte mindu, ez adoregetu, ez aspertu. Zuen lana, benetan zaigu atsegin, egizko euskaltzaleoi. Ondoreak esango du, zenbat balio izan duan.
Nere besarkadarik anaikorrena, guzioi. Agur!!
|