Olerti
Y.E.L.
Egarin
Uso zuria, errazu
nora yoaten zeran zu.
Españiako portuak oro
elurretan daduzkazu.
Gaur gauerako ostatu
nere etxean baduzu.
Nunai iraitzia,
bertakoena izan-arren,
iltzen doakun enda zarraren
zotiña naiz eta asperen.
Eskale arrotz,
nunaiko bai ta iñungo ez,
munduz-munduko yudu landerra
baño re noa iges ta iges.
«Zaude gurean»
erregu zenbait anaiek.
¡Zer besterik nai luteke nire
billa dabiltzan etsaiek!
Esku ongillek
ogi eskeintzen didate.
Aurrera yoaz diñet. «Millesker,
nire gosea txit beste....»
Atzetik, luze,
niri so gelditzen dira,
miñ-ozka dute barne-muñetan,
malkoa zaie begira...
Nora yuten dan?
Non bizi dan? Nor daiteken?
Izenik, etxerik, aztarrenik
Yel'ek ez dizu emanen...
Batzuk maitea
anbat bestek nardetsia,
gobernutarrek aopean zin:
labur ken baietz bizia...
Eguratsaren
gorputzik-eza ta ariña
bear, gutxinaz, alderazteko
eizezakurren agiña.
Kaleak, aier,
erdal birao ta parre:
yoputu gaitun ikurriñaren
gezur batzar ta akelarre.
¡Zergatik ez dun
karrikan yotzen doñurik?
¡Non koka-gabe ez bait-du usoak
gezal neurgera aidatzerik!
Enparantzetan
Euskadiren eriotza
aldarrikatzen asi ezkero...,
basamortuko abotsa.
«Uso zuriak
portuak elurrez ditu»;
euskaldun-onen etxe barnetan
baño ostaturik ez bait-du.
Santa-Kutz dama,
izkuta-agertuz, an-emen.
Atzo Otxandion, gaur Ayan, biar
Biar Yainkoak esanen.
Etxahun berri,
yo Erromara erromes;
ate ertsietan uste-ezeneko
«¡Ve victis!»..., barkapen ordez.
Alare, munka
antzi dunaren itzala.
Gladiatzallek erio-aurrez
ala Kaiser'en aztala.
Presondegiko
bazter batean arkia
du ereskiña, iltzerakoan
gudarin batek utzia;
Euskal-ziñopek
Aberriaren ibaian
ixuritako odol berberaz
ezotua are Bizkaian.
Illobitako
untzadun gurutz-arritan
zarren goi-arnas eske aozpez
gau eman oi du sarritan;
T'Aitor'en atsak
mintzo izu omen dagio:
«Euskadi Yesukin guruztua
iltzen ziyoak»... dasaio.
«Belaunez belaun
eunkitan oñorde genun
berdingabeko leñargi ura
ia eten duk gaurregun.
«Izotzik zegok,
aberri-izotzez, larrea;
Aberriaren eguzki-ezak
suondo zeukak yendea.
«Suondo zeudek
gutarrak, antziñatiko
argidiriak noiz sukaldetik
gaurko illuna aienduko.
«Asaba zarren
enborra itzaltzen ba'lua,
berandu gabe gogaiak piztuz,
piztu abertzale sua».
Ta artan dabiltzu,
izkutuka ta urduri,
txadonetako laratzak pizten,
bibotedunen itzuri.
Zear-mearka
saiest orduko atea,
sartu ta Aberri-soñuz betetzen.
dardarazten etxapea.
T'obi-lurrunez
kutxa gordean otzepel
errauspe zetzan beingo didarra
txinpartetan ler: Gora Yel!
Leiotatik at
landara galda goria,
Yel'ek bere eskuz ta yaupal-atsez
zirraraz irazekia.
Abioitikan
bai eder gauez uria;
¡bri-bri, bai eder!,
sendi bana ardai,
Euskalerri martiria!
Arku'ko Yone
baño re, etsaiek errea,
or, zendorrean Erri oso bat,
ura bezin errugea,
lotsaz gorrituz
kondairaren zerupea...!
¡Geroak beio, gaur uka zaion
Erri santuen ospea!
Izotzetan su!
Yel'i zor zaion mirari.
¿Merezi ote, munduz munduko
yudu landerraren zori?
1940-1955
|