Elerti
Eleberria
Iakakortaxarena'tar Txomin
Len zatia
I. Atala
Baserritarrak
Iaungoiko Aitak, ixetu bekit
Biotz-muñean su-garra,
Gotzon Iagole, Ortzi doneak
Irazeki idatz-indarra...
Arbaso danen oroitzapenak
Pizturik ames-izarra
Ipui-berritan edes dezadan
Aberriaren negarra.
Igo gaitezen, irakurle, Euzkadi'ko zuk dakizun mendi goititu batera. Aki bildurrik ez duzu naski, euskaldun bular-auspoak ez bai-dute kiorik eta arnas esturik, eta gain artatik, egazkiñetik bezela, beko zelaian errito polit bat ikus genezake patxadan. Enparantza garbi agiri da, etxe mordoxkaz baesitua, biribilketa naas ta akitikor batean aldegin ez dezan bezela edo... Enparantza buru, errietxe zabala, sillarriz eta iskillarriz eder, batzartegi, neska-mutil ikastetxe, ostatu, arategi, ardandegi, baitegi, ikullu, ganbara, makopeko pillota toki, ordu ioale, ta galdor-galdorrean oillardun aize orratz eta guzi...
Zelai erdian, iauretxea, muño gaiñeko artzai iduri... Apaindu gabeko tokirik ez dakusakegu, naski. Baserrien txuriak, an-emenka dirdai dagio malda itzaltsuaren beltzari; goroldio ta iratzak iazten du aitzaren gorria; zugatzitzalak ornitzen mendi soillaren garbia; iturri ozkirriak itotzen lur legorrari egarriaren bizia. Ainbeste apain ta edeer artean, beltzune batño nabarmen...artalde txuri artean bildotx betltz bakana bezela, ots, txapeloker gudaletxe illuna, erri sarreran nagusi ez baña maizter-erri gauzkatela aitortzat eta lekuko...Ala ere (kaskakoa beti zauri-zaurian nunbait) ez zindudan orrera eramanazi nai. Saiestu dezagun aurpegia lotsakizun ori ikustetik eta koka ditzagun begiak goxoki gure baserrietan.
Ona buruz-buru lau, elkarren aldean, musean ari diran lau agure antzo. Eleta, Urkola, Ibarbe ta Aintziola. Ongi begira iezu, or baitu gure ipuiberriak asiera.
Batño ikustea aski duzu, besteen berri iakiteko. Bide-berritik zeartuz, estarta gora goazela, biurrune batean, agoz-ago or Urkola. Atari-aurre txiki bat iraganik, erdiz-erdi atalburu ta atea, zabal-zabalik. Ate gañean, azti-lorea (aztilikardoa?), arri-garaietako aztarna agian, ordun iguzki-begi, orain Iainko-begi. Eskuñetara, oramako perra lorontzi, ereñotz xorta bedeinkatua, Iondoni egunez. Iratxorik eta gogo aidurrik beintzat ez da sartuko.... Gu iratxo ez izanki, gozemazu lasai barnera. Bai mandio zabal ta ederra! Ta zokonean, sukaldea lenik dela, etzantegiak etxearen aldenik alde. Gora mallak ganbarara garamazi, ta andik zubia iraganik, atarira. Bera-mallak berriz, ikullura, ta ate zabaletik irten da zubipetik igorik, orra barriro atarian.
Barneko berri ikasixe dugu begi-itxiriki batez; iakin dezagun orain ateko berri. Bekaldean sagasti ederra, xoxoen amets-toki. Garikaldean bi intxaurrondo ta lau geizatze, aurtxoen praka urra toki. Etxe ostean, ollategia pikope ta matsondopean, amadrearen xirriki-xarrak toki.
Lau baserriok izkutu basetxeiaun errañu agurgarri baten keñura ta eragiñera dabiltzala batera dirudi. Segamutur txapeltzat lepasakia dula, muñoan barna Urkola'ko nausia belarzun dakuskezunekoxe, orobat aren arabera dagerzkitzu beste iru nausiak. Estarta gora gurdi bat ikustean iratzezun edo... besteak ere ez dituzu noski ain urrun... Goiznabarrez estarta bera mantelin beltza burutik iauretxe bidean etxekandre bat ikus baikoz, beste irurak ere bide berez laster dakuzketzu elkarrekin egunonka. Aintziolako txakurraren zaunka erreari, atarrapuzka erantzungo diote besteak, itsumustuan muño gañera ilkirik. Ibarbeko ollar zarrak ezgaraian ioalik ere, or enparauak kukurrukuka ito bearrez. Eletako astarra, ikullu zokotik arrantzaka iardun orduko, orra lagunak eraso oldarrean, aldiz baita okerreko zintzurretik ere, ikulluak porrokatu karrean...
Nik esana egiztatu nai ba'duzu, zaude oldar batez adi-adi urrilleko goiz intzatsu ontan mendi gain ontatik begira. Laño lausorik ez dukezu naski, firi-firika egoaizeak io gura bait-du bazterrak argitzenagotuz. Ara Urkolako atalburuan norbait ateeran. Mutikotxo bat da amar urte einean, bi anai arreba gaztexeagok atzetik. Xaloa aurra, eder ta argitsu, ibil lerden ta urrats arin atarira laster da txaga arteko basauntz egira antzo. Dun adiñerako lazoz luzexko, ongi biribildua bada ere, mendiak onartzen dula ager zaio beintzat. Begi urdin goxo, biotz zabal ta onberaren erraiñu, bekoki garbi, txapel txikiz gallen, adimen argiaren dirdaia, bruxa motx bat eta azpantarrakin abarkak, besterik ez du bear gure zalduntxoak urira ieixteko. Bizkarretik tolez daraman txalke (txisku) igatuak, (aitonarengandiko ondarea bear bada) ikastetxera doazela garbiki diago.
Mutikoatzaz ari nintzaizula, erran bezela adi-adi ba'zindagon, ikusiko zenitun beste iru baserrietatik ere, Urkolatik bezelaxe, aurtxoak irteten. Batera dabiltzala ez dizut ba esan lau baserriok? Enparauen axolik ez ar arren, taldetxoa baita, aurretik datorren neskato orri beiñik bein so egiozu. Eletakoa da, Amiren, Eion'en kide kideko. Arranepola! Mutikoaren izena ematea ia aantzi etzitzaidan ba?...Xotiltasunean sen aundiko, ezpañetako irripar xoragarria, barneko ametsaren zantzu, biotzeko gora-berak, sutsu aldiz, aldiz maite biguin, axal xurian nabari, bere burua aztutxe, danantzak mukuru dario maitasuna... Baña neska au bein dakusanak, bizi litekeño aztuko ez zaion zera, aren urritz-ale begi goxoak dira. Nik ez dakit zer duten; goroldioaren biguña, ala sator larrutxoaren leguna, izarraren izpia ala illargiaren argi illa, esku suminduentzat ur beroaren goxoa ala iasak blai utzi duanarentzat ixaraen igurtzi epela... Guzia batera noski. Urramargoko begi oien sakon-sakonean, osin murgillean bezela, biotz unkigarrizko beltxura ta naigabetxoa oartzen al liozkezu, ta aurpegi xamur artan itunezko begiyo ori dakuskiozuneko, maite urrikiz gañez darizu biotza... Urkolako atarira iritxi daneko, irripar argiz agurtzen du mutilla.
Egun on, Eion, zai engoen ala?
Lo zurrunka ez baitzaztena asetzen naski, bearko egon...erantzun zion mutillak buruzagi koxkor baten kopeta artuz.
Oro bil al gaituk?
Ibabeko Margarita ez bestek bai, argitu zun koxkortuenetako batek; garailleri bazkarikin ioan omen duk.
Goazema ba!, oiu egin zun Eion'ek aintzina artuz.
Beidozue gero...deadar egin zun ate leiotik norbaitek, bide berrian oldar gurdiekin. Zaindu itzik gero ongi Eion...
Bego lasai, ama, erantzun zion mutillak.
Orain Urkolako Eion'en eta Eletako Amirenen zaipean bezelaxe, Iainkoak iakin gizaldiz ietxi oi izan dira egunoro ikastexera baserri oetako aurrak, zarragokoen ardurapean. Orain aurrezaldeko zaindariak Eletako Andoni eta Urkolako Malentxo zituten. Andoni, Ibarbeko Periko'kin apaiztegira ioana dugu ikasle.
Urte batzuk badira Eletako etxekandreari bi malko ialgi zitzaizkiola. Gozoak? ...garratzak? dardarazkoak?... nork asma?... «apaiztegira bearko naiz» buru-makur semeak adierazi zion egunean. Etzan izan ain nekeza aitaren baia lortzea ere. Osabak agurtugabe ezin aldenduko aiz naski...esan zion amak.
Baita agurtzera ioan ere Bilbaora. Alako uririk! Zer zan ango ioan etorria! Ango tximist-gurdi, etxea lango beribiltzar ta txirrinkin gai oro, itsu mustuan, lurra dardartuz...ta alakorik! elkar lerdeka gabe! Etxe gaiñeko ezkaratzetik, arresi gañean besoak toles, orduak eta orduak zioazkion gure mutil arrituari talka ikuskarriren bat noiz ikusiko, baña atxamarka ta ioko ez ioko, tuxuriak egiteko iraganik arren, marruskatzeke ta ankazgorakorik gabe bere bidez zoazin itsumustuan eta abiada bizian. Aspertzen zanean ta etsitzen, inguruko etxeetara so asiko zan eta nori gogoak eman!... leiozuoetatik etziran ba etxe geienetan oatzeak ere ageri?... eta arat unat ikusi ere zitezkela antzemanik gabe, neskame-etxekoandrak ibilli ez zebiltzen ba barne apain aietan?...Etxe aietako ederrenetako bati begira zegoala, ieltsuzko mukulu txikiz apainkiro edertutako atalburu zabalean, bi mutiko neskato batekin ager zitzaizkion, sare atezu ta tinkiak eskuan, gomazko abarketa txuriak oiñetan, arzurizko maillak akitika ietxirik, larrosapeko inda txiki baten pean txolarte batez izkutatu ondoan, tella errauts gorriz egindako zei txiki batera io zuten, ta sare-luze bat erdiz-erdi, bi mutikoak nexkaren buruzki, iñoiz ikusi etzun pillota iokoan io ta ke zerauntsaten.
Amets bat zerizkion. Etziran ain urruti. Laster aldi bakoitzaren ondorengo geldiunean, neska, sarea abarketa muturrean tinkatuki, aizezko pillota makala ezkerrean, atseden laburtxo bat artzeko, an inguruan ageri zan urtegiko ata xuriak antzo burutzut eta lerden gelditzen zanean, arnas estua ere entzuten ote zion zeritzaion. Alako neska ederrik zitekenik, etzezaken amestu ere. Neurrizpeko edo izariz gaindiko ipitzik ezin arki ari soñean; gerri bularrak estutzen ta ikoltzen zizkion goantza gorri eskuz eioak sala gura zizkion aurtzaro gaindiko apainkai ler-berrizkoak izan ezik. Pagoa bezin lerden, zumitza bezin gerri bigun, txantxaria bezin arin, iokoari asiera emateko, besagainka biurriz tximista bezela aizezko pillota iraizten zunean, sare-galgan zirriztan, galduazi bildurrez, arnas gabe, etzion Andonik gañetik begirik kentzen, ekartzen lagundu bearrez, neskak berak baiño areago indar eginki...Ta galtzen zun bakoitzean, betazal ertzera amilka zetozkion malko iruzulariak eta ialgi ere ialgi zitzazken, nexkaren ezpainetako irripar zoragarriak, bat-batetan txuka ez ba'lekizkio, uda goiz bafaño epelak osto gañeko intza tantak bezela. Ekiña gal arren, irripar ezti alaiaña! Atx... atx... atx.... nexka arrigarri aren aldamenean, illunpiderik ez ziteken iñolaz...
Nola zoazin ezin igarri zion iokoa gal arren, neskak berak asten baitzun iokoa eta irabaz arren, aldiz mutikoak. Zer naspila zan ua! Nexkak apika maizetxeago galtzen ote zun edo... beste argibiderik etzun. Mutillak zuten orain ekiña. Esku xokoak okozpean eta ukalondoak arresi gaiñean, adi-adi iarri zan Andoni. Berebiziko zirriztakoa iaurti zioten. Nekez ta doi erantzun nexkak: astirik bage iraitzi zioten ezker-bazterrera; bi iauzitan, adarreko katagorria antzo, zan bezin luze egiñik itzuli zun, baña iokua igarririk sare gain-gaiñera aitzindu zan mutiko bat oldarrean, eta aultxo zetorren pillota, besagainka arturik, eskuin zokora egotzi zion indarrez. Eiztaria igitzen oartu dan erbia baño ariñago ta zailugo, orpo gaiñean iraulka zan neska beste alderuntz, baño oztopo tiki bat egiñik, ez eror bai eror, muturka ta atarrapuzka zei inguruko burni-sareari eskuak lot arte etzan gelditu.
Iarraitzeko.
(1) Egilleak ez dio oraindik izenik ipiñi eleberri oni.
|