L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Orbelaun'go azeria

 

Aizkorri

 

«Orbelaun'go azeria gizontxu bat ei zan ia.»

 

Ia bakarrik? Praka, alkondara, abarka ta txapel da guzti dabillen azeria ia bakarrik dala gizon? Ia, ta ia barik be esango neuke nik.

        Eta ez uste gero nik bakarrik esango neukeanik! Itaundu zeikioe, ene irakurleok, Orbelauneko Anastasiri. Amaikatxu ordu gozo igaro eroiazan berak kontu-kontari azeria lagun suetean! Anastasi, emakume zanez ba beti egoan jakin-gura: Gerniken jeneroa zelan ete ebillen, arrautzak zenbatean ete egozan, ollasko pareak zenbat balio ete eban, eta abar.

        Azeria —zer esanik be ez!— pozik Anastasiren jakin-gura au zala-ta. Erdia baiño guzurra ziur, baiña, pipatxoa erreaz batera, baiñotson barri eta ipuiñetan!... Zorrokadaka! Eta gero Anastasik amarretakoa edo meriendatxoa emon: katillukada gatzatua edo gaztae zati on bat. Eta, onen ganera, gaztae pare bat be bai, aparitarako-ta eroateko.

        Konta-eziñak dira gure azeriak Anastasigaz eukitako berbaldiak. Amar, ogei, berrogei?... Batek badakiz! Eta biak pozik, zein baiño zein pozago!

        Baiña Mendata'ko Orbelaun'en baegoan besteren bat azeriaren eguneroko joan-etorriak ondo ikusi ezin ebazana. Joxe zan. Anastasiren senarra.

        — «Anastasi!» —esan eutsan solotik etorri zan eguerdi baten—. Ez dakit ba, ez dakit ba azeri orrek gauza onik dakarskun etxera! Gaztaeak urritzen doaz urritzen datorrenetik. Oba egingo dozu geiago aterik idigiten ezpadeutsazu!»

        Anastasiri gogortxua iruditu yakon Joxeren oarra. Or-ango barriak ekarriaz, ez eutsan ba mesederik asko egiten azeriak? Baiña senarra senar, eta baiezkoa emon eutson: ez eutsola geiago aterik idigiko azeriari.

        Ez eban gure azeriak biotz-zastada txikia artu, urrengo goizean Anastasik aterik idigi nai izan ez eutsanean! Baiña ezan orregaitik asarre jarri.

        — «Asarratuteaz zer besterik yaukoat une mingots bat baiño? —esan eban kolkorako—. Oba yoat egun batzutan neure abian yaukadazan gaztaeak janaz bakean bizi. Eukiko yok oraindiño Anastasik nire bearrik»!..

        Ezan oker egon azeria. Egun gitxi barru, Anastasik jakin-nai aundi bat erabillan kolkoan: gaztaok saldu gura—ta, zenbatean ete egozan Gerniken.

        — «Ai emen baneuka azeritxu ori!» —iñoian barrurako. Ta azeria laster izan eban ba ate-joka.

        — Egun on, azeritxu! Zeu zara atan be? Oraintxe egon naiatzu ba zeure bearrean! Esan eidazu: Zenbatean dagoz gaztaeak Gerniken?

        — Saldu egin gura dozuz ala, Anastasi? —Bai ba! Dozenatxu bat daukat-eta.— Ba..., biotz-miñez diñautsut baiña, periodikuetan beintzat ez dator barri pozgarririk. Gaztae bakoitxak bost peseta besterik ez ei dauz balio.

        — Ezta izango! Ta gaztaiok alperrik galduten euki bear etxean!....

        — Alperrik galduten, Anastasi? Olakorik jazo baiño len neuk erosiko deutsudaz. Ta, jakin daizun, peseta bat geiago damotsut bakoitxagaitik.

        — Ez da askorik. Baiña... tire, ba, tire! Olan beintzat ez dogu Gerniken beste galduko.

        Eta gaztae guztiak saldu eutsazan azeriari. A zelako killi-killia eroian kolkoan gure morroskoak bere abira bidean! «Negosioa» egin eban polita!

        Joxek, guzti au jakin ebanean, ez eutsan agireka gitxi egin Anastasiri

        — Ai Anastasi, Anastasi! Ez neuntsun len be esan? Zelan egin deutsazu jaramon azeri lapur-guzurti orreri? Amalau pesetaren galtzea egin dozu gaztae bakoitxagaz! Ogei pesetan ei dagoz Gerniken!!

        Ogei pesetan Gerniken!... Izan eban neke-lorra Anastasik! Baiña ez egoan erremediorik. Ordurako gaztaeak ondo gordeta eukiko ebazan azeriak. Baiña artu eutsan amorru bat! Atrapetan baeban atrapeu orraitiño alako baten, berotu bear eutsan ba bizkarra! Azeri azeria alakoa!...

        Eguna joan egunak etorri, gaztae batzuk be bai etxean da, Gernikara bidea artu eban bein Anastasik. Eta azeriak ikusi.

        — «Orain be gaztaekaz etorriko dok, bear bada, gure Anastasi»! —esan eban kolkorako.

        Eta sasi-arte baten ezkutauta, zast!, zapatatxu bat bota eutsan bidera.

        — «Ene! Zapatatxu onen polita! Nire Bitorianori bai etorriko yakola ondo»! —esan eban Anastasik ikusi ebanean. Eta otzarea egal baten itxita, zapatatxua ikusmiratzen asi zan.

        Baiña bien bitartean azeriak, zer? Idigi zorroa, ixil-ixillik sartu bertan gaztae guztiak, eta anka egin eban bere abirantz. Nork esan gero Anastasiren amorru biziak otzarea utsik aurkitu ebanean? Azeriagaitik iñon direanak esanaz eldu zan gizajea etxera. Baiña oraingoak be erremediorik ez. Lapurretia egin-da egoan. Ai azeriaren koitaua baztarren baten aurkituten baeban aurkitu! Kostako yakon beste baten olakorik egitea! Bai arraietan!...

        Kostako, beraz? Gure azeria ezan beintzat iritxi bardiñekoa. Aste bete barru amaitu ebazan Anastasiren gaztaiok, bat izan ezik guztiak. Eta bearrik egoanez, nora joko eban ba jateko billa? Orbelaunera, jakiña! Anastasiren lagun zarra zan izan be-ta!

        Lagun zarra bai! Baiña ezan ausartu bada-ezpadan be aterik joten. Etzaurreko labean sartu zan. Andixik ikusiko eban noiz urtetan eben solota Orbelaunekoak. Eta gero, ixil-mixillean, leiotik sartu ta ostuko ebazan gaztaeak.

        Txarto urten eutsan ostera azeriakeriak gure mutillari. Anastasi, ogiak-eta erre bear ebazala-ta, ezan asi ba laba-sua egiten? Ai ene gure azeri gaixua! Ume baten baiño be abots meiagoz txilioka eta sokorruka asi zan, kiskaldu bearrik egoan-da!

        Ikaratuta geratu zan Anastasi sokorruok entzun ebazanean. Bere Bitoriano ete eban? Amatau sua... eta nor zan gero berau? Azeria zan, azeri lapur denganiño-denganiñoa! Artu makilla bat, oratu samatik, eta azurrak eio arteraiño emonalak emon eutsazan.

        — «Ala! —iñotson Anastasik—. Ondo merezita eunkan azeri barraban orrek!»

        Eta prakapean eukan buztanetik eldu-ta, sasi-arte batera bota eban, ilkotzat.

        Ilda ete egoan gaixua? Bai zera ilda! Ze polito jo eutsan adarra sasi ondoan egoan Anastasineko Astoari!

        — «Eroan nagik, lagun! —iñotsan negar antzean azeriak—. Eroan nagik nire abiraiño. Baenki jakin zenbat garun eta pentsu gozo yaukatazakan neure zulo aretan! Ta eroaten banok, dan-dana izango dok euretzat. Jornal (aloger) gitxi deritxok?»

        Astoa asikerean siñesgor egin yagon. Baiña garunaren gomutak, kontxo!, killi-killi egin eutson urdaillea, etxean be ez eutsen emoten pentsu larregirik be-ta. Eta baietz esan eutson eroango ebala.

        Ikusgarria joango zan asto ganean gure azeria praka-ta, alkondara-ta, txapel da guzti. Apur bat minduta, orixe tamala!

        Baiña ez uste. Egun gitxi barru jarri zan guztizko ondoen, edonora joan-etorriak egiteko moduan. Astoari, barriz, pentsurik emon? Zigorradea bai ugari arta-garunegaz-da ereitara eroaten eban bakoitxean. Iru aste osoan erabilli eban biar da biar. Eta jateko guztitzat bedar siku apur bat besterik ez eutson emon.

        Bien bitartean Orbelaunen larri ebilzan Anastasi-ta. Astoa falta yaken. Billa ta billa, orko baztarrak ikusmiratu, ango idizaiñari itaundu, azkenean azeri bategaz topo egin eban andreak. Azeria ezan lengoa itxuratik. Zartxuagoa irudian.

        — Azeritxu! —itaundu eutsan Anastasik—. Ikusi ete dozu egunotan astoen bat azke?

        — Bai, Anastasi! Or beko troka orretan dago bat.

        — Ai, barrabana! Zelan egin ete deusku iges onaño alper zarrak alakoak?

        — Neuk be, Anastasi, askotan esan deutsat joateko etxera, oba izango dauala-ta. Baiña ez dau izan gura. Azke obeto bizi dala diño. Nik ostera lotu egin dot. Goizeko bederatzirak inguruan edo.

        Arrantzaka artu ebazan astoak Anastasi eta azeria. Arrantzaka, eta Anastasigana joateko katea apurtu gurarik. Baiña azeriak orain be bere alde jokatu

        — Ez dozu ikusten, Anastasi? Barriro be iges egin gura deutsu astoak!

        — Iges eges egin? Ez sekulekoetan!...

        Eta artu makila bat, eta bizkarra bero-bero egin eutsan gaixuari.

        — «Tunante orrek —iñautsan Anastasik— ia gero barriro olakorik egiten ez deuskukan! Hummm!»... Eta katetik oratuta, txaka-txaka eta apal-apalik eroan eban etxeraiño.

        Azeria, jakiña!, Anastasiren atzetik sari billa. Merezi dauanari Anastasik emon ez? Baita biotz-erdia be besterik eziñean! Sartu eban suetera. Ipiñi eutson maia; eta sartenekoa-ta gatzatua-ta gerturik eukazanean, asi zan jaten gure azeri ongillea. Apetitu ona eukan gero mutillak!

        Baiña janaz batera berba be egin bear-da, Joxe-ta, Peliz-da etxeko guztiak aurrean eukazala, astoarena barriro edestuten (kontetan) asi yaken.

        — «Tunantea da gero izan be —iñotsen txurrut bat egin eta lukainka zati bar iruntziaz— tunante bat da zuen asto ori! Ez dakit zenbat bider egon nayakon esan eta esan etxera etorteko eta etxera etorteko, ta berak ezetz eta ezetz: kanpoan obeto bizi dala eta itxiteko bakean!... Ez ete dau gero merezi, Anastasi, beste zigorradan bat be?»... — Merezi badau, laster emengo yako! —esan eban Pauliñok.

        Eta geiagoko barik, joan kortara eta makillea eskuan eroialarik, baioiakon emotera. Baiña, arritu zaiteze, ene irakurleok! Astoa ez da ba asten berbetan, sueteko guztiak entzuteko eran?

        — «Guzurti bat eta biotz-bako lotsa-galdu bat. Berak eroan ninduan beko trokara, Anastasik lepokadea emon eutsan egunean. Eta antxe euki nau biar da biar, ito bearrik gaurdaiño».

        Ene bada! Zer iñautsan gero astoak? Lengo azeri lapurra ete eben ba bera? — Egia dok, azeri? —itaundu eutsan orduan Joxek, samatik oratuten eutsola—. Egia dok astoak diñona?

        Baietz? Ezetz? Ezin eban ezer erantzun maltzurrak alakoak, bildurren bildurrez aokadea saman geratu yakon-da.

        Baiña egia zan astoak iñoana. Aixe bera zan gaztaien lapurretea egin ebana! Gaztaiena bakarrik gero? Ta errotara eroaniko arta-garuna? Ta Mendatako beste baserrietan falta ziran ollo ta arrautzak? Nork ostu ebazan?

        Orbelaunekoak ez ekien ezer. Baiña, bai! Azeri aixe zan guzti onen lapur be. Gerotxuago Orbelaunera eldu ziran guardasobillak jakin-arazi eutsen zeatz-zeatz dan-dana.

        Orbelauneko eskaratzean orduan sortu zan gudaren aundia! Zelan igarri, irakurleok?! Joxek makilla bategaz, Anastasik burduntziagaz eta umeak arbi-buruakaz antxe erabilli eben aidean azeria.

        Eta gero, eskuak lotuta, guardasobillak kartzelara eroan eben maltzur-denganiñoa alakoa!

        Arrezkero kartzelatik atara ete dabe? Nik neuk ez dakit ezer.

        Baiña arako gizon txiki, lepoker, arpegi luze, pipadun bat iñoiz ikusten badozue ikusi, irakurleok, kontuz bada-ezpadan be.

        Ia gero Orbelauneko azeria dozuen!!!!....

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.