Itz Lauz
Batzuk ba-doaz, besteak ba-datoz
Bereziartua'tar Iñaki
ATAURRE
Eskolastika-philosophiaren edestian iru sail bereizi ditezke lehena, sail-eskolastiko-utsa (VIII-garren gizalditik XVI-garrenaren erdiraño; bigarrena, españitar-berriraiketarekin asi ta XIXgarren lehen-erdiraño; ta irugarrena, neo-edo eskolastika-berria, egunetaraño.
XIX-garren gizaldia aitatu dugu. Eskolastika-philosophiak, gizaldi onen asieran arnas-toki batzu izan-arren, ots, Zerbera Ikastetxe Nagusian loreturiko idazle ospetsu Ramon Marti de Eixala ta batez ere itzal-aundiko Jaime Balmes, eta abar..., españitar-philosophian ikuskari negargarria dugu oso-osoan: atzerritik zetozkion idea berrien bultzadak zerabilkin bere menpe, bizitz-be.
Doixtar-gogailleak zer-ikusi sakona izan dute Españi-aldeko philosophi-giroaz. Izan ere beren gogai nagusiak lurra egoki landua idoro zuten erroak emateko. Krause-goak bederen sakon bota zitun bere sustarrak lurralde ontan.
Krause-goak zabaltzaillerik piñena Julian Sanz del Rio ukan dugu zenbait gogaikide, ikasle ta jarraitzaille ugariekin. Baña, auxe tamala!, eztaukate jatorrizkotasunik: Krause-goa beren buruan errotatu, irauli ta nolabit xetuta eman-lana besterik ez bait-dute egin. Beraz gaitz au beren buruen kaltegarri gerta zitzaien: jatorrizkotasun-ezak eta españitar-izakerak gogaibide auek irentsi-eziñak itotzeraño eroan zuten Krause-goa.
XIX-garrenaren azken-aldiak sorturiko philosophilari, idazle ta ertilariei «98'ko belaunaldiko» izenez deitzen zaie. Mende onen azken aldian Españak auste ta behera-bide geldia baña jarraitua jasan zuan alderdi askotatik. Eskolastika-saillaren zaitzaille piñak urri arkitzen ziran; eta auen ondotik erdipurdiko giza-talde mordoa; bestaldetik, gañera, mota guzitako ideolojiak zenetozkigun. Auñamendi-aruntz-aldetik zetozela-ta, ospa ta itzal aundiko bai-lira, arrera ona egin zitzaien, dirudinez.
Aroak: bederen, bereak eta bost jaulki dizkigu, eta nik lantto ontan Unamunok, eta Ortega y Gasset-ek batez-ere esan eta egin dizkigutenak ipiñi edo azaldu nai nituzke; Unamuno-renak laburki. Ortegarenak zabalxeago, egin-aalean.
UNAMUNO
Idazle oneri buruz esana da: «Iñoiz batasunik ez eukitzearen batasuna da». Auxe egi! Bere egintzak alkar-lotuta eztute philosophi-systema edo ustegeunik osatzen; ayurri aberats eta griñatsu baten berezko lertze bat dira; orregatixe dazal ukaeziñezko batasuna. Batasun-ezaren batasuna, alegia, Auxe dugu Unamunoren ezaubiderik ezaugarriena: biurri-eziñeko gogoa; eztu oñarrik, ezta bere ukatzeketan ere, bai, ordea, nekerikeasan, bizitzako arau-nagusitzat dadukan «zalantz» gordiñean, zoritxarrezkoan... eta zalantz onekin batki doa beti bere gogoa azpiratuta dadukan barne-negar-zotiña.
Izan ere Unamunok bere kardun eta idazkietan oituriko irazpide edo taktika eraginkorra da oso. Mikel jaunak bere egintzetan eztu deusik eraikiko, ezta deusik lur-jota utziko ere. Eliz dogma iñori eztio zuzen-zuzenki aurka egingo, baña guzia zalantzik zorrotzenean azaltzen dio irakurle edo aditzailleari.
Danataz jardun, guzitzaz izketatu, orotik idatzi... baña amaitzekoan zer? «Erio-ixurketa, pozoidun-ur-ixurketa: zalantz gordiña». Ta auxe kaltegarrien gaztediari, erlijio-gaietan batez-ere.
Unamunoren egiñak irakurri ta aztertuz, eztabaida bizibizian sortzen zaio gazteari bere baitan. Eta belar pozoidun au errotu ta erne egingo zaio. Landare ustelkor onek ere bere igali ustelkorrak emanen ditu, ots, siñismen-txepeltze edo galtzea. Unamunok bere idazkietan pozoi-ixuri-lana dagi, bere ta gure gaztediaren zoritzarrez!
Izan ere beste errotako ur pozoidunak jasoa dugu Unamuno. Doixtar-philosopholariek ba-zuten zer-ikusi aundirik Unamunoren idatki-lanetan: Kant, Nietzsche, Kierkegaard... Aztarnik agi rienak dakuskiguz bere «praktika-gogoaren joera itsuan» (Kant), bere «gizona bere neurrian jasotzeko lege ta oztopo austean» (Nietzsche), ta «erlijio-gaieri buruzko ideek naaspillean eta bidegabe erabiltzean» (Kierkegaard)... dana dala naas-maas illun ontan beti gogoi-oñarri bakarra: «Zalantza».
Unamunoren bizitz eta gogai-mardultze-aroak malla asko izan zitun, edozein landaren antzo: Jaio, marduldu, ta beheraaldia. Mikel jaunaren mardul-aroa «Del sentimiento trágico de la vida» idazkaiarekin ukan zuan, eta bere behera-aldia «La agonia del Cristianismo». Orekin, bizitzaren arau-nagusitzat eriotz-aldi au (Agonia), ustegaldu baten guda au ipintzen dualarik, garaipen eta itxaropen bage...
Ta bere gogai ok ukitu ta aztertuz gero, philosophilari danentz itaun genezake: Philosophilaritza, idazleek-eta beren gaietan philosophi-mamizko ideak erabiltzen dituanari ba-darantsaio, Unamunori ere ondo dagokio ontaz. Bestelakotz irizten badugu philosophilaritza, uts egin dezakegu, eta ontaz ez genuke philosophilari izango Unamuno jauna.
Literatur-soroan ere zenbait lan arrigarri egiña dugu Mikel jauna. Ramon Perez de Ayala-ren lumak Unamuno-ren nortasuna zabaldu-naiean onela didaz: «Unamuno'ren nortasuna zenbait orritan azaltzea, ibai bat pototxin batean sartzea litzaiguke. Unamuno idazle-ibai dugu. Ez-berdin dugu uneoro ibaia. Ibai onen jarioa eten-gabea da: ezin gindezke bitan ur berdiñetan igeritu, unetik unera bestelatsu baitira urak. Dirauna ibai-oea ta bidea dugu, itsasoruntz, eriotzera. Unamuno dugu ibaia, bere amaikor ibilbidearen jakitun... Unamuno-idazlaritzaz eman iritziak oso geientsuenak bat-bat ditugu: «Primus inter pares» esan oi zaio ots, «98'garrengo idazleen artean buru».
ORTEGA Y GASSET
Plhilosophilari onen jardunak bitan saildu ditezke:
POLITIKA. Bere politika-ibillaldiak literaturarenarekin batean du asiera. Bere lehengo lanak «Faro» eta beste gaztedi-aldizkaritan azaldu ziran, gero «Meditaciones del Quijote» irakurgaian «crítica como patriotismo» esanen zuana egiñaz. Beste aldizkaritan ere lankide joka zan, «Europa», «El Imperial» eta abar...
Baña bere lehen politika-itzaldia, 1914'garreñ Loreillaren 23'an izan zizun, «Comedia» antzokian. Itzaldiaren idazburua, «Vieja y nueva política» zenun. Eta itz ok dirutan irudiak bezela, egunerokotan josi-josita geldi ziran, au bait-da Ortega'ren berezitasun bat, atal eta jardunak oro zorioneko esakizun berarizkoren bataz orraztea, alegia.
Beste idazle ospetsuekin «España» aldizkaria asma zun, geroago «El Sol» egunerokoa: lehengoak, aldi artako españitar-gaztedian aztar eta erro sakonak egin zitun; bigarrena, Españiko goi eta erdi-mallako gizartean politikari buruz izan dan aldizkaririk eraginkorrena dugu. Aldizkari ontan argitaraturiko politika-lanak bildurik liburu bat osatzeko asmotan egon zitzaizun, baña Primo de Rivera-ren azterpen zorrotzak «Errialde-auziari erabakitze bakarra» ematen zion atala ken-arazi zuala-ta, uts egin zun 1931).
Bere «España invertebrada»-ren atal geientsuenak ere «El Sol» aldizkarian zabaldu zitun, bai erri, bai beste gizarte-malletako berezikerieri buruz.
Onek ereiñiko gogai ok, ernetzen makal eta ondore ematen berandukor baña ziur izan-arren, sakonkiago errotzeko egoki ta trebe dira oso; eta egun, gogai-saillean toki berezia dute.
Bere atalik ospetsuena «El error Berenguer» izenezkoa duzu, 1917-garrengo «Bajo el arco en ruina» atalaren aintzako ta azken-ondorio; onelatsu dio amaia ematerakoan: «Españitarrok, gure Estadoak eztu izaterik! Birreraiki zazute! Delenda est Monarchia! Suntsitua bedi Erregetza!»... Itz ok Alfonso XIII-garrenarentzat, bizkarra jorratu bai-liote, izan ziran.
Itz batean, politika-gaietan etzan egiñeko gizona, baña egungo ideoloji-politika-mallan eskutarte aundien izan dun gizona bai.
FILOSOFI. Bere jardumen gaitsuena duzu.
Lehen ikaste nagusiak «Universidad Central» deritzan Ikastetxean egin zitun. Bere siñismenaren austea, irakaslaritza artu aurretik erakutsi zun, bere idazkitan. Baña Alemaniratu zanean, Berlin'en. Leipzik eta Marburgo'n ikasteko asmotan, zearo geigotu zitzaion.
Bere filosofi-gogaiaren iturria Marburgo'n dakusgu, Cohen zeukalarik irakasletzat.
Filosofia, bizi-funktzioa, obe esana, biologi-funktzioa, bat-batena, nerea edo zurea, norberen bioloji-funktzioa da Ortegarentzat.
Lehen-lehen jakin-bidea eztago gauzetan «Ni»-gabe, ezta «Ni» bategan gauza bage; bi gauza auen naastean dago bizitza, bat-batena, norberena. Onatx, bada, Ortega'ren esakizun oinarria: «Yo soy yo y mis circunstancias». «Ni, ni eta nere ingurukia naiz». «Ezertasunik egi-egiena ene bizitzea da». «Gauzen ezertasuna eztago gogamengai izatean (Subjectivismus), ene bizitzaren lagun edo «zerbait» izatean, baizik.
Batean, Ortega'k «bizitza adimendu baño, adimena bizitz-tu» egiten du. Adimena bizitzaren uztarpe!...
Gogai au argi ta garbi dazal berak egiñiko lanotan: «Meditaciones del Quijote», - «Qué es la Filosofía» (urte bateko zer-esana), - «Deshumanización del Arte» (1925), - «Historia como sistema», - «Kant» (1929), - «El tema de nuestro tiempo» (1923), - «La rebelión de las masas» (1929)... Bi azken ok doixt eta beste mintzairetuak.
Amaitzeko asmotan nabilkizu eta ezin neinke geigo luzatu. Ernert Robert Curtius doixtar azterlariak esana bakar-bakarrik aitatu: «Kant edo Prust'eri buruz, Debussy edo Max Scheler'er buruz, aldi artan bezin sakon, iritzietan ziur eta gogai-zabaltze lanotan argitsu mintza diteken gizonik ez da Europa zabalean, agian Ortega y Casset izan ezik»...
«Batzu ba-dijoaz»... eta Ortegak ere iges egin digu. Eta bere bizialdian orrenbeste auts arrotu zuanak... eriotz-ondoren ere arrotu bear, alajaña!
«Ortega kristauki il ote?». Errian eta aldizkaritan erantzunak bitara jo dute: baietzera ta ezetzera. Eta nik nora? Oraindik orain ez zuri ez gorri, bi aldetatik beren zergati sakonak bait dituzte. Baña Ortegak azken aldi artan laguntzaille-tzat eduki zuanaren esanak aitatzeke ez nuke geldi nai: «Kristauki il zan; Elizak azken orduan eman oi ditunak artuta il zitzaigun. Elizakoak berak nai izanda artu zituan; eta ez aidekoek beartuta». «Gaxotegian ere moja euskaldun batek aitor duanez gurutz deuna sarritan eta sutsuki muxukatu omen zuan, malkoak ugari ixuriz...»
Eta bestaldekoek diotenez «berak bere idazki ta jardunetan irakatsiaz ez omen du atzera-egin, eta gizartearen begietan kristauki il dala geldi nai ba-leza atzera-egin bearra dadukala diote; beraz, eztu orrelakorik egin, eta kristauki il ere...» Zenbait buru ainbeste aburu, egi biribilla!
Dana dala...
«Ortega y Gasset, philosopholari, irakasle ta idazle Jator-ospetsua, GOIAN BEGO».
|