L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Mazmarroizti

 

Arantzibia

 

Egia esan, ez gatoz gauza barri ta berezirik esateko asmoz, Mazmarroiztiari buruz, ainbat eta ain luze idatzita dago ortik zear idazti lodietan-eta. Onela dala bere, ta gaia non artu esku etan dogun ezkero, (oro erderaz idatzita egonarren), bere-bere toki-zaila euki dagian gure Aldizkari onetan nai izan dogu (1).

        Batzuek zerbaitxo eta besteek geiagotxo, gure abizenaren barri jakitea guztiok nai izaten dogu. Beti izan da, gaiñera, euskalduna, —orain arte beintzat,— bere oiñetxe ta abizenaren zaintzaille gartsua, ba-ekian ondo berak euskaldun guztiak zirala aitorseme edo odol-garbikoak-eta. Auxe ipinten dau Bizkai'ko Foru idaztiak bere, bein baiño sarriagotan: lenengo idazburuaren XIII ta XVI'garren legeetan, IX'garren idazburuaren IX'garren legean, eta XVI'garren idazburuaren III ta IVgn. legeetan, esate baterako. Eta bardin Gipuzkoa'ko legeak bere XII'gn. idazburuak, lenengo azalburuan, e.b. Augaitik Aita Larramendi'k iñoan bere «Corografía de Guipuzcoa»'n, 1736' garren urtean: «Gipuzkoa'ko oiñetxeren batetik datorren edozein gipuzkoar, beti izan da odol-garbikoa, beti da ta beti izango da, bere dongakeriren batzuk dirala-ta beraldua izan ezik». (2)

        Baiña aitorsemetasuna ez zan norbaitegandik jaritsia, erregeen baiezpenez-eta lortzen dana, (markes eta konde jauntza, e.b.); berezko odol-garbitasuna baiño, sortzezkoa, izatezkoa, jaiotzetikoa. Euskaldunen odol-garbitasuna eta aundizkiek izatea, «euskal-erriko azke ta lurralde batekoen lenengo bizi-lagunen jatorri zuzen eta garbian» egoan, Juan Carlos Gerra jaunak diñoanez. Ez egoan euskal-odoletan beste enda edo arraza ta errien odolezko nasterik. Aretara, berez ziran odol-garbikoak, aitorseme aundizki, «nobleak» ez erregeen baiezpenakaitik (3).

        Eta zer zan aitorseme edo odol-garbiko izatea? Beste atzerrietan «nobles» eritzonak ebezan eskubideak euskaldunak, bere, izatea. Euskaldunen urentasun au España'ko erregeek eta legeek, bere, baietsi eben, (XVI'gn. legea, I idazb.), eta España-barruan bertako aundizkien eskubide guztiak erabilten ebezan euskaldunek. Orrela agindu eban IV'garren Enrike erregeak, baita III'garren Felipe erregeak bere, 1608-Otsaillaren 3'an idatzi ebanez.

        Aitorsemetasun-eskubideok, onexeik ziran batez bere: norbere buruaren eskiertasuna, (ezin iñor atxillotu zeitekean, Gernika'ko Batzarre'ko auzi-epailleen aginduz ezik, Bizkaia'n; edo legauspen aundi-aundiren bat egin ezik: sorginkeria, emakumea gogorrez galdu, lapurreta, esate baterako). Ezta jo edo miñik egin, bere, epaibideetan, lau legauspen oneitan izan ezik: fede-austean, Jaun edo Errege-kaltezkoan, diru-aizuntzean eta sortzez jatorra yaken aribidetik aitzikora biurtzekoan.

        Bere oiñetxea guztiz ezauskorra zan. Ez eban euskaldunak gudaritzara joan-bearrenik, Bizkaia'n Jauna'ren aginduz edo Gipuzkoa'n Batzarreen aginduz eta gudaldian izan ezik. Bertoko mugaz aruntzago joateko, barriz, gogozkoak soil-soilik joiazan (4). Batzuetan, erdaldunek Bizkaitar edo Gipuzkoar-erritasuna lortzea nai izaten eben. Baiña aretarako, euren odol-garbitasuna egiztatu egin bear izaten eben lenago, 1794-Epaila-9'garreneko Gipuzkoa'ko Batzarre Nagusiek erabagi ebenez (5). Bestetik, ez da arritzekoa egikera aitatu au, beste arenbeste jazoten yaken euskaldunai bere, Castilla edo beste tokiren batera joaten ziranean-eta: an euren urentasun-eskubideak besteek aintzat artu egioezan, auzi luzeak egin izaten ebezan bertako Kantzilleria'ko Epaille Nagusiaren aurrean, etozan etxeoiñetako aitorsemetasuna guztiz egiztatu arte (6).

        Zeatz bat jakin bear da, baiña: berez euskaldunak odol-garbikoak izanarren, epai-arauz egiztatu bear izaten ebela norberaren aitorsemetasuna, legez arela izateko ta besteek arela ezagutzeko edo aintzat artzeko. Gerra jaunak, iru milla bederatzireun eta larogeita bederatzi (3.999) urentasun-epai aitatzen dauz Gipuzkoa'ko errietan, Oiñate'ko urikoak aipatzeke (7). Bardin jazoten zan Bizkaia'n bere, gauza zuzenik ezin esan dodanarren, ez dot egigai garbirik orain eskuetan-eta. Bestetik ezean, (eta nire azken-esan au egiztatzeko), Elorrio'ko Udaletxean bakarrik, 410 aitorsemetasun-epai ikusi dodazala esan bear; edo obeto esateko, 199 elorriotarrenak, eta 211 beste errietatik Elorrio'ra biziten etorri ta emen euren aitorsemetasuna egiztatu ebenenak (8).

        Oiñetxearen izenetik abizena artzen danez geienetan, mazmarroak abizenetik datoz. Beraz, oiñetxea — abizena — mazmarroa. Au dala-ta, euskal-mazmarroak jabearen izena adierazten dabenak dira geien-geienak, mazmarrolariek «mazmarro mintzalariak» (escudos parlantes) deritzenak. Euskaldunen odol-garbitasun eta abizen-ezaugarri ba, mazmarroak doguz.

        Eta noiztik asi ziran euskaldunek mazmarroak erabilten? Naparrek artu-emon aundiak izan ebezen Prantzia ta Alemania'z XI ta XII'garren gizaldietan; aldi onetan sortu zan mazmarro ertia bertako errietan eta andik sartu zan ona. Aitatutako artu-emonen agiria, in Excelsis Mikel Deunaren Elizako oltza edo erretabluan dago, eskola alemandarraren egintza bizia, Madrazo jaunak diñoanez (8). Gero, naparren eta aragondarren bitartez sartu zan Castilla-barrura, XII'garren gizaldi-asieretan.

        1239'garren urtean bere (9), ikusten dira euskaldun mazmarrodunak: maomarren aurka gudura joan ziranean, alkarren eta arrotzen artean norbere ezaupide izateko, norbera nor zan ezagutzeko erabiltzen asi ziranean. Arrezkero, norberaren jatorri-ezaugarritzat erabilliko ebezan, euren abizenarentzat artu, ta geroago, euren sortze edo oiñetxeko ormetan ezarten asi ziran. Ikusi daiguzan orain

 

        MAZMARROIZTIAREN EZAGUTZA BATZUK.

        Aundizki edo odol-garbikoen armak egiteko arauak emon, adirazi ta azaltzen dauzan ertia da MAZMARROIZTIA. Erderaz, «heráldica» eta «blasón» deritzo.

 

        MAZMARROA. — Sendi edo notin baten, edo edozein bazkun edo lagun-batzaren ezaubideak ipiñita dagozan iragarki edertu bat da mazmarroa. Marraztutako zati bakoitzari bere mazmarroa eristen yako; irudien onduan askotan ipinten dan idazkunari, goiburua. Antxiñako zaldunentzat, goiburua ta irudiak mazmarroaren arima ta gorphutz-antzu ziran.

        Notin, sendi edo bazkun baten ordezpena da mazmarroa; ta agaitik, «nortu» egiten dira, au da, norbait legez artzen dira, ta euren esker-eskuma aldea dabe; beraz, mazmarroari buruz, esker-eskumaz itz egiten danean, ez da norberaren esker edo eskuma artu bear, azaltzen dan mazmarro beraren esker-eskuma baiño.

        Mazmarro-ertia, Zarrizti edo Arkeologia deritzan adar bat da. Bere lege ta arauak, XII-XIII'garren gizaldietan agertu ta XVI'garrenean guztiz eratuak gelditu ziran.

 

        MAZMARRO-GAIAK. — Mazmarroen gai berezienak onexeik izaten dira: azaleko inguru edo ertzekera (contorno), zelaia (campo, mazmarroaren azpikorena), zelaiaren zati edo txatalak, esmalteak (margoa ta metala), eta irudiak.

        a) Ona emen ertzekera batzuk: godokera, espaiñola, prantzesa, inglesa, alemana, losankera, italiarra.

        b) Mazmarroaren zelaia, bederatzi txatal bardiñezkotan banatzen da, ta izen oneik dauz: erdikoak, goitik asita bera: burua (b), erdia (e) ta muturra (h); eskumakoak: aurreko eskuma-ertzea (a), eskumako alboa (d) ta muturreko eskuma-alboa (g); eskerrekoak: esan diran azken-izenakaz, eskuma itza eskerrez aldatuz (c, f, i). A, b, c alde lauari, aurrea eristen yako; d, e, f'ri, gorputza; ta g, h, i'ri, muturra. Ustarizko atalpen (divisiones teóricas) oneik, mazmarroa egiten danean irudiak euren tokietan ipinteko izaten dira; esate baterako: izar bat buruz, zugatz bat muturrez, arrano bat eskumako alboan... izar ori b tokian ipiñi bear izango da; zugatza, g tokian; arranoa, d tokian, eta abar. Ona emen zelaiaren banatzea:





abc
d?f
ghi

        Beste zati batzuk izaten dauz mazmarroak, egizko ta berretakoagoak: batekoitza ta alkartua. Batekoitzak, ez daroa iñongo zatirik; alkartuak, lerro atalkorrak (lineas divisorias) daroaz. Ona emen atal bardiñezko mazmarro alkartuaren amar era garrantzitsuenak: zatitua (partido), ebagia (cortado), moztua (tronchado), sakaildua (tajado), lau zatitakoa (cuartelado), sautorra (sautor edo en soter), bitan zatitua (partido en dos), bitan ebagia (cortado en dos), albotara irutan zatitua (terciado en banda), ta azkenez, lakaindua (gironado).

 

        ESMALTEAK. — Zelaiak daroazan menastak (metales) eta margoak (colores), esmalteak dira. Bi dira mazmarroetan izaten diran menastak: zidarra ta urrea. Margoak barriz, bost: urdiña (azur edo azul), gorria (gules), orlegia edo berdea (sinople), gorri-ubela (purpura), ta baltza (sable). Ingelandarrek, beste iru bere ipinten dabez: odol-antzekoa (sanguíneo), urre-sagarrezkoa (naranjado), ta kanela margoa (canela).

        Mazmarroak margoztuak diranean, bear diran margoak daroez; baiña marraztuak eta orman-edo ezarriak izan bear daitezenean, euren itunezko (convencional) tini (punto) ta marrakaz (rayas) ipinten dira. Esmalte oneik, bakoitzak bere esanaia dau. Esate baterako: urreak, txiroai lagundu ta errege edo agintari nagusiaren eta aberriaren alde egiteko betebearra adierazten dau; zidarrak, umezurtzak babesteko eginbearra; urdiñak, bere jaunari bereala laguntzeko bearkuna, ta abar.

 

        Beste IRUDI jakingarri batzuk. — Iru taldekoak izan daitekez: izadi, erti ta irudimen-irudiak. a) Ainbat eta ainbat dira mazmarroak izaditik artzen dauzan irudiak: meak, landarak, abereak, giza-irudiak, zeru ta lur-gaiak. Abere batzuk (leioak, leoinabarrak, arrano ta saiak, batez bere), askotan ez dira marrazten eurek diranez, mazmarro-eraz baiño, au da, okerrunez itxurabagaturik. Alkarri begira dagozanean, aurpegiz-aurpegi, buruz-buruko irudiak (afrontadas) deritze; eratsiak (adosadas), alkarri bizkarra emoten dautsenean; eskertuak (contornadas), mazmarroaren eskerretara begira dagozanean; erdi-egazabal (azoradas), egaz-zorian ipinten diranean; egazabalak (explayadas), mazmarroaren goiko aldera egaztiak euren egoak zabalduta ba'daukez; egazutiñok (pasmadas), egoak zabalik eta berantz ipinten diran egaztiak, arranoak geienetan; ikazle (rampantes), eskerretara edo eskumatara begira ta aurreko ankak jasota dagozanean; ibilkoi (pasantes), ibilten dagozanean; urtenkoi (nacientes, bere irudiaren goiko erdia bakarrik agertzen danean; aurkezte (encuentro) buru bat aurrez; gizen (cebado), abere bat arrapikiñez, eta abar.

        Giza-irudiak, euren esku ta arpegien berezko margoa daroe geienetan, eta gizaera (encarnación) deritze.

        b) Erti-irudiak, eliz-gauzak, jantziak, edertidi ta langintza-tresnak, izkilluak, etxeak, itxasontziak eta abar, izaten dira.

        c) Sarriagotan erabilten diran irudimen edo amets-irudiak, onexeik dira: leoia egoakaz eta arrano-buruaz; iransugea (narraztia arrano-ego ta leoi-atzaparrakaz); egodun sugea, arrain-emakumea edo sirena, zaldi-gizona (centauro), ta ab.

        Mazmarroaren gaiñekaldean doanari, buruoskola (yelmo) deritzo, ta iru zati daukaz: buruoskola bera (casco), txapelegala (visera) ta okotz-zapia (babera). Aldamenetatik dariola dagozan apaingarriak barriz, apaingailluak (lambrequines) dira.

        Esandako guzti oneik dira mazmarroak daroazan gauza berezi ta jakingarrienak; eta esaniko ok jakitea naiko izango da —geien-geienetan beintzat,— edozein mazmarrori buruz, erabilten diran tresna-izen, gai, itz eta azalpenak ulertzeko.

        Bere abizenaren Mazmarro-gaiari buruz, norbaitek zerbait jakitea nai izango ba'leuke, idatzi dagiala gure Aldizkariaren zuzenbidera, ta erantzungo dautsagu gogo onez.

        Ona emen orain, ulerbidez, ITURBE abizenari buruz, mazmarrolariek (heraldistas) dakarrena:

        Itzorkuna. — Iturbe: bajo la fuente, erderaz.

        Jatorria edo oiñetxea. — Abizen onek, Urretxua'n, Antzuola'n eta Elorrio'n egin ebazan etxeak. Eta toki askotan egiztatu eban bere aitorsemetasuna: Urretxua'n, 1637'garren urtean; Oiñate'n, 1694-urtean; Eibar'en, 1564'gn.; Segura'n, 1647'an; Elgeta'n, 1613'an; Bergara'n, 1773-urtean; Antzuola'n, 1679'gr.; Azkoitia'n, 1774'an; Elorrio'n, 1576'garren urtean, 11 ta 14'garren orriald.

        Mazmarroa. — a) Urretxua'koak: Zidarrezkoa (zelaia), koner-litsa (banda) gorriaz (goiko eskuma-aldetik beko eskerretara), zortzi puntako izar urdin bataz goiko esker-aldean. Orlegizko egala (bordura) urrezko bost txirlaz (iru goian eta bat beko ertz bakoitzean).

        b) Antzuola'koak: Mazmarro zatitua. 1.) urrezkoa, zugatz orlegi bataz eta basurde baltza, ibilkoi, zugatzaren zubil-beko aldean; 2.) gorria, zidarrezko torreaz.

        c) Bergara'koak: Iturbe-Jauregi izan zan etxeak: mazmarro ebagitakoa: l.) oraintxe esan dogun Antzuola'ko Iturbe'rena; 2.) Jauregi-Salazar'en armak: urrezkoa, zugatz orlegiaz, eta arrano baltz bat geldi zugatz-gaiñean egoak zabalik, eta zortzi izar urdin inguruan.

        d) Elorrio'koak: Orlegizkoa, urrezko iru gerrikoz (eskumatik eskerretara).

        Elorrio ta Durango'ko beste batzuek, urrezko iru gerrikoan erdi bietan, zidarresko lau txirla ipinten ebezan, erdiko gerrikoan sautor gorri bat ipiñiaz. Mazmarroaren buruan (b) eta muturrean (h) barriz, zortzi adarreko urrezko izar bat.

        Elorrio'ko beste batzuek: Urrezkoa, iru gerriko urdiñez (eskumatik eskerretara).

 

(1) Mazmarroiztiaren izen batzun biurpena adieraztea lenengotan, ondo litzake: Mazmarroizti: heráldica (in genere, como arte); mazmarro: heráldica (en concreto), escudo de armas, escudo solariego; Urentasun: nobleza (in genere); aitorsemetasun: nobleza vasca; odolgarbiko, uren, aundizki: noble, hijodalgo (en acepción general); aitorseme: vasco noble. «Ikurdi» itza, bere, erabilliko neuke «heráldica» esateko, zerbait zabaldua izan dalako, Bizkai-aldean beintzat; baiña itzbarri au alde batera kendu dot, Bidasoz-arantz «mazmarro» erriko itza dalako.

(2) «Corografía de Guipuzcoa», 1882'garren urteko argitaldiaren 121'garren orrialdean.

(3) Ikusi Aita Bernardino de Estella'ren «Historia Vasca», 202 ta 242' gn. orr.

(4) Foru-idaztia, V'gn. legea, I-idazb.

(5) Ikusi Estella'ren «Historia Vasca», 243 orr., ta J. C. Gerra'ren «Ensayo de un Padrón Histórico de Guipuzcoa», 5'gn. orr.

(6) Alfredo Basanta de la Riva'ren «Nobleza Vizcaina», 6'garren orriald.

(7) J. C. de Gerra'ren «E. de un P. H. de G.», 6'gn. orr.

(8) «Matricula y Padrón de los caballeros Hijos Dalgo de esta muy noble y muy leal Villa de Helorrio que se hizo el año de mill y quinientos y setenta y cinco.» Azkenengo aitorsemetasun-epaia, 1831-Iraillaren 3'garren egunean eginda dago.

(9) J. C. de Gerra'ren «Estudios de Heráldica Vasca»), 238'gn. orr. (10) Lenengo Teobaldo Naparroa'ko Erregeak, Paris'tik igaro zanean Gurutze-gudara joiala, oiñetxe ezaguneko laureun zaldun napartar eta euren mazmarroakaz eroan ebazan berakin, bere burua zaintzeko. (J. C. de Gerra'k, «Estudios de Heráldica Vasca», 241'gn. orrialdean.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.