L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Berriak—

 

Biotz-begietan olerkiak

 

U.

 

BIOTZ-BEGIETAN olerkiak, LIZARDI'tar XABIER, Aurre-itza: «Orixe»'k; apaingarriak, AYALDE'renak. Banaketa ta salgai: «Icharopena» argitarazlearenean, Zarautz, Gipuzkoa; Industrial Grafica Valverde, S.A. irarkola, 1956.

 

«Lizardi»-zaleok ezteietan gaude, aren olerki zoragarriak berriz ta berriz irakurri ta miazta baititzakegu, bigarren argitarapen oni esker. Olerkiok euskal-olerkari eder-bera ta erritarrik iakintsu ta bikainenak beti ere zenbateraino iaso ta zein goian euki dituzten ez da esaten errez. Gatozen, ordea, bigarren argitarapen oni buruz mintzatzera; Labayen'ek bigarren argitarapen oni buruz auxe dio bere oarrean: «Lizardi zanaren adiskide batzuek bigarren edizio au gertu dugu. Ta ez nolanaikoa; gaingaineko, apain eta bikain, pitxi bati dagokion bezelakoa». Ta ala da, izan ere, oraingo azalari ta edergarriei gagozkiela.

        Alare, zenbait oarkizun ezarri nai, nituke bigarren argitarapen oni buruz. Aurreneko argitarapenetik lau puska kendu omen dituzte, Labayen'ek dionez: «Yaun errukiorra», «Aldakeri», «Izotz ondoko iguzki» ta «Gure mintzo» olerkiak alegia. Ez da makala, benetan. Nere ustez, azkenengo iru olerkiok urre uts-utsezko puskak dituzute, ta ez zenituten kendu bear, inola ere. Ederrari gagozkiola, iru olerkiok ez diete zorrik Lizardi'ren beste olerkioi. Bestalde, «Arrats-Gorri» eta «Etxeko kea» eman dituzte UMEZURTZ OLERKIetatik artuta. Ageri danez, ez da bigarren argitarapen utsa, kendu ta geitu nai dutenez egin baitute oraingo argitarazleek. Nere ustez, ez da ori bide, olerkari zanaren baimenik bage egitea.

        Geigarri zurrian, beste oiek geitu bear zituzten, «Biotz-Begietan» olerkiei buruz emandako iritziak, alegia, olerkari zanak txukun txukun gordeta utzi baitzitun: «Orixe»k berak orduko egunerokoetan idatzi zitun iritziak, bere aurritza naikoa ez zala uste baitzun, antza, Iauregi'rena, «Zarralde»renal Etxegarai'rena, Lauaxeta'renak, Artetxe'rena, Olaburu'rena, Aitzol'ena, Zubimendi'rena, ta abar. Emeteri Arrese'k egin zion txartela ere oso iakingarri genukean, eta alde batera utzi dute oraingo argitarazleek. Lizardi zanak «Biotz-Begietan» argitara-ala, txartel zoragarri auxe iaso zun:

        «A D. Jose M. Aguirre

         Poeta vasco

        TOLOSA.

ori zuzenbide bezala, ta bestekaldean auxe zion Arrese adiskideak:

        «Agur, Joxe Mari

        Aberri-baratzako lorapilik ederrena «Biotz-Begietan» osatu dezun orri: olerki-txorta xamur, naro ta bikaina.

        Nere gogo-mitxirrikak or luzaro miztuko du, or izain bere gozartze geldi.

        Biotzetiko laztan bat esker-oneko naizen adiskide

        Emeteri'k».

        Olerkari batek beste bateri goratzarre oberik ezin opa. Garai artakoen iritzietatik zenbait puska artu ba'zenituzten, sarrera ederrena izan zezaketen oraingo irakurleek. Alare, eder-lanetan buru ainbat aburu gerta oi bait-da, ez da arritzekorik oraingo argitarazleen iardunbide au.

        Erabat esateko, «Biotz-Begietan» bigarren argitarapen onen azala ta edergarriak aintzat ditut, noski: Lizardi beraren olerkiak eun bidar aintzatago, aldizkari ontan agertu izan dugunez.

        Guk gaztetan irakurri genun gogoz ta egarriz irakurriko al dute oraingo euskaldunek liburu eder au.



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.