L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. iraila-urrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Euskal-eresi-zaharrak

(iarraipena)

 

Uarrain

 

Egun bereko alarguntsa.— Eresi au ere Zuberotarra dugu izenetik igarri dezaiokegunez. Izan ere, berak bakarrik erabiltzen baitute euskal-utsune aundi baten betegarri erderatikako atzizki polit au. Alarguna gizonezkoa ala andrazkoa den jakin nai ba'dugu, gizon alarguna eta andre alarguna esan bear. Zuberotarrak ostera, alargun eta alarguntsa. Ez ote luke euskerak galpide baiño irabaspide geiago arrotz jatorriko atzizki au ontzat artuta? Makiñabat atzizki erabiltzen ditugu erdal-jatorrikoak jakiñean edo jakiñezean batere bildur gabe. Zergatik ez bat geiago? Entzumenari etzaio gaitzi eta euskera bulko orren adierazteko bearreko dun terminoaz aberastuko genuke.

        Eresi unkigarri onen protagonistak Piarres Irigarai eta Gabriela Loitegi dira. Zuberoa'ko etxe leñargitako bi gazteok 1.633'ko uztaillaren zortzian ezkondu ziran. Eguerdi beteko zorion mozkorgarria naigabe osin biurtu zen eguzkia osertzean murgiltzearekin. Ba'ote erakuspen zirrara eragingarriagorik mundu ontako gauzen ezereztasuna eta irauneza adierazteko? Alare, lurrari ain atxikiak baigera, alarguntsak, kristau etsipenez labur, ezin eraman du ain maitagarri zitzaionaz bereiztea eta izanaren gorputza baltsamaturik, zazpi urtetan idukitzen du gizon illa bere gelan. Ona emen, eriotz izugarria ta senarrik gabeko etsitu eziña azaltzen dizkiguten bi ahapaldi zoragarriak:

 

                Goizian goizik jeiki nunduzun, ezkuntu nintzan goizian;

                bai eta ere zetaz beztitu ekhia jelki (36) zenian.

                Etxek'andere zabal nunduzun eguerdi erditan,

                bai eta ere alarguntsa gazte ekhia sartu zenian.

 

                Zazpi urthez etxeki dizut gizona hilik khanberan

                egunaz lur otzian eta gaiaz bi besuen artian,

                zitru hurez ukhuzten nizun astian egun batian,

                astian egun batian eta ostirale goizian.

 

        Undurain'go damaren eresia.— Nork eztu entzun euskaldunetan «Maitia nun zira» zuberotar abesti zoragarria kantatzen? Esan diteke, Euskalerri'ko koroak noranai aterata kanta-bearrezkotan daukatela, ain baita eder, ezti eta biotz-barneragarri. Alabaiña, gutxik jakinen dute abesti oni, letrari alegia, (doñua zaharragoa baita noski), sortzea eman zion ixtoria. Joana Undurain, kantagai onen protagonista, Hauze'ko Piarres Undurain eta Mayi Ziborotz'en alaba zen. Laruntza-Barretxe'ko seme leñargiak eta Joana'k alkar maite zuten. Mutilla, lege-gizon ospatsu zen baiñan, dirutan etzegon neskaren gurasoak nai bezain iori. Nunbait, onegatik, aitak ukatu egin zion baimena alabari Barretxe'ko gaztearekin ezkontzeko eta pentsamentu ori burutikan kendu erazteko komentu batean sartu zun. Orregatik diño mutillak itunki:

 

                        Maitia, nun zira?

                nik etzutut ikhusten,

                ez berririk jakiten,

                nurat galdu zira?

                        Ala khanbiatu da zure deseiña?

                Hitz eman zenereitan,

                ez behin, bai berritan, enia zinela.

 

        Mutillaren baitan erasoka ari diran kezka-axanpak aienatzearren, neskak, lengo maitasunean irmo diraula adierazten dio eta aita jotzen du alkarrekin ezin-egonaren errudun.

 

                        Ohikua nuzu;

                enuzu khanbiatu,

                bihotzian beinin hartu,

                eta zu maithatu.

                        Aita jeloskor batek dizu kausatu:

                zure ikhustetik,

                gehiago mintzatzetik,

                hark nizu pribatu.

 

        Ogeita lau urteak betetzearekin ordea, adiñoneko baitzen, Joana'k, komentutik itzul egiten du, kaioletik itzul egiten dun txori zoriontsuaren antzo, bere biotzeko maitasun egarriaren ase-miñez. Aitaren esanak ez dute geiago beragan agindu-indarrik eta arekiko lokarriak ausarki urratzen ditu: «Nik eztiket ordian (eztut izango orduan) aitaren axolik», aitortzen du neskak. Alabaiña, aitak barkatu zion bere pekatua alabari, pekaturik ba'zun, eta bere onespenarekin egin ziran ezteiak, 1.727'ko otsaillan.

 

        Beltzuntze'ren eresia.— Beltzuntze izena Benaparroa'n elezahar usaikoa dugu. Gaston zaldun izukaitzak erensuge ikaragarriaren odolez bere sort-egoitza leñargitu zun ezkeroz. Emen, ordea, ez gagozkio elezaharreko Beltzuntze'ri. Alabaiña, au ere, ura bezala, gudari izukaitz zen eta oraintsu aldikoa izanarren, adar artakiko puja berri ote den, gagozke.

        Armando, Beltzuntze'ko irugarren bizkondea, 1.723'gn. urtean jaio zen. Gudaritza ogibide aukeraturik, Hannovre'ko jatzarran nabarmendu zen eta Hastenbeck'ko gudaldian heroe omenez bete. Sajonia'n bere izena bildurgarri biurtu zen etsaiarentzat. Egintza guztioen sarigarri teniente-jeneral maillara igo zuten eta Santo Domingo ugarteko gobernadore izendatu.

        1.763'gn. urtean, gudu nekeaz atseden artzeko, Mehaire bere jaioterrira eldu zen eta egonaldi ontan, koblakari itxu batek kantatu omen zitun bere omenez zenbait ahapaldi. Emen, zortzigarrena aipatuko dugu soilki, bera baita zalantzik gabe orotan ederrena, txairoena eta esakorrena. Itz gutxi, baiñan aietxek aberatsak, erabilli oi ditu bertsolariak Beltzuntze'ren doairik bikaiñenak oparo agertzeko.

 

                Beltzuntze'ren izena

                eta aren omena

                urrun da edatzen,

                Erregeren gortetan,

                iri ta kanpañetan,

                nork ez du entzuten

                Beltzuntze'z mintzatzen?

 

        Ez ote, apika, ahapaldi au gure erri-literaturako lilirik ederrenetako bat? Ba'ote diteke, xaloago, nasaiago, egokiago, giartsuago, ozenkiago, eta errigiroz igurtziago ahapaldi bat molda? Lenengo gudateko karlistak bear bestean ederretsi zuten ahapaldi au eta egoaldeko Euskalerria'n barrena zabaldu zuten Beltzuntze'ren ordez Zumala izena ipiñita, euren gudalburu ospatsu Zumalakarregi'ri ala esaten baizioten, euskaldunok barruan daramagun izen-laburmiñak eraginda noski.

        Luzaroan jarrai genezakean gure eresi zaharrok aztertuz eta ederretsiz, baiñan nire asmoa oparo bete dutala derizkiot, lan ontan murgiltzerakoan, gaurko gizaldi gazteari gure kanta zaharren berri laburki ematea jo bainun elburutzat.

        Sakonago ikasi nai dezanak gai lilluragarri au, jo beza Juan Carlos Gerra'ren liburu mamitsura, an, iñun ez bezala izanen baitu aukera gure kanta zaharrak zer ta nolako diran ezagutzeko, baiñan, ediziño au aspaldian aituta dagon ezkero eta gure ixtori-kantuok auts-tartetik aterata gaurko gizaldi berriari jakiñeraztea bear-bearreko etsiturik, Gerra'ren liburutik eresirik ernegarrieank bildu ditut eta Arrasate'ko seme leñargiaren iritzeaz gaiñera gureak osaturik, beztu ditugu nolabeit ere beztu bear zutekean paperok.

 

Donosti'n, Garagarrillan, 1.954.

 

(36'garren arteko oarkizunok itzuri egin zitzazkigun aurreko zenbakian)

 

(23) Gaiztoki.

(24) «Los Cantares antiguos del Euskera», 42'gn. or-ald.

(25) «Los Cantares antiguos del Euskera», 53'gn. or-ald.

(26) «Los Cantares antiguos del Euskera», 63'gn. or-ald.

(27) Gaztela'ko Jaurerri edo Erresuman.

(28) Suma de las cosas Cantábricas y Guipuzcoanas.

(29) Compendio Historial de Guipúzcoa.

(30) «Los Cantares antiguos del Euskera», 92'gn. or-ald.

(31) «Dejación y final», Aratia'n. Ikus Cant. Aut. del Eusk. 110 or-ald.

(32) Ona beste xehetasun bat; euskaldun jator batek «Erroma'ko» esango luke nai ezian ere, eta neurriak galerazi ezkero, emen bezala, bertsoa beste era tajutu.

(33) Beste euskal-utsegite bat; «cada cual» (activo) norberak edo noberak da. Euskaldun jator batek, erderaz kutsutu gabeak, alegia, ez du sekula tankera ontako utsik egiten.

(34) Mayi'ren aizpa.

(35) Nire gorputzaren billa etor dedilla aguro.

(36) Eguzkia atera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.