L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. iraila-urrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Enea'rena

 

 

Virgilio

 

euskaratzailea:

Otarri

 

I KANTUA

(iarraipena)

 

Ta au, iñoiz zuk, Sortaldeko garaitz-irabazkiz ornitua, keinka, dei dagiokete. Ordun, gudaketak utziz aldi latzak sabildur gabe artuko duzu zeru-goian, ta gizonak oneri ere, es murtuko dira; legeak emango dituzte Siiste ille-zuriak eta Besta'k, bai ta Kirin'ek ere bere anai Erremu'kin naste; Guda'ren ate ankerrak burniz ta zarailla estuz itxiko dira. Sumin zitala, barnean, izkillu gaizto-beltz gaiñean eserita, eun galtzairuzko lokarriz atze aldetik korapilloturik, murruza dagi aotik odoljario.»

        Au dio, ta Maia'ren semea bialtzen du goitik, lur-inguru ta Kartago berriko gazteluak iriki zitezen, Teukro-yarrai abegi ona egiñik: Dido'k, doa ura, goi zabal zear, egoak arraun, ta beingo batean Libi'ko ondartzetan kokatu zan. Laster betetzen du ark bere eginkizuna, ta Kartago'tarrak, Jainkoak ola naita, biotz-samurtzen dira kaltzen da teukrotarren zorigaiztoz.

        Enea ona, berriz, gau guztia pentsaketa ugariz igaro arren, egun-argia, bizitz-ama, agertuko danekoxe, jaiki ta lurralde aiek ezagatu nai ditu; zeintzuk ziran aizeak ekar-erazi zitun ur-ertzak; nortzuk ango biztanleak, eta dakusan guztiak basamortu antza dun ezkero, gizonak ala piztiak diran jakin naidu, ta lagunai iragarri ikusia oso. Aitz sabel zapalpean, oian tringu zugatz ta itzal izugarriz itxian, gordetzen du ontzidia; ta oiñez doa gero, Akate bakarrik lagun; biak eskuan dituztela mutur burnidun gezi dardari bana. Ta basoaren erdirantza, bere ama agertzen zaio, neskatx jantzi ta irudiz: Esparta'ko neskatxa ematen du izkilluz, edo-ta Treisa'ko Arpalitze, zaldiai eragiñaz, Euro lasterrari ere igesean aurrea artzen diona. Izan ere, orrela oitura du-ta, lepotik txintxilika daroa, eiztari bai'litzan arranbel ariña; illeak, berriz, nasai aizeari emanak; belaunak utsik, eta soiñeko arroaren alozak korapilloz bilduta. Bera mintzo zaie lenbizi: «Kaixo, gazteak: esaidazute, otoi, ikusi ote duzuten emen, ara ona, nire aizparen bat, gezi-ontzia aldean ta larru nabar antzeko jantziaz, edo basurde lerdetsua atzeman naian oiuka.»

        Venu'k onela; ta semeak jardetsi zion: «Ez dut ba, zure aizpaon otsik entzun izan, ez iñor ikusi. Oi neskatxa, zein izen emango dizut? zure arpegi ori ez bai dirudi ilkor batena, ezta abots ori ere gizakiarena. Jainkosa zaitugu, nai ta ez Pebo'ren arreba ote? Ala Ninpaen odoletiko? Zerana zerala, lagun zakigu, arren, ta gure ibil-bidea lasaitu; esaiguzu, bai, nungo ortzipean gauden, zein munduko alderditan gabiltzan aldarrai. Emen ez dugu, ba, ezer ezagun ez toki ez gizon: bide okerrez bai gabiltza, aize-ekaitz zakarrak oko ontara jaurtita. Zure omenez, geure eskuak zauriturik, opari-gai asko jausiko dira zure opa-mai aitziñean.»

        Orduan Venu'k: «Ez naiz, iñolakoz ere, orren dedu-gai. Tiritar neskatxok ba-dugu oitura, bai Lezi-ontzia erabilteko, bai oiñetako gorri apain-goituak jazteko. Dakuskizun lurralde auek kartagotar ta tiritarrenak dituzu, ta uria Agenor'ena; mugateak, berriz, libitar enda oker ta guduan oso biotz-gabeenak. Dido, bere nebagandik igesi, Tiri uritik ona iritxikoaren mende daukazu enderri guzti au. Aundia noski ari egindako iraiña, ta zaillak esateko beraren gora-berak; baiña gauzarik irtenenak esango dizkitzut laburki. Sikeu zan emakume onen senarra, penitzi'arren artean aberatsena: oso maite zuten alkar. Aitak ikugea eman bait-zion Sikeu-ri, lenengo ezkontz-egunak zoriontsu igarorik. Baiña Dido'ren neba Pigmalion zan Tiri'ko errialdeetan agintari, makur gaiztoa oso, lur gaiñean beste iñor ez lakoxea. Ezin ikusiak alkargandik urrundu zitun. Eta Pigmalion dongeak, urre-miñez itsuturik, opalmai beraren aurrean erail zun ixil-gordeka Sikeu zur-eza, arrebaren maitasunari muzin egiñaz; ta luzaro gorde zun aizeri maltzurrak egindako likiskeria, bai ta aitzaki-maitzaki itxaropen zoroz ziria sartu ere arreba maitale gaixoari. Bein, ala ere, ametsetan, senar eortz-gabearen sunbilla agertu zitzaion; arpegi laru zulagarria jasorik, opalmai odoldua ta bular burniz zauritua erakutsiaz, etxeko beltzkeriaren ixil guztia oso-osoan iragarri zion. Igesari emateko diotsa, aberri-mugak utzirik; eta, bide-aringarri, aspaldiko altxor ezkutuak ateratzen dizkio zoko batetik, konta eziñalako urre-zillar meta. Dido, oiekin biotz-ikutua, igesari emateko asmuz, bidelagunak gertatzen ari da. Ta or laster bilduta etoia begitan zutenak, edo-ta bildur latza ziotenak. Kaian gertu zeuden izontzi batzuek ere berengandu ta urrez bete zituzten. Or itxas zear Pigmalion zekenaren ondasunak, eta emakume bat dugu eginkizun ontan buru dana. Orain dakuskizun toki auetara, ots, arresi garaitsu ta Kartago berriko uri indar-kementsu ontara, etorri ziran iges zoaztenak. Eta zezen baten larruz artu zezakean lur zatia erosi zuten: ortik gero Birsa izena. Zuek, ordea, nortzuk zerate? zein itxas aldetik zatozte? edo norunts zoazte?»

        Enea', intzirika ta barrenrdiko mintzoz, onela erantzun zion: «Oi jainkosa: gure neke-arazoen gora-berak asieratik esan bear ba'nizkizu, etzenuke baldin bada entzuteko astirik izango, jazoak oro iragarri orduko Arratsak eguna iruntsiko luke-ta. Gu Troia'tik —entzutez bederen Troia ezagun al zaizu— ekaitzak ekarri gaitu adu-eragiñez, itxasoetan barna, Libi'ko ur-erts auetaraiño. Enea nauzu, biotz-bera, izarrez goitik aipua dutana; etsaien eskutik onez ateratako etxe-jainkoak nerekin daramazkit ontzian; Itali, ene aberri, billa nabil. Tzeu garaiaren endako au, Prigi-'ko ditxoan itxasoratu nintzan ogei ontzikin; ene ama urtzitarra biderakusle nula, gertatuko aduei jarrai izan diet; ogei ontzietatik ozto ditut zazpi, ta auek ere baga ta ipar zakarrak naiko erbalduak. Nerau ere, ez-ezagun ta beartsu, Libi'ko eremu zear nabil, Europa ta Asia'tik iraitzia.»

        Etzun Venu'k biotzik intziri geiago entzuteko, ta ala-jarduna etenik, onela diotsa: «Zerana zerala, urtzitarrak gaizki ikusia ez beintzat, nik uste, bizitz-aizea arnasten duzu, Tiri'ko urira eldu bait-zera; zoaz ba orain; zoaz emendik erregiñaren atariraiño. Zure lagunak onez atera dira, osasunez daude, neuk diotsut; aize zakarrak baretu dira, ta babes onean aurkitzen da zure ontzidia. Gurasoak erakurtsitako azti-jakintzak ziririk sartzen ezpa-dit beintzat. Begira or amabiko antzar-sail atsegintsua, Tzeu'ren egaztitiak, goi urdiñetik jetxirik, ozkarbitan nasi-erazten zuna: orain errezkada luze baketsuan lurra artu dutela dirudi. Edo-ta artua utzirik, berriro egaz dagitela; arrisku gabe, egats-oska jolas dagite; bai, kanta-urubi ari dira, saldoan goiak arturik. Era berean, zure ontziak eta zuretarren gazteak onezkero kaiean daude, edo kai-agora iritxi zori, ontzioialak aizetan zabal. Zoaz, bada, aurrera, zaramatzan bideari ekiñik».

        Au esan zun, ta alboratzean, larrosazko lepoak dizidiz egin zion, illemototsetik ere olako usain zorakorra zeriola: oiñetaraiño erortzen zitzaion jantzia, ta ibilkeran egiazko jainkosa ematen zun. Enea, ama ezagutu zuneko, deika así zan, iges zijoanari esanaz: «Zergatik, zuk ere biotz-ikol orrek, iruzur dagiozu seme oni, ainbeste gazur-irudiz jostaketan? Zer dala-ta, alkarri eskuiña eman ez? Zer dala-ta, alkarri entzun ta erantzun ez?» Onelako ala-geziz ama zauritzen dularik, muruetara doa urbilduaz. Baiña Venu'k, egurats beeltzez estaldu zion bidea, ta laiño nasia ixuri inguruan estalki antzo, iñork ez ikus, ez iku, ez bidean berant-azo, ez etor-zioaz galdegin dezaien. Bera osbai du jauretxea, antxe eun opari-mai ere. Saba'ko kedats usai jario, ta loretxorta bildu-berriz apaindua.

 

(jarraitzeko).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.