L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Euskeraren altxorra

 

Kapanaga'tar B.

 

Oraiño urte gutxi dala, izan danik euskaltzale bikañenetariko bat, betiko yoan zitzaigun: Azkue yauna. Berak egin zun euskel-itzen billatzea ta auen atontzea bere Iztegian lan ikaragarria da noski; gizon batek egiña dala, eziñezkoa dirudi; zenbat urrats, zenbat itaun edo galdera, baita zenbat aspergarrizko izketaldi egin bear izan ote zitun, berak ain maite zitun bitxiok aurkitzeko ta atondu ondoren, altxor bikain ori, bere (ta gure) izkera kutuna, oso-osorik ondorengoeri uzteko; berari esker (geienbat beintzat), geroztik edozein itz izkiratua idoro dezakegu.

        Arestian, arriturik gelditu naiz, bere aster-lana norañokoa izan zan yakitean: euskal-pizkunde berri onen giroa berotzeko, an-or-emen aurkitu bagerik gelditutako itzen billatze bat egin bear genula esaten nien laguneri ta erabatez gutxi entzunak ziran itzen izenak arretaz gogoratzen asi nintzan; auen artean, zaar antzeko itz bereizi bat, oroimeneko xokoan ondo yagona, oroitu zitzaidan. Aditz eder ori, umearoan amonari entzuten nion; beste iñori ez diot iñoiz entzun ezta iñun irakurri ere, baiñan gogo barnean ondo gordea neukan: intzigidu. Gure amonak «intzigiu» esaten zun, baiñan bere aboan, du atzizkia maiz u egiñik gelditzen zan, erderatiko aditzetan batez ere: mogiu, sentiu, segiu, e. a. (Bizkaian: mogitu, sentidu ta segidu). Ala ere, guk, intzigidu erabiltzen genun berakin izketan: «amandrea, norgaitik esan dozu diruari intzigiduta dagoala?» «Urlia gaitik», erantzuten zigun berak biziki. Gure amonak, bazeukan euki ere alako itz egiteko tayo bereizi bat da erriko beste zaarrak erabiltzen etzituzten itz asko ere erabiltzen zitun ¿nondikoa ote bereiztasun ori? Bere ama, Arratia'koa izan bide zan...

        ¿Albo-errietako zentzaiñen batek asia ote zan? Berak neskametzan edo ikasia ezin zitekean izan itz-tankera ori, zeren bere aizpak ere, tankera bera zuten; beraz, amarengandik edo sendiko beste zaarren batengandik, edo ta zentzain edo iñuden batengandik artua izan bear bereizitasun ori, baita aipatzen dugun aditza ere (erriko tankera zaarren ondar bat izatea ere baliteke). Gaur bizi balitz! zenbat gauzatzaz galdera egingo nioke amona maiteari!! baiñan galtza-motz nenbillela. Orril bateko egun beltz batean, elurra mara-mara ari zalarik... lotan gelditu zan betirako. Geroztik, ez diot entzun iñori aditzorren izenik; bat ezik, bere seme-alabak bera baño lenago il ziran (ene aita ere bai) ta guk ez genun erabiltzen; baiñan bere oroiz ari giñanean, bere esakere'atik bereiziena (itz au) etzitzaigun aanzten. Orrelaxe oartu nintzan beronen garrantziatzaz; eta bitxirik ederrena baño ederretsiago, gogo barnean gorde nun, Euskaltzaindi'ra edo beste nunbaitera igortzeko asmotan. Baña iñora bidali baño lenago ondo yakin nairik, iztegi batsu arakatu nitun itzaren lorra zik idoro bage. Bein, adizkide batek, Azkue'n Iztegia utzi zidan eta bereala irigi nun, bere orrietan aiputako aditza-en asterrenik ba-ote zan yakiteko urduri; ta ain zuzen ere, antxe zegon: «intzigiu = inclinarse, enamorarse».

        Nondik norakoa ote? Azkue yauna, gauzak argi ta garbi atontzen arduratu zan berebiziko zurtasunez eta egoki adierazten zigun, itza idoro zun tokia edo erria zein zan: Otxandio (ots) au irakurtzean, arriturik oartu nun euskaltzale zintzoaren aster-lana zelango zeatza izan zan eta bere urratsak, irudimenean ikusi nitun: gure amonak arrozteki bat zeukan Otxandion, antziñakoa, zaar usain eta erri-kutsuduna; bertan gelditzen ziran errira eltzen ziran arrotzik geienak: uritarrak, apaizak, pelotariak, sal-erosleak (batez ere aberedunak) eta inguruetako artzaiñak; errian ziren zaar «xelebreak» (lanean zuriak, esatari onak eta pattar usaiña itzal edo geriz bezela zutenak) an egoten ziran edonoiz, kontu kontari, yokoan lagunik zanean, aurrean zuten edontzikoa gurtze bezela iñoiz, arrotzeri erriko berri emateko gertu noiznai ta len-aldiko yazoak oroitzen beti; auetarikoak izaten ziran gure amonaren etxean biltzen ziran gizaldiak; aldi artan umea nintzan arren zerbait oroitzen naiz oraindaño; toki artara, gutxi yoaten ziran arrotz erdaldunak eta oitura berridun gazte kazkariñak; etxe arek, izakera bereizia zeukan, danak sendiko egiten zituana ta etxeko biotza, giro orren sorterazlea, etxekoandrea zan: soiñez txikia, arpegi polit ximurra, ta bere begi bizkorrak iragartzen zuten legez, setaz eta izkeraz txinparta bezelakoa.

        Gustiak ziñotenez, arazo artarako berdingabea zan gure amona; ta yendeeri laket zitzaien bere irudia; inguruetako artzain txurrutada bat egiñez atsotxoaren agur txeratzua entzutea atsegin zitzaien; baita uritik zetozten gizon aundikieri ere «berori» gooa entzutea.

        Gure Azkue yauna bere aster lanean Otxandio'ra eldu zanean, toki artara yoango zan eskierki, egokiagorik ez bait-zan erri guztian; irudimenez dakust, sukaldeko txitxilloan yarririk «etxeko bezela» (etzun nai izango goiko yan-tokira yoaterik); ¡zenbat eta nolako giz-irudiak eseri ote dira txitxillo artan! Egun artan ere, an egongo ziran esierki Txomin «Txotxiko» ta Barbara «Auzpo» edo beste txurrutarien batsu; apaizak, bazkaria yanez, oien griña zirikatuko zun: berriketa. Ta onetzaz ta orretzaz ari izango ziran; amonak, sutako ta maiko arazoak egiñez, besteen berriketari ere yamongo zion; apaizari berak oi zun bezela, «berori» gora ta «berori» bera ariko zitzaion; alako batean, zerbait gogorra entzunik, bizkor ta sutzu sartuko zan tartean: «Yauna, ez beie egin yamonik, berorrek ez daki nolako yendea diren onek; itz ederrak, baña egite mukerrak; diruari intzigiduta bizi diren dollor batsu dire ta! amaka onelango bada munduan!»

        Azkue yaunak irribarrez erantzungo zion esataldi orri, baiñan bere barnean, entzundako itz ezezagunaren otsa burrundaraka zuelarik. Pozez ta urduri galdera egingo zion: ¿......? Amonak (nola ez) adieraziko zizkion aditzaren esanaiak: diruari..., dirura..., diruagaz intzigiduta; alkarri..., alkarrekin..., alkarregana intzigiduta; biziari (bizitzari)..., lurrari..., munduari intzigiuta. Azkue yaunak, ondo oldoztu ondoren, ezarriko zizkion itzulpenak: «inclinarse, enamorarse»; ez dago gaizki, baiñan alaere, nik beste auek ipiniko nizkioke aurretik: aferrarse, cegarse. Ageri danez, guztiok esanai antzekoa edo dute, baiñan orok zeatzago adierazten dute aditz onena, ene ustez beintzat; beraz, asmorik onenez iragartzen dut, euskeraren eta euskaldunen aberaztasunerako izan dedin.

        Azkue yaunak, beste aunitzen artean, erakutsi zigun yarraibidea; yarrai dezaiogun.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.