L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. Epaila-Iorraila) —<eugo3524>




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, galde, iruzkin eta berri

 

.— IRAKURLEARI GALDEKIZUNAK

Gure lana gero ta onuragarriagoa nai genuke euskera iraunerazi, edertu ta zabaltzeko. Irakurleek ditugu ortarako laguntzailerik oberenak. Ori dala-ta, erizkizundi au antola dugu. Irakurleen erantzunak nai genituke.

1.— «Euzko-Gogoa»'ren arpidedun ote zaitugu? Noizdanik?

2.—  Ondo artzen al duzu gure aldizkaria? Zure inguruko beste arpidedunak ere bai?

3.—  Euskera iraunerazi, edertu ta zabaltzeko, bide onez ote doa «Euzko-Gogoa»? Edo ta bidea aldatu bearra ote dugu, zure gardiz?

4.—  Zer deritzazu aldizkariaren era berria? Mamiz? Azalez?

5.—  Zure iritziz, nola obetu dezakegu gure aldizkaria?

6.—  Errez ote da zuretzat «Euzko-Gogoa»'ren irakurtzea? Zaila ote? Eroso?

7.—  Argiratzen diran gaietatik, zeintzuen zaizkizu gogokoen?

8.—  Zein beste gai arkitu nai izango zenuke gure aldizkarian?

9.—  Zer deritzazu agertzen diran gaien banaketa?

10.—  Zenbaki bakoitza osotzen duten lanak, naikoak ote ieki baterako? Ala gutxi? Geiegi apika?

11.—  Itz-lauz batez ere egiten diran lanak, nola izan bear izango lukete zure aburuz? Luzeak? Laburrak? Sakonak? ariñak?

12.—  Itz-neurtuari emandako tokia aski ote? Ala gutxi?

13.—  1956'garreneko bilduman, zeintzuek dira idazleen artean zure gogokoenak?

14.—  Aldizkaria, osoa irakurtzen al duzu? Noiz? Jaso bezin laister ala tarteka-marteka?

15.—  Gure aldizkaria irakurriz, zure burua euskeraz yantziagoa egin al duzu gure Erri'aren onerako?

16.—  Entzuten al duzu «Euzko-Gogoa»'z mintzatzen? Nola?

17.—  Ezagutzen dituzun «Euzko-Gogoa»'ren irakurtzen artean, asko ote dira ikasiak? Karreradunak?

18.—  Erri arruntak ezagutzen al du «Euzko-Gogoa»? Zer deritzazo?

19.—  Euskaldun jatorrak ontzat artzen al dute? Eta euskaldun berriak?

20.—  Emakumezkoak irakurtzen al dute gure aldizkaria?

21.—  Ezagutzen al dituzu zure inguruan «Euzko-Gogoa»'ren irakurle asko? Arpidedun? Arpidegabe?

22.—  Egin al duzu zeuk arpidedun berriren bat?

23.—  Nola egin diteke gure aldizkari onen zabalkundea? 24.— Nola ugaritu ditezke arpidedunak?

24.—  Urteko arpide-saria ordaintzeko biderik ederrena zein deritzazu?

 

        Erantzunak bidali, alik eta zeaztasun aundienaz, aldizkariaren zuzenbide auetako batera: Calle Gmo. Franco, 52. 2°. izqda., Mondragón (Guipúzcoa); edo: «Gaby's Cottage», 16, rue d'Aillet, Biarritz (B.P.).

 

.— Gipuzkoa'ko D.'tik M.'tar L'k galdetzen ditun itzok onela esan ditezke euskeraz:

        hemisferio oriental: SORTZALDE-ALDERDI, SORTZALDE.

        hemisferio occidental: SARTZALDE-ALDERDI, SARTZALDE.

        missing link: OBO GALDUA.

        miosotis: XAGU-BELARRI, Ebangeline'n erabili nun.

        pirámide: TXUNTXUR, GABIKO.

        disco: TXIRRIKA.

        ángulo: UKONDO.

        casa troncal: BELAUN-ETXE.

        la generación del 98: 98'GARRENEKO BELAUN-ALDIA, 98'GNEKO GIZALDIA.

        sub dio: OIAL URDINETAN.

        amicus Plato, sed magis amica veritas: LAZTAN DUT PLATO, LAZTANAGO, ORDEA EGIA; ADISKIDE DUT PLATO, ADISKIDEAGO, ORDEA, EGIA; EZ DA EGIA BEZELAKORIK, esango luke gure erri xeak.

        tomate: TINTIN-GORRI, Donosti-Loiola'ko Muxika arotz adiskideari entzuna.

        azafrán: HUPA, Oidipu Kolono'n erabili nun.

        ponerle a uno las peras a cuarto: BURUA BI BELARRIEN ARTEAN EZARRI.

        sacar la tripa de mal año: BETEKADA BAT EGIN.

 

.— «Euzko-Gogoa»ren arpide-saria ordaindu izan balin ba'duzu, eskarrik asko. Ta ordaintzeko asmotan balin ba'zera ere, aldez aurretik eskarrik asko. Norberak bere errietako ordezkariei giro-postalez-edo ordain dezake. Ikus aldizkariaren barneko azalean ordezkarion izen-zuzenbideok.

 

.— «EUZKO-GOGOA»REN ALDEKO ATABAKA: Zortzigarren urtean gure aldizkaria asi-ala, «Euzko-Gogoa»ren aldeko atabaka bat agertu da, ta euskaldunik dan toki guzietan aldarria egin nai genuke. Erriko seme guziak poztu bide dira ta bakoitzak bere kitatxoan eta bere ginoan atabakan sartuko dute betetzeraino. Urteko edo ileko egun beteko irabazia emanik, zilar zuria ta urre gorria erruz bildu dezakegu euskeraren onerako. Alde-aurrez guziei eskarrik asko, baitik bat, orain arte lagundu digutenoi:

        Bizkai'ko abade gazte batek 500 laurleko.

        Bilbo'ko euskaltzaleek 500 laurleko.

 

.— Ameriketako Bogota'tik Batiz A. karmeldarrak auxe idazten digu: «Bai al dakizu Bogota'ra igorri zenizkidan banakoekin zer egin nuen? Uri aundi artan ezagutu nun euskaldun sendi iator bateri eman nizkion, guraso ta aurtxoek ere euskeraz irakurtzeko zertxobait izan dezaten. Ta aien poza «Euzko-Gogoa» ikustean! Izan ere iatorra da Zubizarreta donostiar bikainaren sendia. Kalean, naiz ikastolan bere aurtxoek beste lagunekin erdera darabilte; baina etxean itz bat ere erderaz esatea eragotzita daukate, bai guraso, bai umeen artean. Zubizarreta eta bere emaztea bezelako sendi aski ba'lego lurbira zabalean diran ainbeste sendi euskaldunetan, euskera azken-epai egunerarte bizirik iraungo litzake. Ta ez orain bezela erdi-illa edo il-zorian, bizi indartsuaren iabe baizik eta Euskalerrian bertan ditun eragozpen, naiz iazarpen guzien bildurrik bage. Ikusgarria eta entzungarria egitan Zubizarreta gurasoak eta bere lau seme-alabatxoek Bogota uri aundian euskeraren alde dagitena. Igandetan mezatara doaztenean, bakoitzak bere euskerazko meza-liburu polita eskuetan eramaten dizu, gurasoek Orixe'ren liburu ederra ta iru nexka ta mutil kozkor bakarrak beren idaztino polita bakoitzak.

        Egin dezatela beste orrenbeste, Caracas urian, Mexiko'n, Buenos Aires'en edo Bilbo'n, edo Donosti'n edo Gazteiz'en edo Iruna'n bertan diran sendi euskaldunak eta euskera zaarra gaizka degula uste dut. Zer derizkiozu? Ez al da auxe euskera maitaleei esateko berririk pozgarriena? Ta olako guraso ta aurtxo euskalzaleen billa gabiltza bai zu ta bai beste euskeraren maitale pilloa ere. Ez al da egia?»

 

.— IAKINTZALE BATERI ERANTZUNA: Aldiz aurretik Jaungoikoak giza-gogoak sortu izan zitula uste izan zun Augustin Elizako Guraso ospatsuak, Origene'ren arabera, ots, ludiaren edesti-asiera-ren aurretik sortu zitula. Uste au astandu egin zuten Vigili doipuruak (540 g. urtean) eta Braya barrutiko eliz-batzarre txikiak (501). Gaitzespen orrek ordea, etzun io zuzen-zuzen Origene'ren ustekizun ori, eratxikia zioten beste ustekizuna baizik, alegia, giza-gogoak soineratu baino len ogen egin zutela zion ustea gaitzetsi zuten, eta ogen orren zigorragaitik giza-gogoak soinekin bat egin zutela zion ustea, ain zuzen ere.

        Egia esateko, Toma deunaren ondoren, teologilariek eskuarki, aurra biztu-ala giza-gogoa Jaungoikoak sortu ta soineratzen dula irakasten dute. Beraz teologilarien agizko irakatsia duzu ori, ez, ordea, Elizak irakasten dun egia sinetsi bearra, antza. Arrezkero, giza-gogo aurrez sortuak bizi diran ustekizuna ontzat artua izan diteke, giza-soinekin bat egin baino len ogen egin zutelazko ustekizuna bazterreratu al izan ezkero. Orra nire ustea argi ta garbi aditzera eman, eta itzen esannaia neurtuta, gainera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.