L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. Orrila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Lear Errege

(King Lear)

 

William Shakespeare

 

euskaratzailea:

Larrakoetxea'tar Bedita

 

Larrakoetxea'tar Bedita'k euzkeraratuta.

 

Sarrera

 

Irakurle maite, eutsi euzkeraz Shakespeare idazle andi-argiaren «Lear Errege» antzerkia. Au nire bigarren semea yatzu, zarrena «Maebeth» izanik. Berau irakurri-ala amaikatxo gauza eder-zoragarri aurkituko dozu zure gogoa bein pozez ganezka, ederraren ederrez zorabiauta yarteko, bein, bildurraren bildurrez, zure soin-gogoak ikaratzeko. Bein zure biotzaren taupadak geiago yasan-ezineraño eldu daitezanean, or agertuko yatzu Ergela, bere tentelkeriz ta esakera barregarriz, zure biotz ler-eginbearrekoari barrien-barri atsedena ekarten. Aurbera gorrian, armol-arterik armol-arte, orroaka, ta aurkitzen dauen oro aurrean dakarren errekea be otzanduten da beko ibarreko zelai-unera eldu tu, erreka-baztarreko altz eta albitzai leun-leun mun egiten dautsenean eta an izten dautsez zarramarrak euren ongarritzat.

        Bere izenetik susmau zengikeanez, antzerki enetako antzerki-notinik urtenena Lear Errege yatzu, larogei urteko agurea. Lear au gizon on, aita maitati ta errege biotz oneko yatzu, bere menpekoak maite-maite dabe-ta. Beste aldetik, zartzaroak txakilduta-edo, zurtasun gitxi erakusten dau ta erabagiak arinegi ta itsu-itsuan artzen dauz. Lear Biritanderri'ko bakaldun yatzu; iru alabaren aita da; zarren biak, Gonerile ta Erregane, ezkonduak dira: zarrena Albani'ko Dukeakin, bigarrena Kornuol'go Dukeakin. Gazteena, Kordele deretxona, ezkongai da ta bere eskuaren billa Borgoña'ko Dukea ta Pantze'ko errege-seme dabiltz aspalditik.

        Lear zar-zarra da-ta, agintzea ta lurrak bere alaben artean benandutea otu yako; otu ta egin, baña nori zer emon erabagi-aurretik zein alabak maite dauen geiago yakin gura dau. Alabarik zarren biak iñondiko zurikeriz irabazi dabe aita buruz txakilduaren biotza ta aitak bere bakalderritik iruren bana emoten dautse. Gure Lear'ek alabarik gazteena dau maiteen izan, baña onek, orretarako zintzoegia izan-da, ezin dau ta ez dau gura be bere aiztak lez, aita neurriz gora zuritu, bere asmoa argi ta garbi bere aitari iragarri baño. Lear mengelak txarto be txarto artzen dauz Kordele'ren esanak eta, asarrearen asarrez suak artuta, Kordele ezerbarik itxi, beretzako irurenik onena beste alaba bien artean banandu, bere alabatzat ukatu, ta bere aurrera egundo geiago ez agertzeko aginduta etxetik atera egiten dau. Kordele Pantze'ko Errege-semeak artzen dau bere emaztetzat eta ezkontsari barik berakin Pantze'ra eroan. Lear'en bakalderri ta burestun-yabe alabarik zarren biak gelditzen dira, Lear bera errege-izenaz eta bere laguntza ta yarraigorako eun zaldunekin geldituta.

        Lear'en menpeko andiki argien artean emen bi agiri dira Kent'eko Kondea ta Gloster'ko Kondea. Esan dagigun zerbait batari ta besteari buruz.

        Kent dogu antzerki onetan gizonen. Soinez zal, errotsu, odol biziko, ez kankallu, neurriko baño, ezpan-me-itxi; gogoz adoretsu, yarri, buru-argi, irudimen-bizi, zuzentzeari bildur dau tsana, ez gizoni; ekatxak aztindu bai, baña lurrari mun eragiten eztautsan mendiko aretxaren antzeko; bizkarra noz eta nori makurtu bear yakon ondo dakiana; erabagiak ondo aztertuta bai, baña arin artzekoa; neurriz gora zintzoa. Berak esango dauenez:

        «Nire antzak diñoan baño gitxiagorik enaz; bere uste ona nigan yarriko dauenari zintzo lagun egingo dautsat; zintzoa maite izango dot; zur eta itz gitxiko danari itz egingo dautsat; besterik ezinean burruka egitekoa naiatzu; eta arrainik ez yatekoa.»

        Au dala-ta, ezta andia Kent'ek berari ta Osualda eperdi-garbitzalle, zuritzalle ta bizkarrazur-bigunari buruz diñoana:

        «Alkarren aurka dagozanek ez dautse alkarreri iguin andiagorik nik eta olango zitalak batak besteari dautsaguna baño.»

        Kent'ek Lear'eri bakalderria ta agintzea iñori emonaz txarto egin dauela ta olangorik ezetara be ez izenpetzeko eskatzen dautsa arren-bai-arren, gero damutu egingo yakola-ta. Bein eta barriro dirautso ori. Lear beroa menpekok ori esanbearrez sututa yarri da, ta Kent'eri amar eguneko epea emon dautsa bere bakalderritik alde egiteko; ez egitekotan eriotzea izango dauela zemaiturik. Kent'ek naibagez alde dagi errege-yauregitik, baña andik laster Lear'gana dator, iñoren antza artuta, otseintza-eske. Lear'eri begiko egin yako otseintza-eske datorkon au ta beinbeinean otseintzat eta geroago bere eun zaldunen artekotzat artzen dau ta zintzotasunik andienagaz yarraituko dautsa azken-azkeneraño, erregek nor danik yakiteke.

        Gloster gizon ona yatzu, menpeko zintzoa au be, baña sinispera utsa, erabagiak itsu-mustuan artzekoa, buruari barik biotzari lan eragitekoa. Gloster Lear'en antzekoago da Kent'ena baño.

        Gloster onak seme bi dauz, bata legezkoa, bestea sasikumea; biak dauz maite, baña sasikumea maiteago. Legezko semea, Edegarta, mutil on-on eta iñori gatxik ez egin eta egiteko asmorik be ezin izatekoa yatzu; Edemunda sasikumea, ostera, gaizto-biurri utsa da ta bere elburura eltzeko egokitzat dauen edozein bide artzeko kikilduko eztana. Iñondiko guzurrak asmau dauz bere anai Edegarta aitaren biotzetik urrintzeko ta, orretara, bere burua aren eskubideen yabe egiteko. Lenen, anaiea salatu dau bere aitaren aurrean, gero, aita bera Kornuol'en aurrean. Salakuntzen ondorena: Edegarta'k etxetik igesi egin bear bere biziaren alde, ta Gloster'eri begiak ateraten dautsoez eta etxe-aurreko sastegira egotzi Dover'erako bidea begi barik, usainka idoro dagian.

        Edegarta, iñoren antza artuta, sorki utsez yantzita ta zoroarena eginda, etxe-ingurumarietan bizi da eskean eta gabak txarri-txaboletan eginda.

        Alango baten bere aita itsuaz trikitx egin dau, ta bere aitak bere seme danik ezagutzeke, Dover'erako bide-erakusle ta itsumutiltzat artzen dau. Aitaren itsu-mutiltzan, bidean eskean be ibili bear dau beretzako ta bere aitarentzako ogi-zati-eske, ta bere bururik eztautso iragarten aitari ia azken-azkenerarte. Gloster gaxoa bere bizi errukarriaz etsita dago ta giza-biotzari taupada gorriak eragitekoa da ta negar ta barre biak eragiten dauzana da Edegarta'k Dover'en bere aita errukarriakin darabilen autua ta egitaraua.

        Antzerki onen aria galdu eztaigun goazan ostera be Lear erregegana. Onen alaba zarren biak itz-eder eta ago-bero bai ba-dira, baña bai eurekoi utsak be; biotzari barik buruari ba karrik lan eragitekoak; errukia zer danik be eztakienak; zuzentzea ostikoperatzeko kezkabakoak. Euren aita onegiak agintzea eurei emon-ala asi zirian aik aita minduten: mosuak ilundu, al zanik eta naierarik gitxien egin aitari, otseinai be euren aitaganako zakar eta muker izateko agindu ta abar.

        Lenengo ilebetea egiteko errege ta bere eun zaldunak Gonerile'nera yoan dira egiunearen arauz, eta arako ipuineko otsoak arkumea sabeleratzeko erabiliko argibideak erabilita, Gonerile'k bere aitari eun zaldunetatik erdiak kendu egiten dautsaz. Lear'ek, asarre biziak artuta, Gonerile'ri iñondiko añenak yaurtiten dautsaz arpegi-arpegira. Beste edozein alaba arrituta geldituko litzateke aitaren agotik alango gaitzespen eta añenak entzunda, baña ak aitari otz-otzean dirautso berakin egotea atsegin ezpa'yako beste biderik artzeko. Oraindik ez dira amabost egun Gonerile'k bere aitagandik bakalderri-erdia artu ebala. Aita-alaben arteko zaparradea entzunik Albani agertzen da, ta eztau ontzat emoten bere emaztearen yardunbidea.

        Lear suminduak beste alabeagana yoateko asmoa dau, ak obeto artuko dauelakoan, eta bidean yarri-aurretik Kent bidaltzen dau arentzako gutunaz, Gonerile'k barriz Osualda otseina bereaz. Erregane'k gutunok artu ta irakurriaz bat, iluntzen. Gloster'enera alde dagi, aren aolku-eske. Lear urrengo goxean eltzen da; Gonerile, urrengo arrastian. Osualda'k eta Kent'ek burruka egin dabe-ta, Erregane ta Kornuol'ek Kent, erregeren geznari izan-arren, oin-oñazkaitan iminten dabe zigorgarriz. Lear'ek bere geznaria alan irainduta ikusi ta bere alabeak etxean eztauela artu gura entzunik, iñondiko zaparradea ateraten dau Gloster'en gazteluko atetan. Errege Erregane'k Gonerile'k baño obeto artuko ebalako uztez ba'zan, oker zan. Erregane bere aiztea baño bioz-gogorrago agertu da, baita Kornuol be. Ezetz eta baiezka daragoioela iñondiko ekaitz ikaragarria sortzen da: ostots, yusturi ta euri-yasa errukibakoa da ta ganera gaua, ta Erregane'k Gloster'eri etxeko ate-leioak isteko agintzen dautsa ta Gloster bere asarre ta eriotzaz zemaitu erregeren alde ezer egitekotan. Erregek Erregane'kin sekuleko zaparradan daragoiola eldu da Gonerile.

        Erregeren zoritxarren barri eldu yako ainbatetik Kordele'ri, ta Lear bere aitari laguntzeko Pantze'tik bidaliko indarrak Dover'en dira, ta antxe ainbat Biritandar be erregeri egindako irainez iguinduta. Barriok dakazan gutun eldu yako Gloster'eri be. Errege ekaitz ikaragarri-errukibagean, gabaro atan, legorbage ikusita Gloster saminduta dago, baña bere kezka larriak eta arako gutunaren barri bere seme Edemundari iragartzeaz bere buruari oker andia be andia ekarriko dautso. Gloster, eman yakon zemai bildurgarria gora-bera, bere ugazaba maite Lear'en alde zerbait egiteko asmoz etxetik urten da, ta Lear txarri-txabolan aurkitzen dau burutik eginda; nekez be nekez andik bere maizterraren baserrira daroa. Bitartean Edemunda'k bere aita salatu dau Erregane ta Kornuol'en aurrean, eta ori egindakoan Gonerile'kin alde dagi, Gonerile'nera oneri lagunduaz yoateko.

        Gloster alango baten bere gaztelura eldu ta tellatu-egalpean, leio-aurrean barruan ze autu darabilen entzuten yarten da makur-makur eginik. Barrukoak errege ilteko asmaetan dira. Gloster arnas-estu larrian doa arako baserrira ta Kent eta erregeren beste lagunai len-baño-len Dover'erako bidea artzeko eskatzen dautse, bidea erakusteko ta laguntzeko bere otsein batzuk be emongo dautsezala-ta. Erregek eta bere lagunak gau itsuan alde dagie. Bitartean Gloster-enean Gloster'en aurka erabagi gogorrak artu dira, Edemundaren salakuntzea dala-ta. Kornuol'ek otseinak bidali dauz Gloster lotuta bere aurrera eroateko. Gloster bere etxe-ondoratu danekoxe eskuak ezarten dautsoez eta gaztelu-barrura eroan. Kornuol'ek begi bata ateraten dautsa, baña bigarrena aterateko asmoz dala, bere otsein bat yarten yako aurrez-aur eta olangorik ez egiteko eskatu; Kornuol'ek eta bere otsein orrek, eskuetan ezpatak dabezala, burruka egiten dabe ta otseinak Kornuol zauritu. Kornuol geroago zauri orretatik ilgo da. Kornuol zaurituta ikusirik, Erregane'k, beste otseinen ezpatea artuta ta atzetik ara, Kornuol zauritu dauen otseina il egiten dau. Gero Kornuol'ek Gloster'eri bigarren begia ateraten dautsa ta ostikopean zapaldu. Edemunda ta Gonerile bidean yoan doazala alkarreganako maiteminduten dira ta larri-larri alkarreri ezkontza-itza emon.

        Bai Gonerile'k eta bai Kornuol'ek Dover'en guda-ikurrinak zabal dabezan Pantzetarrai ta Lear'eri guda egiteko gertakuntzak egiten zoli ta yoranez daragoioe. Gonerile'n indarren buru bere senar Albani doa, muker ba'da be. Erregane Kornuol'en alargunaren indarren buru Edemunda Gloster'ko Kondea. Gonerile'k Edemunda bere maiteari gutun bidaltzen dautso Osualda' ren eskuz, arako bidean alkarreri eginiko maitasun-agiriak eta ezkontza-itzak gogoratuz. Osualda Erregane'nera eldu daneko Edemunda gudategirako urtena da ta Osualda aren billa doa, Erregane'k, bidean aurkitu ba'dagi, bere edurra-arren Gloster itsua ilteko eskatuta.

        Osualda eperdi-garbitzalleak Gloster gixaxoa ta onen seme Edegarta'kin trikitx egiten dau bidean. Osualda'k, Erregane'ki eder egite-arren, Gloster zarra il egin gura dau, baña Edegarta sartu bitartean; ezta-baidan Edegarta'k Osualda il egiten dau, aren arropuzkeriak gora-bera, ta Osualda'k sakelean eukan maitemin-gutunaz yabetu. Gutun orregaz Edegarta Albani'gana doa ta guda-ekitaldi-aurretik irakurteko eskatzen dautsa, olan ez egitekotan arenak egin dauela-ta. Orrez ganera, gudaketea bein amaitutakoan iru bidar adarra yo-azoteko eskatzen dautsa, gizon zirtzil-antzeko izan-arren, bera gizon dala erakutsiko dauela-ta.

        Gudaroste biak Dover-aldean dira, alkarregandik ur, alkar noz yoko begira. Lear'ek burua galdua baño galduago dau. Argi-aldirik dauenean bere añenak ezarriko alaba Kordele'ren aurrera agertzeko lotsa be lotsa da-ta, iñok ezin dau yarri atara. Zoro-aldian bere burua iñondiko loraz yantzi dau. Indarrez daroe Kordele'ren guda-txoznara. An loak artu dau ta itzarri danean alabea ezagutu ta belaunbiko yarrita azkespena eskatu dautso.

        Gudaroste biak alkar yo dabe ta Biritandarrak nagusi urten. Lear eta Kordele Edemunda'ren menpean yausi dira, ta onek ilunbera bidalita gudalburuetariko bati Kordele espetxean eskegiteko agindua emoten dautso. Albani'k Edemunda azpiyalerik iguingarrientzat salatzen dau ta bere burua zuritu gura ba' dau, adar-otsera agertuko danakin, naiz, ori ezean, berakin burruka egin eta irabazi egin bearko dauela. Biak egozten dabe lurrera bakotxak bere esku-zorroa, eupadatzat.

        Albani ta Edemunda'ren arteko zaparradan Gonerile'k Erregane'ri edena emoten dautso, onek oartzeke ta Erregane ortik ilgo da geroago.

        Yoten dau adarrak irugarrenez ta Edegarta'ren adarrak erantzuten dautsa. An agertzen da Edegarta bere egitekoa burututen; Edemunda azpiyalekeri-erruduntzat salatzen dau ta burrukarako eupadea yaurtiten dautsa. Asi dira zirti-zarta burruka gorrian anai biak eta Edemunda zauri larriaz lurrera dator zerraldo. Edemunda'k bera olan azpiratu dauena nor dan eta odolgarbi danentz yakin gura leuke. Eta Edegarta'k: «Ni ire aitaren seme nok. I odol garbiko ba'az, ni areago nok.»

        Edemunda'k autortzen dauz bere okerrak, agikoak eta ixilak. Bitartean Erregane ta Gonerile il dira: Erregane Gonerile'k edenduta, ta Gonerile'k bere burua il dau ezpataz. Bien gorpuak aurrera dakarrez.

        Orretan dagozala, an agertzen da Kent erregeri azkenengoz agur egiteko asmoz eta errege non dan itanduten dau. «Izan be —diño Albani'k—, non dok errege, Edemunda?» Edemunda'k espetxera len-baño-len yoateko dirautse, errege ta aren alabea ilteko agindua emona dala-ta. Edegarta doa aren billa. Belu eldu da, Edemunda'ren agindu zitala beteta gero. Ba-dator Edegarta, baita Lear be Kordele'ren gorpu beroa besartean dakarrela. Errege naibageak ito-bear gorrian eta ostera be burua galduta dator. Bere itzak biotza austekoak dira.

        Albani'k Kent eta Edegarta. Euren eskubideetan yarten dauz ta erregetza osoa Lear agurearen eskuetan itxi au bizi dan arteño. Lear il egiten da, naibagearen naibagez biotza suntsituta. Albani'k bakalderria eurak arteztuteko eskatzen dautse Kent eta Edegarta'ri. Illeta orokarra. Amaia.

        Emen dozu, irakurle, antzerki biotz-ukugarri onen aria.

        Irakurle adiskide, lan au irakurri-ala an-or-emen amaikatxo pitxi eder aurkituko dozu: pitxiok eurok agertuko yatzuz zure begien aurrera-ta, ez dozu nik non edo norago dagozan esan bearrik. Ikusten dozu or bidean aurrera doan urli ori? Or doa astiro, buru-makur, oldozpen sakonen batzuetan buruko ertzeraño murgilduta; nozik-bein buruari atz egiten dautso; bere baranoan yazoten danik ez dau oartzen; alango baten, bere oinkadea laburtu ta gelditu egiten da; korapillo bat azkatu dau; aurrera ostera be; asparritan oinkada luzangaz, geroago laburrago, baña alango baten eta berak gitxien uste eiauenean, otozotoan, aurrean yarten yako, irribarreka agoa erdi-zabalik, aspaldi ikusi eztauen adiskide maite-maite. Eragiten dauz begiak gure bidariak, begiak zabal-zabal egiten dauz, iretargi bete bi bailitzaz; arteztuten dau burua, irribarre gozoa agertu yako ezpanetara ta, besoak zabaldu-alean zabalduta, euren artean estututen dau aurrean dauen adiskide zar-mamia ta autu-mautu eztian eragon astia agortu arteño. Banandu dira ostera be, biai poza eurrez dariela, baña gure gizona ostera be bere buru-lanera doa; oinkadak laburtuaz doakoz, burua makurtuaz ta or dogu ostera be bere oldozpen sakon-ilunetan murgil-murgil; geroago berago.

        Olangoren bat yazoko yatzu zuri be antzerki au irakurri-ala. Zu zure oldozkune ilunetatik eta iñoz odol beroaren lurrunetatik aterateko adiskidea orrako pitxiok izango dira.

        Orraitiño, pitxi utsak ez dozuz idoroko; esakera zantarren bat be bidean yoan-ala entzungo dozu, esaterako laugarren ekitaldiko seigarren agerlekuan. Shakespeare'k or emakume lizunai buruz Lear'en agoan iminten dauen esakerea oraingo gizakiai mosuak lotsaz gorritzekoa da; emakumeai, zetan esan bez. Aldi atako gizakiak oraingoen aldean narru-gogorrak ziran, urrean. Itzok gizon zoroak esanak dira, baña bai bear be.

        Antzerki au irakurri-ala gauza bat ez dozu aiztu bear, buruan ondo yarrita ta bein betiko euki baño. Lear errege izan da, errege-eskubide guztiakaz. Agintzea bere alabai itxi dautse; au egi-egia da, baña erregetzea ta beste zertxo batzuk beretzako daukaz, iñori emoteke. Egiunea egin dabe berak eta bere alabak, eta egiunea egiune da; ondo ezpa'deritxatzu, ausi egiunea ta doazala gauzak lenera; ez ezetara be egiunea egin dabenen arteko alderdi bata indarrez makala dala-ta, aren eskubideak lotsa ta kezka barik zapaldu ta zuzentzea ostikopean erabili. Bide ori ezta gizakiai dagokiena, abereai dagokiena baño. Lear'en alabak aitaren agintzea artuaz bat asi zirian aitaren eskubideai ezetariko yaramonik ez egiten, aita ta aitaren eskubide apurrak aintzakotzat ez artzen. Emakume lotsagalduak izan zirian eta alango azkena izan eben; Yaungoikoaren esku gogor-zuzena aztun yausi yakien ganera, euren aita zarraren añena osoan beteaz.

        Gloster'eri be eldu yakon berea. Yaungoikoaren legeaz bestera, atsegin zantarrez, izaneko semeak gorriak ikusi-azo eutsazan, eta berak geroago, zoritxarraren zoritxarrez itsututa ta bere burua biziaz etsita ikusi ebanean autortu eban bere errua ta bere okerra:

        «...luzaroago eroan al ba'nengi ta zuon (yainkoen) gurari andi galazo-ezinen aurka marmarka ekitera yausiko ezpa'nintz, nire soineko lotsakizunak erre ta kiskali egin bearko litzatekez

        Izkuntza guztietan dozuz ikur edo esan-gura bi naiz geiagoko itzak. Ara, ba, gure Shakespeare olango itzakaz izkirimiriak asmatzen mutila yatzu. Lan onetan bakarrik olango iru izkirimiri idoro dodaz. Olangorik danean, euzkeratzallea istillu gorrietan aurkitzen da ta urteerarik onenean be bizkarra berotuta ta burumakur agertzen da; bein bez arro ta garaile.

        Lan onetako toki baten onan diño Shakespeare'k

        Kent.— I cannot conceive you», nik ezin zaut ulertu.

        Gloster.— Sir, this young fellow's mother could», Yaun, gazte onen amak al izan eban.

        Olan euzkeratuezkero, esakereak gatz guztia galdu ezeze, zer esan gura dauen be ezta agiri. Esakerea gala-galla gelditzen da ta idazleak eskuartean zer darabilen be eztakizu. Zer egingo? Nik onetara aldatu dot

        Kent'ek.— Ezin zaut sortu (ulertu) nire buruan.

        Gloster'ek.— Yaun, gazte onen amak bai al izan eban.»

        Au zeozer da, baña orretarako be «ulertu» itzaren esan gureaz erabili bear «sortu» itza, ta euzkeraz onantzengo itz onek bein-beinean, nik dakidala, ez dau «ulertu» itzaren esangurarik, zerbait ulertzea zerbait ori gure gogoan iruditu ta sortzea izan-arren.

        Beste toki baten «altogether» itzagaz egiten dau bere izkirimiritxoa. Itz onen esan-gurak ingelanderaz «guztiz» eta «guztiak batera» dira. Orregaitik, toki orretan idazlearen gogoa baztertzeke osorik izteko, kako-makoka ta zearka-mearka ibili bear izan dot.

        Nire lanean zeuk oartuko dozunez, «No» itza darabilt ainbat aldiz «eme» ordez, lirainago ta, kiputzak esango leukienez, emeago dalakotzat, naiz-ta, nire ustez, «No» itzak eme-sunda gitxiago izan, eta nik egin-eginean be orrexegaitik erabili. Ezagun dozuz «No» ta «To» gizakiak ar-emetasunez bereizteko. Au dala-ta «errege no» idatzi dot errege emea iragarteko. «Eme» itza gizakiei ezartea gogor-samar egiten yaku-ta, emen dozu kiputzak esango leukien esakera «emeagoa». Ba-dakit, norbaitek edo norbatzuk nire «yainko no» ordez «yainkosa» erabilten asi diriana, baña geldi or, adiskide maiteok. Ez ete dakizue bein ardi bat solora sartuezkero besteak gedarrez eta larri be larri egoten diriana, eurak be soloratu arte? Ez gaitezan izan Lear'en antzeko erabagiak itsu-mustuan artuta; emen Kent'en buru otza bear dogu.

        Onegaz bego.

 

Salta'n 1958'gn. urteko Epailaren 10'ean.

 

 

 

Lear Errege

 

Notin antzeztuak

 

LEAR, Birritanderri'ko Errege.

Pantze'ko Errege.

Borgoña'ko DUKE.

KORNUOL'go DUKE.

ALBANI'ko DUKE.

KENT'eko KONDE.

GLOSTER'ko KONDE.

EDEGARTA, Gloster'en SEME.

EDEMUNDA, GLOSTER'en Sasi-seme.

KURAN, Yauregiko.

AGURE, GLOSTER'en Maizter.

OSAGILLE.

ERGEL.

OSUALDA. GONERILE'n Ondasun-begirale.

EDEMUNDA'm esaneko Malla-gudari.

KORDELE'n esaneko Andiki.

ALDARRIKARI.

KORNUOL'en Otseinak.

GONERILE,

ERREGANE, LEAR'en Alabak

KORDELE.,

 

Zaldun ERREGE-lagunak. Malla-gudariak, Geznariak, Gudariak, eta Begiraleak.

 

AGERLEKU.— Birritanderri.

 

 

 

I. ekitaldi

 

 

I. Agerleku.— Lear Errege-Yauregiko Errege-arazo-etxoki. Kent, Gloster eta Edemunda datoz aurrera.

 

        Kent'ek.— Erregek Albani'ko Dukea Kornuol'goa baño maiteago ebala uste neban nik.

        Gloster'ek.— Uste orretan izan gara beti, baña orain, bakalderria banakeran, ezta agiri zein dauen maiteago; eta izan be, zatien bardinen bardinez, yakingureak ezin dau obetsi ez erdikin bata ez bestea.

        Kent'ek.— Zure seme dozu ori, ala, ene yaun?

        Gloster'ek.— Neugan izan dot au aztea, yaun; berau niretzat autortzen lotsarren gorrituaren gorrituz, orrekiko lotsea galdu dot.

        Kent'ek.— Ezin zaut sortu (ulertu) nire buruan.

        Gloster'ek.— Gazte onen amak bai al izan eban; arrezkero sabela borobildu egin yakon, eta bere oerako senarrik baño lenago izan eban bere seaskarako seme. Oben-sundaren bat artzen ete dozu?

        Kent'ek.— Oben ori deusezterik ezin gura nengike, orren ondorena orren egokia danezkero.

        Gloster'ek.— Baña ba-dot beste seme bat, yaun, lege-bidezkoa, au baño urteen bat zarragoa, au baño maiteagoa izan ezarren; saskil au ludi onetara iñok deitu baño len lotsabakotxo etorri izan-arren, onen ama liraina zan; yoko onez egina da, ta sasikume au niretzakotzat autortu-bearreko da. Ezagun dok zaldun argi au, Edemunda?

        Edemunda'k.— Ez, ene yaun.

        Gloster'ek.— Kent'eko ene Yauna dok: aurrerantzean nire adiskide adeigarritzat gogoan izan egik.

        Edemunda'k.— Nire otseintzea zutzako, yaun.

        Kent'ek.— Maite-bearreko aut, eta obeto ezagutu-bearreko.

        Edemunda'k.— Zure maitasungarri izateko aleginduko naz.

        Gloster'ek.— Bederatzi urtean etxetik at izan da, ta barriro be alde egingo dau etxetik. Errege ba-dator. (Adar-ots-dei barruan.)

 

Lear, Kornuol, Albani, Gonerile, Erregane, Kordele, ta Yarraigokoak aurrera.

 

        Lear'ek.— Pantze ta Borgoña'ko Yaunei lagun egin ik. Gloster.

        Gloster'ek.— Bai, ene Nagusi.

 

(Gloster'ek eta Edemunda'k alde dagie.)

 

        Lear'ek.— Bitartean gure asmo iluna azalduko dogu. Ekatzue an dagon lutirudia. Yakin egizue gure bakalderria iru zati egin dogula; eta gure asmo ta erabagi sendoa dala gure adina ren ganetik ardura ta arazo oro aztindu ta uxatutea: zer guztiok indar gazteagoen gain egotziko doguz, gu geu zamage arinduta eriotzarantza tarraz goazan artean. Kornuol'go gure seme, ta zu, ni gitxiago maite enozun Albani'ko ene seme, une onetan gure alaben ezkontsariak ezagutuazoteko guraria dogu, gerorako asarre-bideai ateak orain isteko. Gure alabarik gazteenaren maitasun-leikide dirian errege-semeak, Pantze'koa ta Borgoña'koa, gure errege-etxean maite-egotaldi luzea eginak dira, ta emen dagoz erantzunaren begira. Oraindik atxina agintzea, lurrak dakarrena ta bakalderri-ardurak gure buruari kentzen dautsaguzanezkero, esan egidazue, ene alabok, zeinek maite nozuela geiago esango dodan, izamena ta ibaziak alkarren leiaz nor-geiagoka dabilkozanari esku-zabalago izan nakion. Gonerile, zu gure zarrena zareanezkero, zuk itz egin lenen.

        Gonerile'k.— Yaun, itzez esan datekean baño maiteago zaut nik; nik zu nire begiak, tokia ta azkatasuna baño maiteago zaut; eder nai bakan, aldin izan datekean edozer baño geia go; ez bizitz, edergarri, edertasun eta adei baño gitxiago; egundo, seme-alabok maite izan naiz aitak iritxi izan dauen aña; bera azaltzeko arnasa oro txiro ta itz oro meko dirian maitasuna dautzut; neurriz gora maite zaut.

        Kordele'k (Beretzat).— Zer egingo Kordele'k? Maite izan, eta ixilik egon.

        Lear'ek.— Muga guztiotatik, lerro onetatik lerro onetarañokoaren andera egiten augu, baso itzaltsu ta landa ederrakaz, ibai ugari ta bedartza ertz-zabalokaz; bedi au betiko ire ta Albani'ren seme-alabentzako. Zer diño gure bigarren alabeak? gure Erregane maite-maite, Kornuol'en emazteak? Itz egin.

        Erregane'k.— Ni ta nire aiztea gai beragaz eginak gara-ta, enagizu etsi ori baño gitxiagotzat. Orrek nire maitasuna berbera aipatu dauela dakust nire biotz zintzoan; auxe: ori laburregi ibili dala; sentzumenaren txatalik ederrenak izan daikezan beste poz guztien arerio nazala agirian dautort, eta ni zorioneko egiten nauen zer bakarra zu nagusi orreganako maitasuna dala.

        Kordele'k (Beretzako).— Orrezkero Kordele'n errukarri! Eta orraitiño ez, nire maitasuna miña azaldu-ezina dala ba-dakiteta.

        Lear'ek.— Itzako ta ire ondorengoentzako ta betiko gelditzen don gure bakalderri eder onen iruren luze-zabal au; Gonerile'ri emona baño ez lurrez, aldinez eta atseginez txikiago. Orain, azkenengo izan-arren gitxien etzarean gure poz orrek; zure maitasun gazteari buruz Pantze'ko maastiak eta Borgoña'ko esnea urduri ta alkarren leiaka dabiltzan orrek; zer esan daikezu zuk zure aiztena baño iruren eder-bikainagoa zeuganatzeko? Itz egin.

        Kordele'k.— Nik ezebez, ene yaun.

        Lear'ek.— Ezebez!

        Kordele'k.— Deusik bez.

        Lear'ek.— Ezebezetik ezebeza etorriko da; itz egin ostera be.

        Kordele'k.— Nire zoriaren txarra; ezin dot eragi nire biotza nire agora: nik zure nagusitasuna nik bear aña maite dot; ez geiago ez gitxiago.

        Lear'ek.— Zer diñozu, zer diñozu, Kordele! Adabau ta orraztu apur bat zure itzak, zure etorkizuna lorrindu ta muskildu eztagizun.

        Kordele'k.— Ene yaun on, zuk sortu nozu, zuk azi nozu, zuk maite izan nozu; egoki danez zorrok ordaintzen dautzudaz: zure esanak egin, zu maite izan, ta zuri iñori baño lotsa geiago izan. Zer dala-ta dabez nire aiztak euren senarrak euren maitasun guztia zutzako ba'da? Zorionez, ni ezkondu naitenean, nire ezkon-itza artzeko eskua luzatuko daustan yaunak nire maitasun-erdia, nire ardura-erdia ta nire adei-erdia be eroango dauz: bai orixe, ni egundo be enaz ezkonduko nire aiztak lez aita bakarrik maite izateko.

        Lear'ek.— Biotzez eta benetan ete diñozu ori?

        Kordele'k.— Bai, ene yaun on.

        Lear'ek.— Orren gazte ta orren bioz-gogor?

        Kordele'k.— Onen gazte, ene yaun, eta onen zintzo.

        Lear'ek.— Bedi olan; beraz bedi zure zintzotasuna zure ezkontsari; eguzkiaren argitasun begiragarria-arren, Ekate'n (1) ixilkizunak-arren eta gaua-arren; izanazo ta manatuten gabezan ortzeko zer borobilen egiteak-arren; ementxe ta oraintxe erantziten dot aitaren alabeaganako ardura osoa, senidetasuna, odolkidetasuna, ta oraindik atxina nire biotzarentzako ta nitzako erbestetar izango zaut. Bein nire alaba izaneko ori bestean auzokotzat, errukigarritzat eta lagungarritzat etsiko dot nire biotzean Eskitiar (2) basatia edo-ta yan-galea asetzeko bere umeak urunbituten dauzana.

        Kent'ek.— Ene nagusi on...

        Lear'ek.— Ixilik, Kent! Ez adi sartu iransuge ta iransugearen suminaren bitartean. Nik ori geien maite naioan eta nire atsedena orren begirapen maitagarripean yarteko asmoa naioan. Alde emendik, eta ez akit begien aurreratu! (Kordele'ri.)

        Bedi ilobia nire gentza, nik orren aita-biotza orregandik emen aldenduten dodan legetxe! Dei egin Pantze'ri: nor doa? Dei egin Borgoña'ri. Kornuol eta Albani, ausi zuok beste iru rena be nire alaba bien ezkontsariakin batera; berorrek xalo tasuna deritxon arrokeria ezkondu daitela orrekin. Bioi batera damotzuet nire aginpidea, gorentasuna ta nagusitasunari darraikion ondorengo-mordoa. Gu geu ta gutzako gelditu eragiten doguzan eun zaldunak zuonetara yoango gara ileka, bein batanera, bein bestearenera, zuok guri bizigaiak emoteko ta zuonean biziteko. Gutzako errege-izena ta erregetzari darraikioen beste zertxoak bakarrik izten doguz! agintzea, zergak artzea ta ganetikoa egitea, seme maiteok, bedi zuona; eta onen sendagarritzat eutzie burestun au ta bion artean erdibitu egizue (Burestuna emon damotse.)

        Kent'ek.— Lear errege, beti izan dautzut nire erregeri dagokon lotsa, nire aita legetxe maite izan zaut, nire ugazabari legetxe yarraitu, nire otoietan nire zaindari andia legetxe gogoratu izan zaut.

        Lear'ek.— Makoa makurtuta ta ugela ten-eginda yagok; ken akio geziari aurretik.

        Kent'ek.— Ez, betorkit ganera, naiz-ta bere kakoa nire biotz-aldean sartu: bedi Kent baldar Lear burutik eginda dagoenean. Zer egiteko zara, agure? Ala uste dozu egin-bearra itz egiteko bildur izango dala aginpidea zurikerian makurtzen yakonean? Zintzotasuna xalo izan-bearreko da nagusitasuna zoratzen danean. Eutsiozu agintzeari zure eskuetan; eta zure itsumustukeri itsusia astiro ausnartu egizu: nire biziak erantzun begio nire eretxiari, zure alabarik gazteenak etzau zu gitxien maite, eta ez dira biotz uts-arroak euren ots motelak arro-antzik eztabenak.

        Lear'ek.— Kent, eure bizia-arren, ez geiagorik.

        Kent'ek.— Nik nire bizia beti etsi izan dot baitzat zure arerioen aurka ebalteko; eta bera galtzeko bildurrik be eztot, zu yagote-arren izanezkero.

        Lear'ek.— Alde nire aurretik!

        Kent'ek.— Begira obeto, Lear; eta nadin ni oraindik zure begiko egiazko zuria.

        Lear'ek.— Orain, Apol-arren (3)...

        Kent'ek.— Orain, Apol-arren, errege, alperrik zin egiten dautsazue zure yainkoai.

        Lear'ek.— Yopu ori! Zital ori! (Eskua ezpata-ganean dauela.)

        Albani ta Kornuol'ek.— Epea artu, yaun maite.

        Kent'ek.— Egin egitekoa; eran zure osagillea, ta saritu gaitz zakarra. Eskuratu egizu atzera zure emaitza; ostantxean nire estarriak gedarrik egin daikean artean txarto egiten dozula esango dautzut.

        Lear'ek.— Entzun egidak, dollor orrek! Ire menpekotasuna-arren, entzun egidak! Nik eginiko agindua ausi eragiten alegindu azanezkero, ta nik etxoat oraindik egundo ausi izan, eta arrokeriaren arrokeriz gure erabakia ta gure indarraren bitartean yarri azanezkero —eta olangorik ezin yasan daike ez nire izateak ez eta nire toki onek be— nire almenari dagokionez, artu egik ire saria. Bost egun emoten dauskadaz ire burua ludi onetako zoritxarretatik yagoteko dirian gertakuntzak egiteko; eta seigarrenean nire bakalderriari ire bizkar gorrotagarria emongo dautsak; ortik amargarren egunean ire soin erbesteratu-bearrekoa nire bakalderrian aurkitu ba'ledi, bertatik izango dok eriotzea. Alde! Tzeu-arren (4) nik nire erabagian etxoat atzerarik egingo.

        Kent'ek.— Yarrai onik eta ondo, errege: zeuk olan gura dozunezkero, azkatasunak alde dagi emendik, eta erbesteratzea emen da. Yainkoak euren estalpe gozoan artuko al zaue, neska, (Kordele'ri) zure eretxia zuzena ta zuk esana egi-egia dira-ta; eta zuon egitez sendetsiko al dozuez zuon itzaldi luzeak (Erregane ta Gonerile'ri), maitasun-itzetatik egiteko onak sortu daitezan. Errege-alabok, onan agur egiten dautzue guztioi Kent'ek berak bere zartzaroa lurralde barrian atonduko dau. (Alde dagi.)

 

        Zaamiola (eresia). Barriro datoz Gloster, Pantze ta Borgona ta onein Yarraigokoak.

 

        Gloster'ek.— Emen dira Pantze ta Borgoña, ene yaun zindo.

        Lear'ek.— Borgoña'ko ene yaun, errege onekin nire alabearen esku-billa alkarren leian ibili zarean orrentzat nire lenengo itzak: zer eskatuko dozu gitxienez aren ezkontsaritzat, eta ostean aren maitasunarekikoa bertan-bera itxi?

        Borgoña'k.— Errege nagusi-nagusi ori, nik eztot gura zure nagusitasunak eskeinia baño geiagorik, eta zuk be eztozu ori baño gitxiagorik opatuko.

        Lear'ek.— Borgoña zintzo-zintzo, No maitagarri yakunean maite geban; baña orain aren aldina bera yoan da. Yaun, or dozu bera; sointxo orren barruan dagonik ezer edo-ta dana, gure asarreaz Latera, ta besterik ezer ez, yaun orreri atsegin ba' yatzu, or dago bera, ta zurea dozu.

        Borgoña'k.— Eztakit zer erantzun.

        Lear'ek.— Nire adiskidetasuna galdu dau, nire areriak alabatzat artu-barri dau, nire añena dau ezkontsaritzat, eta nire ziñez erbestetartua da; artu ala itxi egingo dozu dauzan gaitz orreikin?

        Borgoña'k.— Azketsi, errege yaun, ezin autu daiket baldintza orreikin.

        Lear'ek.— Orrezkero itxi egizu, yaun, ni egin nindun almena-arren, esan dautzut orren ondasun guztia. Zuri buruz, errege andi (Pantze'ri), zure maitasunetik eneunke orrenbestean ald-endu gura, zu nik gorroto dodanakin buztartuta; au dala-ta, arren-bai-arren, izamena bera beretzat autortzen ia lotsa danagana-barik egokiago dan besteren bategana aldatu egizu zure maitasuna.

        Pantze'k.— Andia be andia da auxe, oraintxe-oraintxe arteño zure zerik onen, zure goragarri, zure urteen goragarri, onen, maiteen izan danak une baten olango gauza itzalik egin izatea, maitasunaren orrenbeste alos manatu izatea. Ezpaibage orren utsa orren itsusi izateko osoan izateaz besterako izan bear, edo orrentzako zure lengo maitasuna ezta orbanbagea; eta au No orretaz sinisteko sinismenik adimenak ezin landatu daike nigan alatz-bage.

        Kordele'k.— Oraindik zure nagusitasunari otoika nago, itz egin eta emoneko itza ez beteteko asmoa estaltzeko terbetasun itz-dariotsu ta labanik ez ba'dot; asmo onez erabagiten do dana itz egin-aurretik egingo dodanezkero, yakin eragin dagizula zure niganako begi ona ta biotza galazo daustazana ez dala izan izatez besterako orbanik, iñor ilterik, lotsagarrikeririk, ez likiskeririk, naiz izen garbia kentzeko oinkadarik, egin-eginean be bera ez izatearren aberatsago nazan zertxo bat nigan ez izatea baño, ots, begi ixil-muxilka deikaria ta nik neutzako gurako eneunkeana lango miña, naiz ta olangorik ez izanak galazo niri zure maitasuna.

        Lear'ek.— Oba yanan iri ez yaio, niri ori baño atsegin geiago emon ez baño.

        Pantze'k.— Ez ete da au baño besterik, ots, berezko geldotasuna, esateko dana sarritan esateke izten dauena baño? Borgoña'ko ene yaun, zer dirautsazu zuk andera orreri? Maitasuna ezta maitasun arira eztatozan gauzakin nastauta ta bere itutik aldenduta ba'dago. Artu gura dozu No ori ala? Ori berori da ezkontsaririk asko.

        Borgoña'k.— Ago beteko errege, emoizu zuk eskeiniko zatia bakarrik ta emen artzen dot Kordele eskutik Borgoña'ko no-duketzat.

        Lear'ek.— Deusik bez; zin egina nozu; ni tinko nago.

        Borgoña'k.— Min artzen dot, baña orrezkero, aita galdu dozulako senarra be galdu dozu.

        Kordele'k.— Ez bedi artegatu Borgoña! Orren maitasuna ondasunekikoa ba'da, ni enaz izango orren emazte.

        Pantze'k.— Zure txirotasunean aberats-aberatsa, ezin-oba bertan-bera itxia; eta maite-maite izana ez aintzakotzat etsia zarean Kordele lirain-lirain! emen artzen dodaz niretzat zu zeu ta zure ekandu onak. Bedi legezko, ondakintzat ortik zear egotzia artzen dot nik. Yainkook, Yainkook! andia be andia da zuon yaramonik-ez otzenetik nire maitasunak lotsa-garrak ateraterañoko sua artzea. Errege, ezkontsaribageko zure alabea, nire bidera egotzia, nire erregeno da, nire ta gure, ta nire Pantze lirainarena: Borgoña urtsuko duke guztiak be ezin erosi dagiste neurriz gorako neska eder au. Agur egiezu, Kordele, eurak begi oneko izan ez-arren: toki oberik aurkitzeko galtzen dozu au.

        Lear'ek.— Zurea dozu, Pantze: bedi zure, nik ez dot olango alabarik, ezta egundo geiago bere arpegirik ikusiko be-ta. Orrezkero yoan nire eskar onbage, nire maitasunbage, nire onespenbage. Erdu, Borgoña zindo.

 

(Eresi alai. Lear, Borgoña, Kornuol, Albani, Gloster, eta Begiraleak alde dagie.)

 

        Pantze'k.— Egin agur zure aiztai.

        Kordele'k.— Gure aitaren pitxiok, begiak ezaturik izten zauez Kordele'k; ba-dakit zuok nortzuk eta zertzuk zarien; eta zuon aiztea nazanezkero lotsa be lotsa naz zuon akatsai euren benetako izena emoteko. Maite egizue benetan gure aita; agirian autortuko zuon biotzetan izten dot nik; baña, ai ene! ni ak begi onez ikusiko ba'nindu, toki oberik baño obetsiko neunke nik a. Agur, ba, bioi.

        Erregane'k.— Ez ibili guri gure egitekoak aipatzen eta agintzen.

        Gonerile'k.— Bedi zure ardurea zure yaunaren guraria egitea, zoriaren ukarrez artu zau-ta. Menpekotasun-urri izan zarata, ondo zor yatzu nai zenduanaren eza.

        Kordele'k.— Gerora agertuko da azerikeri kakomakotsuak estalia: euren akatsak estali daroezanai azkenean lotsariak irri egiten dautse. Ondo doakizuela!

        Pantze'k.— Goazan, ene Kordele lirain.

 

(Pantze'k eta, Kordele'k alde dagie.)

 

        Gonerile'k.— Aizta, ezta gitxi gu bioi ur-ur dagokigunaz esateko dodana. Nire ustez gure aitak gau onetan alde egingo dau emendik.

        Erregane'k.— Ori eskier-eskierra da, ta zukin alde egingo be; urrengo ilebetea gukin.

        Gonerile'k.— Ba-dakutsu a aldakor utsa dala bere urteakaz; orretaz oartu doguna ezta gitxi be: ak beti eban maiteen gure aiztea; eta orain ze buru gitxigaz etxetik egotzi dauen argiegi agiri da.

        Erregane'k.— Ori bere adinak dakarren makaltasuna yatzu; orraitiño be ak beti be bere burua oso gitxi ezautu dau.

        Gonerile'k.— Bere biziko egunik onen eta zindoenetan be itsumustuka ibiltekoa izan da; au dala-ta gertu egon bear dogu agandik akats zar-sustartuak artzeko ezeze zartzaro makal-asarrekorrak berakin batera ekarten dauzan burukeri ta txibizkeri eskuratu-ezinak artzeko be.

        Erregane'k.— Kent erbesteratzea langoxe urteera aldakorrak izateko gara, urrean, agandik.

        Gonerile'k.— Orrez ganera, or dozu Pantze'ri agur egiteko zelango txerea erabili dauen. Otoi, aizta, yo daigun biok batera: gure aitak berak dauen yokabidez agindu ba'dagi agindu, berak egin-barri dauen azken-gurari au gutzat irain utsa da.

        Erregane'k.— Geroago ausnartuko dogu ori.

        Gonerile'k.— Zeozer egin bear dogu ta berotan egin be. (Alde dagie)

 

 

II Agerleku. - Gloster'ko Kondearen Gazteluko Bebarru. Edemunda dator aurrera gutunaz.

 

        Edemunda'k.— Zu, izamen, zu zara nire no-yainko; zure legeari lotuak dira nire otseintzak. Zegaitik men egin nik ekandu denganiñoari ta errien iñondikotasunari ni esku-utsik izten itxi, ni nire anaiea baño amabi-amalau bat il-ebete atzerago etorri nintzalako? Zegaitik ni sasi-kume? Zegaitik beeko? Nire neurriak andera garbiaren semearenak añako egokiak eta beteak, nire gogoa arena aña zindoa, eta nire soina arena bestean lerden-txairoa danezkero? Zer dala-ta eransten dauskue beko-atza burni goriz? Zer dala-ta erantsigi guri beekotasuna? Zegaitik sasikumetasuna? Beekoak, beekoak? Izamenaren ixil-muxileko egite aragikoiez sortuak ez ete dira sortzen lo ta itzarri-bitartean oe ilun, ustel eta nekatuan sortzen dirian motel-mordoak baño ederrago ta adoretsuago? Beraz, ederto, legebidezko Edegarta, nireak izan bear yok, ire lurrak; gure aitak Edemunda sasikumea maite yok. Lege-bidezkoari buruz, gutun au bizkor ibili ba'dadi, ta nire asmoak ondo urten, Edemunda beekoa lege-bidezkoaren ganean yarriko dok. Aziaz noa; aurrera noa. Orain, yainkook, yarri zuok sasikumearen alde!

 

Gloster dator aurrera.

 

        Gloster'ek.— Kent onan erbesteratu-bearra! eta Pantze'k asarre-suminduta alde egin dau! eta erregek arratseon alde egin! Bere agintza-iztea izenpetu dau! Bera ikusgarritzat baztar turik! Dan au itsumustuan eginda! Edemunda, emen augu! Ze barri dok?

        Edemunda'k.— Yaun orreri ondo ba-deretxatzu, bapez. (Gutuna ezkutau egiten dau.)

        Gloster'ek.— Zegaitik gordeten dok orren urduri gutun ori?

        Edemunda'k.— Eztakit barririk, ene yaun.

        Gloster'ek.— Ze papel irakurten erago dok?

        Edemunda'k.— Ezebez, ene yaun.

        Gloster'ek.— Ezebez? Orrezkero zegaitik sartu bear izan dok orren iraduz ire sakelean? Ezebezak ez yok olan ostondubear gorririk. Dakusgun; goazan, ezebe ez ba'dok, ez yoat bearko betaurrekorik.

        Edemunda'k.— Arren-bai-arren, azketsi egidazu; nire anaieagandiko gutuna da ta oraindik ez dot guztiz irakurri; eta arineketan irakurritik agiri danez, ezta zure begiak beragan yarteko enoki.

        Gloster'ek.— Ekak gutun ori, yaun.

        Edemunda'k.— Zuri emon naiz emon ez, bietara irain egingo dautzut. Nik erdi-ulertu dodanez, gutunak dauena ezta erruge.

        Gloster'ek.— Dakusgun, dakusgun.

        Edemunda'k.— Nire anaiearen zurigarritzat, ak gutun au idazlantzat bakarrik edota nire zintzotasuna norañokoa dan kiñatzeko idatzi al izango eban.

        Gloster'ek.— (Irakurri dirakur) «Egipide onek eta adinarekiko lotsa onek ludi onetan gure urterik onenak mingoztu egiten dauz; gure ondasunak gugandik urrin daukaz, gu zartu ta euren gozotasuna ezin somatu al izan arte; bear danez-barik, yasaten danez agintzen dauen zarren agintzea yoputzea ergel eta bidebakotzat esten asia nozu. Zatoz nigana, zer orreri buruz luzaroago eragoteko. Eure aitak nik iratzarri-arte lo egingo ba'leu, aren etorrien erdia zutzako izango litzateke betiko, ta zure anaiearen maite izango zintzatekez. Edegarta.»

        Tz! Nagusi-aurkako alkar-artzea! «Nik iratzarri-arte lo egin», «aren etorrien erdia zure gozagarri litzateke». Nire seme Edegarta! Ete eban ak eskurik au idazteko? Biotzik eta bururik onangorik euretan sortu-eragiteko? Noz eldu yakan au? Nok ekarri yoan?

        Edemunda'k.— Ez eban iñok ekarri, ene yaun, eta ortxe dago egon be orren lupukeria: leiopetik bariura egotzita aurkitu neban nire etxokian.

        Gloster'ek.— Ete dakik idazkera ori ire anaiearena dana?

        Edemunda'k.— Gaia ona ba'litz, ene yaun, zin egingo neunke arena dala; baña aren ederra-arren gurago neunke arena ezpa'litz.

        Gloster'ek.— Arena dok.

        Edemunda'k.— Aren eskutikoa da, ene yaun; baña bere biotza ez al dago gutunak dakarrenean.

        Gloster'ek.— Olangorik lenago ez ete dausk aipatu?

        Edemunda'k.— Egundo bez, ene yaun; baña sarritan entzun izan dautsat esaten bein semeak adin osora eldu ta aitak aguretuezkero egoki litzatekela aitak semeen yagola edo olangoren bat izan eta semeak erabili aiten etorria.

        Gloster'ek.— Zital-zitala! Bere eretxia berbera gutunean! Zital gorrotagarria! Izamenaz besterako, iguingarri, mandako zitala! Oa, yauntxo, oa aren billa; baitu egingo yoat. Zital iguingarria! Non dok bera?

        Edemunda'k.— Ez dakit ondo, ene yaun. Nire anaiearen asmoai buruzko zure asatrea agiri argiagorik izan arte geroagoratzea ondo ba'deretxatzu, bide oberik artuko dozu; aren as moak oker aituta, indarrez eta itsumustuka yokatu ba'dagizu yokatu, ba-leiteke zure entzute onari akats andia ezartea ta aren biotzeko menpetasuna betiko birrinduta iztea. Nik nire bizia yokatuko neunke aren alde, ak egin dauena nire zuganako zintzotasuna norañokoa dan zirikatze-arren egin dauela ta ez zuri okerrik egite-arren.

        Gloster'ek.— Ori uste dok ik?

        Edemunda'k.— Zure izen onari egoki ba'deretxo, ak eta nik, biok, gai onetaz esango doguna entzuteko tokian yarriko zaut, eta zeuk entzunetik ebatziko dozu; eta au geroagorakobarik arrats onetan berean izango da.

        Gloster'ek.— A ezin izan leitekek olango mandakorik.

        Edemunda'k.— Izan be ezta, urrean.

        Gloster'ek.— Samur eta biotz osoz maite dauen aitarentzako. Zeru-lurrak-arren! Edemunda, billatu egidak a; arren-baiarren, eroan nagik agana kakomakoka: atondu egik arazoa ire zurtasunez. Nire erabakia okerrekoa izatea gurako naieunkek.

        Edemunda'k.— Bertatik billatuko dot, yaun; arazoa al dodanez burutu ta egina iragarriko dautzut.

        Gloster'ek.— Eguzki-iretargiak oraintsu izan dabezan ilunaldiak ez dauskue iragarten gauz onik; izadi-yakitunak ilunaldiok onako onegaitik edo orrako orregaitik izan diriala eraku tsi-arren, orraitiño be orrein ondorenak izadia bera zigortatzen dabe: maitasuna otzitu egiten da, adiskidetasuna utsean gelditu, anai-arrebak alkarregandik banandu egiten dira; urietan uritarrak asaldatu egiten dira; errien arteko alkar ikusi-egina sortzen da; yauregietan, azpikeria; eta aita-semeen arteko lokarriak eten egiten dira. Nire zital au be iragarpen oneitan sartzen da: amen semea aitaren aurka; errege lurrera doa izadiak orretara beartuta: aor aita semearen aurka. Gure egunik onenak ikusiak gara: azpikeriak, guzurtikeria, azpi-yalekeria ta guztitariko okerrak yarrai datorkuz gure il-obietaraño. Billa egidak zital ori, Edemunda; orretan eztok ezer galduko; abil arduraz. Eta Kent zintzoa ta biotz-zindoa erbesteraturik! Aren akatsa zintzotasuna! Andia da gero. (Alde dagi.)

        Edemunda'k.— Au da ludi onetako zorakeriaren zorakeria gure arazoak txarto dabiltzanean —sarri-sarritan gure yokabidearen erruz—, gure okerren errudun eguzkia, iretargia ta izar rak iruditzen yakuz, gu geu zitalak ezin-bestez baigintzaz; gu burubidebageak, gu orretara ortzekoak bearturik; zitalak, lapurrak eta azpi-yaleak, izarrak guri geiago eginda; moskortiak, guzurtiak eta ezkontza-orbanleak, izarren egitekoari men egin-bear gorriz; eta gure gaiztakeri guztiak, Yaungoikoa bitartean sartu yakulako; igespide ederra gizon izortzalleak bere izorkeriaren errua izarrai egoztea. Nire gurasoak «Iransuge-buztan» aroan alkarganatu ziran aragiz, eta ni yaio nintzanean «Otseme Nagusi»-aroa zan; eta ortik dator ni aragikoi ta indarkeri-zale izatea. Uxa! Nazana izango nintzan ni, ni sasikumetu ninduenean ortzean izarrik garbienak kiñu egin izan ba'leu be.

 

Edegarta dator aurrera.

 

        Oin-ots! Beinolako antzerkiko azkena (Katastrophe) bailitzan dator etorri be: nire azkenengo itzak goibeltasun zitala iragarriko dabe, zoro-asperen eta guzti. Ara! izar-ilunaldiok iragarri diragarrez banantzeok! fa, sol, la, mi.

        Edegarta'k.— Nolan ago, Edemunda anai? Ze burutapen sakoneri daragoiok?

        Edemunda'k.— Lengo egunean irakurriko iragarpen bateri buruz oldoztu ta oldoztu yaragoioat, anai, izar-iluntze onein ondorena zer izango ete dan.

        Edegarta'k.— Orreri daragoiok ekin eta ekin?

        Edemunda'k.— Yakik ak idatziko ondorenak zoritxarrez yazo egin diriala; esaterako aita-semeak alkarrekingo ar-emonetan izateaz ez besterakoak izatea; eriotzak, yan-edanik-eza, adiskidetasun zarrak manatzea; lege-errietan, alderdiak; zemaiak eta añenak bakaldunen eta andikien aurka; bidebageko susmoak, adiskideak erbesteratzea, lagun kutunak manatzea, ezkonduak alkarregandik alde egitea, eta batek ba-yakik beste zer.

        Edegarta'k.— Noztik augu izarlarietariko?

        Edemunda'k.— Tiruk, tiruk; noz ikusi indun i azkenengoz nire aitak?

        Edegarta'k.— Bart.

        Edemunda'k.— Egin enduan itzik berakin?

        Edegarta'k.— Bai, ordu bien batera.

        Edemunda'k.— Adiskide banandu ete zinien? Oartu euntsan mukertasunik itzez naiz arpegiz?

        Edegarta'k.— Ezetarikorik bez.

        Edemunda'k.— Gogoratu egik zetan min emon izan dautsakan: eta zati baten ez akio eldu aurrera, nire onuz, aren asarrea apur bat otzitu arte; aren asarrea orain suak artuta yagok-eta, iri egingo leuskikan okerraz nekez arinduko litzatekek.

        Edegarta'k.— Zitalen batek kalte egin yaustak.

        Edemunda'k.— Neu be orrexen bildur nok. Arren-bai-arren, artu egik epeaaren asarrea apur bat arindu arte; eta, neuk dirauskat, ator neukin nire etxokira, ta egoki danean neuk eroango aut nire yaunari entzuteko; oa, arren; eutso nire giltzea. Andik alde egin ba'dagik, oa izkillu ta guzti.

        Edegarta'k.— Izkillu ta guzti, anai?

        Edemunda'k.— Anai, ire onerako emoten dauskat onua; ni enok gizon zintzoa itzako gogo onik dagoanik esan ba'dagiskat; nik or ikusi ta entzunaren izkitxo bat esan dauskat, ez gauzearen irudia ta itzaltasuna bera; alde egik, arren.

        Edegarta'k.— Laster izango ete yoat ire barririk?

        Edemunda'k.— Arazo onetan ire otsein nok.

 

(Edegarta'k alde dagi.)

 

        Aita sinispera! eta anai zintzo. Onen izakerea iñori okerrik egitetik urrin dago-ta, iñok egin leikionaren susmorik ez dau; onen zintzotasun zoroaren ganean errez doakez iztertolaka nire asmakeriak! Nik ondo dakust nire lantegi-lana. Yaiotzez ez ba'da, betoz asmakeriz lurrak nigana. Egokitzat asmau dagikedan oro egoki datorkit niri.

 

(Alde dagi.)

 

 

III. Agerleku.— Albani'ko Dukea'ren Yauregiko Etxoki. Gonerile ta Osualda datoz aurrera.

 

        Gonerile'k.— Yo egin eban nire aitak nire andikia aren ergelari agirika egin eutsalako?

        Osualda'k.— Bai, andera.

        Gonerile'k.— Egunez eta gabaz egiten daust ak okerren bat; ordu oro egiten dau itsumustuan oker andiren bat edo beste ta ezkau baketan izten; enago olangorik yasateko. Aren zaldunak geroago ta asalelariago dira, ta berak edozein uskerig aitik agirika egiten dausku. Eizatik datorkenean eztautsat egingo itzik: ondo ezik nagola esan egiok. Ik len egiten euntsazan otsein-bearretan i nagi ta geldo ba'abilko, ondo egingo dok; uts orreri neuk erantzungo yautsat.

        Osualda'k.— A ba-dator, andera: ba-dantzut.

 

(Adar-ots barruan.)

 

        Gonerile'k.— I ta ire lagunak ardurarik nagienaz ibili; ori txarto artuko al dau; atsegin ez ba'yako, doala nire aiztearenera, ondo dakidanez, aren asmoa ta nirea iñok guri ganetik ez egiteari buruz bat dira-ta. Aginpide iñori emonak ostera be berak erabili gurako leukezan apure alperrarena! Orain, nire bizia-arren diñot, ergel zarrak barriro umetu egin dira; eta zurikerietan ibilteke geldituazo egin bear yakie, okerrik dagienean. Ez egik aztu nik esana.

        Osualda'k.— Ondo dago, andera.

        Gonerile'k.— Eta aren zaldunei begirakune otzagoak egin zuok; ez izan ortik zer etorrikoaren ardurarik; orretaz yakitun imini ire lagunak; emendik atxina itz egiteko bideak gura neun kez eta billatu egingo dodaz, itz dagidan. Bertatik idatziko dautsat nire aizteari, ak be nire bidea bera artu dagian. Gertau egik bazkaria.

 

(Alde dagie.)

 

 

IV Agerleku.— Albani'ren Yauregiko Bebarru. Kent dator aurrera, kokomarrotuta.

 

        Kent'ek.— Nire burua ezagun-gaitz egiteko itz-egikerea iñori zorrean artu al ba'nengio —orixe bakarrik— nire asmoa iñoren antza ar-azo daustan ondoren osora eldu leiteke. Orain, Kent erbesteratu ori, gaitz-etsita agoan toki onetan lagundu al ba'dok lagundu, ik maite doan ugazabak i neke-lorrez beterik aurkitzeko izango al dok.

 

Adar-otsak barruan. Lear Errege, Zaldunak eta Yarraigokoak datoz aurrera.

 

        Lear'ek.— Ez nagizue euki bazkariaren begira unetxo baten be; oa ta gertatu egik. (Begirale batek alde dagi.) Ara! Zer augu i?

        Kent'ek.— Gizon, yaun.

        Lear'ek.— Ze ogibide dok irea? Zer gura dok emen gurean?

        Kent'ek.— Nire antzak diñoan baño gitxiagorik enaz bere uste ona nigan yarriko dauenari zintzo lagun egingo dautsat; zintzoa maite izango dot; zur eta itz gitxiko danari itz egingo dautsat; epaiari bildur dautsat; besterik ezinean burruka egitekoa naiatzu; eta arrainik ez yatekoa.

        Lear'ek.— Zer augu?

        Kent'ek.— Biotz on oneko gizon, eta errege aña txiro.

        Lear'ek.— A erregego-arloan añan i menpekotasun-arloan txiro ba'az, txirorik asko az. Zer gura dok

        Kent'ek.— Otseintza.

        Lear'ek.— Noren otsein izan gura dok?

        Kent'ek.— Zure otsein.

        Lear'ek.— Ezagun ete nok, lagun?

        Kent'ek.— Ez, yaun; baña zuk ba-dozu zerbait zure arpegian zuri ugazaba deituazoko leuskidana.

        Lear'ek.— Zer dok orrako ori?

        Kent'ek.— Aginpidea.

        Lear'ek.— Ze arlotan egingo eunke otseintza?

        Kent'ek.— Ni aolku onari men egiteko gai naz, baita zaldiz ibilteko, arin egiteko, edestuten daragoiodan iñondiko ipuina lorrinduteko, ta gezna laua kakomakobage plaustadaz emo teko, erriko edozein aitaren semek oigin daroan legetxe; ni orretarako egoki nozu: eta nik dodanik onena zolitasuna yatzu.

        Lear'ek.— Zenbat urte dozak?

        Kent'ek.— Abestuten dakiala-ta emakumerik maite izateko zarregi, yaun; ezta edozein uskerigaitik akin maitek-erietan ibilteko lain zar be: berrogei ta zortzi urte daroadaz bizkarrean.

        Lear'ek.— Ator nire yarrai; nire otsein izango aut; bazkal-ondoan gitxiago maite ez ba'aut, bein-beinean nikin izango az. Bazkaria, eee! bazkaria! non da nire kirtena? nire ergela? Oa ta esan egiok nire ergelari ona etorteko.

 

(Begiralarik alde dagi.)

 

Osualda dator aurrera.

 

        I, i, yauntxo, non dok nire alabea?

        Osualda'k.— Atsegin izango al yatzu...(Alde dagi.)

        Lear'ek.— Zer diño arako ak? Dei egiok atzera asta-buru areri. (Zaldun batek alde dagi.) I, non dok nire ergela? Ludia lotan dagola dirudit.

 

Atzera dator Zalduna.

 

        Oindo! Non dok a txakur zistrina?

        Zalduna'k.—Zure alabea ondo-ezik dala diño ak, ene yaun.

        Lear'ek.— Zegaitik etzoan etorri yopu a nik deitu neuntsanean?

        Zalduna'k.— Ene yaun, ak argi ta garbi erantzun eustan etzala etorriko.

        Lear'ek.— Etzala etorriko!

        Zalduna'k.— Ene yaun, nik eztakit zer yazoten dan: baña nire ustez ez dago zutzako beinola egiten yatzun txera argi-yaramontsurik; bai zure menpekoen aldetik, bai dukea beraren eta zure alabearenetik zuganako maitasuna asko gitxituaz doala agiri da.

        Lear'ek.— Ostera! Ori uste dok?

        Zalduna'k.— Azketsi egidazu, arren, ene yaun, nire eretxia okerra ba'da; zure nagusitasunari oker egiten yakola uste dodanean, ni ixilik ezin egon naiteke-ta.

        Lear'ek.— Ik nire ustea bera gogoratu ta sendotu baño ez daustak egiten; oraintsu yaramonik-ez andi-andia oartu yoat. Nik ori niganako maitasunik eztzat eta beren-beregiko asmo tzat-barik nire burukeri ustzat nigandik uxatu egin gura izan yoat; aurrerantzean orreri buruz adiago ibiliko nok. Baña non dok nire ergela? Egun biotan ikusi be etxoat egin a.

        Zalduna'k.— Nire andera gaztea Pantze'ra yoan danezkero, yaun, ergela asko yausi da.

        Lear'ek.— Olangorik ez egidak aipatu; neuk be ondo oartu yoat. Oa ta esan egiok nire alabeari berakin itz egiteko gogo dodala. (Begirale batek alde dagi.). Oa i, deitu egiok ona nire ergelari. (Beste begiralek alde dagi.)

 

Osualda dator ostera be.

 

        O! i, ene yauntxo, ator ona, yaun: nor nok ni, yaun?

        Osualda'k.— Nire anderearen aita.

        Lear'ek.— Nire anderearen aita! nire yaunaren kirtena i emagaldu-seme txakur ori! i txakur zistrin ori

        Osualda'k.— Ni enaz orretarikorik ezer be, ene yaun; azketsi egistazu.

        Lear'ek.— Ni begiratzen azartzen az zital ori? (Yo dagi yo).

        Osualda'k.— Ni enau iñok yoko, ene yaun.

        Kent'ek.— Ezta iñok zangoetatik elduta yausi eragingo be, ostiko-pelotari zantar ori? (Orpoetatik elduta zerraldo yausi eragiten dautsa.)

        Lear'ek.— Eskerrik asko iri, lagun; otseintzea ederto egiten daustak-eta, maite izango aut.

        Kent'ek.— Tiruk, yaun, yagi adi ta oa emendik! neuk irakatsiko dauskat nor nor dan: alde! alde! Baldartzar orrek ire soinaz lurra neurtu gura ba'dok, ago or baña alde! oa emendik; ete dok sentzunik? Olantxe.

 

(Bultzaka ateraten dau Osualda.)

 

        Lear'ek.— Orain, kirten adiskide ori, eskerrak emoten dauadaz: eutso ire otseintzaren sendagarri-agiritzat. (Dirua damotso Kent'eri.)

 

Ergela dator aurrera.

 

        Ergela'k.— Ori be nik alogerean artu dagidala; eutso nire ergel-txapela. (Kent'eri bere txapela damotso.)

        Lear'ek.— Yauntxo, ene kirtentxo! nolan abil

        Ergela'k.—Yauntxo, iri nire ergel-txapela artzea oba litzakik.

        Kent'ek.— Zegaitik, ergel?

        Ergela'k.— Zegaitik? Ondo ikusia eztanaren alde yarri azalako. Eguzkia nora, zapiak ara eroaten ezpa'dakik, laster ikusikok zer datorkikan; aiko, ar-egik nire ergel-txapela: ara, bere alabak diriala-ta, onek onako onek bi erbesteratu yozak eta bere gogoaz bestera irugarren alabeari sekuleko onespena emon yeutsan; onen yarrai ba'oa, nai ta nai ez eroan bear dok nire ergel-txapela. Ara, osaba! Ergel-txapel bi ta alaba bi al neuz!

        Lear'ek.— Zegaitik, ene mutil?

        Ergela'k.— Nire bizibide osoa emongo ba'neuntse, neuk eukiko neunkez nire ergel-txapelak. Eutsi nirea; eskatu beste bat zure alabai.

        Lear'ek.— Abil arduraz, yauntxo, zigorra...

        Ergela'k.— Egia, txakurrak txakurtegira yoan bear dau; bizkarra berotu bear yako, txakurremea sutondoan atsa dariola dagon artean.

        Lear'ek.— Beaztun atsitua nitzako

        Ergela'k.— Yauntxo, itzalditxo bat irakatsiko dautzut.

        Lear'ek.— Ekiok.

        Ergela'k.— Entzun adi-adi, osaba:

                        Izan erakusten dozun baño geiago,

                        Dakizun baño gitxiago esan,

                        Dozun baño gitxiago emon zorrean,

                        Oinez baño geiago ibili zaldiz,

                        Sinisten dozuna baño geiago ikasi;

                        Itxi zure edana ta zure emagaldua,

                        Euki zure burua etxe-barruan,

                        Eta ogeiren aldean amarreko bi baño

                        Geiago izango dozu.

        Kent'ek.— Au utsa dok, ergel.

        Ergela'k.— Orrezkero legegizon ordaindubagearen arnasea langoxea da, ez daustazu ezer ordaindu nik esanagaitik. Ezin dozu ezer egin utsagaz, osaba.

        Lear'ek.— Ez, ba, mutil; ezebezetik ezebe ezin egin.

        Ergela'k.— Arren-bai-arren, esan egiozu orreri orrexenbeste dala orreri berorren lurrak emoten dautsoena: ez dautso sinetsi gura ergelari. (Kent'eri.)

        Lear'ek.— Ergelaren zorrotza!

        Ergela'k.— Ezagun ete dozu, ene mutil, ze alde dagon ergel zorrotz eta ergel gozoaren artean?

        Lear'ek.— Ez, mutil, euk irakatsi egidak.

        Ergela'k.— Imini egizu emen nire aldamenean

                        Zure lurra iñori emoteko

                        Aolkua emon eutzun yauna,

                        Egizu zuk aren ordekotzea

                        Ergel zorrotza ta gozoa

                        Bertatik agertuko dira

                        Bata ergel-yantziz emen,

                        Bestea or agiri da.

        Lear'ek.— Ergel ereisten daustak, mutil?

        Ergela'k.— Beste izen guztiak iñori emonak dozuz; yaiotzetikoak esan gura dot.

        Kent'ek.— Au ezta ergel-ergela, ene yaun, ez guztiz ergela.

        Ergela'k.— Nik dodazala ergel guztiak? Ez orixe; ez al dodaz bait! Yaunak eta andikiak ez leuskide itxiko olangorik egiten; ergel guztiak neuretuta ba'neuz, arei be emongo neuns kiez, bai moltsoka be: areik ez daustie itxiko ergel guztiak neuretzako eukiten; arrapataka kenduko leuskidez. Osaba, ekatzu arrautza, ta nik burestun bi emongo dautzudaz.

        Lear'ek.— Ze burestun bi ta burestunbako?

        Ergela'k.— Ba! Arrautzea erdi-erditik ebagi ta barruko mamia yan dagiodanean, arrautzearen burestun (koskol) biak. Zure burestuna erditik ausi ta erdi biak iñori emon zeuntsiezanean; zure astoa zure bizkarrean yarri zendun eta zeu lupetzan gelditu; zure buru-koskor soilean (ulduan) sentzun gitxi izan zendun zure urrezko burestuna iñori emon zeuntsanean. Nik niri (ergelari) dagokidanez itz egin ba'dot, bedi zigorra au lenen erakutsi dagianarentzat

        Ergelak ez dira egundo urtebetean gitxiago atsegin izan. (Abestuaz.)

        Gizon zurrak ergelduaz doaz-ta,

        Eta ez dakie euren buru-argitasunaz zer egin,

        Matxango-antzera yokatzen dabe-ta.

        Lear'ek.— Noztik augu orren abesti-ontzi, yauntxo?

        Ergela'k.— Zure alabak zure amatu zenduzanezkero, osaba: eta izan be, zuk ai zure agintza-makillea emon eta zure galtzak (parkak) erantzi zenduzanean,

        Aik otoz-otoko pozez negar egin eben (Abeska)

        Eta nik naibagez abestu neban:

        Andia dok onango errege oston-osteka

        Eta bere burua zoro egitea.

        Arren-bai-arren, osaba, niri guzurra esaten irakasten dakian irakasle euki egizu; guzurra esaten yakin gura neunke.

        Lear'ek.— Guzurrik esan ba'dagik, yauntxo, zigortau eragingo aut.

        Ergela'k.— Ez dakit nik ze senide zarien zu ta zure alabak: aik, nik egia esanagaitik, zigortau eragingo nabe, zuk, ostera, nik guzurra esanagaitik: eta batzuetan ixilik egonagaitik be zigortzen nozue. Gurago neunke ergel baño beste edozer izan; eta a ta guzti be nik eneunke gurako zu izaterik, osaba; zuk zure buru-zorroztasunari ertz biak moztu dautsazuz eta bitartean ezer itxi ez: emen dator mozketa bata.

 

Gonerile dator aurrera.

 

        Lear'ek.— Amen gure alaba! Nondik datortzu bekokiko ori? Nire ustez oraintsu betozkotsu zabilkuz.

        Ergela'k.— Zu bestelango gizon zintzan iñoren betozkoren ardurarik etzendunean; orain aldamenean zenbakibako 0 (utsa) zara: ni zu baño geiago naz: ni ergel naz, zu ezebez. Bai orixe, nire mina lotuko dot; orixe (Gonerile'ri) agintzen daust zure begirakuneak, zuk ezer esan ez-arren. Ixilik! Ixilik!

                Ez kuzkurrik ez mamirik eztauenak,

                Guztiaz asperturik, zeozer bearko dau.

        Ori idarrak yalgiko idar-zeruka yatzu. (Lear erakutsiaz.)

 

        Gonerile'k.— Yaun, zure ergel lotsagaldu onek ezeze zure yarraigo lotsabakotiko beste batzuk be txitean-pitean or daragoioe txarto esaka ta marmarka, ta burruka ta asarrerik ugari ta eroan ezinak sortzen dabez. Yazoten dan au zuri yakinazoezkero, okerrok arteztuko ziriala uste neban nik; baña zuk beranduegi esan eta, egin dozunetik bildur naz zu zeu be egikera orrein alde zagozala ta zuk, ederretsiz, aurrera-bidea emoten dautsezuela; eta ori egia ba'litz, zure utsa ditzake geldituko txarretsibage, ezta zuzentza lo be; au erri-osasun zindoaren ardureak eraginda, ba-leiteke zuk min artzea, ta min egite au ostean lotsagarri litzatekean-arren, or egipide zurra litzateke.

        Ergela'k.— Ba-dakizu, ba, osaba, otatxoriak kuku-kumei luzaroegi yaten emonda, areik areri burua moztu eutsoena. Olantxe, argizagia itxungi egin zan eta gu ilunetan gelditu gintzan.

        Lear'ek.— Gure alaba ete zaugu zu?

        Gonerile'k.— Dakidanez buruan dozun zurtasun onari bear eragingo al zeuntso; eta urrindu zugandik gogaldiok, oraintsutik zu zuzenez zareanetik aldendu egiten zaue-ta.

        Ergela'k.— Ez ete daki astok noz daroan burdiak zaldia. Arre! Ia! Maite aut.

        Lear'ek.— Emen iñok ezagun ete nau? Au ezta Lear: Lear onan ibilten ete da? Onan itz egiten ete dau? Non dira aren begiak? Edo-ta aren adimena makaldu da, aren burubidea lo-zorroan dago. A! Itzarrik? Ez. Nok esan leiskit ni nor nazan?

        Ergela'k.— Lear'en itzala.

        Lear'ek.— Orixe yakin gura neunke; eta izan be, nagusienaren ezaugarrietatik, yakituriak eta argibideak guzurrez sinetsi eragingo leuskite alabarik ba-dodala.

        Ergela'k.— Eta orreik esaneko egingo dabe aita.

        Lear'ek.— Zure izena, andera lirain?

        Gonerile'k.— Zure arritze au, yaun, ondo dator zure oraintsuko beste izkirimiri barrien aldamenean. Arren-bai-arren, nire asmoak ondo ulertu egizuz: zar eta lotsarigarri zareanezkero, zur izan bear zeunke; emen daukazuz eun zaldun eta ikurdidun; gizonok saskil be saskilek, ekanduz gaiztoak eta lotsagalduak dira-ta, gure errege-etxe onek, euren oitura zikinak dirala-ta, ostatu asaldatu dirudi: atsegin-zalekeriak eta lizunkeriak gure etxea errege-etxe begiko baño ardandegi ta emagaldutegien antzekoago egiten dabe. Lotsea bera dago osapide-eske gedarrez; beraz, zure yarraigoa apur bat gitxiagotu egizu, ostean lotsa orrek berak eskatzen dauena iritxiko dauta; eta geldituko dirianak bediz euren buruak eta zeu aintzakotzat artuta zure urteai egoki datorkiezanak.

        Lear'ek.— Ilunbe ta denganiñoak! Imini nire zaldiai zaldi-yarlekuak; batu daitezala nire yarraigokoak. Sasikume lotsagaldu! Ez daunat emongo kezkarik baña oraindik beste alaba bat dot.

        Gonerile'k.— Zuk nire etxekoak yoka darabiltzuz; eta zure lagun saskil-ganorabakoak eurak baño obeak dirianak euren otseindu egiten dabez.

 

Albani dator aurrera.

 

        Lear'ek.— Beluegi damututen yakonaren zoritxarreko! (Albani'ri). Ara, yaun, etorri zara? Zure guraria ete da ori? Esan, yaun. Gertau nire zaldiak. Eskerbakokeri i atxurdin-biotzeko txerren, seme-alabagan agertzen azanean itxas-mamuek baño be iguingarriago azan ori!

        Albani'k.— Artu epea, yaun, arren.

        Lear'ek.—Miru gorrotagarri! guzurra diñon: (Gonerile'ri) Nire yarraigokoak euren egitekoak ondo dakiezan gizon autu-autuak eta zein baño zein obeak dozan; eta euren izen onan dagokon begirunea alik eta zeatzen beteten dabenak. Kordele'gan ain itsusi agertu intzan akats txiki-txiki ori! Ik nire izakerea bere toki tinkotik eraso egin enduan, tramankuluaren antzera; nire biotzetik maitasun oro atera enduan eta beaztuna geitu. Ai, ene Lear, Lear, Lear! Yo egik ire zorakeriari sartzen eta ire sentzunari urteten itxi eutsan ate au! (Bere burua yoten). Zoaze, zoaze, nireok.

        Albani'k.— Ene yaun, nik ez dot errurik, zuri zek eragin dautzunik be ez dakit-eta.

        Lear'ek.— Ba-leiteke ori, ene yaun. Entzun, izamen, entzun; yainko no maite, entzun; izaki au ernaltzeko asmorik ba'zendun, bego utsean asmo ori bein-beinean! Antzutasuna ekarri bere sabelera! Igartu egizuz bere barruko azikinak; eta bere izen-edergarritzat bere soin zimel-iristutik ez bedi egundo sortu umerik! No orrek ganaz egin bear ba'dau, bedi bere umea barearenduna, bizi dan artean amaren oñazegarri itsusi-oker izan daiten! Bere bekoki gaztean izurrak ezarri begioz; masailetan negar-darioak arekak egin begioz; seme orrek amari neke ta egite onak barreka ta iñakaz ordaindu begioz: ama orrek bere buruan ikasi dagian esker txarreko umea izatea sugearen agina baño zorrotzago dala! Goazan, goazan!

 

(Alde dagi.)

 

        Albani'k.— Onangorik! Gurtu daroaguzan yainkook, nondik sortu da au?

        Gonerile'k.— Ez atsekabetu, orretaz geiago yakin-gurarik; beragoio bere txotxakeriak dakartson aldikadea azazkatzen.

 

Ostera be aurrera Lear

 

        Lear'ek.— Zer, nire yarraileetarik berrogei ta amar zartada baten! Amabost egunen barruan!

        Albani'k.— Zer yazoten yatzu, yaun?

        Lear'ek.— Esango dautzutBizi ta eriotz!... Ik (Gonerile'ri) nire gizatasunari onan ikara eragiteko indarra izateaz lotsatuta naiagon; besterik ezinez nire begiei darien negar-tantan goriok eurak-garr egingo al indue. Axe-boladak eta lañoak ire ganera! Aitaren gaitzespenaren zauri ezkutuak zulatuko al dabe ire oarmen oro! Begi maitabera zarrok, negar egizue ostera be zer onegaitik, atera egingo zaituet, eta ortikzear yaurtin, zuok galtzen dozuen uragaz buztina beratzeko. Bai! Orixe egingo dot: beste alaba bat be ba-dot, eta a, eskier nago, maitagarri ta txeratsu da: ak zuk egina yakin dagianean bere atzazalez urratuko dautzu arpegi ori. Or ikusiko don nik betiko ortik zear egotzi dodala uste donan antz eta izakerea barriro neugandu dodala.

 

(Lear, Kent eta Begiraleak alde dagie.)

 

        Gonerile'k.— Oartu dozu ori?

        Albani'k.— Dautzudan maitasun andiak ezin yarri naike orrenbesteraño zure alde, Gonerile.

        Gonerile'k.— Zagoz nasai, arren. Zer, Osualda, ee! I, yaun, ergel baño zitalago ori, ik yarrai egiok ire ugazabari (Ergelari).

        Ergela'k.— Osaba Lear, osaba Lear, etxon, artu ergela zukin.

                        Azeri-emea oratu danean,

                        Eta onango alabea,

                        Biak yoan bear leukie arakinenera,

                        Nire txapelak lokarririk erosi al ba'leu:

                        Olantxe doa ergela atzetik. (Alde dagi.)

        Gonerile'k.— Gizon onek burubide ona izan dau. Eun zaldun! Sentzunezko ta bildurrik ez izateko yatzu gizon oneri eun zaldun gertu-gertu eukiten iztea: bai, edozein amesegaitik, ots bakotxeko, irudipen bakotxeko, edo gogaldi txar bakotxeko bere indarrakaz bere txotxakeria yagon eta gure biziak bere eskuko izan dagizan. Osualda, non ago?

        Albani'k.— Ba! ba-leiteke zure bildurra andiegi izatea.

        Gonerile'k.— Uste geiegi izatea baño oba da au: uxatu dagidazan oraindik bildur dautsedan galbideak, oraindik otozotoan atzeman (oratu) nagienaren bildurrik ez izateko: ba-dazaut nik aren biotza: ak esana idatzi dautsat nire aizteari: nik egoki eztala erakutsiezkero, ak emon gura ba'dautse bizibidea ari ta aren eun zaldunai...

 

Osualda dator ostera be.

 

        Kaxo, Osualda! Zer, idatzi dok nire aiztearentzako gutuna?

        Osualda'k.— Bai, andera.

        Gonerile'k.— Artu lagunen batzuk, eta arin zaldi-ganera iragarri egiok zelango ta zeren bildurra dodan; eta nire argibideak sendotzeko ire batzuk be ezantsi egizak. Oa, eta atorke arin. (Osualda'k alde dagi.)

        Ez, ez, ene yaun, zure yokera bigun, leun eta epel ori, nik gaiztetsi ez-arren, orraitiño, eta azketsi au niri, zu zurtasunik ezagaitik agirakarriago zara, biguntasun kaltegarriagaitik txalogarri baño.

        Albani'k.— Nik eztakit zure begiak noraño ikusi daikienik: sarritan oberen billa, ondo dagona alperrik galdu baño eztogu egiten.

        Gonerile'k.— Ba, orrezkero...

        Albani'k.— Ondo dago, ondo dago; geroak esango dau. (Alde dagie.)

 

 

V. Agerleku.— Albani'ko Dukea'ren Yauregi-aurreko Araspela. Lear, Kent eta Ergela datoz aurrera.

 

        Lear'ek.— Oa Gloster'gana gutunokaz; nire alabeari ez egiok emon bere gutunean eskatzen dauena ez beste ik dakian barririk. Ire egitekoa arin ezpa'dagik egin, an nok neu i baño lenago.

        Kent'ek.— Ez nau loak artuko, ene yaun, zure gutuna emon arte. (Alde dagi.)

        Ergela'k.— Gizonaren garaunak aren orpoetan ba'legoz, ez ete legokez ospel-zauriak urteteko bidean?

        Lear'ek.— Bai, mutil.

        Ergela'k.— Orrezkero, otoi, zagoz pozik; zure buru-zorroztasunak ez dau egingo berantza.

        Lear'ek.— Ja, ja, ja!

        Ergela'k.— Beste alabeak txera ona egingo dautzula ikusiko dozu; eta izan be, baso-sagarra sagarraren antzeko dan legetxe zure beste alabea onen antzeko izanarren, orraitiño nik esan daiket esan daikedana.

        Lear'ek.— Zer esan daikek, mutil?

        Ergela'k.— A ez yatzu izango au baño gozoago, baso-sagarra baso-sagarra baño gozoago ez dan lez. Zuk ezetz igarri zegaitik dogun surra gure arpegi-erdian.

        Lear'ek.— Ezin yoat.

        Ergela'k.— Ba, gure begiak surraren aldamen banatan eukiteko, ta, olan, gizonak usainez oartu ezin dauena begiz ikusteko.

        Lear'ek.— Nik no a iraindu egin naioan.

        Ergela'k.— Esan ete daikezu zela egiten dauen ispelak bere kozkola?

        Lear'ek.— Ez.

        Ergela'k.— Ez neuk be; baña nik esan daiketzut zegaitik dauen barakulloak bere etxea.

        Lear'ek.— Zegaitik?

        Ergela'k.— Ba, bere burua barruan eukiteko; bere alabai ez emoteko, ta bere adarrak kutxabage ez izteko.

                Lear'ek.— Nor nazan be aiztu egingo yatak. Ni izan nazan aita maitati! Nire zaldiak gertu ete yagozak?

        Ergela'k.— Zure astoak yoan dira areitara. Zazpi izarrak zegaitik ez dirian zazpi baño erakusten dauen argibidea argibide polita yatzu.

        Lear'ek.— Zortzi ez dirialako ala?

        Ergela'k.— Bai, izan be; zuk ergelarena ederto egingo zeunke.

        Lear'ek.— Barriro indarrez artuko ete? Eskertxarraren mamu

        Ergela'k.— Zu nire ergel ba'zintz, osaba, nik zigortu eragingo zindukedaz aldiz aurretik zartuagaitik.

        Lear'ek.— Zelan dok ori?

        Ergela'k.— Zuk etzendukean zartu bear zurtu arte.

        Lear'ek.— O! zoriontegi maitagarri, ez al naz zoratuko, ez al naz zoratuko; ez al naz asarretuko: eneunke zoratu gura!...

 

Andiki dator aurrera.

 

        Eta? zaldiak gertu ete dira?

        Andikiak.— Gertu, ene yaun.

        Lear'ek.— Gaioazan, mutil.

        Ergela'k.— Orain neska izan-arren, nik alde egitean barre dagiana ez da izango luzaro neska, lokarria laburtu ezik.

 

 

 

II. ekitaldi

 

 

I. Agerleku.— Gloster'ko Kondea'ren Gaztelu-barruko Araspela, Edemunda ta Kuran aurrean, batzarrean.

 

        Edemunda'k.— Abil ondo, Kuran,

        Kuran'ek.— Bai, zeu be, yaun. Zure aitakin egona nozu, ta arrats onetan Kornuol'go Dukea ta Erregane aren dukenoa emen izango diriala iragarri dautsat.

        Edemunda'k.— Zegaitik ete dok ori?

        Kuran'ek.— Batek ba-yakik! Entzun dozuz or zabal dabiltzan barriak; or txutxu-putxuka zabal dabiltzanak esan gura dot, oraindik gauza garbirik eztakigu-ta.

        Edemunda'k.— Nik ez yoat entzun arean; arran, ze barri dozak?

        Kuran'ek.— Entzun ete dozu guda sortu leitekeala Kornuol eta Albani'ko Dukeen artean?

        Edemunda'k.— Itzik bez.

        Kuran'ek.— Beraz, ba-leiteke zuk geroago entzutea arean. Onik eta ondo ibili, yaun. (Alde dagi.)

        Edemunda'k.— Dukea arrats onetan emen? Oba! egundokorik onen! Au nai-ta-nai-ez nire arazoaren alde datar. Nire aitak zainak yarri dauz nire anaiea oratzeko; eta nik gauzatxo bat dot, arduraz ebalteko gauzatxoa, ta nik zirti-zarta egin bear dot: Azkartasun eta zorion, urratu zuok nire bidea i? Anai, itz bat; yatsi adi: anai, non ago?

 

Edegarta aurrera.

 

        Nire aita zai yagok: et-et, yaun, igesi egik toki onetatik; norbaitek salatu au non agoan ezkutauta; eraz datorkik orain gau izatea.—Ez ete dok itzik egin Kornuol'go Dukearen aurka? A ona yatok; orain, gabaz, iraduz, eta Erregane berakin batera yatok: ez ete dok ezer esan ak Albani'ko Dukeari deutsan areriaz? Gogora egik.

        Edegarta'k.—Orretaz eskier naiagok, itzik bez.

        Edemunda'k.— Nire aitaren otsa entzuten yoat; a bayatok: azketsi egidak; gu alkarrekin asarre gareanena egiteko nik ezpateaz eraso bear dauskat: atera egik ezpatea egik eure buruaren alde egiten doanarena: orain alde egik. Amore egik: ator nire aitaren aurrera. Argia, ara, ona! Igesi, anai. Zuziak, zuziak! Olantxe, agur. (Edegarta'k alde dagi.)

        Odol-orban batzuk ba'neuz aldean, obeto sinistu eragingo neunke adoretsu yokatu dodala (Besoa zauritzen dau); moskorrik ezautu dot olgetan au baño geiago eginekorik. Aita, aita! Geldi, geldi! Laguntzarik ez?

 

Gloster eta Otseinak aurrera zuziakaz.

 

        Gloster'ek.— I, Edemunda, non dok a zitala?

        Edemunda'k.— Emen egon da ilunetan, ezpata zorrotza aterata, lilurapen gaiztoai marmarka, ilargiari zinka, andera adu oneko izan dakion...

        Gloster'ek.— Baña non dok a?

        Edemunda'k.— Begira, yaun, odola daridala nago.

        Gloster'ek.— Non dok a zitala, Edemunda?

        Edemunda'k.— Ortik zear igesi dau, yaun. Ezetara be ezin ebanean...

        Gloster'ek.— Oakio yarrai, ia! Zoakioek atzetik. (Otseinak alde dagie.) Ezin ebanean, zer?

        Edemunda'k.— Ni zu yaun ori iltera yarri; baña nik yainko aspertzalleak guraso-iltzalleen aurka ostots guztiak egozten dabezala esan neuntsala; semea aitari iñondiko lokarriz sendo lotuta dagoala esan neuntsala; azkenez, yaun, ak, ni aren asmo zitalaren eta izamenaz besterakoaren aurka nengoala ikusirik, zirkin zitalez, eta ni gerturik enengoalarik, bere ezpata gertauaz ganera etorri ta besoa zulatu eustala: baña nire adore itzarriagoa, nire auziaren zuzentasunak sendotuta, burruka egiteko erabagirik ikusi ebalako, edo-ta nik aterako zaparradeak ikaratuta, beingo-beingoan igesi egin ebala.

        Gloster'ek.— Igesi begi urrin: lur onetan ez dok geldituko oratzeke; eta oratu-ezkero, arenak ein yok. Nire ugazaba, duke zindoa, nire buru ta zain zergarria arratseon yatok bere aginpidearen izenez aldarrikatuko yoat, a aurkitu dagianek gure esker ona irabaziko dauela, iltzalle koldarra abera eroanda; a ezkutau dagianak eriotzea izango dauela.

        Edemunda'k.— Ni a bere asmotik atzera eragiten alegindu, eta nik asmoa aurrera eroateko egoala aurkitu nebanean, salatu egingo nebala zemaitu neban itz gogorrez; aren erantzuna au izan zan: «Ondasunbako sasikume ori! Ala uste dok ni ire aurka yarriezkero igan iñok leukean uste, ire ekandu on, ire gaitasunak iñori sinistu eragingo leuskioela? Ez; nik, au lez, egitekoa egin eta egin dodala ukatu egingo naieunkek; bai, ik ni nor ta nolakoa nazan esan-arren be; nik egiña ik ni atara zirikatuta, ik asmauta, ire izakera gaiztoak eraginda egin dodala esango naieunkek; eta mundua buru-moteltzat izan bear dok ik, ni orretaz salatzekotan iñori sinistu eragingo dautsakala ni il-eragiteko ire aztalak ez diriala izan nire eriotzatik iri letorkikazan ondasun eta irabaziak?»

        Gloster'ek.— Zital gogor-setatsu! Bere gutuna ukatu egingo ete leuke? Nik ez dot egundo sortu a. (Adar-otsa barruan.) Entzun, dukearen adar-osoak! Nik ez dakit ori zetara datorren. Itxas-ate guztiak itsiko dodaz; eztau igesiko zitalak; emon bear daust ori dukeak: orrez ganera, aren irudia urrera ta urrinera bidaliko dot, bakalderri osoak ezagutu dagian; eta i nire lurren legezko ta berezko yabe egiteko bideak urratzea neugan.

 

Kornuol, Erregane ta Begiraleak aurrera.

 

        Kornuol'ek.— Nolan zagoz, ene adiskide zindo? Ni onaezkero, —eta au oraintxe dala esan daiket—, iñondiko barriak entzun dodaz.

        Erregane'k.— Ori egi izatekotan, iraintzalleari ezarri lekikion edozein asperkune (zigor) be gitxi da. Nolan zagoz, ene yaun.

        Gloster'ek.— Ai! andera, nire biotz zarra ler eginda dago, ler eginda dago!

        Erregane'k.— Zer, nire aitaren besoetako semeak zu il gura izan zau ala? Izena nire aitak ezarri eutsanak? zure Edegarta'k?

        Gloster'ek.— Ai! andera, andera, lotsa-areen ixilik euki bear neunke

        Erregane'k.— Ez ete zan a nire aita yagoten daben zaldun asaldarien lagun?

        Gloster'ek.— Nik eztakit, andera: au andiegia da, andiegia da.

        Edemunda'k.— Bai, andera, a be areitariko zan.

        Erregane'k.— Orrezkero ezta andi eresteko ari lera txarrak intsigi izana: aik okertu ta makurtu dabe a gizon zarra iltera, aren ondasunen etorriak eralgi ta alperrik galtzeko; arein barri zeatzak gau onetantxe iragarri daustaz nire aizteak; eta barriok diriala-ta, areik nirera ba'datoz biziten, ni enaz izango an.

        Kornuol'ek.— Ez ni be, Erregane, benetan diñotzut. Edemunda, ire aitari seme-egitekoa egin dautsakala entzun yoat.

        Edemunda'k.— Ori nire bearra zan, yaun.

        Gloster'ek.— Orrek aren asmo gaiztoa salatu egin dau; eta a oratu (atzeman) aleginetan or dakusazun mina artu eban. Kornuol'ek. Iñor ete da aren yarrai?

        Gloster'ek.— Bai, ene yaun on.

        Kornuol'ek.— Oratu ba'dagie oratu, eztogu izango egundo ak okerrik egingoaren bildurrik: artu zure erabagia, nire indarra zuk zer guraren alde dago-ta. I, Edemunda, ire ekandu onak eta ire esanekotasunak une onetan eurak euren burua goratzen yoek-eta, i gurea izango az: olango izakera uste sakon-sendokoen bear andia izango yoagu; i az guk lenen guretzat artzen doguna.

        Edemunda'k.— Zure otsein izango naz, yaun, benetan, yazo daitena yazo.

        Gloster'ek.— Orren izenez, eskerrik asko zuri maitagarri orreri.

        Kornuol'ek.— Ik eztakik gu zegaitik etorri garean i ikusten.

        Erregane'k.— Onan giroz bestera, gau itsuan bidea ara onaka eginda; eztabaidako eretiotan, Gloster zindo, zure aolku-bearrean aurkitzen gara: gure aitak idatzi dausku, baita gure aizteak be, euren arteko alkar-artu-ezinei buruz, eta nire ustez egokiena gure etxetik erantzutea da: andiko geznariak, batzuek eta besteak, erantzunaren begira dagoz. Eure adiskide zar on orrek, poztu ta nasaitu egizu zure barrua; eta gure arazoai emon egiezu bear-bearreko aolkua, bertatik bear dabe-ta.

        Gloster'ek.— Zure otsein nozu, andera; zuok maitagarriok ondo etorriak zarie. (Alde dagi.)

 

 

II Agerleku.— Gloster'en Gaztelu-aurrean. Kent eta Osualda aurrera, banazean.

 

        Osualda'k.— Egunabar on iri, adiskide: etxe onetako az ala?

        Kent'ek.—Bai.

        Osualda'k.— Non itxi ete daikeguz gure zaldiak?

        Kent'ek.— Lupetzan.

        Osualda'k.— Otoi, maite ba'nok, esan egidak.

        Kent'ek.— Nik ez aut maite.

        Osualda'k.— Orrezkero, igaitik ez yaustak ardura.

        Kent'ek.— Lipsbury'ko (5) baitegian ba'indut, nire ardura izanazoko neunskikek.

        Osualda'k.— Zegaitik narabilk onan? Nik ez aut ezagun.

        Kent'ek.— Lagun, nik ezagun aut.

        Osualda'k.— Nortzat nok?

        Kent'ek.— Kirten, zital, aragi ustel-yale az i; zakar, zistrin, arro, azal, eskeko, iru soinekodun, bost-erralde, zikin, artille-galtzerdidun kirten; koldar, sasikume, arroputz, ispillu begirale, bizkar-azur bigunegiko, lupu koipetsu; yopu-kume; otseintza on-arloan emagaldu-buru izan gura eunke ik, eta izan ez az i lupu, eskeko, koldar, emagaldu-buru ta txakurreme zakarraren seme ta ondorengo ez besterik: nik esanekoaren aletzik ukatu ba'dagik ukatu, nik yoka irrintze baten iminiko audana.

        Osualda'k.— Izamenak oker eginiko lagun eskargaren batek izan bear dok ik, euk ez ezautu ta i ezautzen ez auenaren aurka olan txarko esaka ekiteko.

        Kent'ek.— Ze lotsabako zital azan i ni ezautzen nokala ukatzeko! Ez ete dozak egun bi nik erregeren aurrean iri orpoetatik elduta lurra yo-azo ta iri belarrondoko ederrak emon neunskazala? Atera ezpatea, zital; Gau izan-arren iretargiak argi egiten yok-eta: iretargi-sopatu egingo aut: atera ezpatea, sasikume bizargin-txakur txatxar, atera. (Atera dagi bere ezpatea.)

        Osualda'k.— Alde! Nik ez yoat ikin zer-ikusirik.

        Kent'ek.— Atera, zital orrek: i erregeren aurkako gutunakaz ator; eta ik uskeritzat dok ik ire burua iñok darabilen no orren alde ta bere aita erregeren aurka yartea; atera egik txatxu txatxar orrek, ostantxean ire zangoak olantxe zaurituko yoadaz: atera, zital orrek; ar egik ire bidea.

        Osualda'k.— Lagun, arren! ilten nau! lagun.

        Kent'ek.— Yo egik, yopu orrek; ekiok, txatxar, ekiok; yopu uts orrek, yo egik. (Yo egiten dau.).

        Osualda'k.— Lagun, eee! il bear nau! il bear nau!

 

Edemunda, Kornuol, Erregane, Gloster, eta Otseinak aurrera.

 

        Edemunda'k.— Ara! Zer yazoten da

        Kent'ek.— Ikin, gizon onaren seme, gura ba'dok; ator, neuk irakatsiko dauat burrukan; ator, yauntxo gazte.

        Gloster'ek.— Izkilloak! Izkilloak! Zer dogu emen?

        Kornuol'ek.— Zagoze geldi, zuon biziakaitik: lenengo zartadea emon dagiana il egingo da. Zer yazoten da?

        Erregane'k.— Nire aiztea ta erregandiko geznariak.

        Kornuol'ek.— Zertazkoa da zuon eztabaidea? Esan.

        Osualda'k.— Ozta-ozta dot arnasarik, ene yaun.

        Kent'ek.— Ori eztok andia, ik ire adoreari eragin dautsakanaz. Zital dollor ori, izamenak ez au i bere semetzat yostunen batek egina az i.

        Kornuol'ek.— Iñondiko gizon augu i: yostunek egin gizonik?

        Kent'ek.— Bai, yostunek, yaun: ez arginek ez margolarik ezin egin eikien ori orren txarto, euren ogibideetan ordu bian ibiliak izanda be.

        Kornuol'ek.— Yarrai itz egiten, nondik sortu da zuon ezta baidea?

        Osualda'k.— Yaun, orren bizar urdinaren eskariz bizia azketsi dautsadan zital zar orrek...

        Kent'ek.— Sasikume C (ze) ori! alperriko izki ori! Ene yaun, zuk zure baimena emoidazu bai, ta nik zital loka ori nire ostikopean espaloitu egingo dot, eta berrorregaz koroztegi-ormak espaloitu.. Ik nire bizar urdinai azketsi, buztanikara orrek

        Kornuol'ek.— Ixilik, yauntxo! basati zital orrek ez ete dakik lotsea zer dan?

        Kent'ek.— Bai, yaun; baña asarreak bere eskubideak dauz.

        Kornuol'ek.— Zegaitik az asarre?

        Kent'ek.— Au lango yopuak ezpatea daroelako, ezetariko zintzotasunik ez-ta. Onango gizon txatxar irribarretsuak, sagutoen antzera, aginka zeatzen dabez azkatzeko gatxegi di rian lokarri bikoitz gurenak; euren ugazaben izakeretan asaldatzen dan lera-zirkin oro leundu egiten dabe; suari orioa ezarten dautsoe, edurra euren gogaldi otzagoai; ukatu, baietz esan, altzion egaztiak euren mokoak ekatxa nora ara aldatzen dabuzan lez aldatzen dira onangoak euren ugazaben ekatxetara. Txakurren antzera, iñori yarraitzea ez besterik eztakie. Denganiñoarentzako ire aldiendunaren begirakune ori! Irribarre egiten dautsek nire esanai, ni ergel bainintzok? Ata, Sarum (6) zelaian ba'indut, kakaxaka eroango induket Kamelot'era.

        Kornuol'ek.— Zer, burutik eginda ago ala, agure zar?

        Gloster'ek.— Zegaitik asarratu zarie? Esan egik ori.

        Kent'ek.— Alkarren aurka dagozanek ez dautse alkarrexi iguin andiagorik nik eta olango zitalak batak besteari dautsaguna baño.

        Kornuol'ek.— Zegaitik eresten dautsak zital? Ze oker egin yok?

        Kent'ek.— Orren mosua ez yat begiko.

        Kornuol'ek.— Bear ba'da ez yak begikoago nirea, ezta arena ta no orrena be.

        Kent'ek.— Yaun, nire egitekoa lau ta xalo izatea da: une onetan nire aurreko edozeinen sorbalda-ganean dakustan baño mosu ederragorik ikusia nozu nire aldian.

        Kornuol'ek.— Gordin itz eginagaitik iñok goratuko gizonen bat dogu ori, ta orregaitik darabil lotsabakokeri gordina, berezko bere txairotasuna bere kitez osoan baztertuta: ori ezta iñor zuritzeko, ori gizon zindo ta itz argi ta garbi egitekoa da-ta; ori egia esan-bearreko da! Izan ez, ostera? Bai, iñok aintzakotzat artu ba'dagi; artu-ezik be, gauzak argi ta garbi ta tapa-tapa esatekoa yatau ori. Ezagun yataz niri onango lotsagalduak; onangoak onango euren bakuntasunean ogei tentelek baño lupukeri ta asmo txar geiago ostonduten dabe euren buruan, euren egitekoak txairo bete-arren onangoai buru-makurka eder esten dautsen ogei tentelek baño geiago.

        Kent'ek.— Yaun, bene-benetan, egi-egiz, zure arpegi itzal orren baimenaz, orren eraginak, Peba'ren (7) bekoki ikarako gar dizdizkorrezko burestunaren antzera...

        Kornuol'ek.— Zer esan gurok orregaz?

        Kent'ek.— Zuk orren txarretsi dozun itz-egikeratik alde egitea. Ba-dakit, yaun, ni ez nazala zuritzalle: zu itz lauz atzipetu zinduzana lotsagaldu laua izan da; eta nik, nire aldetik, ez dot izan gura olangorik, zuk orretara eraginda zure asarrepera yausiko ba'nitz be.

        Kornuol'ek.— Ze irain egin euntsan ik?

        Osualda'k.— Nik eneuntsan egin egundo irainik; oraintsu orren ugazaba erregeri begiko egin yako ni yotea, ni oker aituta: eta ara, gizon garratz-aztun orrek, asarretuaren zuriketak eginda, orpoetatik elduta zerraldo itzuli nindun lurrera; lurrean nintzala, irain-laidotu, ta txarto esaka egin eustan, eta erregeri gizon be gizon zala esanda, a bizkortu ta eragi eban, eta berez apalduta egoan erregegandik gorapenak artu ebazan orrek, ziri-zirika adoretu ebalako; eta egitada itzal orrek berotuta, barrien-barri atera dau emen ezpatea ni zaaritzeko.

        Kent'ek.— Onako zital eta koldarrok ez, Aiatz da euren ergel.

        Kornuol'ek.— Yoan eta ekarri oin-oñazkarriak (8)! Zital zar setati ori, arroputz agurgarri ori, guk irakatsiko dauagu....

        Kent'ek.— Yaun, ni zarregi nozu ezer ikasteko; ez ekarri-azo zure oin-oñazkarririk nitzako: ni errege-otsein naz; aren zereginak bidali nindun ni ona zugana; aren geznaria oin-oñazkairatu ba'dagizu nire ugazabaganako lotsa gitxi ta gaiztakeri agiriegia erakutsiko dozuz.

        Kornuol'ek.— Ekarri oin-oñazkaiak! Nire bizi ta entzate ona-arren, an egongo da eguerdirarte.

        Erregane'k.— Eguerdirarte! gaberarte, ene yaun; eta gau osoan egon be.

        Kent'ek.— Ara, andera, ni zare aitaren txakurra ba'nititz, enindukezu erabiliko onan.

        Erregane'k.— Yaun, aren zital azanezkero, erabiliko aut.

        Kornuol'ek.— Lagun au gure arrebeak aipatuten dauzanen margo-margoko da. Ia, atera oin-oñazkaiak! (Oin-oñazkaiak ateraten dabez.)

        Gloster'ek.— Olangorik ez egiteko eskatzen itxi begist zure maitagarritasunak; orren okerra andia da, ta orren ugazaba errege onak berak estu artuko dau orregaitik: zuk ezar teko asmo dozun lotsarizko zigorra gizakirik txatxarrenai ta gaiztoenai lapurreteagaitik eta okerreri oituenakaitik ezarten yakienetarikoa da: erregek txartzat artuko dau bera zuok orren gitxitzat estea bere geznariari olango lotsarizko zigorra zuok ezarriezkero.

        Kornuol'ek.— Orreri erantzutea betor nire lepora.

        Erregane'k.— Nire aizteak askozaz txarrago artu lei bere egitekoak beteten dabilen gizon yatorra iñok zakar erabili ta iñor ganera yoatea. Sartu barrura orren zangoak. (Kent oin-oñazkarri-barruan yarten dabe.)

        Goazan, ene yaun, goazan emendik. (Gloster eta Kent'ek ez besteak alde dagie.)

        Gloster'ek.— Ire tamal yoat, adiskide; ori dukearen gogoko dok, eta orren gogaldiari eustekorik edo bigundutekorik etxagok, mundu guztiak ondo dakianez: ire alde eskatuko yoat.

        Kent'ek.— Otoi! ez egin olangorik, yaun: lorik egiteke naz eta bide luzea egin dot; aldiz lo egingo dot, eta ganetiko aldian txistuka ekingo dautsat. Gizon onaren zoriona orpoetan azi leiteke. Egun-on damotzut!

        Gloster'ek.— Au dukearen erru da: au txarto artuko dabe. (Alde dagi.)

        Kent'ek.— Guztien esakunea ontzat emon bear dozun errege on, zu zoriontegi-onespen-bidez zatoz eguzki epeletara! Erdu, argi egin beko izaki borobil oni, zure izpi atseginez gu tun au irakurri daikedan! Nekez dakus ezek alatzik, ezbearrak baño: ba-dakit, zorionez be zorionez nire bizikera ilunaren barri dauen Kordele'gandikoa dana: eta ak bere erri eskargatik aterako dau astirik galtzeak orniduteko. Begi aztunok, itzarriaren itzarriz unatuta zagoze-ta, aexe zuon alde da, toki lotsagarri au begira ez dagizuen ori, gau on: egistazu iribarre ostera be: eragin zure txirrinkeari! (Loak artzen dau.)

 

 

III. Agerleku.— Lur-arlo zabala. Edegarta aurrera.

 

        Edegarta'k.— Nire burua aldarrikatuta entzun dot; eta zugatz arroko arroari eskerrak, igesi dot eizatu izatetik. Itxasaterik ez dago idigita; ez dago lekurik ni oratzeko zainak eta itzartasunik itzarrienak zaintzen ez dabenik. Igesi daikedan artzen yagon egingo dot nire burua; eta egundo ezak, gizonari irriz, pizti-antzeko egiteko, iñori arrazo izan dautsan antzik zakarren eta txiroena artzeko asmo dot: nire mosua zikinez loituko dot; nire garria artillekiz estuko dot; ulea kirimildu ia moltsotu egingo dot; eta nire billustasuna erakutsita eupada egingo dautset axeai ta ortzetiko yazarpenai. Kanpoak emoten daust orretarako eredurik eta yarraibiderik, eta izan be or ibilten dira eskeko zoroak zarata baten; minik artzen eztaben euren beso billusak zulatu egiten dabez orratzez, zotzez, atzazalez eta erromeru-orriz; eta yo-bide iguingarri onen bidez baserri kazkarretatik, uri kazkarretatik, artzain-txaboletatik eta errotetatik, batzuetan zoro-añenez, beste batzuetan otoitzez emonazoko soroskia artzen dabe. Turlygod gaxo! Toma (9) gaxo! Au oraindik zerbait da: ni Edegarta enaz ezer. (Alde dagi.)

 

 

IV Agerleku.— Gloster'en Gaztelti-aurrea. Kent oin-oñazkaietan. Lear, Ergela, ta Andiki bat aurrera.

 

        Lear'ek.— Andia da eurak etxetik alde egin eta nire geznaria ez bidaltzea atzera.

        Andikiak.— Yakin dodanez, aurreke, gabaz ez eben alde egiteko asmorik.

        Kent'ek.— Agur zuri, ugazaba zindo!

        Lear'ek.— Ara! Lotsakizun au asti-emongarri egin dok ala?

        Kent'ek.— Ez, ene yaun.

        Ergela'k.— Ara! Ara! Galartzu mingorrak daroaz orrek. Zaldiak burutik estuten dira, txakurrak eta artzak idunetik, tximinoak kuntzurrunetatik, eta gizonak zangoetatik; gizonik zango-sendoegi ba'da, zurezko galtzerdi motzak erabilten dauz.

        Lear'ek.— Nor dok ire tokia orren oker etsi dauena, i or iminteko

        Kent'ek.— Biak dira. No ta To, zure seme ta alaba.

        Lear'ek.— Ez.

        Kent'ek.— Bai.

        Lear'ek.— Ezetz yiñoat.

        Kent'ek.— Nik baietz diñot.

        Lear'ek.— Ez; ez; ori ezina dok.

        Kent'ek.— Bai, ezina ba'da be egin dabe.

        Lear'ek.— Tzeu-arren, zin egiten yoat, ezetz.

        Kent'ek.— Yune-arren (10), zin dagit, baietz.

        Lear'ek.— Ez al dozak azartu olangorik egiten. Ezin azartu eitekezan, ez yoen egin olangorik: eriotzea baño be txarrago dok, lotseari olango indarrezko irain egitea: azaldu egistak, iradu geiegibage, ik ori nondik irabazi einkean edo aik i olan erabili, i nigandik etorria izanik.

        Kent'ek.— Ene yaun, euren etxean zure nagusitasunaren gutuna emon neuntsenean, nire egitekoak erakutsiko tokian belauniko nengoan tokitik ni zutundu baño lenago eldu zan izerdi bitsetan bidari, iraduaren iraduz koipetan, arnas-estuka itobear gorrian, arnas-oska emon eutsezan Gonerile bere ugazabaandereagandiko agur-gorantziak; eskuetaratu eutsezan gutunak eta aik, astirik galtzeke, bertatik irakurri ebezan: gutunak ekarrena irakurriaz bat deitu eutsen etxekoai ta bertatik zaldiganeratu zirian; niri yarraitzeko agindu eustien, eta eurak astiz noz erantzungoaren begira egoteko; begirakune motzak egin eustiezan; eta ari egindako txera ta ondo-etorriak nirea edenduko beste geznariakin batera ni emen aurkituta, —geznari ori oraintsutik ona zure nagusitasunaganako yardun zakarra erabili izan dauen urlia berbera izanik—, nire burua zur baño gizonago erabilita, ezpatea atera neban nik; etxea aidean yarri eban ak bere gedar zaratatsu ta koldarrez. Zure seme-alabak nire okerra emen yasaten dauen lotsarigarri etsi eben.

        Ergela'k.— Negua yoateko da oraindik, itxas-antzarrak bide ori artu ba'dabe egaz egiteko. Soinekotzat sorkiak darabilezan gurasoak seme-alabak itsutu egiten dabez; baña zizkuak aldean darabilezan gurasoak seme-alaba txeratsuak izango dabez. Zori emagaldutzarrak egundo ez dautso idigiten aterik eskekori ez txirori. Baña, au gora-bera, zuk urte betean esanala min emongo dautzue zure alabak.

        Lear'ek.— Oi! onako ama au bai andituten dala nire biotzerantzat! Histerica passio, beera ortik, gora atorren nai bage ori. Ire tokia bean dok! Non da alaba au?

        Kent'ek.— Kondeakin, yaun, emen barruan.

        Lear'ek.— Ez etorri nire yarrai; geldi or. (Alde dagi.)

        Andikiak.— Ik esana baño oker andiagorik ez ete enduan egin?

        Kent'ek.— Ez, bapez. Zer yazo da errege orren gitxikin etorteko?

        Ergela'k.— Arazo orregaitik imini ba'aue oin-oñazkaitan, ondo irabazita dok.

        Kent'ek.— Zegaitik, ergel?

        Ergela'k.— Iñurriaren ikastegira bidaliko augu, neguan ez dala lanik egiten an iri irakasteko. Euren surrak norantza eurak arantza doazanen zuzendari begiak dozak, itsuenak ezik; eta ogei surretik bat ez yagok sunda atsa somatuko ez dauenik. Itxi egiok eskuetatik mendia-bera doan txirrinka andiari, berari yarraitzez idun-azurra ausi ez dagiskan; baña mendia-gora doan andiak eroan agiala bere atzetik. Gizon zurrek nirea baño aolku oberik emon dagiskanean, ekak nirea atzera: ez naieunkek gura besterik nire aolkua lupuak yarraitzea baño ergelak atzera emoten dauenezkero.

                Irabazia-arren ire esaneko dan yaunak,

                Eta irudi utsez yarraitzen dauskanak,

                Zorroa egingo yok euria asi daitenean,

                Eta itxi i ekaitz artean.

                Baña nik etxon egingo dot; ergela gelditu egingo da,

                Eta doala ariñeketan gizon zurra;

                Igesi dagian ergela maltzurtu egiten da

                Baña maltzurrik ez ergeldu, ez orixe.

        Kent'ek.— Non ikasi dok au, ergel.

        Ergela'k.— Ez oin-oñazkaietan, ergel.

 

Ostera be aurrera Lear, Gloster'ekin.

 

        Lear'ek.— Niri itzik ez egin gura? Gexorik dagoz ala? Gau osoa egin dabe bidean ala? Asmakizun utsak; asalda-irudiak igesi eragin dautse. Billatu egistazue erantzun egi-antzekoagorik.

        Gloster'ek.— Ene yaun maite. Zuk ba-dazauzu dukearen izakera sutsua; bere yardunbidea zirkinik eragin-ezina ta loka-ezina dana.

        Lear'ek.— Asperkunde! denganiño! eriotz! naste! Sutsu? Ze izakera? Ara, Gloster, Gloster, nik Kornuol'go Dukeakin eta aren emazteakin itz egin gura naieunkek.

        Gloster'ek.— Ondo, ene yaun on, nik orixe iragarri dautset.

        Lear'ek.— Iragarri arei? Ba-dakik nik zer esan gura dodan, gizon?

        Gloster'ek.— Bai, ene yaun on.

        Lear'ek.— Erregek itz egin gura leuskio Kornuol'eri; aita maiteak bere alabeari itz egin gura leuskio, agindu egiten dautso esanera yarteko; yakin-azo ete dautsek au? Nire arnasa ta nire odol! Sutsu? Duke sutsua? Duke beroari esan egiok... Ez, oraindik ez: ba-leiteke a onik ez izatea; gexotasunak ba-daki gure osasunak egitera beartuten gaituan egitekoak bertan-bera izten; gu ezkareanean geu; estuturik dagoanean, izamenak gogoari soinakin batera min artzeko agintzen dautsanean; epea artuko dot; eta nire gurari oldartsu-itsuaz gexo ta ondo-ez-aldikadea gizon osasuntsutzat artzera itzuliago nozu. Ilgo al da ni onan izatea! Zegaitik (Begiak Kent begira) egon bear ete dau onek emen? Dukeak eta No'k alde egite au akiakula utsa dala sinetsi eragiten daust egitada onek. Atera egistazue nire otseina. Oa ta esan egiek dukeari ta aren emazteari oraintxe bereon eurekin itz egin gura dodala; urteteko ta niri entzuteko agindu egiek, ostean euren gelako atetan arratza yoko dodala, arratzari «egin lo il arte» gedar eragin arte.

        Gloster'ek.— Zuon artean dana ondo yazoko al da. (Alde dagi.)

        Lear'ek.— Ai ene! ene biotz, asaldatzen zaiatazan ene biotz! baña, ago geldi!

        Ergela'k.— Gedar egiozu, osaba, arako londondar emakumeak bizirik oraz estali ebazan aingirai egin eutsen lez; makilleaz buruetan yoten ebazan eta gedar egin: «Bera, lotsaba geok, bera!». Aren nebea izan zan, bere zaldiekanako maitasun utsez, bere bedar igarra koipatu ebana.

 

Kornuol, Erregane, Gloster, eta Otseinak aurrera.

 

        Lear'ek.— Egun on bioi.

        Kornuol'ek.— Agur, maitagarri orreri! (Azkatu egiten dau Kent.)

        Erregane'k.— Zure nagusitasuna ikusiaz pozik nago.

        Lear'ek.— Erregane, aintzakotzat zaut; ba-dakit zegaitik dodan uste au; poztuko ez ba'intz, ire amaren il-obitik bananduko nintzatekenan, ezkontz-orbantzallearen il-obitik. Ara! azke augu? (Kent'eri). Beste bein orretaz. Erregane maite, ire aiztea ezebeza don; ene Erregane, ak, saiak lez, maitasunik-ez agin-zorrotza sartu yaustan emen (Bere biotza erakusten dautso); nekez itz egin daikenat; ik ez don sinetsiko zelango izakera gaiztoz, ene Erregane!

        Erregane'k.— Arren, yaun, artu epe; nire ustez zuk gitxiago dakizu a aintzakotzat artean, ak bere egin-bearretan urri izaten baño.

        Lear'ek.— Esan, zelan dateke ori?

        Erregane'k.— Nik ezin uste daiket ak bere egin-bearrik txikienean uts egin leikeanik; yaun, bear ba'da zure yarraigokoen asalda ta likiskeriak eskua ezarri ba'dautse, egin-eginean be orrexek eta bere asmo onak zuritzen dau erru orotik.

        Lear'ek.— Nire añenak arentzat!

        Erregane'k.— Ara! yaun, zu zar zara; zugan izamena bere mugen ertz-ertzean dago; zuri iñok agindu bear leuskitzu, eta zuri dagokizuna zuk baño obeto ikusten dauenek zuri bidea erakutsi bear leuskizu. Orrezkero, arren-bai-arren, zoaz atzera nire aizteanera; esan egiozu, yaun, iraindu egin dozula.

        Lear'ek.— Ari azketsi dagistala nik eskatu? Ikusi baño ez dozu zela dagokon au etxeari: «Alaba maite, autortzen dot zar nazana; (Belauniko yarten da) zarrik ez da bear; belauniko eskatzen dautzut emon dagistazuzala soinekoak, oea ta yakiak.»

        Erregane'k.— Yaun on, asko da; oneik maltzurkeri itsusiak dira: zoaz atzera nire aizteagana.

        Lear'ek.— (Zutundu egiten da.) Egundo bez, Erregane nire yarraigoaren erdia kendu daust; arpegi motza erakutsi; bioz-biotzean yo nau bere osoan suge-antzeko miñagaz; zeruak piloan dauzan asperkune guztiak bere buru eskertxarrekoaren ganera yausiko al dira! Yoten dozuen aideok, yo aren azur gazteak meikitasunaz

        Kornuol'ek.— Ez olangorik, yaun, ez olangorik!

        Lear'ek.— Yusturi bizkorrok, yaurtin zuon gar itsukorrak aren begi gorrotagarrietara! Itsusitu aren edertasuna, laño zingira-edoskitzalleok, eguzki indartsuak sortuok, aren ganera yausita aren arrokeria axe-putzez eroateko!

        Erregane'k.— Yainko onetsiok! Orixe gurako daustazu zuk niri be zure gogaldi bizia aldean izango dozunetan.

        Lear'ek.— Ez, Erregane, zuk ez dozu izango egundo nire añenik; zure izakera samurrak etzau iñoz eroango laztasunera; aren begiak gogorrak dira, zureak, ostera, poza emoten dabe, eta ez ere, zu etzara niri nire pozaldiak izatea galazotekoa, nire yarraigokoak gitxitutekoa, otoz-otoko itzai beste ainbestez erantzutekoa, nire neurriak urritutekoa, eta, azkenez, ni barrura ez naiten ateari giltzea emotekoa: zuk obeto dakizuz izamenaren egitekoak, semetzearen lokarria, adeitasunaren ondorengoak, esker onaren egitekoak; zuk ez dozu aiztu nik ezkontsaritzat zuri emoneko nire bakalderri-erdikina.

        Erregane'k.— Yaun on, goazan arira.

        Lear'ek.— Nok imini dau nire gizona oin-oñazkarrietan? (Adar-ots barruan.)

        Kornuol'ek.— Ze adar-ots da ori?

        Erregane'k.— Ba-dazaut; nire aiztearena da: onek sendetsi egiten dau aren gutunak diñona: laster izango zala emen.

 

Osualda aurrera.

 

        Ire anderea etorri dok ala?

        Lear'ek.— Ori yopu da ta orrek zorrean errez artuko arrokeriaren oñarri oso bakarra orrek darraikion No'ren maitasun aldakorra da. Alde nire begien aurretik, kakanarru ori!

        Kornuol'ek.— Zer esan gura dozu, maitagarri orrek?

        Lear'ek.— Nok yarri dau nire otseina oin-oñazkaietan? Erregane, zuk orretan zer-ikusirik ez dozula nik uste. Nor dator ona? Ene Urtzi!

 

Gonerile aurrera.

 

        Agurek maite ba'dozuz, zure agintza gozoak iñok men egiterik itxi ba'dagi, zu zeu zar ba'zara, egin ori zeuon auzi; ekin, eta yarri nire alde! Ez zarie lotsa bizar au ikusiaz? (Gonerile'ri.)

        Ene Erregane, zure eskua emongo ete dautsazu orreri?

        Gonerile'k.— Zegaitik emon ez eskurik, yaun? Ze irain egin dot? Ez da irain bereiztasunik-ezak aintzakotzat dauen oro, ezta lelokeriak olan deritxon oro be.

        Lear'ek.— Ene aldamenok (saietsok), zalegi zarie zuok! Oraindik ez ete dozue izten egingo? Nolan, zek eroan dau nire gizona oin-oñazkaietara?

        Kornuol'ek.— Neuk imini dot an, yaun; baña orren okerrak askoz be begirapen gitxiagogarri izan dira.

        Lear'ek.— Zuk! Zuk egin dozu?

        Erregane'k.— Otoi, aita, makal zareanezkero, izan egizu makal-antza. Ilebetea amaitu arte yoan ba'zaitez nire aizteanera ta an bizi, erdu ona orduan zure yarraigoaren erdia ortik zear bidalita. Orain etxetik at nago ta ez dot gertakuntzarik eginda zuok artzeko.

        Lear'ek.— Atzera yoan agana ta berrogei ta amar gizon ortik zear bidali? ez, lenago agur egingo dautset aterpe guztiai ta obetsi eguratsaren areriakin burruka egin; otso ta mosolloaren lagun izan; —bearraren mokokada zorrotz!— Atzera yoan akin? Are! Pantze odol-beroak gure gazteena ezkontsaribage artu eban; ara ba, ni bardin yoan neinteke ara, yarri belauniko aren bakaulki-aurrean, eta, mixerraren antzera, egunekoa eskatu bizi zatarrari eusteko. Atzera yoan akin? Ori egin baño lenago buruan sartu-eragidazu zaltzain iguingarri onen (Osualda erakutsiz) yopu ta zaltzain izatea be.

        Gonerile'k.— Zeuk zer-gura, yaun.

        Lear'ek.— Otoi, alaba, ez egidazu burutik eragin: ez dautzut emongo ezetariko lorrik, ene alabatxo: agur: ez gara geiago alkarrekin batuko, ez dogu geiago alkar ikusiko: baña au ta guzti be zu nire aragi, nire odol, nire alaba zara; edo, obeto esateko, ezinbestez nirea dala esan bearreko nire aragiko gatxa; zu zaldar zara, zauri zakar, garmu anditu nire odol ustelean. Baña nik ez dautzut egingo agirikarik. Betor lotsaria berak gura dauenean, baña nik ez dautsat deirik egingo; ez dautsat esango tximistarriari zu yoteko, ezta au ta besterik zutaz esan goi-epaile Yupiter'eri (11); arteztu zure okerrak al dozuzanean; bizi obeto zure erara; nik izan daiket epe; ni Erregane'nean egon naiteke, ni ta nire eun zaldunak.

        Erregane'k.— Ez, ezetara bez olan. Nik ez dautzut oraindik deirik egin, ez nago gerturik be zu egokiz artzeko. Entzun, yaun, nire aizteari; zure asarre-urutuari adimen-argia nastuten dautsoenak zu zar zareala uste izanaz naikotu bear dabe-ta; eta orregaitik... Baña berak daki zer egiten dauen.

        Lear'ek.— Ondo esanda ete dago au?

        Erregane'k.— Atakotzat nago, yaun; zer, berrogei ta amar yarraile? Ez ete dago ondo? Zetarako dozu geiagorik? bai, edo olango bat, eralketeak ta galbideak biak batera geiagoren aurka gedarka daragoioenezko? Zelan bizi leitekez etxe berean orrenbeste lagun batera alkarrekin adiskide, nagusi bik aginduta? Ori zail da; larri-larri ezina da.

        Gonerile'k.— Zegaitik ez dozu artzen otseintzea orrek otseinak deitzen dautsenakandik nai nireakandik?

        Erregane'k.— Zegaitik ez, ene yaun? Zuri otseintzen geldoak ba'litzaz, geuk bideratuko gendukez. Nigana etorri gura ba'dozu, —orain galbide-sundea artzen dot-eta—, ogei ta bost baño geiago ez ekarteko eskatzen dautzut; ortik gorakori ez dautsat nirean tokirik emongo, ezta yaramonik egingo be.

        Lear'ek.— Nik oro emon neutzun...

        Erregane'k.— Eta emon ba'zendun emon zendun.

        Lear'ek.— Nik zuok nire yagole, nire zaintzalle egin zinduedazan; baña zertxobat itxi neban neugan, ots, nik onenbeste yarraile izango nebazala. Zer, ogei ta bostekin etorri bear ete dot zugana, Erregane? Olan esan ete dozu?

        Erregane'k.— Eta ostera be orixe diñot, ene yaun; bat bez geiago nikin.

        Lear'ek.— Izaki gaiztoak be onak dirudie eurak baño txarragoak aldamenean dabezanean; izan leitekeanik eta gaiztoen ez izatea zelanbait goragarri izatea da. Zukin yoango naz (Gonerile'ri); zure berrogei ta amarrak ogei ta bost eta beste ainbeste dira, eta zure maitasuna be orrena lango bi da.

        Gonerile'k.— Entzun egistazu, ene yaun; zetarako dozu zuri ogei ta bostek, amarrek, nai bostek yarraitzea, zuri naierak egiteko aginduta olango bi dagozan etxean?

        Erregane'k.— Zetarako dozu bat bera be?

        Lear'ek.— Ez da bearra, zubena baño; gure eskekorik berengoak be euren txirotasunean ba-dabe bear eztabenik: ez emon izamenari izamenak bear dauena ez besterik. Gizonaren bizia zer gitxiren bearreko da aberearena legetxe; zu andera zara; berorik ibiltea bakarrik ba'litz dizdiratsu, orrezkero izamenak ez leuke zuk darabiltzuzan zer dizdiratsuen berorik, orreik berotan ozta-ozta eukiten zaue-ta. Baña, benetako bearrerako... Zuok zeruok, emon egistazue epe, epe bear dot nik! Emen nakusazue, yainkook, agure errukarri urtez aña lorrez betea; bitzuetan zoritxarreko! Zuok ba'zarie alabon biotzai euren aita onen aurka eragiten dautsezuenak, ez nagizue au otzan otzan eroateraño ergeldu; asarre zindoz ukutu nagizue, eta ez itxi emakume-izkilluak, ur-tantanak, nire masailak bustiten! Ez, izamenaz besterako sorginok, nik zuoi bioi egingo dautzuedan asperkuneaz mundu guztia... Nik egiteko dodazan gauzak, zeintzuk eta zelangoak izango dirian neuk be ez dakit oraindik: baña lurra ikaratzekoak izango dira. Nik negar egingo dodala uste dozue zuok; ez, nik ez dot egingo negarrik... Negar egiteko eskubide osoa dot izan; baña nik negar egin baño len nire biotz au eun milla bider arrakalduko da. Ai ergel, burua galduko yoat!

 

(Alde dagie Lear, Gloster, Kent, eta Ergelak. Urrinean ekatxa entzuten da.)

 

        Kornuol'ek.— Goazan barrura; ekatxa dator.

        Erregane'k.— Etxe au txiki da; agurea ta bereak ondo etzateko tokirik ez dago.

        Gonerile'k.— Bere erru da; berak aldendu dau bere burua atsedenetik eta, bere zorakeria txastatu bearreko da.

        Erregane'k.— A bera pozik artuko neunke nik, baña aren yarrailerik ez bat be.

        Gonerile'k.— Orixe da nire asmoa be. Non da Gloster nire yauna?

        Kornuol'ek.— Agurearen atzetik yoan da atetara: etorri da atzera.

 

Gloster atzera dator.

 

        Gloster'ek.— Errege asarrez irikiten dago.

        Kornuol'ek.— Nora yoak?

        Gloster'ek.— Zaldi-ganeratzeko agindu dau; baña ez dakit nora doakenik.

        Kornuol'ek.— Berea egiten iztea da onena; ak ez dau gura iñok bidea erakusterik.

        Gonerile'k.— Ene yaun, ezetara be ez eskatu ari emen gelditzerik.

        Gloster'ek.— Ai ene! gaua dator ganera, eta ezpaibage axe indartsuak latz ibilteko dira; milla ta milla-barruan oztaozta dago txaraka bat bera.

        Erregane'k.— Ene yaun, gizon burukeritsuen irakasle eurak billatzen dabezan okerrak izan bear dabe. Itxi zure etxeko ateak; aren lagunak edozein okerreri egitekoak yatzuz; eta aik aren belarrira iñondikoak esanda a zetara itzuli daikienik ez dakigu-ta, zurtasuna bildurraren aldeko da.

        Kornuol'ek.— Itxi zure ateak, ene yaun; gabaro au asarrea da: nire Erregane'n aolkua ona da: alde ekatxetik. (Alde dagie.)

 

 

 

III. Ekitaldi

 

 

I. Agerleku.— Iñarradi. Ekaitz, ostots eta yusturiak. Kent eta Andiki aurrera, trikitx eginik.

 

        Kent'ek.— Nor da or, egualdi zakarrez besterik?

        Andikiak.— Egualdiaren gogaldi berekoa, artega-artega dagona.

        Kent'ek.— Nik ezagun aut i. Non dok errege?

        Andikiak.— Izaki asarreekin burruka: axeari lurra puzka itxasoratzeko, edo-ta ur bizkar-sakostatsuak legorra baño gorago azteko agintzen yaragoiok, gauzak aldatu edo-ta deuseztu daite zan; bere ule urdinak sustarretik ateraka yabilk eta axe-bolada indartsuak, asarre itsuz aurrean artuta, sakabanatu egiten yabezak; bere giza-mundutxoan atzera-aurrera asarreekin burruka daragoioen axe ta euriari irri egiten yautsek. Artz ume-eginbarria bere etzategian gelditu ta leoiak eta sabel-zorridun otsoak narrua legor izango leukien gau onetan, a arin doa burutsik, eta dana aurrean eroatekoari deiez daragoio.

        Kent'ek.— Baña nor yok laguntzat?

        Andikiak.— Ergela ez besterik iñor bez; eta ergelak bere izkirimiriz irain biotz-urrakorrai geiago egiten aleginak alegin egiten yozak.

        Kent'ek.— Yaun, nik zu ezagun zaut: eta ezagun zaudanez, zuri biotzetiko gauzatxo bat yakin-eragiten azartzen naz. Bataren eta bestearen maltzurkeriz zer orren arpegia bein-bei nean estalita egon-arren, Albani ta Kornuol alkarregandik bananduta dagoz; otseinok dabez orreik (eta nortzuk ez dabez zorionaren zorionak bakaulkian eta goi-goiko malletan yarten dauzanen batzuk?); otseinok otseinarena ederto be ederto egiten dautzue, baña aldi berean Pantze'ren barrandari dira ta gure erri-egokerearen usmatzalle zurrak; dukeen sur-tabakorri-ontzi naiz zorroetan ikusia dala; edo-ta biak errege zar-onari ten ezarri dautsoezan ago-ugalak diriala; edo-ta aurreko zerok osogarri baño ez yakozan zer sakonagoren bat dala... Baña egia da Pantze'tik indarra datorrela bakalderri sakabanatu onetara; gure zabarkeriaren yakitun diralarik, indar ori dagoneko, ixil-muxilka, gure itxas-kairik onenen baten oina yarririk da, ta euren ikurrina zabal-aginik. Orain auxe zuri: nire esanari sinetsita ta ganetikoa zure irudimenari eragiazota, Dover'era arin egin ba'dagizu, an aurkituko dozu esker oneko agertuko yatzun norbait ari yakinazo ba'dagiozu erregek, zuzenez alatzeko, zelango atsekabe izakeraz besterako ta zorakorra dauen. Ni yaiotzez eta azikeraz andiki nozu; ta neuk dakidanagaitik eta zugan dodan usteagaitik eskeintzen dautzut egiteko au.

        Andikiak.— Geroago itz egingo dot zukin.

        Kent'ek.— Ez egin olangorik. Ni nire narruak diñona baño geiago nazala sendoago yakin dagizun, idigi sakel au ta artu barruan dagoana. Kordele ikusi ba'dagizu, ta ez dot ikusiko do zunaren ezpairik, erakutsi ari erestun au, ta berak esango dautzu nor dan zuk oraindik ezagun ez dozun lagun au. Ekatxaren denganiñoa! Ni erregeren billa noa.

        Andikiak.— Ekazu zure eskua: ez ete dozu besterik esateko?

        Kent'ek.— Itz gitxi, baña esanak baño mamitsuagoak, egitekoari buruz. Errege aurkitu dagigunean (eta orretarako zure nekeak bide ori artuko dabe, nireak au), a lenen aurkitu dagianak besteari zarata egin dagiola. (Alde dagie banazean.)

 

 

II. Agerleku.— Iñarradiko beste arlo. Ekatxak yarrai darrai. Lear eta Ergela aurrera.

 

        Lear'ek.— Putz, axeok, eta istenak eragin zuon masallai! Asarratu! Putz egin! Ur-yauziok eta axe-boladok, egotzi uriolak gure yoale-torreak urperatu ta axe-orratzak ito arte! Su atsitu ta oldozpen-agindupekook, aretxak arrakaltzen dabezan oñaztarriak arro daroazuezanok, erretarindu nire buru zuria! Eta ik, zer guztiak ikaratzen dokazan ostots orrek, yo ta opildu egik ludiaren borobiltasun lodia! Zuzitu egizak izamenaren ereduontziak, erion-azo bertatik lurrera esker txarreko gizona egiten daben azi guztiak!

        Ergelak.— Osaba, maitale-ur onetsia etxe legorrean oba da, euri-ur au atetan baño. Barrura, osaba on; eskatu zure alaben onespena; gau onek ez dau ez gizon zurren ez ergelen errukirik.

        Lear'ek.— Atera astrapalak sabel bete orrek! Su, sartu burduntzi goriak! Egotzi urutuak, euri! Ez da ez euri, ez axe, ez ostots, ez su; nire alabak dira; izadiko zerok, zuoi ez dau tzuet ezarten esker txarreko izate-akatsik; nik ez dautzuet eman egundo bakalderririk, ezta zuoi nire ume deitu be; niri ez daustazue zor nik izenpetzerik: yausi bedi, beraz, zuon atsegin ikaragarria: emen nozue ni, zuon yopu, agure txiro, makal, mengel, eta aintzako-ez: baña a ta guzti be menpeko esanekoegi deituko zaituet, goietan sortuko zuon ekinak nire alaba galgarriekin batera au lango buru zar eta zuriaren aurka yoten dozuelako. Ai! ai! Au gaiztakeri andia da!

        Ergelak.— Burua barruan sartzeko etxea dauenak buruestalki ona dau.

                        Zorriak buruak baño len

                        Parka-atakeak (12) etxeratu ba'dagiz,

                        Biak izango dira zoritegi

                        Orregaitik dira eskekoak orren zorritsu.

                        Bere biotza egin bear leukeana

                        Bere beatza dagian gizonak

                        Zañarragaitik ai ene gedar egingo dau,

                        Eta lo-ordez itxarrik egon,

eta izan be, egundo ez da izan ispillu-aurrean aierurik egin eztauen emakume lirainik.

        Lear'ek.— Ez, epe-epearen eredu izango naz ni, nik ez dot deusik esango.

 

Kent aurrera.

 

        Kent'ek.— Nor da or?

        Ergelak.— Aiko, eskarra ta parka-atakea dozak emen: gizon zur eta ergel.

        Kent'ek.— Ai ene! yaun, emen zauguz? gauza gauzaleak ez dabe maite onango gaurik; ortze asarreak bildurtu egiten dabez ilunbe-ibiltariak eurak be, ta euren artzuloetan gelditu era giten dautse: gizondu nintzanezkero onango su-izararik, onango odei-ots itzalik, onango euri ta axe irrintzilarien negarrik egundo entzun izan dodanaren gogorik ez dot: gizonaren izamenak, eroan ezin-aleko naibagea ta bildurra dira oneik.

        Lear'ek.— Gure buruen ganean astrapala ikaragarriok atera ta atera daragoioen yainko andiak idoroko al dabez orain euren arerioak. Ire okerrak ire barruan ixil-ezkutuan eta zuzentzeak iri narrua berotzeke dokazan zoritxarreko ori, ikara adi orain ostondu adi, esku odoltzale ori: zin-ausle, azalez ekandu oneko ta izatez senidekeritsu ori: zistrin ori, alango ori, iñok ikusteke erako antzez giza-biziaren aurka yokatu dokan ori, zatitu adi aztinka; ontzi ondo ondo itxian zagozen urru-gaiztakeriok, arrakaldu barruan zaukiezan ontziok, eta eskatu gedarrez iragarle ikaragarrion erruki ta eskar. Ni gizon obengin baño iñok niri oben eginago naz.

        Kent'ek.— Ai ene, buru-utsik! Ene yaun maitagarri, emendik ur estalpe dago: ak adiskidetasuntxoa emongo dautzu ekatxaren aurka: atseden artu egizu an, ni bere ormetako arriak eurak baño gogorrago dan etxe onetara, ointsu baño ointsuago zure alde eske yoanda barrura sartzen galazo daustien etxe onetara yoan eta euren adei apurra indarrez lortzen dodan bitartean.

        Lear'ek.— Asi da nire burua argitzen. Tiruk, mutil nolan ago, mutil? Otz az, ala? Ni neu be otz nok. Non dok lasto au, ene lagun? Gure bear-izanen burubidea iñondikoa dok, gauza zirtzilak eder egiten yakik-eta. Oa, irea dok txabola ori. Ergel eta zital errukarri, ba'yoat oraindik biotzean txatal bat ire erruki dana.

        Ergelak.— Buru-argitasun apurrik dauena (Abeska)

                        Ba! axe ta euriakin adiskidetu

                        Bedi, bere zoriari dagokozanak dira-ta,

                        Naiz ta egunoro euri izan.

        Lear'ek.— Egi dok, mutil.— Tiruk, eroan gagizak estalpe orretara. (Lear eta Kent'ek, alde dagie.)

        Ergelak.— Gau au itzala dok errege-yauregikorik otzituteko.— Yoan-aurretik igarkizun esango dot;

                Abadeak itzez, izatez baño abadeago diranean;

                Garardo-ginak garardoari ura egiten dautsoenean;

                Andikiak euren yostun-yagola diranean;

                Siniskai-ukatzalleak barik, neskazaleak erre daitezanean;

                Edozein auzi legezko izan daitenean;

                Guda-gizonek zorrik ez, eta andiki ez-eukirik ez danean;

                Miñetan irainik izan ez daitenean;

                Sakel-lapurrik giza-moltsoratu ez daitenean;

                Lukurleruek euren diruak zelaian zenbatu dagiezanean;

                — Orduan Albion'go bakalderrian nasketa andia izango da;

                Orduan ikusiko dau bizi danak,

                Gizakiak oinez ibiliko dirala.

                Ni aren aurretik bizi naz-ta,

                Igarkizun au Merlin'ek (13) egingo dau. (Alde dagi.)

 

 

III. Agerleku.— Gloster'en Gazteluko etxoki. Gloster eta Edemunda aurrera.

 

        Gloster'ek.— Ai ene, ai ene, Edemunda, izateaz besterako yarduketa au ez yatak begiko. Gizonaren erruki izateko euren baimena eskatu neuntsenean, neronen etxea neronek erabilteko eskubidea ukatu egin yeustien; betiko asarreaz zemaitu ninduen; ari itzik ez egiteko, aren alde eskakizunik ez egiteko, ta ezetara be ari ez eusteko.

        Edemunda'k.— Basatikeri itzal eta izateaz besterako!

        Gloster'ek.— Oa; ik ez egik ezer esan. Dukeen artean banakuntzea dok; eta ori baño txarragorik: arrats onetan gutun artu yoat; oneri buruz itz egitea kaltegarri dok; nire etzalekuan ezkutau yoat gutuna; erregek artzen dauzan irainok euren asperkundea izango yoek; indarraren zati bat dagoneko yagok oña lur onetan yarrita: erregeren alde yarri bear gozak. Aren billa naioak, eta neure kitetik ari laguntzeko: oa i ta dukeakin autuka egiok, ak nire soroskia oartu ez dagian: nitaz itandu ba'yagik itandu, esan egiok ni ondo-ezik nagola ta oera yoan nazala. Ni orregaitik il ba'nadi, zemaia orixe baño txikiagoa ez danezkero, nire ugazaba zar errege lagundu-bearreko dok. Iñondiko gauzak dozak ur, Edemunda; otoi, abil arduraz. (Alde dagi.)

        Edemunda'k.— Iri galazotako adei orren barri ber-bertatik yakingo yok dukeak; eta bai gutun orren barri be; agiri danez, au otseintza bikaina izango da, ta nire aitak galdu da giana niri ekarriko daust (dana baño ezer bez gitxiago): gazteagoa yagiten da zarra yausten danean. (Alde dagi.)

 

 

IV. Agerleku.— Iñarradiko arlo ta estalpe berean. Ekatxak yarrai darrai. Lear, Kent eta Ergela aurrera.

 

        Kent'ek.— Au da arako tokia, ene yaun: sartu, ene yaun on: izamenak yasateko gordinegia da legorbako gau onen gogorkeria.

        Lear'ek.— Ez egidak egin yaramonik.

        Kent'ek.— Ene yaun on, zatoz ona barrura.

        Lear'ek.— Biotza ausi gura daustak, ala?

        Kent'ek.— Gurago neunke neronena ausi. Ene yaun on, zatoz ona barrura.

        Lear'ek.— Ik askotzat dok ekaiz setatsu au gure narrura eltzea: itzako olan dok, baña gaitz txarragorik yosita dagon tokian txikiagoa ozta-ozta oartzen dok; ik artzagandik alde egin einke, baña itxaso asarreari igesi ba'enbil, artzaren ago-agoan yoko eunke. Gogoa azke danean soña makal dok: nire buruko ekatxak nire sentzunetatik, bera yoten dauena ez beste oarmen guztiak sogor egiten yozak. Seme-alaben eskertxarra! Ez ete dok nire agoak yana daroatson esku au aginka urratzea legetxe? Baña nik zigorra be zigor erabiliko dot: ez, ez dot egingo negarrik geiago. Onango gabaroz niri ateak itxi! Ixuri urutuak eta uriolak; yasan egingo dot: onango gabaroz! Erregane, Gonerile ori! Aren biotz zabalak dana emon eutzuen zuon aita zar maitakorra... Oi! bide orretatik burua galtzera noa; alde dagidan ortik; ez geiagorik orretaz.

        Kent'ek.— Ene yaun on, sartu ona.

        Lear'ek.— Otoi, sar adi eu; billa egik ire naierea: ekaitz onek ez daust emongo baimenik geiago minduko nindukien gauzarik ausnartuteko. Baña sartuko nok. Barrura, mutil: oa lenen (Ergelari). Etxebageko txirotasun ori, bai, sar adi. Beinen otoi egingo yoat, gero lo. (Ergela barrura doa.) Gizagaxo biluts errukarriok, nonbaiten zagozenok, errukibako ekaitz oneri arrika eragiten dautsezuenok, zuon etxebako buruak eta saiets goseak ilak, zuon sorki zulo-leiotsuak zelan yagongo zauez onango eguaroetatik? Ene! nik onen ardura gitxiegi izan dot! Artu ire osakaia, andikeri! Yarri ire burua zoritxarrekoak soegiten dabena so-egiteko, bearreko ez dokana ire buruari kendu ta ai emoteko, ta zeruaren aurrean zuzenago agertzeko.

        Edegarta'k (barruan).— Kana ta erdi, kana ta erdi! Toma gaxo

 

(Ergela ariñeketan dator aterpetik atetara.)

 

        Ergelak.— Ez etorri ona, osaba, emen beste mundukoren bat dago. Lagun zakidaze, lagun zakidaze!

        Kent'ek.— Ekak eskua. Nor dogu or?

        Ergelak.— Beste munduko, beste munduko: Toma gaxo deretxola diño.

        Kent'ek.— Nor augu or lasto artean marmarka abilen ori? Urten egik.

 

Edegarta aurrera, zoro-kokomarrotuta.

 

        Edegarta'k.— Alde! txerren zikina dator nire yarrai! Elorri arantzatsua zear putz dagi axeak. Uf! Oa ire oe otzera ta berotu adi.

        Lear'ek.— Enduan oro ire alabai emon euntsen, ala? Eta onetaraño eldu az?

        Edegarta'k.— Txerren zikinek su ta garrak zear, ubi ta zurrunbilloak zear, iztinga ta oxinek zear erabili dauen Toma gaxoari nok emongo dautso zerbait? Bere belarrondokopean aiztoak eta txizeluan begitenak yarri; bere lapikoko-aldamenean saguto-korotzak; biotz-arro egin dau, zaldi uxo tapa-tapalarien ganern lau atz-ondoko zubiak igaroteko, eta au bere itzalari yarraitzeko, azpi-yale bailitzan. Bediz onetsiak ire bost sentzunak! Toma otz da. O! do de, do de. Adi onetsia axe-zurrunbilloetatik, izar-gaitzespenetatik, eta artzetik! Emon soroskiren bat Toma gaxoari, txerren zikirak estu dakar-ta: or oratu nengike nik a oraintxe, eta or, eta or, eta or bein barriro, eta or.

(Ekatxak yarrai darrai.)

        Lear'ek.— Zer, bere alabak ekarri ete dabe egokera onetara? Ezin gorde izan enduan ezer? Oro emon izan euntsen?

        Ergelak.— Ez, beretzako artille-izara gorde eban, ostean guztiok gintzatekez lotsaritan.

        Lear'ek.— Orain, gizakien okerren ganera yausteko, zoriak eguratsetik dingilizka dauzan gaitz guztiak betoz ire alaben ganera.

        Kent'ek.— Orrek ez dau alabarik, yaun.

        Lear'ek.— Eriotzea, azpi-yale orreri! Bere alaba maitasunbageak ez bestek ezin eratsi eikien izamena orren beeraño. Ekandu ete da aita baztertuak euren aragiari onen yaramon gitxi egitea? Zigor zuzena! aragi onek sortu ebazan pelikan-alaba orreik.

        Edegarta'k.— Peli Korotz Peli Korotz-munean egoan yezarrita (14): Eupa, eupa, ja, ja

        Ergelak.— Gabaro otz onek guztiok ergeldu ta zoratuko gauz.

        Edegarta'k.— Kontuz txerren zikinaz: izan ire gurasoen esaneko: eutsin bein zuzenez emoneko itzari: ez egin zinik; ez kutsutu zinez iñoren emazte danakin: ez yarri ire biotz maitea yantzi arroen mendean. Toma otz da.

        Lear'ek.— Zer izana augu?

        Edegarta'k.— Otsein izana nozu, biotzez eta buruz arro; nire maitearen biotzeko likiskeriaren otsein izan nintzan, eta ilunbeko egitekoa egin neban berakin: itzetan aña zin egin neun tsan, eta zeru maitagarriaren arpegi-arpegitan zinok ausi egin nebazan: likiskeri-asmotan loak artzen nindun, eta egiteko itzartzen nintzan: ardao-zale utsa ninduzun, eta yokalari atzenbakoa; ta emakume ezkonduak maite izaten Turkar baño geiago nintzan: biotzez guzurti, belarriz arin, eskuz odoltzale; nagikeriz txarri, ixilka-muxilkaz azeri, salokeriz otso, asarrekeriz zakur, lapurretaz leoi. Oskien kirrikeak eta sedearen zara-zareak ez al dautso zure biotzari azpi-yanik egingo emakumeganako alde zure oñak emakume galdutegietatik, zure eskua iñoren sakeletatik, zure idazkortza dirua zorrean emoten dabenen idaztietatik, eta eupadea yaurtin egiozu txerren zikinari. Oraindik axe otza elorri artetik puzka dabil: juuum diño; doala ortik zear txaka-txaka. (Ekatxak yarrai darrai oraindik.)

        Lear'ek.— Orrezkero, ortzearen gogorkeri itzal oneri billusik erantzun baño oba litzakik ire ilobira sartu. Gizona ez ete da au ez besterik? Aztertu egik ondo. Ik ez dautsok zor arreri se darik, abereri narrurik, ardiari ulerik, katuari sunda gozorik. Ara! emen dira iru iñoren antza artuta! I az i gauzea bera; berea ez bestebageko gizona ez dok besterik i lango abere oinbiko, txiro, billutsa baño. Ortik zear, ortik zear zuok, iñok zorrean emonok! Goazan, erantzi emen. (Soinekoak urratzen daragoio.)

        Ergelak.— Otoi, osaba, asko da, bego; igeri (uger) egiteko gabaro txarra da au. Orain su-apur bat zelai ulduan zar likitsaren biotzaren antzeko litzateke, txatartxo, bere soinean ganetiko oro otz. Begira, emen dator ibili dabilen sua.

        Edegarta'k.— Au txerren zikin Parkagorri yatzu: iluntze-yoaleaz asten da, ta ollarrak lenengoz yo arte ibilten da; orrek emoten dauz begietako gatxak, begiak okertzen dauz, eta ezpanak erdibitu; gari zuria eldekorritu ta galbakotu, ta lurreko izaki gaxoai gaitz egiten dautse.

        Zarsendo iru zar añako zan;

        Ameseragile (15) ta au lango bederatzikin trikitx egin eban:

        Zaldi-ganetik yasteko

        Ta ezkontza-itza emoteko agindu eutsan,

        Eta oa ortik zear, sorgin, oa ortik zear, esan.

        Kent'ek.— Nolan zagoz maitagarri ori?

 

Gloster aurrera, zuziaz.

 

        Lear'ek.— Zer da a?

        Kent'ek.— Nor dago or? Zeren billa zatoz?

        Gloster'ek.— Zer zarie orkook? Zuon izenak?

        Edegarta'k.— Toma gaxo: ugaraxo igerilari, sapo, sapaburu ta sugelinderak yaten dauz eta ura edaten; txerren zikina asarre danean, biotzaren suminez, pekorotza yaten dau gatz-ozpintzat; saguto zar eta areka-txakur irunsten dauz: ur geldiganeko mintz muskerra edaten dau: amarrenetik amarrenera (16) zigortau, oin-oñazkarrietan imini, narrua berotu ta iltinberatu egi ten dabe: bere bizkarrerako iru soñeko-yoko, bere soñerako sei atorra, ganean ibilteko zaldi, ta erabilteko izkilluak izana da:

        Baña zazpi urtean Toma'ren yanari

        Sagu, saguto ta olango orein txikiak izan dira.

        Kontuz nire yarraileaz. Ixilik, Txerrenko: ixilik, txerren ori!

        Gloster'ek.— Zer, ez ete dozu maitagarri orrek lagun oberik?

        Edegarta'k.— Ilunbeko nagusia andiki da: Txerren eresten dautsoe, bai Txerrenko ta Parkagorri be.

        Gloster'ek.— Eure aragi ta odola ziztrin be ziztrin egin dira-ta, berak sortuari be gorroto dautso.

        Edegarta'k.— Toma gaxoa otz da.

        Gloster'ek.— Zatoz nikin barrura: nire egitekoak ezin daike yasan edozetan zure alaben agindu gogorrai men egiterik: euren agindua nik nire ateak istea ta gau indarkeritsu orrek zuri agiriak ezartea izan-arren, zure billa etorten eta zu sua ta yana gertu dagozan tokira eroaten azartu naz.

        Lear'ek.— Beinen itxi egistazu pilosopizale onekin itz egiten. Zegaitik da ostots?

        Kent'ek.— Ene yaun on, artu orren eskeina: zoaz etxebarrura.

        Lear'ek.— Itz banaka bat egin gura dot Tebai'tar (16 bis) yakintsu onekin. Zeri daragoiok ik?

        Edegarta'k.— Nire burua txerrenagandik nolan yagon eta gosea zelan ilgoari.

        Lear'ek.— Itxi egistak iri banazean itaun bat egiten.

        Kent'ek.— Beste bein eska-eska egiozu yoateko, ene yaun; orren burua lokatuten asia da.

        Gloster'ek.— Ete dok orri orren errurik ezarteko biderik? Orren alabak orren eriotza-billa yabiltzak: ai! Kent on arena! Ak esan eban onantxe yazoko zana, eta orain a gizon gaxoa erbesteratuta! Ik errege burua galdu-aginik dala diñok: adiskide, neu be burua galdu-aginik nagola esango dauskat: nik seme naioan, orain nire odoletikotzat ukatua; niri bizia kentzeko asmotan yebilan oindo oraintsu-oraintsu: nik maite naioan a, adiskide, aitek ez semerik maiteago nik a baño: egia dirauskat (Ekatxak yarrai darrai), atsekabeak nire buru-argitasunari eraso yautsak. Au dok gabaroa! Otoi-bai-otoi dagiot zure maitasunari...

        Lear'ek.— O! Gedarrez erruki eska egik, yaun. Pilosopizale zindo, lagun akit.

        Edegarta'k.— Toma otz da.

        Gloster'ek.— Orra barrura, lagun, aterpera: ago berotan.

        Lear'ek.— Ator, gaioazan guztiok barrura.

        Kent'ek.— Emendik zear, ene yaun.

        Lear'ek.— Orrekin batera: oraindik nire pilosopizaleakin yarrai gura dot.

        Kent'ek.— Ene yaun on, yarri zaite berera; daroala laguna berakin.

        Gloster'ek.— Artu ta ekarrik euk.

        Kent'ek.— Gaioazan, yauntxo; ator gukin.

        Lear'ek.— Ator, Azenai'tar (17) on.

        Gloster'ek.— Itzik ez, itzik ez; ixil!

        Edegarta'k.— Errolanda Mutikoa gaztelu ilunera etorri zan, bere itza ixilik zan. Alde, alde, alde, Ingelandar gizon-odol-sundea somatzen dot (18). (Alde dagie.)

 

 

V. Agerleku.— Gloster'en Gazteluko etxoki. Kornuol eta Edemunda aurrera.

 

        Kornuol'ek.— Arenetik alde egin-aurretik aspertuko naz.

        Edemunda'k.— Ene yaun, ni izamenari yarraiz zintzo izatea zelan iñok txarretsi leikeanik ez dakit yakin, baña zeozek ori gogoratzearen bildur emoten daust.

        Kornuol'ek.— Orain oartzen yoat, ire anaiearen asmo txarra bakarrik etzoala izan a aren bizi-billa ibiltearen errudun; aren gaiztakeri iguingarriak berak lan eragindako zer goragarrien bat baño.

        Edemunda'k.— Nire zoria be ondo gaiztoa da, zuzen izateaz garbaitu eragiten daust-eta! Au da ak aipatuko gutuna ta onek erakusten dau a yakinez dala Pantze'ren aldekoen arteko. Zeruok! Ez al litz azpikeri au ta, izatekotan, ez al nintz ni onen yakitun

        Kornuol'ek.— Ator nikin dukenoagana.

        Edemunda'k.— Ingi onek dauena eskier izatekotan, arazo aztuna dozu eskuetan.

        Kornuol'ek.— Egi nai guzur, i orrek Gloster'go konde egin au. Oa ire aitaren billa, a guk eskuak ezarteko gertu izan daiten.

        Edemunda'k.— (Beretzako). Errege zuzpertzen aurkitu ba'dagit, aren uste txarra geitu egingo da. Nire zintzotasunaren bideari ekingo dautsat, nai ta aren eta nire odolaren arteko burrukea mingorra izan.

        Kornuol'ek.— Igan yarten yoat nire ustea; eta ik nire maitasunean aita maitakorrago aurkituko dok. (Alde dagie.)

 

 

VI. Agerleku.— Gaztelu-aldameneko Baserri-etxoki. Gloster, Lear, Kent, Ergela ta Edegarta aurrera.

 

        Gloster'ek.— Au atetakoa baño toki obea da; artu eskar onez. Al dodan eraskinez osotuko dot zure naierea: laster naz atzera be zuokin.

        Kent'ek.— Bere buruko indar guztiak bidea urratu dautsoe bere eperik ezari:  yainkoak ordaindu begitzue zure biotzonekotasuna! (Gloster'ek alde dagi.)

        Edegarta'k.— Anaitxoa deiez dot; eta Neron ilunbe-aintzirako aingiralari dala diraust.— Otoi, erruge, eta zur txerren zikinaz.

        Ergelak.— Arren-bai-arren, osaba, gizon zoroa andiki ala andikixe dan esan egidazu.

        Lear'ek.— Errege dok, errege!

        Ergelak.— Ez; semetzat andikia dauena da andikixe; bere aurreko semea andikitzat artzen dauen andikixea andikixe zoro da-ta.

        Lear'ek.— Euren ganera, sur-oska, burduntzi goriakaz amar eunekori etorriazoteko...

        Edegarta'k.— Txerren zikinak nire bizkarrari usika daragoio.

        Ergelak.— Otsoaren otzantasunari, zaldiaren osasunari, mutillaren maitasunari naiz emagalduaren zinari sinisten dautsana zoro da.

        Lear'ek.— Bai, egingo da; bertatik salatuko dodaz. Ator, i yezarri adi emen, epaile yakitun-yakitun ori (Edegarta'ri); I, dana dakikan yaun, yezarri adi emen (Ergelari).— Orain, zuok azeri emeok!...

        Edegarta'k.— Begira, non dagon zutunik eta begirakuneka! Begirik bear ete dozu epaialdian, andera? Atorkit errekatxu-ganetik, Elixabete...

        Ergelak.— No orren ontziak zuloa dau

                        Eta ez dau esan bear

                        Zegaitik ez dan azartzen zuganatzen.

        Edegarta'k.— Txerren zikina Toma gaxoaren billa dabil urretxindorraren abotsez. Toma'ren sabela yantzan dabil sardin zuri bien eske. Ez egin garrankadarik, gotuts baltz: nik ez yoat itzako yatekorik.

        Kent'ek.— Nolan zagoz, yaun? Ez egon zutunik olan arriturik. Ez dozu etzan gura ta belarrondokoen garrean atsedendu?

        Lear'ek.— Euren epaibidea ikusi gura dot lenago. Ekarri argibideak. Ik epaile-soñekodun gizon orrek, artu egik ire yezarlekua (Edegarta'ri); eta ik (Ergelari), orren zuzentza-lagun az-ta, artu orren aldameneko yezarlekua: eskubidedun zarie. Yezarri adi i be (Kent'eri).

        Edegarta'k.— Yokatu daigun zuzen. Lo ala itxarrik ago, artzai txitxari? Ire ardiak garitzan yagozak; eta ire agoaz txistu egin-arren, ardiak ez yoek minik artuko. Purrr! katua urdina da.

        Lear'ek.— Salatu lenen No; Gonerile da. Emen batzar adeigarri onen aurrean zin egiten dot orrek bein errege gaxo berorren aita ostikoka erabili ebala.

        Ergelak.— Erdu ona, etxandera Gonerile deretxatzu?

        Lear'ek.— Ori ezin ukatu daike.

        Ergelak.— Erruki eska egizu, nik giltzadun aulkitzat artu zaut.

        Lear'ek.— Eta emen dago beste bat, beronen zear-begirakuneak onen biotza ze gaigaz egina dan aldarrikatzen dauena. Geldituazo No orreri or! Izkilluak, izkilluak, ezpata, su! Ustelkeri dogu toki onetan! Epaile guzurrezko, zegaitik itxi dautsak No orreri iges egiten?

        Edegarta'k.— Adimena yagon begitzu zeruak!

        Kent'ek.— Ai ene! Yaun, non dozu zuk ain sarritan zure arrokizuntzat aipatu izan dozun epea?

        Edegarta'k.— (Beretzako). Nire negarrak orren alde yarriegi egin dira-ta, nire iñoren irudia alperrik galduko dabe.

        Lear'ek.— Txakurtxoak eurak be, Gorri, Zuri ta Buztanmotxo'k, ikusi, niri ausi egiten dauste.

        Edegarta'k.— Toma'k bere burua egotziko dautse. Erdu, txakur ziztrinok!

                Ire agoa zuri nai baltz izan,

                Agina, usigi ba'dagi, edena sartzekoa;

                Mastin, xarlango, etxetxakur uxo,

                Eizatxakur nai txakur uleluze, eizatxakur eme naiz odoltxakur,

                Nai txakur buztanmotz nai txirrinka-buztan,

                Toma'k irrintze ta negar eragingo dautse Onan nire burua egotziezkero,

                Beko ate-ganetik yauzi eginda, guztiak igesi doaz-ta.

                Do, de, de, de. Axa! Ale! Ale! yoan yaietara,

                Perietara ta peri-urietara. Toma gaxo, ire eztarria legor yagok.

        Lear'ek.— Orrezkero, aztertu dagiela Erregane; ikusi orren biotzean zer azten dan. Bai ete dago izadian olango biotz gogorrik egin daikeanik ezer? (Edegarta'ri). Zu, yaun, zu nire eunetatikotzat artzen zaut; zure soñekoak bakarrik dira begiko ez yatazanak: Persitarrak diriala esango dozu zuk; baña aldatu egizuz.

        Kent'ek.— Orain, ene yaun on, etzan emen eta unetxo baten atseden artu.

        Lear'ek.— Ez egin zaratarik, ez egin zaratarik; itxi kurtxoinak: olantxe, olantxe. Goxean apalduko dogu.

        Ergelak.— Eta ni eguerdian etzango naz.

 

Barrien-barri Gloster aurrera

 

        Gloster'ek.— Ator ona, adiskide, non dok errege nire ugazaba?

        Kent'ek.— Emen, yaun; baña itxi egizu geldi, burutik eginda dago-ta.

        Gloster'ek.— Adiskide on, arren-bai-arren, artu egik ire besartean: bera ilteko asmoaren barri ezkutuan entzuna nok: or dok zerraldoa gertu; sartu barruan, eta eroan Dover-aldera, adiskide, an txera ona ta laguntza, biak aurkituko dozak-eta. Artu ta eroan ire ugazaba! emen ordu-erdi bat geiago egin ba' dagizue, aren bizia, irea ta aren alde dirian guztiena galbide gorrian yagozak: artu egik, artu egik; eta ator nire yarrai, bidea arin egiteko bear dana neuk emongo dauskat-eta.

        Kent'ek.— Izamen estutua lo dago: atseden onek osatu eikezan meko egindako ire indarrak, orretarako erarik emonezik euren osapidea gatxa da-ta. Tiruk, lagun egidak ire ugazaba eroaten; ik ez dok gelditu bear atzean (Ergelari.)

        Gloster'ek.— Tira, tira, alde.

 

(Kent, Gloster, eta Ergelak alde dagie, Lear eroan daroela)

 

        Edegarta'k.— Gu baño andiagoak gure naibageak eroaten dakusguzanean, gure zoritxarrak nekez esten doguz gure areriotzat. Bakarrik yasaten dauenak yasaten dau geien gogoan; gau za azkeak eta ikuskizun zoragarriak atzean itxita: baña naibageak kideak eta eroateko lagunak dauzanen, orduan gogoak naibage-zati ona ortik zear yaurtiten dau. Orain nire naibagea arin eta eroan-errez-errez egiten yat, niri oben eragiten daustanak errege makurtu egiten dau-ta; a umetu egin da, ni barriz aitatu! Alde emendik, Toma! Adi orko zaratai; eta erakutsi egik ire burua, uste okerrez i laidotuten auen guzurrezko usteak, ire argibide zurenak orretara beartuta, guzurrezko uste ori guzurrezkotzat etsi ta i errege etsi agian. Erregek iges egitea ez beste zer yazoko ete da gau onetan! Ago ezkutuan, ago ezkutuan.

 

 

VII Agerleku.— Gloster'en Gazteluko Etxoki. Kornuol, Erregane, Gonerile, Edemunda, ta Otseinak aurrera.

 

        Kornuol'ek.— Bidali arin-bai-arin bidari nire yaun zure senarrari; erakutsi ari gutun au: Pantze'ko gudaroztea gure lurrean da. Billatu Gloster azpi-yalea.

 

(Otsein batzuk alde dagie.)

 

        Erregane'k.— Eskegi a bertatik.

        Gonerile'k.— Atera ari begiak.

        Kornuol'ek.— Itxi a nire gogaldi txarraren kontura. Edemunda, ik lagun egin nire arrebeari: guk ire aita azpi-yaleari egin bear dautsagun asperkunea ez dok ik ikusteko. Dukeagana oanezkero, esaiok len-baño-len gertatzeko; gu be beste ainbeste egiteko gozak. Gure arteko bidariak bizkorrak eta alkarren yakitun dirianak izango dozak. Agur, arreba maite: agur, Gloster'ko ene yaun.

 

Osualda aurrera

 

        Kaixo! non dok errege?

        Osualda'k.— Gloster'ko nire yaunak eroan dau emendik bere zaldunetatik ogei ta bost edo seien bat, bere atzetik ibilten dirian zaldun beroak urten eutsen atetara; orreik eta yaunaren beste menpeko batzuk akin yoanak dira Dover-aldera; eta an izkilluz ondo ornidutako adiskideak dabezala arro esaten dabe.

        Kornuol'ek.— Gertau egizak zaldiak ire ugazaba-anderearentzako.

        Gonerile'k.— Agur, yaun eta aizta maiteok.

        Kornuol'ek.— Agur, Edemunda.

 

(Gonerile, Edemunda ta Osualda'k alde dagie.)

 

        Oa i ta billatu egik Gloster azpi-yalea, estu egik lapurra legetxe, ekarrik gure aurrera. (Beste otsein batzuk alde egiten dabe.)

        Bere biziarekikoa epaikuntza-erak betetzeka egitea ondo egon ez-arren, orraitiño gure almenak gure asarreari buru-makur egingo dautso, ta ori gizonak txartzat artu-arren be, ezin daikie eskuratu. Nor da or? Azpi-yalea?

 

Ostera be Otseinak aurrera, Gloster-ekin.

 

        Erregane'k.— Azeri eskertxarreko! Bera da.

        Kornuol'ek.— Estu ondo orren kortxozko besoak.

        Gloster'ek.— Zer darabiltzue maitagarriok? Nire adiskide onok, gogoratu nire ostatukoak zariela: ez egidazue egin yoko zikinik, adiskideok.

        Kornuol'ek.— Estu egizue, neuk diñotzuet. (Otseinak estu egiten dabe.)

        Erregane'k.— Gogor, gogor. Azpi-yale txarri ori!

        Gloster'ek.— Zu andera errukibako zara, baña ni enaz azpi-yale.

        Kornuol'ek.— Estu yezarleku oneri. Zital, ikusikok. (Erregane'k bizarrak ateraten dautsaz.)

        Gloster'ek.— Yainko maitagarriok-arren, niri bizarrak ateratea lotsagarri da.

        Erregane'k.— Orren zuri, ta orrenbesteko azpi-yale!

        Gloster'ek.— Andera gaizto, nire okotzetik ateraten daustazuzan bizarrok barriro erneko dira, ta zu salatuko zaue: ni zure ostatari naz: nire ostatari-txerak zuk etzendukez onan latzitu bear lapur-eskuz. Zer egiteko zara?

        Kornuol'ek.— Goazan, yaun, ze gutun izan dok Pantze'tik oraintsu?

        Erregane'k.— Argi ta garbi erantzun egizu, egia dakigu-ta.

        Kornuol'ek.— Eta ze alkartasun dok ik bakalderrian oña yarri daben azpi-yaleakin?

        Erregane'k.— Noren eskuetara bidali dozu errege buru-aldakorra?

        Gloster'ek.— Nik dodan gutuna igerri-antzera idatzia da, ta bera bidali eustana ezta zuon aurkako, ez alde batera, ez bestera dagoanarena baño.

        Kornuol'ek.— Azerikeri.

        Erregane'k.— Eta guzur.

        Kornuol'ek.— Nora bidali dok errege?

        Gloster'ek.— Dover'era.

        Erregane'k.— Zegaitik Dover'era? Ez engoan zemaituta?

        Kornuol'ek.— Zegaitik Dover'era? Erantzun dagiola oneri.

        Gloster'ek.— Abeari estuta nago-ta, bide oneri dagokona egin bearko.

        Erregane'k.— Zegaitik Dover'era?

        Gloster'ek.— Zu ikusi gura etzindudazalako zure errukibako atzazalakaz aren begi zar errukarriak ateraten: ezta zure aizta amurratua aren aragi igortzian bere apo-argiak sartzen. Ak gau ilunbe-baltzean burutsik yasan izan dauena lango ekaitzagaz itxasoak berak gora-goraka yagi ta izarren argiak itzali egingo ebazan: eta orraitiño, biotz zar-errukarri, ak zerukoai euri geiago eskatzen eutsen. Gabaro itzal atan zure atetan otsoak irrintzeka egon ba'litzaz zuk esan izango zendun: «Atezain on, idigik atea», eta beste biotz-gogor guztiak zure itzai eder eretxiko eutsen: baña zu lango seme-alaben ganera etorten egodun asperkundea ikusiko dot.

        Kornuol'ek.— Ik ikusi olangorik ez dok egundo ikusiko. Mutillak, eutsin yezarlekuari. Ire begiok nire ostikoaz zapalduko yoadaz. (Golster'eri aratiñik eusten dautsoe yezarleku-ganean, bitartean Kornuol'ek begi bata atera ta bere ganean ostikoa iminten dauela.)

        Gloster'ek.— Zar izatera arte bizi izateko usterik dauenek lagun begist! Anker-biozbako ori! Yainkoak!

        Erregane'k.— Alde batak besteari irri egingo dautso; bestea be bai.

        Kornuol'ek.— Asperkunderik ikusi ba'dagik...

        Lenengo Otseinak.— Geldi zure esku ori, ene yaun; ume nintzanetik ona beti izan naz zure otseintzan; baña orain zure eskua geldi eukiteko agintzen dautzudanean baño otseintza oberik ez dautzut egin egundo.

        Erregane'k.— Oindo! txakur zatar ori!

        Lenengo Otseinak.— Zure okotzean bizarrik ba'zendu izan, eztabaida onetan ondo aztinduko neunskizu. Zer egiteko zara?

        Kornuol'ek.— Nire zital ori! (Ezpatea aterata, ganera doako ariñeketan.)

        Lenengo Otseinak.— Zatoz, ba, ta ikusi asarrearen ondorena.

 

(Ezpatea ateraten dau. Burruka daragoioe. Kornuol zaurituta.)

 

        Erregane'k.— Ekak ire ezpatea (Beste otsein bateri.) Baserritar izan eta onan yagi!

 

(Ezpateari eldu, atzetik ara yoan, eta ezpatea sartzen dautso.)

 

        Lenengo Otseinak.— Ai! il nabe! Ene yaun, zuk begi bata aldean dozu oraindik, orrei ganera etorriko yakien ezbearra ikusteko. Ai ene! (Il egiten da.)

        Kornuol'ek.— Galazo dagiogun geiagorik ikusi al izatea. Atetara, zirin zatar ori! Non dok orain ire argia?

 

(Gloster'en beste begia urratuz aterata, lurrera egozten dau.)

 

        Gloster'ek.— Ilun-ilunetan eta iñondik pozbage. Non ete da nire seme Edemunda? Edemunda, izamenaren txatar guztiak ixitu egizak, egite itzal oneri ordea emoteko.

        Erregane'k.— Alde, azpi-yale zital! Gorroto auenari deiez ago: bera izan zoan niri ire azpi-yalekeriaren barri emon eustana; eta a ire erruki izateko onegi dok.

        Gloster'ek.— Nire zorakeriarena! Orrezkero, Edegarta'ri oker egin dautsat. Yainko maitagarriok, azketsi egidazue nik ari egina, ta bebil ondo a!

        Erregane'k.— Yoan eta egotzi egizue atetan, eta Dover'erako bidea usainez idoro dagiala. Zer yazoten yatzu, ene yaun? Nolan zagoz?

        Kornuol'ek.— Min artu dot: zatoz nire yarrai, andera. Atera etxetik begibako zital ori; egotzi yopu ori sastegira. Erregane, arin darit odola; tertzio txarrean etorri yat min au: ekatzu zure besoa.

 

(Kornuol'ek, Erregane'k lagunduta, alde dagi; otseinak Gloster azkatu ta atetara daroe.)

 

        Bigarren Otseinak.— Gizon oni ondo ba'doako, egin daikedan gaiztakerik ez daust emongo egundo kezkarik.

        Irugarren Otseinak.— No ori luzaro bizi ba'daite, eta atzenean zarren-zarrezko eriotza izan, emakume guztiak mamu itzal egingo dira.

        Bigarren Otseinak.— Goazan konde zarraren yarrai ta Zoroa billatu, nora-gura eroan dagian: bere zorakeri txitxariak edozetarako gai egiten dau.

        Irugarren Otseinak.— Oa i; ni amuko ta arrautza-zuringobilla yoango nok odola darion aren arpegiari ezarteko. Orain, zerutarrok lagun zakioez

 

(Alde dagie banazean.)

 

 

 

IV. Ekitaldi

 

 

I. Agerleku.— Iñarradia. Edegarta aurrera.

 

        Edegarta'k.— Orraitiño oba da onan, eta iñok onesten enauela dakidala, iñok onesten enauela ta zurituta baño. Txarren izateak, zoriaren zerik zakarren eta zirtzilen izateak ba-dau oraindik itxaropenik; ez da bizi bildurrez: aldakuntza negargarria onenetikoa da; txarrenenetikoa barrerakoa izaten da. Ondo etorria, beraz, nik besartean estututen audan mamibageko egurats ori! Ik puzka txarrenenera yaurtin dokan izaki errukarriak ez dautse ezer zor ire putzai. Baña nor dator emen?

(Gloster aurrera, Agurek dakarrela.)

        Nire aita, laguntza motzakin? Ludi, ludi, ludi ori! Ire iñondiko aldakuntzak i gorrotazoko ezpa'leuskue, biziak urteai ez leuskie men egingo.

Agureak.— Ai ene! ene yaun on, larogei urteokaz ni zure maizter eta zure aitaren maizter izana nozu.

                Gloster'ek.— Alde, egik emendik alde; adiskide on, oakit; ire erruki-itzak ezin yaustiek niri ezetariko onik egin; iri euri min emon bai.

        Agureak.— Zuk ezin ikusi daikezu zure bidea.

        Gloster'ek.— Nik ez dot biderik, eta orrezkero ez dot bear begirik; ikusten nebanean oztopo egin neban: sarri askotan guk artuko bideak gure burua zaintzekotzat izaten doguz, eta gure utsak eurak yakuz, lagungarri. Edegarta seme maite, ziria sartu eutsen ire aitaren asarrearen yaki! I nire ikumenez baño ezpa'da be ikusteko bizi al ba'nintzok, ostera be begiak dodazala esango naieunkek!

        Agureak.— Ara! Nor da or?

        Edegarta'k.—  (Beretzako) Ene yainkook! Nok esan ete daike: «Ni nago txartoen»? Ni egunkorik txartoen nago.

        Agureak.— Ori Toma errukarri burutik egina da.

        Edegarta'k.— (Beretzako) Eta oraindik egon naiteke txartoago: ez da txarrenik «Au txarrena da» esan daikegun arteño.

        Agureak.— Lagun, nora oa?

        Gloster'ek.— Gizon eskeko ete da?

        Agureak.— Burutik egina ta eskeko be bai.

        Gloster'ek.— Zegaitiren bat ba-dau, ostean ez leuke eskatuko. Barko ekaitz-aldian olangoxe lagun bat ikusi neban; axek uste eragin eustan gizona lurreko arra baño ez dala: orduan nire semea etorri yatan gogora; eta orraitiño orduan ozta-ozta nintzan aren adiskide: arrezkero geiagorik entzuna nozu. Gu yainkoentzako, mutiko lotsabakoentzako euliak langoxeak gara: yolasgarritzat ilten gauez.

        Edegarta'k.— (Beretzako) Zelan izan ete eitekean au? Txarra da atsekabearen aurrean zoroarena egiteko ogibidea, nor bere burua ta aurrekoa asarratuta. Zadiz onetsia, ugazaba!

        Gloster'ek.— Arako lagun billutsa ete da ori?

        Agureak.— Bai, ene yaun.

        Gloster'ek.— Orrezkero, arren-bai-arren, zoaz; milla bat edo bi aurrerago, Dover'erako bidean, nigaitik oratu gura ba'gozuz, egizu maitasun zarra-arren; eta ekarri estalkiren bat gi zaki billuts onentzako, nire itsu-mutil izateko eskatuko dautsat-eta.

        Agureak.— Ai ene! yaun, burutik egina da.

        Gloster'ek.— Zoritxarreko aldiak dira itsua burutik eginak eroaten dabenak. Egik nik esaneko erara, edo gurago ba'dok, egik eure gogoko yakana; edozer baño beinego, oa.

        Agureak.— Dodan soinekorik onena ekarriko dautsat, yazotekoa yazoko berari. (Alde dagi.)        Gloster'ek.— Yauntxo, lagun billuts ori...

        Edegarta'k.— Toma errukarri otz da. (Beretzako) Ezin dot yantziago egin.

        Gloster'ek.— Ator ona, lagun.

        Edegarta'k.— (Beretzako) Eta oraindik egin bear dot. Bediz onetsiak zure begiak; odola darie.

        Gloster'ek.— Ba-dakik Dover'erako bidea?

        Edegarta'k.— Bitzuek, ate-bide ta malla-bide, zaldi-bide ta oñezko-bide. Toma gaxoari bildurraren bildurrez burua galdu eragin dautsoe: gizon onaren seme, zeruak yagon agi txerren zikinagandik! bost txerren izan dira batera Toma errukarriagan; lizunkeriarena, Txarrito izenekoa; itzik-ezinarena, Motel izenekoa; lapurretearena, Alperto izenekoa; erailtearena, Gordinko izenekoa; sorkiz garbitu ta austearena, Ipizki izenekoa; eta au arrezkero etxoki-neskame ta mai-emakumeen yabe da. Orrezkero, yagon zure burua, ugazaba!

        Gloster'ek.— Eutso, artu egik zizku au, zerutiko zoritxarrak guztitariko zartadaz makurtu aben orrek: ni zoritxarreko izanak i zoriontsuago egiten au: Zeruok, ekin olantxe oraindik! yanari guri ta bearrezekoak dauzan gizonak, zuon agindua oinperatzen dauenak, oartzen eztauelako ikusiko eztauenak, zuon almena arin somatu dagian; olan ba, banatze-bidez, geiegia manatu egin bear litzateke, ta gizon bakotxak bear-aña izan. Ezagun ete dok Dover?

        Edegarta'k.— Bai, ugazaba.

        Gloster'ek.— An itxasbaztarrean amiltegia yagok eta aren buru yagi-makurrak bildurrez begiratzen yok bere azpiko uretza sakon mugatua: eroan nagik aren ertz-ertzerañoxe balkarrik, eta ik aldean daroakan ezereztasuna nik aldean daroadan zer edertxoz ordainduko dauskat: toki atatik aurrera nik etxoat bearko bide-erakuslarik.

        Edegarta'k.— Ekak ire besoa: Toma errukarriak erakutsiko dausk bidea. (Alde dagie.)

 

 

II. Agerleku.— Albani'ko Dukearen Yauregi-aurrea. Gonerile ta Edemunda aurrera; Osualda'k trikitx egiten dautse.

 

        Gonerile'k.— Ondo etorria, ene yaun: andia da gure senar otzanak guri bidera ez urten izana. Orain, non dok ire ugazaba?

        Osualda'k.— Barruan, andera; baña egundo gizonik ez da aldatu ori aldatu dan baño geiago. Legorreratu dan gudaroztearen barri emon neuntsan: irribarre egin eban: zu ba-zentozala esan neuntsan; aren erantzuna «ainbat okerrago» izan zan: Gloster'en azpi-yanaren eta aren seme zintzoaren otseintzaren barri emon neuntsanean, «moskorti» eretxi eustan, eta gauzak itzulietara imini nebazala esan eustan: gogoz bes terakoen izan bear yakona gogokoen yakoia dirudi; atsegingarria iguingarri.

        Gonerile'k.— Orrezkero, ez yoan zu aurrerago (Edemunda'ri).         Aren gogoko bildur kikilkorrak ez dautso izten erabagirik artzen: erantzutera beartuten daben irainik ez dau somatzen. Bideko gure gurariak egiteetara eldu leitekez. Atzera, Edemun da, nire nebeanera; batu ta aztertu arin aren gudariak eta eroan aren indarrak: izkilluak aldatu bear yoadaz nik emen gurean, eta gorua emon nire senarrari eskuetara. Otsein ustegarri onek eroan-ekarriko yozak gure arteko barriak: ba-leiteke luzarobarik zuk entzutea, zu zure onerako orretara azartu ba' zaitez, emaztegaiaren agindua. Erabili au; itz gitxi egin (Emaitz damotso). Alboratu zure burua: mun onek itz egin al ba'leu, zure gogoa eguratseraño nasaituko leuke. Lan eragin ire irudimenari, ta abil ondo.

        Edemunda'k.— Zure, il arte.

        Gonerile'k.— Nire Gloster maite-maite. (Edemunda'k alde dagi.) Uf! gizonetik gizonera dagon aldearena! Iri zor yakaz emakumeren otseintzak: nire ergelak ez dau nire soinerako eskubiderik.

        Osualda'k.— Andera, emen dator nire yauna. (Alde dagi.)

 

Albani aurrera.

 

        Gonerile'k.— Ni ez nozu etsi arriko sorkia baño geiagotzat.

        Albani'k.— Gonerile ori! Zu etzara gai axe zakarrak arpegira puzka egozten dautzun autsa aña be. Zure izakereari bildur dautsat: bere sortzeari iguin dautsan izakia ezin esitu leiteke eskier berekautan; bere burua soineko izerditik urratu ta kendu dagian no'ak nai-ta-naiez zimeldu ta il bear dau.

        Gonerile'k.— Asko da; itzok ergel-itzok dira.

        Albani'k.— Yakintzari ta ontasunari ziztrinak ziztrin eresten dautse: ziztrinkeriari ziztrinkeria bakarrik yako atsegin. Zei egin dozue? Basakatuok, ez alabak, zer egin dautsazue aita ta agure maitagarri danari? Aren adeigarritasuna artz buru-makurrak be miazkau egingo leuke. Basatiok, osoan izamenaz besterakotuok! burutik eragin dautsazue. Nolan itxi eutzuen nire anai onak olangorik egiten? Ak ainbeste on arteko gizonak, errege-semeak? Zeruak arin be arin bidali ezpa'dagiez euren gogo (espiritu) ikusgaiak irain zantarrok otzanduteko, gizatasunak berak eizatu bearko dauz, beko ilunbeko mamu gaiztoak legetxe.

        Gonerile'k.— Gizon geldo gibel-zuri! Zure masallak belarrondokoak artzeko baño eztira, zure burua irainak artzeko baño ezta; zuk ez dozu zure bepurupean begirik zure izen one tik zure mina bereizteko; zuk eztakizu ergelak diriana okerrik egin baño len zigortzen dirian zitalai erruki dautsenak. Non da zure arratza? Pantze'k zabaldu dauz bere ikurrinak gure lur ixilean; zu ilgo zauena asi da egaki-burukoskolaz zemaika; eta zu, bitartean, erabagibako ergel ori, yezarrita geldi zagoz, eta gedar egiten dozu: «Ai ene! zegaitik egiten dau ak ori?»

        Albani'k.— Zeuk erabagi, denganiño orrek! Berezko itsusitasuna txerrenagan ez da emakumegan aña iguingarri.

        Gonerile'k.— Ergel uts-uts ori!

        Albani'k.— Gauza aldatu ta zeure burua estalia zarean orrek, lotsa-arren, ez egizu mamu-itzaldu zure arpegia. Egoki al litzakit nire eskuai nire odolak eskatzen dauena egiten iztea. Oneik gairik asko dira izan zure aragi ta azurrak lokatu ta urratzeko: Zu txerren izan-arren, emakume-antzak yagoten zau.

        Gonerile'k.— Arranoen arranoa, oraintxe agiri da zure gizatasuna!

 

Geznari aurrera.

 

        Albani'k.— Ze barri dok?

        Geznariak.— Ai! ene yaun on, Kornuol'go Dukea il da: bere otseinak il dau, Gloster'eri bigarren begia ateraten yoiala.

        Albani'k.— Gloster'en begiak!

        Geznariak.— Berak azitako otsein, naibageak eraginda, egite orren aurka yarri zan, eta bere ugazabari eban asmoa beteten galazoteko ezpatea atera eban; asarrez irakiten, ugazaba tximistea lez yoan yakon ganera, ta euren artean an zeartau eban ilik lurrera; ez baña geroago berari be bizia kendu dautsan zauri kaltegarria artzeke (19).

        Albani'k.— Onek erakusten dau goien zariela zuok, zuok epaileok, emen beko gure gaiztakerien asperkundea orren arin egin daikezuenok! Baña, Gloster errukarriarena! Beste begia be galdu yoan?

        Geznariak.— Biak, biak, ene yaun. Gutun au, andera, erantzun bizkorraren begira dago; zure aiztearena da.

        Gonerile'k.— (Beretzako). Alde batetik atsegin yat au; baña alargun izan, eta nire Gloster akin, nik nire irudimenean eragiko etxea ba-leiteke osoan lurrera etortea nire bizi gorrotagar riaren ganera; beste aldetik, barria ezta orren garratza. Irakurri egingo dot eta erantzun. (Alde dagi.)

        Albani'k.— Non zoan aren semea ari begiak atera eutsoezanean?

        Geznariak.— Nire etzandereakin ona etorria zan.

        Albani'k.— A ez yagok emen.

        Geznariak.— Ez, ene yaun on, bidean aurkitu neban atzera yoiala.

        Albani'k.— Bai ete yakik gaiztakeriaren barririk?

        Geznariak.— Bai, ene yaun on; berak salatu eban aita; eta etxetik alde egin beren-beregi arein asperkundea begirapen gitxiagokoa izateko.

        Albani'k.— Gloster, ni emen bizi nok ik erregeri erakutsiko maitasunagaitik iri eskar ona erakusteko, ta ire begien asperkundea egiteko. Ator ona, adiskide; geiagorik ba'dakik esan egistak. (Alde dagie.)

 

 

III. Agerleku.— Pantzetar Gudaltegia Dover-urrean. Kent eta Andiki aurrera.

 

        Kent'ek.— Ete dakizu zegaitik yoan dan orren arin atzera Pantzeko Errege?

        Andikiak.— Bere bakalderrian zerbait erdi-eginean itxi ta oraintxe gogoratuagaitik; eta zerbait orrek bakalderriari bildur eta galbide andia lekarkio-ta, bera atzera ara yoatea egoki-egoki ta bearreko zan.

        Kent'ek.— Nor itxi dau bere atzean gudalburutzat?

        Andikiak.— Pantze'ko Mariskala, Monsiour la Far.

        Kent'ek.— Zure gutunak erregenoari atsekabea iragarteraño eragin ete eutsan?

        Andikiak.— Bai, yaun; neure aurrean artu ta irakurri eban eta nozik-bein malko andiak yausten yakozan bere masail samurrak-bera; bere atsekabearen erregeno zala zirudian; naiz-ta atsekabeak, menpetasun-ausle setatsu-antzera, aren errege izateko aleginak egin.

        Kent'ek.— A! Orrezkero eraso eutsan.

        Andikiak.— Asarre gorrirañokorik ez: epea ta naibagea an ebilkozan alkarren leian zeinek erakutsiko aren onena. Zu eguzkia ta euria biak batera ikusia zara; aren irribarreak eta negar malkoak egun oba langoxeak izan ziran; aren ezpan elduetan txitxari ebilkozan irribarretxo zoriontsuak bere begietan ostatuz zertzuk ebazanik ez ekiela zirudian; aik andik lurrera yalgi ziran, arrikatzetik pitxiak legetxe. Labur esateko, naibagea litzateke iñondikorik ederren, ganetiko orok orreetara yoezkero.

        Kent'ek.— Ez eban itzez ezer itandu?

        Andikiak.— Sinis egidazu, bein edo birritan, arnas-estuka, «aita n izena esan eban, bularra eragita, bere biotza izen orrek estututa baileuan; gedar egin eban, «Aiztok! Aiztok! Emakumeen lotsari! aiztok! Kent! aita! aiztok! Zer, ekaitzetan? Gabaz? Errukiari ez al yako sinistuko!» Orretan bere begi zerutarretatiko ur onetsia aztindu eban eta oñaze-gedarrak ezatu ebazan: gero alde egin eban, naibagea izateko bere lagun bakartzat.

        Kent'ek.— Izarrak dira, gure buru-ganeko izarrak, gu garabiltzenak; ostean biko batek berak ezin sortu eikezan onango ume ezbardinak. Ez ete dozu arrezkero No akin itzik egin?

        Andikiak.— Ez.

        Kent'ek.— Orrako ori errege atzera etorri baño lenago izan ete zan?

        Andikiak.— Ez, arrezkero.

        Kent'ek.— Ondo dago, yaun, Lear naibagetu errukarria uri onetan da; ta batzuetan, gogaldi obe dauenean, gogoratzen dau ona zetara etorri garean, eta ezetara be ezin yarri da bere alabea ikustera.

        Andikiak.— Zegaitik, ene yaun on?

        Kent'ek.— Egundoko lotsariak bultzatzen dau orretara bere maitasunik-ezak: ak ukatu eutsan No orreri aren onespena, ak yaurtin eban erbesteko gora-beretara, ak emon eutsezan No orren eskubideak aren alaba txakur-bioztunai. Zer guztiok aren gogoa itzalez minduten dabe-ta, lotsari errekorrak Kordele'gana eltzen ez dautso izten.

        Andikiak.— Ai ene! yaun orren errukarri!

        Kent'ek.— Ez ete dozu ezer entzun Albani ta Kornuol'en indarrai buruz?

        Andikiak.— Gertu ei dagoz.

        Kent'ek.— Ondo, yaun, neuk eroango zaut gure ugazaba Lear'gana, ta a yagoteko itxiko zaut: garrantzi andiko zer batek eukiko nau oraindik apur baten ezkutupean batuta; nor nazan yakin dagizunean, nire adiskide izanaren tamalik ez dozu izango. Zatoz, arren, nikin. (Alde dagie.)

 

 

IV. Agerleku.— Pantzetarren Gudaltoki, Kapar, Kordele, Osagille, ta Gudariak aurrera.

 

        Kordele'k.— Ai enetxoa! bera da: ara, oraintsu baño oraintsuago itxaso asarrea baño be zoroago egoan: eztarriak emon-alean abeska; areka-bedar, lapatx-bedar, otzerri-bedar, asun, kuku-parka-gara, lupedar, eta gure yaki dan garitzan azten dirian bedarrezko burestuna aldean ebala. Bidali euneko (euneko gudatalde); arakatu gizalanik gizalan garitza azia, ta ekarri gure begien aurrera. (Malla-gudarik alde dagi). — Zer egin daike gizonaren yakituriak ak galduko burua leneratzeko? Ari lagun dagionak artu begi nik barruko ez dodan ondasun oro.

        Osagilleak.— Ba-da orretarako biderik, andera; gure izamenaren iñude maitekorra atsedena yatzu, eta auxe da ak bear dauena; a orretara bultzatzeko ba-dagoz landara egikorrak, eta arein indarrak larriaren begia itxi egingo dabe.

        Kordele'k.— Erne nire negar-malkoz zuok ixil-muxileko onetsiok, zuok lurreko indar ez-ezagun guztiok! Izan zadize lagun eta osakai gizon onaren atsekabean! Zoazie, zoazie aren billa; esibako bere asarre bizian aurrera eroateko zuzendari-bearrean aurkitzen dan bere bizia manatu ez dagian.

 

Geznari dator aurrera.

 

        Geznariak.— Barriak, andera; Ingelanda-indarrak onantza datoz.

        Kordele'k.— Ori lendik genkian; aik etorriko zirialakoan eginak dira gure gertakuntzak. Aita kutun ori, zure arazoa da ni narabilena; orregaitik Yantze andia nire illeta ta negar andien erruki izan da. Eure izkilluai eragiten dautsena ez da geiagoren leia-yagirik, maitasuna, maitasun bizia, ta gure aita zarraren eskubidea baño; laster entzungo al dot aren barririk eta bera ikusiko!

 

 

V. Agerleku.— Gloster'en Gazteluko Etxoki. Erregane ta Osualda aurrera.

 

        Erregane'k.— Baña bidean ete dira nire nebearen indarrak?

        Osualda'k.— Bai, andera.

        Erregane'k.— Bera be an ete da?

        Osualda'k.— Andera, muker be muker. Zure aiztea a baño askozaz be gudari obea da.

        Erregane'k.— Edemunda yaunak ez ete eban itzik egin etxean ire yaunakin?

        Osualda'k.— Ez, andera.

        Erregane'k.— Zer ekarri ete eikean nire aizteak egin eutsan gutunak?

        Osualda'k.— Nik eztakit, andera.

        Erregane'k.— Sinetsi egidak, a emendik arazo aztunen batek eroan yok. Gauzak ez ezagutze andia izan zoan Gloster'eri begiak atera ta bizirik iztea: eltzen dan toki guztietan ak biotz guztiak gure aurka iminten yozak: nire ustez, Edemunda aren zoritxarrez errukituta, aren argibako biziari atzena emotera yoana dok; ganera, arerioak ze indar dauen ikustera.

        Osualda'k.— Nik aren atzetik ara yoan bear dot, andera, nire gutunagaz.

        Erregane'k.— Eure gudariak biar yarriko dira bidean; gelditu adi gukin; bideak galbidez beterik yagozak.

        Osualda'k.— Ezin naiteke, andera: nire andereak agindu zorrotza emon eutsan arazo onetaz.

        Erregane'k.— Zer dala-ta idatzi bear eutsan ak Edemunda'ri? Ezin ekarri ete einkeazan aren asmoak itzez? Ba-leiteke zeozer... nik eztakidan zeren bat.... Esker onak emongo dauadaz gutun ori idigiten itxi ba'dagistak.

        Osualda'k.— Andera, gurago neunke...

        Erregane'k.— Nik ba-yakiat ire andereak bere senarra maite ez dauena; orretaz ez yoat zalantzarik: eta oraintsuengoz emen izan zanean iñondiko begirakune samur eta begirada esankor-esankorrak egin yeutsazan Edemunda zindoari. Ba-yakiat nik i aren kutun azana.

        Osualda'k.— Ni, andera?

        Erregane'k.— Nik esan gura dodana zuok alkar ondo aituten dozuela dok; bai az, ba-yakiat nik; orrezkero oarturik izten aut, artuik oar au; nire yauna il dok; Edemunda ta ni alkarreri itz eginda gagozak; eta a ire anderearentzako baño egokiago dok nitzako. Oraindik geiago. A aurkitu ba'dagik, arren, emoiok au; eta esan egiok sentzuna bururatu dagiala. Orrezkero, agur. Azpi-yale itsuaren barririk entzun ba'dagik, nik maiteen ari iduna ebagi dagiona izango yoat.

        Osualda'k.— Berakin trikitx egingo al neu, andera! Or erakutsiko neunskizu ni noren alde nagon.

        Erregane'k.— Agur. (Alde dagie.)

 

 

VI. Agerleku.— Dover'tik urreko lur-arloa.Gloster, eta baserritar yantzita Edegarta.

 

        Gloster'ek.— Noz elduko ete naz arako mendi-tontorrera?

        Edegarta'k.— Oraintxe zoaz aren egalak gora: begira, nekez-nekez goaz.

        Gloster'ek.— Lur au lau begitantzen yatak.

        Edegarta'k.— Aldatz itzala da. Adi, ez dozu entzuten itxasoa?

        Gloster'ek.— Ez, egia.

        Edegarta'k.— Ba, orrezkero, zure begiak larri dirialako zure beste sentzunak be osorik ez dagoz.

        Gloster'ek.— Izan be, ba-leitekek orixe izatea: ire itz-egikerea be aldatu egin dala uste yoat; len baño esakera ta itzgai obeak doazala iruditzen yatak.

        Edegarta'k.— Oker be oker zagoz: ni soinekoz ez beste ezez ez naz aldatu.

        Gloster'ek.— Obeto itz egiten doalakotan naiagok.

        Edegarta'k.— Goazan, yaun: au dozu arako tokia: egon geldi. Benetan bildurgarri ta zorabiagarri da onen goitik beko sakona begiratzea! Andik ona bide-erdi egazka dabiltzan bela ta bela-txingak ozta-ozta emoten dabe kakarraldoak baño andiago: emendik berako biderdian daragoio batek itxasortealeak batzen, egitekoaren ikaragarria! Bere burua baño andiago ez dala iruditzen yat: izpazterrean dabiltzan arrantzaleak saguak dirudie; an aragoan ainguratuta dagon ontzi andia bere ontzitxoaren neurriraño txikartuta agiri da; aren ontzitxoak ozta-ozta ikusten dan urganeko zer borobilla dirudi: zenbatu ezinaleko izpazter-arri nagiai azka daragoioen urutuen orroiak ezin entzun leitekez onen goitik. Ez dot begiratu gura luzaroago, nire burua zorabiauta, ortik buruz-bera yausi ez nadin.

        Gloster'ek.— Imini nagik i agoan tokian.

        Edegarta'k.— Ekazu eskua: orain ertz-ertzetik oin-barru zagoz: iretargipeko ezegaitik ez neunke egingo gorantzako yauzirik.

        Gloster'ek.— Itxi egik nire eskua. Eutso, adiskide, beste zizku bat; gizon txiroak argarri dan pitxi yagok orren barruan: aztuak eta yainkoak igan emokor egingo al yoek! Oa i apur bat orrago; agur egidak eta i yoan oala entzunazo egidak.

        Edegarta'k.— Orain, agur, yaun on. (Yoan doanarena egiten dau.)

        Gloster'ek.— Nire biotz-biotzetik.

        Edegarta'k.— Ara, bere etsipena uskeritzat artuta nabil. Ez dago bera osatzerik.

        Gloster'ek.— Yainko andiok! Ludi oneri agur egiten dautsat, eta zuon begien aurrean epez uxatuten dot nire naibage aztuna: luzaroago eroan al ba'nengi ta zuon gurari andi galazo-ezinen aurka marmarka ekitera yausiko ezpa'nintz, nire soineko lotsakizunak erre ta kiskali egin bearko litzatekez. Edegarta bizi ba'da, onetsi egizue, arren! Orain, lagun, agur.

        Edegarta'k.— Yoana da, yaun: agur.

 

(Gloster'ek yausi egiten dau, ta luze yausten da.)

 

        Eta orraitiño nik ez dakit nolan arrokeriak ostu leikean biziaren altxorra, bizia bera lapurrari eskuetaratzen yakonezkero: uste eban tokian izan ba'litz, onezkero orren ustea yoana zan. Bizirik ala ilik? Eeee! yaun ori! Entzun, yaun! Itz egin! Onan yoan eitekean, yoan be: zuzpertuaz doa orraitiño. Zer zara, yaun?

        Gloster'ek.— Oa ortik, eta itxi egidak ilten.

        Edegarta'k.— Amaraun, egaki, egurats ez beste edozer izan ba'zintz, orren goitik yausita arrautzea legetxe ikaratu izango zintzan; baña zuk oraindik arnasea dozu; mami aztuna do zu; odolik ez dariotzu; itz dagizu; amar ontziagak urrengorik urrengo yarrita ez dabe egiten zu goitik bera artez yausi zarean luzerea; zure bizia arrigarri da. Itz egin ostera be.

        Gloster'ek.— Baña yausi naz, ala ez?

        Edegarta'k.— Igeltzozko ertz ikaragarri onen erpin-erpinetik. Begiratu a goia; bere eztarriari eragiten dautsan larratxoria ezin ikusi daiteke, ez entzun be onen urrinetik: eragi begiak ara gora.

        Gloster'ek.— Ai ene! nik ez yoat begirik. Zoritxarrekoari eriotzaz amaitzeko ukatu ete yakok emaitz ori? Pozik arean zoan oraindik zoritxarrekoak legebako agintariaren asarreari ziria sartu ta aren gurari arroa utsean itxi al izatea.

        Edegarta'k.— Ekazu zure besoa: Eup! Gora! olantxe. Eta? Somatzen dozuz zure zangoak? Zutunik zagoz.

        Gloster'ek.— Ondoegi, Ondoegi.

        Edegarta'k.— Au iñondikoaren iñondikoa baño andiago yatzu. Aitz orren erpinean zek alde egin eban zugandik?

        Gloster'ek.— Eskeko errukarri zoritxarrekok.

        Edegarta'k.— Ni emen bean nengoanean, aren begiak iretargi bete bi iruditzen yatazan; ak anei (milla) sur ebazan, adar biurrak eta itxaso asarrearen azalaren antzera gora-beradunak txerren zan a; orrezkero, aita zoriontsu orrek uste egizu, gizonen ezinetatik gauza arrigarriak egiten dakien yainko argi-argiak yagon zauela.

        Gloster'ek.— Oraintxe datorkit gogora: aurrerantzean naibagea eroan egingo dot berak negar-arrantzaka esan arte: «Asko da, asko da», ta orduan il. Zuk arreri buruz daragoiozun zera, nik gizontzat artu neban; ak sarritan esaten eban: «Txerrena, txerrena»: ak erakutsi eustan onako bidea.

        Edegarta'k.— Nasai eta epez oldoztu. Baña nor dator emen?

 

Lear aurrera, iñondiko loraz yantzita.

 

        Sentzunik zindoenak egundo ez dau onan orniduko bere ugazaba.

        Lear'ek.— Ez, iñok ez daust eskurik ezarriko nik dirua irarteagaitik; ni errege b-era naz.

        Edegarta'k.— Ene! Zu iztenak eragiteko ikuskizun zara!

        Lear'ek.— Izamena onetan asmamena baño geiago da. Or dozu zure irarri-diru. Urliak makoa txuxoak legetxe darabil; ekazue mako andiago. Begira, begira, sagu! Ixil, ixil; gaztae erretarindu onek egingo dau orrena. Amen nire burni-eskuzorroa; beronegaz gizatori yarraituko dautsat. Yarrai diru-ingi baltzeranak zenbatzen. Edertosko egaz egin dok, txori itu-ituan, itu-ituan: lurrera! Emon itz ezagungarria.

        Edegarta'k.— Astiñarra (20).

        Lear'ek.— Aurrera.

        Gloster'ek.— Ezagun yat itzaro ori.

        Lear'ek.— Ostera! Gonerile, bizar urdinaz! Txakur bainintzan zurien zuritu ninduen; eta nire bizarrean ule zuriak nebazala esan eustien baltzik an izan baño len. Nik esaten neban edozeri aik «bai» ta «ez» esaten eutsoen! «Bai» ta «ez» be etzan yainko on. Bein ni bustiteko euri, ta niri itz eragiteko axe izan zirarrean; ostotsak nire aginduari yaramonik egin ez eutsanean; an aurkitu nebazan, an artu neban nik arein usaina. Zoakiez, aik ez dira itzeko gizonak: aik ni oro nintzala esan eustien; guzurra, ni enaz beroenik izan-ezina.

        Gloster'ek.— Itz-egikera ori ondo ezagun yat: ez ete da errege?

        Lear'ek.— Bai, atzondo bakotxa errege: nik begiratzen dodanean, ori bai ikaratu. Gizon orreri bizia izten dautsat. Zer zoan ire auzia? Ezkontza-kutsaketa? Orregaitik ez az ilgo: ezkontza-kutsaketeagaitik il? Ez: txepetxak be egiten yok ori, eta eulitxo urreztauak nire aurrean egiten yok lizunkeri ori. Ugaldu bedi aragizko egitea; nik izara artean legez sortuko alabak niri baño txeratsuago yako Gloster'eri bere seme sasikumea-ta. Yo aurrera, lizunkeri, buru-belarri, nik gudariak bear yoadaz-ta. Begira an aragoan bere iribarre erasoaz aurreztik bere iztar artean edurra iragarten dauen emakumea; ekandu onekoarena egiten dau itzez, buruari eragiten dautsa atsegin-izena entzunaz; ez ogigaztairik, ez zaldi gizenik ez doa atara leia eutsin-ezinagoz. Garritik gorakoan emakume izan-arren, garritik berakoan zaldi-gizon (21) dira: Garritik gorakoan bakarrik dira yainkoagandiko, andik berako oro txerrenagandiko da; an dana da su-leza, dana ilunbe, an dana da sulpur-ui, erreten, kiskaltzen, kirats, suntsiketa; uf, uf, uf! atxi, atxi! Osakaidun, ekatzu ontza bat katu-usaiki, nire irudimena usain-gozotu dagidan: eutsi dirua.

        Gloster'ek.— Arren, itxi egidazu esku orreri mun egiten!

        Lear'ek.— Beinen itxi egidak berau ikuzten: ilkor-sunda yok.

        Gloster'ek.— Izamenaren atal lorrindu! Ludi andi au be olantxe ezereztuko da. Ezagun ete nozu?

        Lear'ek.— Begiak itxi-idigika begiratzen ete nok? Ez, egin ire txarrena, lizunkeri-yainko itsu orrek; nik ez dot maite izango.  Irakurri eupada, au; begiratu bere idazkerea bakarrik.

        Gloster'ek.— Izki guztiak eguzkia añako ba'lira be, bat be ezin ikusi al izango neunke.

        Edegarta'k.— Esan ba'leustie esan au, nik ez neban sinistuko: egia da, ta nire biotza ausi da.

        Lear'ek.— Irakurri.

        Gloster'ek.— Begien ontziagaz, ala?

        Lear'ek.— Ara! zu be nire kide zara? Zure buruan begirik ez eta zure zizkuan dirurik ez? Zure begiak ontzi motelean dagoz, zure zizkua, barriz, argitan: orraitiño be zuk ba-dakutsu ludi au zelan doan. (22)

        Gloster'ek.— Bai, ukuka dakust.

        Lear'ek.— Zer? Burutik eginda zagoz, ala? Ludi au zelan doan gizonek begibage be ikusi daike. Begira zure belarriekaz ikusi an aragoko epaileak nolan daragoion txarto esaka an ara goko lapur utsari buruz. Entzun, ire belarriaz; aldatu tokiz; eta igarri zein dan epaile, zein lapur. Ikusi eta dok baserritarren txakurrik eskekori ausika?

        Gloster'ek.— Bai, yaun.

        Lear'ek.— Eta ak txakurragandik igesi egiten dauela? Ortxe ikusi daikek agintzearen irudi ederra: bere egitekoan men egiten yakok txakurrari. Txapeloker zital, geldi ire esku odol tzale ori! Zegaitik narrua erasten dautsak emagaldu orreri? Billustu egik eure bizkarra; i bero be bero enbilen orrekin aragizko zera egiten eta orain orrexegaitik narrua erasten dautsak? Lukurleruak eskegi egiten dau ziria sartu dautsana. Soineko urratuetatik akats txikiak agertzen dira; soineko luzeak eta narruatorrak guztiak estaltzen dabez. Obena urrez estali egik bai, ta zuzentzaren aztamakil sendoa iri minik egiteke ausiko dok; sorkiz yantziegik bai, eta epotxaren lastoak zulatuko yok alderik alde. Ez da ezer zilegi ez danik, ezebez. Ostera be ba-diñot: ezebez gero; neuk zintzotuko dodaz; artu nigandik, adiskide, salatzalleari ezpanak itxiazoteko eskubidea. Lortu egizak leiarrezko begiak; eta erriketa-zale ziztrinaren antzera, ik ikusten ez dozakan gauzak ikusten dozakanarena egik. Oraintxe, oraintxe; oraintxe, oraintxe; atera nire oskiak: indar, indar; olantxe.

        Edegarta'k.— Ostera! Bentasuna ta egoki-eza naste-borrasteturik! Buru-argitasuna ta zorotasuna biak batera!

        Lear'ek.— Nire zoritxarrai negar egin gura ba'dautsek, artu nire begiak. Nik ondo ezagun aut; Gloster deretxak iri; ik epea bear dok; negarrez etorri gintzoazan ona: ba-dakik lenengoz egurats-sundea artzen dogunean urruma ta negar egiten doguna. Eleiz-itzaldi egingo dauskat: ekik.

        Gloster'ek.— Ai ene! egunaren zoritxarreko!

        Lear'ek.— Yaio gareanean negar egiten dogu, zoro-antzoki andi onetara etorri garealako. Au zubil ederra dok! Marro atsegingarria litzateke zaldi-talderi oinetan mantar lodiak erantsi gitea: neuk egingo dot, zelangoa dan ikusteko; eta ixil-muxilka nire suinekgana eldu naitenean, orduan il, il, il, il, il, il!

 

Andiki aurrera, Otseinakin.

 

        Andikiak.— Ara! emen dago bera; egotzi orreri eskua, Yaun, zure alaba maite-maitea...

        Lear'ek.— Azke gelditzerik ez? Zer, atxilotu? Ni zoriaren berezko ergel naz. Ondo erabili nagizue; azke-ordaina emongo dautzuet. Ebaketa-osagillek bear dodaz nik. Ni garaunetaraño ebagita nago.

        Andikiak.— Zuk edozer izango dozu.

        Lear'ek.— Ez besterik? Ni bakarrik? Ara! onek gizona gatzezko gizon egingo leuke, bere begiak beratzeko ur-ontzi, bai, eta udazkeneko autsa bustiteko be.

        Andikiak.— Yaun on...

        Lear'ek.— Adoretsu il gura dot, senargai arro legetxe. Ba! txitxari izango naz: goazan, goazan; ni errege naz. Nire ugazabok, ekizue au.

        Andikiak.— Zu errege-errege zara-ta, guk zure esana egingo dogu.

        Lear'ek.— Orrezkero, bizirik itxiko nozue. Nire bizia gura ba'dozue, ariñeketan oratu bearko dozue, Za, za, za, za.

 

(Alde dagi ariñeketan; Otseinak atzetik ara.)

 

        Andikiak.— Zoritxarrekorik ziztrinenentzako be ikuskizun errukarri, errukarririk errukarrien erregegan! alaba bat dozu zuk, zure alaba bik ekarriko guztien gaitzespen eta añenetatik izamena yareiteko.

        Edegarta'k.— Gora; yaun zindo.

        Andikiak.— Yaun, esan arin esatekoa; zer gura dok?

        Edegarta'k.— Entzuten dozu gudaketari buruzko ezetariko barririk?

        Andikiak.— Bai orixe, ta ori edonok daki: otsa bereizi daikean orok dantzu ori.

        Edegarta'k.— Baña, arren-bai-arren, ur ete dago beste gudaroztea?

        Andikiak.— Ur eta iraduz dator; ikusterik onena etentzaka zai egotea da.

        Edegarta'k.— Eskerrik asko, yaun; besterik ezer bez.

        Andikiak.— Erregenoa berarizko arazoak emen euki-arren, aren gudaroztea aurrera egiten asia da.

        Edegarta'k.— Eskerrik asko, yaun. (Andikiak alde dagi.)

        Gloster'ek.— Yainko beti-txeratsuok, ar egizue nire atzenengo arnasea: nire gogaldi txarrak ez al nau zizkauko ostera be zuoi gogoko yatzuen baño len ilteko

        Edegarta'k.— Zure otoitza egokia da, aita.

        Gloster'ek.— Orain, yaun on, zer zaugu zu?

        Edegarta'k.— Zoriaren erasoak otzanduko gizon txiro-txiro; atsekabeak ikusi ta min artuta, erruki biozperaz ganezka dagona. Ekazu zure eskua, eupadarako bidea erakutsiko dautzut.

        Gloster'ek.— Eskerrak biotz-biotzez: baita zerutiko ondasun eta onespena be.

 

Osualda aurrera.

 

        Osualda'k.— Sari aldarrikatua! Au dok zoriona! Begi, bako ire buru ori nire zoriona geitzeko aragi-eratu zoan. Azpi-yale zoritxarreko zar ori, gogoratu egizak arin ire eginak: i manatuko auen ezpatea zorrotik aterata yagok.

        Gloster'ek.— Orain ire esku adiskideak indarrik asko ezarriko al yautsak. (Edegarta sartzen da bitartean.)

        Osualda'k.— Baserritar azarri orrek zegaitik urteten dok azpi-yale aldarrikatuaren alde? Alde emendik: orren kutsuak ire zoriari be bardin eldu ez dagion. Itxi egik orren besoa.

        Edegarta'k.— Eztot itxiko, yaun, beste barik.

        Osualda'k.— Itxik, yopu, ostean eu be ilgo az!

        Edegarta'k.— Andiki on, zoaz aurrera, ta itxi lagun txiroai aurrera yoaten. Orain amabost egun arroputzek nire bisie semaitu isin ballok, nabilen baño biskorrago ibili isingo nintzoan. Ez, ez akio urratu agureari; alde eik, yagoik ire burue, ostean ikusik ire kaskarra ala nirea dan gogorrago; argi ta garbi ein gure daustat berba.

        Osualda'k.— Alde, koroztegi orrek!

        Edegarta'k.— Aginek aterako dautzudaz, yaun: erdu ez daust ardura zure ezpateagaiti. (Burruka daragoioe, eta Edegarta'k zartadaka lurreratzen dau.)

        Osualda'k.— Yopu, il egin nok: zital orrek, ar egik nire zizkua: iñoz ondo ba'doakik, obiratu egik nire gorpua; eta nik aldean dodan gutuna emon egiok Gloster'ko Konde Edemunda'ri; billatu egik a Ingelandarren aldekoen artean: ai ene, nire eriotzearen tertzio txarreko! (Il egiten da.)

        Edegarta'k.— Nik ondo ezagun aut i: zital eperdi-garbitzalle; gaiztakeriak gurako leukean añako ire ugazaba-anderearen esaneko.

        Gloster'ek.— Zer, il dok, ala?

        Edegarta'k.— Yezarri zaite, aita; artu atseden... Ikusi daiguzan sakelok: ba-leiteke orrek aipatuko gutunak nire adiskide izatea. Bai, ori il da; tamal bat dot orraitiño, orrek beste eriotzarik ezin izan al izatearena. Dakusgun: Zure baimenaz, argizai begiragarri: eta, koipekeriok, ez ezarri guri errurik gure arerioen asmoak yakite-arren biotzak be urratuko geunskiez; ingiak urratzea legezkoago da. (Irakurri dirakur) «Gogoratu daiguzan guk alkarreri eginiko zinak. Zuk ereti asko dozuz ari bizia kentzeko: bein orretarako gogorik ezpa'dozu, erako aldirik eta tokirik agertuko da orretarako. A gurendari ba'letor, dana galdua litzateke: orduan ni aren atxilo nintzateke, eta aren oea nire elburu; yarei nagizu oe orretako epeltasun iguingarritik, eta tokia gertau egizu zure egikizunerako. Zure (emazte, nik olan esango neunke) otsein maitekor, Gonerile».

        Emakumearen gurari-ontzi ziztrin ori! Bere senar zindoaren biziaren aurkako azpikeri; eta nire anaiea aren ordeko! Emen, areatza onetan, iltzalle lizunen bidari iguingarrien ori, emen zuloa egin eta obiratuko aut: eta erea datorrenean, il gura izan daben dukearen begien aurrean yarri ingi iguingarri au: ari ondo datorko nik ari nire eriotza ta arazoaz itz egin al izatea.

 

(Edegarta'k alde dagi, gorpua tarraz daroala.)

 

        Gloster'ek.— Errege burutik eginda dago: nire biotz zatarra gogorra da, ni zutunik egon eta nik neure naibage itzalak iñondiko arduraz somatzeko! Oba litzakit oartzeka egon; olan nire oldozpenak nire naibage-etatik aldenduta legokez; eta osteango burutapenetan eragoezkero, zoritxarrak euren buruaz aiztu egiten dira.

 

Ostera be aurrera Edegarta.

 

        Edegarta'k.— Ekazu zure eskua: (Arratz-otsa urrinean). Urrinean, nik alan uste, arratz-otsa dantzut; Goazan, aita, adiskide emongo dautzut.

 

(Alde dagie.)

 

 

VII. Agerleku.— Pantzetarren Gudaltegiko kapar. Lear oean lotan, eresi biguna yoten; Osagille, Andiki, ta beste begirale batzuk. Kordele ta Kent aurrera.

 

        Kordele'k.— Kent on ori, nolan bizi ta lan egingo yoat ire ontasuna bardindu al izateko? Nire bizia laburregi izango dok, eta neurri guztiak uts egingo yaustek.

        Kent'ek.— Andera, zuk nik egina aintzakotzat artuaz ganezka ordaintzen dozu. Nik emoneko barriak egi apalaren arauz emonak izan dira; ez puztuak, ez gitxiagotuak, egiazkoak baño.

        Kordele'k.— Soineko oberik yantzi egik; aldi txarragoen oroigarri baño ez dozak sorki orreik: arren-bai-arren, erantzi egizak.

        Kent'ek.— Azketsi, andera maite; dagoneko ni ezagun izateak nire asmoen aldia laburtu egiten dau: nik egokitzat uste izaneko aldirarte zuk ni ez ezagutzea zan nire asmo.

        Kordele'k.— Orrezkero, bedi olan, ene yaun on. Nolan dago errege? (Osagilleari.)

        Osagilleak.— Andera, oraindik lotan dago.

        Kordele'k.— Ene yainko maiteok, osatu egizue txarto erabiliko izamenaren arrakal andi au! Umetu dan aita onen adimen doñutik urtena ta latza, doñuratu egizue!

        Osagilleak.— Erregeno orrek baimena emongo al dauskuzu errege iratzartzeko: aspalditik da lotan.

        Kordele'k.— Zure yakituriak yaurriko al zau, eta zeure gurariaren bendeko izango al zara. Yantzirik ete dago?

        Andikiak.— Bai, andera: lo-zorroan soineko barriak yantzi dautsaguz.

        Osagilleak.— Aldamenean izan, andera on, guk a iratzarri dagigunean; ez dot uste asarratuko danik.

        Kordele'k.— Ederto.

        Osagilleak.— Arren-bai-arein, urreratu zakioz. Aik ereslariak sendoago yo dagiela!

        Kordele'k.— Ene aitatxo kutun! zuzpertzeak bere osakaia nire ezpanetan yarriko al dau: eta mun onek osatuko al dauz nire aiztak zure adeigarritasunari eginiko kalte itzalak!

        Kent'ek.— Errege-alaba txeratsu-maite ori!

        Kordele'k.— Zu arein aita izan ez ba'zintz, ule-moltso zuriok arein errukiari eupadea bota bear euskien. Arpegi au axeakin burruka eragitekoa ete zan? Ostots ikaragarriai aurrea emotekoa? Oñaztarri bizi-zearkorraren erasorik itzalen eta arinenean? Itzarrik, gaxoa! Buru-koskol me onegaz? Nire arerioaren txakurra, usigi izan ba'leust be, gau atan nire sutondoan izango zan; eta zu, aita errukarri, zuk etzendun beste biderik izan txarri ta lagun baztartu ta ziztrinenakin batera agotz zeezodun estalperatzea baño? Olangorik, olangorik! Andia da zelan zure bizia ta zure burua etzirian guztiak batera ondatu. Itzarri da; itz egiozu.

        Osagilleak.— Andera, zeuk egin; orixe da egokien.

        Kordele'k.— Nolan dago nire errege yaun? Nolan dago zure erregetasuna?

        Lear'ek.— Ni nire il-obitik aterateaz oker egiten daustazu: zu zorioneko gogo zara; ni nire negar-malkoak berun urtuaren antzera berotzen daben suzko txirrinkeari estuta nago.

        Kordele'k.— Yaun, ezagun ete nozu?

        Lear'ek.— Zu gogo utsa zara, ori ba-dakit: noz il zintzan?

        Kordele'k.— Oraindik, oraindik urrin be urrin dago!

        Osagilleak.— Ozta-ozta dago itzarrik: itxi geldi apur ba ten.

        Lear'ek.— Non izan naz? Non nago? Egun-argi zoragarri?... Niri iñondikoak egin daustez. Besterik onan ikusiko ba' neu, erruki utsez il bear neunkake. Ez dakit zer esan... Ez dot zinik egingo eskuok nireak diranik... dakusgun. Orratz onek inin egiten daustala somatzen dot... Ni zer nazan al nenki!

        Kordel'ek.— Begira nagizu, yaun, arren, eta eragi zure eskuak niri onespena emoteko... Ez, yaun, zuk ez dozu belaunikatu bear.

        Lear'ek.— Arren-bai-arren, ez egidazu irririk egin: ni agure ergel-ergel maitekor nozu, larogei urtetik gorakoa, ez ordubete geiago, ez gitxiago! eta argi ta garbi esateko, burutik ondo-ondo ez nagola uste dot. Ezautu bear zindukedazala uste dot, eta gizon au be bai; orraitiño be zalantza dot: au ze toki dan be eztakidanezkero: ta nire ekinen ekinez be ezin gogoratu dodaz soinekook; igaroko gaua non egin dodan be eztakit. Ez egin barrerik nire lepotik: ni gizon nazan lez, andera au nire alaba Kordele dalakotzat nago-ta.

        Kordele'k.— Eta izan be ba-naz, ba-naz.

        Lear'ek.— Ezoak dira zure negar-malkoak? Bai, benetan. Arren-bai-arren, ez egin negarrik: nitzako edenik ba'dozu, edango dot nik. Nik ba-dakit maite ez nozuna; nik gogoratzen dodanez, zure aiztak oker egin dauste-ta: zuk ba-dozu orretarako biderik; aik ez dabe.

        Kordele'k.— Ez dot biderik, ez dot biderik.

        Lear'ek.— Pantze'n nago, ala?

        Kent'ek.— Zerorren bakalderrian, yaun.

        Lear'ek.— Ez egidazue isekarik egin.

        Osagilleak.— Nasaitu zadiz, andera on; dakusazunez, orrek barruan eukan asarre bizia il da; eta orraitiño, galdu dauen aldiaren ganetik oztopobage erabiltea galbidetsu da. Barrura sartzeko eskatu egiozu; ez emon nekerik obeto yarri arte.

        Kordele'k.— Ibili gura ete dau zure nagusitasunak?

        Lear'ek.— Niri buruz zuk epe bearko dozu: arren-bai-arren, aiztu ta azketsi egizu: ni zar ergeltsu nozu.

 

(Alde dagie Lear, Kordele, Osagille ta Begiraleak.)

 

        Andikiak.— Egia ete da, yaun, Kornuol'go Dukea il dabena?

        Kent'ek.— Egi-egia, yaun.

        Andikiak.— Nor da aren erriaren buru?

        Kent'ek.— Diñoenez, Gloster'en seme sasikumea.

        Andikiak.— Or diñoenez, aren seme Edegarta erbestetua Kent'eko Kondeakin batera Alemani'n da.

        Kent'ek.— Barriak aldakorrak dira. Zai egoteko aldia da au; Bakalderriko indarrak bizkor datoz urreratuz.

        Andikiak.— Erabagia odoltsua izango da, urrean. Agur, yaun. (Alde dagi.)

        Kent'ek.— Nik nire egitekoa zeatz eta azkeneraño egingo dot, onerako naiz txarrerako, egun onetako erasoa nolan yokatuko. (Alde dagi.)

 

 

V Ekitaldi

 

I. Agerleku.— Ingelandarren Gudaltegia, Dover'tik ur. Arratz eta ikurrinekaz Edemunda, Erregane, Gudal-agintari, Gudari, ta beste batzuk aurrera.

 

        Edemunda'k.— Yakizue dukea lengo asmoetan dagon, ala arrezkero aolkuen batek yardunbidea aldatu eragin dautsan a oso aldakor eta bere buruakin asarre da: iragarri egistazue a zetara yarri dan. (Atetara doan Gudal-agintariri)

        Erregane'k.— Ezpaibarik, gure aiztearen gizona okerreko bidetik dabil.

        Edemunda'k.— Bai ete, andera?

        Erregane'k.— Orain, yaun maite, zuk ba-dakizu nik egin gura dautzudan ona: esaidazu, —baña benetan— esaidazu egia, zuk ez ete dozu maite nire aiztea?

        Edemunda'k.— Maitasun garbiz.

        Erregane'k.— Baña ez dozu iñoz oartu nire nebea toki galazora yoaten?

        Edemunda'k.— Burutapen orrexek zu txarto zarabiltz.

        Erregane'k.— Susmoa dot nik zu nire aizteakin batu ta akin maitakerietan ibili zareala, bere-bere gauzetan sartu arte.

        Edemunda'k.— Ez, nire entzute ona-arren, ez andera.

        Erregane'k.— Nik egundo be eztot yasango a: ene yaun kutun, ez izan adiskidetasunik akin.

        Edemunda'k.— Ez izan orren bildurrik, bera ta dukea bere senarra!

 

Arratz eta ikurrinekaz aurrera Albani, Gonerile ta Gudariak.

 

        Gonerile'k.— (Beretzako) Gurago neunke gudaketea galdu, nire aizteak a ta ni alkarregandik banandu baño.

        Albani'k.— Eure arreba maite-maite, ondo trikitx egina. Yaun, au entzun dot: errege bere alabeagana etorri dala, gure agintza-gogorkeriak negar egitera bultzau dauzan beste batzukin batera. Zindo ezin izan nintzan tokian egundo enaz izan adoretsu: Pantze'k bere oina gure lurrean imini dauenezkero, gurea dan arazo onetan errege ez da adoretuten, ezta, nire ustez, zegaiti zuzen eta aztunen batzukaitik gure aurka dagozan batzuk be.

        Edemunda'k.— Yaun, zuk andikiro itz egiten dozu.

        Erregane'k.— Zer dala-ta ibili bear dogu zegaitien billa?

        Gonerile'k.— Arerioaren aurka yoteko alkartu zaiteze emen erabagi bear diranak etxeko ta bakotxaren arazoak eztirata.

        Albani'k.— Orrezkero, zer egin erabagi dagigun guda-ikurrinaren aurrean.

        Edemunda'k.— Bertatik elduko naz zure txoznara.

        Erregane'k.— Aizta, lagundu gura dauskuna?

        Gonerile'k.— Ez.

        Erregane'k.— Egoki be egoki don; ator gukin, arren.

        Gonerile'k.— (Beretzako) Ara! Ba-dakit igarkizuna. Banoa.

 

Aik urtetera doazala, Edegarta aurrera, kokomarrotuta.

 

        Edegarta'k.— Iñoz yaun agurgarri orrek gizon onen txirokin itz egin izan ba'dozu, entzun egidazu itz bat.

        Albani'k.— Nik oratuko zaituet. Itz egik.

 

(Edemunda, Erregane, Gonerile, Guda-agintariak, Gudariak eta Begiraleak alde dagie.)

 

        Edegarta'k.— Idigi gutun au, gudaketea asi-aurretik. Gurendari ba'zadiz, adar-otsez aldarrikatu gurendea ekarri dauenaren izena: ziztrin dirudidan-arren, txapeldun urtengo dot nik, ni zer nazan yakin dagizuen. Okerreko bidea artu ba'dagizu, mundu onetako zure egitekoa amaitu da, ta bai azpikeria be. Zoriona lagun bekizu

        Albani'k.— Etxon egik nik gutuna irakurri arte.

        Edegarta'k.— Ori galazota dot. Garaia datorrenean otsegileak gedar egin dagiala ta ni ostera be agertuko naz.

        Albani'k.— Orrezkero, agur: begiratuko yoat ire ingia. (Edegarta'k alde dagi.) Edemunda ostera be aurrera.

        Edemunda'k.— Arerioa agiri da: yarri euren tokietan zure indarrak. Azterketa zeatzez yakinda, amezan, gitxi gora-bera, aren sendotasuna ta indarrak; orain zuri eskatzen yatzuna zu bizkor ibiltea da.

        Albani'k.— Datorkenean, garaiari «Gora!» esango dautsagu.(Alde dagi.)

        Edemunda'k.— Aizta bioi zin egin dautset maite dodazala; alkarren bekaitzez dira, usigiak suge zitalaren legetxe. Bietatik zein artuko ete dot? Biak? Bata? Ala ez bata ez bestea? Batak be ezin emon atseginik, biak bizirik izatekotan; alarguna artzeak asarretu ta burutik eginda izten dau bere aizta Gonerile; eta nire asmoak nekez bete nengikez, aren senarra bizirik dala. Orrezkero, bein-beinean, aren izenez egingo dogu gudaketea; eta bein gudaketea amaituezkero, a bitartetik kentzea gurako leukean noak asmau dagizala ori len-baño-len egiteko bideak. Lear eta Kordele'ri erruki izateko dauzan asmoai buruz, bein gudaketea amaituezkero, eta aik gure bendean egon, aik eztabe ikusiko aren azkespenik; eta izan be nik doda na yagon egin bear dot, ez eztabaidan yarri.(Alde dagi.)

 

 

II. Agerleku.— Gudaltegi bien artuko lur-arloa. Gudara-otsa barruan. Arratz eta ikurrinekaz Lear, Kordele, ta euren indarrak sartu-urtena egiten dabe aurretik zear. Edegarta ta Gloster aurrera.

 

        Edegarta'k.— Aita, artu emen zugatz onen itzala zure ostatari ontzat; otoi egin eskubideak irabazi dagian; egundo geiago ostera etorri ba'nadi zugana, poza ekarriko dautzut.

        Gloster'ek.— Boa eskerra zukin, yaun.

                                                                        (Edegarta'k alde dagi.)

 

Gudara-ots eta Atzeraketa barruan. Ostera be Edegarta aurrera.

 

        Edegarta'k.— Alde emendik, agure, ekazu zure eskua. Alde! Galdu egin dau Lear Erregek; bera ta bere alabea oratu dabez: ekazu zure eskua; goazan.

        Gloster'ek.— Aurrerago ez, yaun; gizon usteldu daiteke ementxe be.

        Edegarta'k.— Zer, burutapen txarretan ostera be? Gizonak ona etortea legetxe, emendik alde egitea be yasan egin bear dabe. Gertu egotea da dana: goazan.

        Gloster'ek.— Bai, ori be egia da. (Alde dagie.)

 

 

III. Agerleku.— Ingelandar-gudaltegia Dover'tik ur. Arratz eta ikurrinekaz gurendari dator aurrera Edemunda; Lear eta Kordele atxilotuta; Gudal-agintariak, Gudariak, eta a.

 

        Edemunda'k.— Guda-agintarien batzuk eroan begiez orreik emendik; yagon ondo, orreik epaitu bear dabezanen goragoko asmoak zeintzuk dirian yakin arte.

        Kordele'k.— Asmorik onenagaz zer txarrena aurkitu dabenetatik lenengoak ez gara gu. Zugaitik, estu erabiliko errege, zugaitik nago ni larri; ostean nik aurrez-aur begiratuko neunke zoritxarraren betozko iluna. Ez ete doguz ikusiko alaba ta aiztok?

        Lear'ek.— Ez, ez, ez, ez! Tira, goazan espetxera: guk biok bakarrik an txoriak txontegian legetxe abestuko dogu Zuk onespena eskatu dagistazunean, nik belauniko azkespena eskatuko dautzut: olantxe bizi, otoi egin, abestu, ipuin zarrak esan, txipeleta urreztauai barre egin, eta guzurti gaxoai yauregiko barriak entzungo dautseguz; eta eurekin itz be egingo dogu, nok galdu ta nok irabazi dauen; nor dan goian, nor bean; eta geutzako euki gauzen zegaiti ixilak, Yaungoikoaren barrandari baigintzaz: eta gu espetxeko orma-barruan ez gara aldatuko iretargia lez bein azi ta bein txikartu egiten dirian andikien moltso ta siniskerak lez, beti berean yarrai baño.

        Edemunda'k.— Eroan egizuez emendik.

        Lear'ek.— Onango oparien ganera, ene Kordele, yainkoak eurak be lurrun gozoa zabaltzen dabe. Eldu ete dautzut? Gu alkarregandik banandutekoak zerutik burni goria ekarri bearko dau, ta emendik, azeriak lez, suz atera. Legortu zure begiak biotz oneko urteak iruntsiko dabez orreik, aragi ta narru, guri negar eragin baño lenago: eurak ikusiko doguz gu baño len goseak ilten. Goazan.

 

(Lear eta Kordele'k alde dagie, yagonda.)

 

        Edemunda'k.— Erdu ona, gudalburu; entzun. Artu gutuntxo au (Ingitxo eskuratzen dautso); oa ta lagun egiek espetxera, malla bat gorago yarri aut; onek diñona egin ba'dagik ire zo rion andirako bidea egiten dok: yakik au: gizonak aldien erakoak dozak: biozpera izaterik ez yagokok ezpateari; ire egiteko andia ez dok aiko-maikoka ibiltekoa: baietz esan egik edo, ostean, aurrera egiteko beste biderik artu egik.

        Gudalburuak.— Egingo dot, ene yaun.

        Edemunda'k.— Atara; eta bein egindakoan pozik idatzi egidak. Adi, nik bereala esan gura yoat: eta egitekoa nik idatzi dodan legetxe egik.

        Gudalburuak.— Nik ez dakit burdirik tarraz eroaten, ezta olo igarrik yaten; gizonek egitekoa ba'da, nik egingo dot. (Alde dagi.)

 

Eresia, Albani, Gonerile, Erregane, Malla-gudariak, eta Begiraleak aurrera.

 

        Albani'k.— Yaun, gaur zure eraso oldartsua erakutsi dozu, ta zoriak bidea ondo erakutsi dautzu: gaurko ekitaldian zure aurka zirianak lotuta dozuz: areixen eske natortzu, arein ibaziai ta gure segurutasunari bakotxari berea emoteko.

        Edemunda'k.— Yaun, egokitzat neban errege zar-errukarria yagola izentauekin espetxera bidaltzea; eta izan be, aren urteak, areago aren izenak lilurapena dau erri zearen biotza bere alderatzeko, ta guk gudaketara nai-ta-nai-ez ekarriko gudariak arei agintzen dautsen geure begion aurrean bere alderatzeko. Akin batera bidali dot no-erregea be; zegaiti berberagaitik egin dot ori be; eta batzarra egingo dozun tokian, biar nai geroago, agertzeko gertu dagoz. Bein izerdia ta odola dariogula gara: adiskideak bere adiskidea galdu dau; eta burrukarik onenak beroan, euren zorroztasuna somatzen dabenak gaiztetsi egiten dabez añenka gero, otzean; Kordele ta bere aitaren auziak au baño toki egokiagorik eskatzen dau.

        Albani'k.— Yaun, au epez artu egizu, baña nik guda onetan menpekotzat zaut, ez anaitzat.

        Erregane'k.— Aintzakotzat dogu guk izendegian, eskerrak emoteko. Nire ustez gure eretxia eskatu bear zendukean zuk olan itz egin baño len. Bera izan da gure indarren buru; nire tokiko ta nire ordezko izan da; urkotasun ori yagi daiteke ta bere buruari zure anai deitu.

        Gonerile'k.— Ez berotu orrenbesteraño: zuk erantsiak baño geiago goratzen dau ori berorren berezko gaitasunak.

        Erregane'k.— Nik ezarri dautsadazan eskubideetan onena añako da.

        Gonerile'k.— Zuk senartzat artuko ba'zendu, litzateke ori andien.

        Erregane'k.— Irrilariak sarritan igarle izaten yatzuz.

        Gonerile'k.— Ostera, ostera! Ori esan eutzun begiak zearretara baño ez zindun begiratu.

        Erregane'k.— Andera, ondo-ezik nago; ostean gogor erantzungo neunskizu. Gudalburu-buru, artu nire gudariak, atxilotuak, nire ondasunak; egin eurekaz eta nigaz zuk zer-gura; ormak zureak dira: bedi ludia lekuko ementxe nire yaun eta ugazaba egiten zaudala.

        Gonerile'k.— Orrekin atsegin artzea ete da zure asmo?

        Albani'k.— Ez da zure gogoko iñori geldi izterik.

        Edemunda'k.— Ez zure gogoko ba, yaun.

        Albani'k.— Bai, sasikume.

        Erregane'k.— Yo dagiala arratzak, eta erakutsik irea dala nire izena. (Edemunda'ri)

        Albani'k.— Ago emen bein-beinean; entzun egik argibidea. Edemunda, aspiyalekeririk andienaren erruduntzat atxilotuten aut; eta i atxilotuaz bai suge urreztau au be (Gonerile erakutsiz). Zuk zuretzakotzat eskatzen dozunari buruz, arreba lirain, nik eragotzi egiten dot nire emaztearen eskubideakaitik; au dago yaun orreri ezkontza-itza emonda, ta nik, onen senarrak, ezkontza-deioi aurka egiten dautset. Ezkondu gura ba'dozue, zuon maitetzat artu nagizue. Nire anderea aurrezdik itz emonda dago.

        Gonerile'k.— Ara non dogun antzerki-bitarteko!

        Albani'k.— Ik izkilluak aldean dozak, Gloster: adarrak yo dagiala: ire azpiyalekeri gorrotagarri, agiri ta ugariak egiazkoak diriala igan erakustekorik agertu ezpa'dadi, or dok nire baia (lurrera egozten dau bere esku-zorroa); ogirik nire agoratu baño len, neuk erakutsiko dodala ire biotzean, nik emen itaz aldarrikatua baño bape gitxiagorik ez azala.

        Erregane'k.— Larri naz, ai ene, ni larri naz!

        Gonerile'k.— (Beretzako). Ostean, egundo ez izango usterik osakaitan.

        Edemunda'k.— Or dozu nire ordeazkoa (lurrera egozten dau eskuzorroa); ludi onetan niri azpiyale ereisten daustana, dana dala, ziztrin-guzurti utsa da; ots egin zure adarragaz iñor azartu ba'dadi urreratzen, aren aurrean, zure aurrean, eta noren aurrean ez? Nik nire egiari ta izen onari gogor eutsingo dautset.

        Albani'k.— Aldarrikari, eeee!

        Edemunda'k.— Aldarrikari, eee, aldarrikari!

        Albani'k.— Ire ustea ire azkartasunean bakarrik yarri egik; nire izenez ikurrinpera deituko ire gudariak nire izenez azke yarriak dozak-eta.

        Erregane'k.— Geroago larriago naz.

        Albani'k.— No ori ez dago onik; eroan egizue bere txoznara. (Erregane'k alde dagi iñok bidea erakutsita.)

 

Aldarrikari aurrera.

 

        Ator ona, aldarrikari, yo egik adarra, ta au irakurri egik.

        Malla-Gudarik.— Yo adarra (Adarrak yoten dau).

        Aldarrikariak.— (Irakurri dirakur). «Gudarozteko izendegiko gizon zindo nai mallakok Gloster'ko Konde dalako Edemunda bein eta barriro azpiyale dala egitez sendetsi gura ba'dau, adarrak irugarrenez yo dagianean ona agertu daitela: a bere burua yagotera osoan erabagita dago.»

        Edemunda'k.— Yo! (Lenengo adar-otsa)

        Aldarrikariak.— Barriro! (Bigarren adar-otsa)

        Aldarrikariak.— Beste bein! (Irugarren adar-otsa)

 

(Barruan adar-otsak erantzuten dau.)

 

Edegarta aurrera, izkilluakaz, bere aurretik adar-yolea datorrela.

 

        Albani'k.— Itandu egiok ze asmo dakarren, zegaitik agertzen dan adar-ots onen deira.

        Aldarrikariak.— Nor zara? Zure izena, zure zindotasuna? Eta zegaitik erantzuten dautsazu oraingo dei oneri?

        Edegarta'k.— Nor da Edemunda Gloster'ko Kondearen izenez itz dagiana?

        Edemunda'k.— A berbera: zer dirautsak ik?

        Edegarta'k.— Atera egik ire ezpatea, nire itzak biotz zindoren iraingarri ba'dozak, iri zuzena emon dagiskan: aiko amen nirea. Begira, au dok nire zindo-agirien, nire zinaren, eta nire yardungoaren agiria: ire indar, gaztetasun, toki, goikotasun, ire ezpata garaile ta zorion lortu-barri, ire adore ta ire biotza gorabera, nik i azpiyale ta etoi azala emen danen aurrean autortzen yoat: arpegi-biko, yainkoenizako, ire anaiearentzako ta ire aitarentzako; errege-seme argi onentzako, azpiyalekide; eta ire buruaren erpin-erpinetik bera ire oinpeko autseraño, kunkunzetadun azpiyale utsa. Esan egik «ezetz» bai, ta ezpata au, beso au, eta nire adorerik giartsuena ik guzurra diñoala nik itz egiten dautsadan ire biotzean erakusteko makurtuta yagozak.

        Edemunda'k.— Zurtasunez, nik ire izena ieskatu bear naieunkek: baña ire azala liraina ta giarratsua danezkero, ta ire itz-egikereari azikera onaren sundatxoa darionezkero, zaldun tzako arauen bidez ezetariko uts eta akatsik egiteke egiteko au nik geroagoratu al izan-arren, eskubide au baztartu ta ezetsi egiten yoat: Ik esaneko azpiyalekeriok atzera ire buru-ganera egozten yoadaz; orreik sulezeak berak gorroto dautsan guzurraz ire biotza azpian lertu-bearrean yaukiek, eta oraindik ortik zear begiratu bai, baña azal-urraturik be ozta-ozta egiten ba'yoek, nire ezpata onek urratuko yautsek bertatik betiko lo egingo daben tokirako bidea. Yo, adar-yoleok!

 

(Gudara-otsak. Burruka daragoioe. Edemunda lurrera doa.)

 

        Albani'k.— Yarei egizue, yarei egizue!

        Gonerile'k.— Marro egin dautzue, Gloster: izkillu-araudiz zu etzengozan beartuta aurkalari ezezagunai erantzuteko; zu etzaue benderatu, zu atzipetu ta zuri zina sartu baño.

        Albani'k.— Itxi zure agoa, emakume, ostean ingi onegaz itxiko elautzut-eta... geldi, yaun; edozein izen baño txarrago azan orrek, irakurri egik ire gaiztakeria: ez negarrik emen, andera; oartzen dot ezagun dozula (Gutuna damotso Edemunda'ri).

        Gonerile'k.— Ezagun ba'dot, esan egizu, nok salatu nagiken orregaitik, legeak nireak ez zureak dirianezkero.

        Albani'k.— Olangorik! Ez ete dozu ezagun ingi au?

        Gonerile'k.— Ez irandu niri zer dodan ezagun (Alde dagi).

        Albani'k.— Zoakoze atzetik ara: etsita dago; yagoizu (Urteten dauen malla-gudariri).

        Edemunda'k.— Zuk niri burura egotzia nik egin izan dot; baita geiago, askoz geiago be; aldiaz urtengo da argitara; ori yoan da, ta bai neu be. Baña nor augu i nigan olango zoriona izan doan ori? Odol-garbi ba'az azkesten dauskat.

        Edegarta'k.— Erakutsi dagiogun goi-maitasuna alkarreri. Odolez ni enok i baño gitxiagorik, Edemunda; areago ba'nok, areago iraindu nok. Nire izena Edegarta dok, eta ire aitaren seme nok. Yainkoak zuzenak dozak, eta gure akats atsegingarriak egiten yoezak gure zigor: i toki ilun eta legez besterakoan sortu induanak begiak galdu yoazan.

        Edemunda'k.— Ondo itz egin dok, egin dok; txirrinkeak bira osoa egin yok; emen nok ni.

        Albani'k.— Nik ba-naioan susmoa ire yokabideak erregezindotasuna iragarten ebala: besartean estutu bear aut: naibageak birrintzatu begi nire biotza nik egundo gorrotorik izan ba'dautzuet iri naiz ire aitari!

        Edegarta'k.— Errege-seme zergarri, nik ba-dakit ori.

        Albani'k.— Non ostondu zara? Nolan yakin dozuz zure aitaren zoritxarrak?

        Edegarta'k.— Euren ardurea artuaz, ene yaun. Entzun itz-ariltxo; eta arildu dagidanean, nire biotzak ler egingo al dau! Orpoz-orpo yarrai etorkidan aldarriketa odoltzaleari iges teko... Ara, gure bizien gozoa! bein il baño gurago dogu eriozminez egunoro il-ta... maitasun orrek irakatsi eustan nire soinekoen ordez zoro-sorkiak alderatzea; txakurrak eurak be aintzakotzat artzen ez eben antza artzea: eta soineko oneikaz trikitx egin neban nire aitakin, onek euretako arri ederrak gal-barririk bere elastunak odola erioela ebazala; ni aren bide-erakusla egin nintzan, neuk arteztu neban, beretzako eskean ibili nintzan, etsipenetik yarei neban; egundo — nire utsarena!—, egundo ez neuntsan iragarri nire burua, oraintxe ordu-erdi bat dala arte, ni izkilluakaz nintzanean; ondoren zoriontsu onen itxarotsu bai, baña eskier ez-ta, bere onespena eskatu neuntsanean, eta asieratik azkeneraño azaldu neuntsazan nire ibilerak; baña, ai! aren biotz ausia, burrukeari eusteko makalegi izan bai, ta pozaren poz eta naibagearen naibage erasoen bitartean irribarreka lerturik gelditu zan.

        Edemunda'k.— Ire itzaldi orrek bioz-biotzean ukutu yaustak, eta bear ba'da onerako izango yatak: baña yarraik; esateko zerbait geiago dokala iruditzen yatak.

        Albani'k.— Geiagorik ba'dozu, negargarriagorik ba'dozu, eukizu barruan; ni larri-larri, entzuna entzunaz, azkatu-aginik nago-ta.

        Edegarta'k.— Naibagezale eztirianak luze eretxi izango dautsoe nik esanari; baña bestek, geiegi puztuteko, luzeago ekingo leuke, ta goi-goiak yo. Nire billa bero-bero ebiltzanean, gizon etorri yatan, eta, ni egokerarik txarrenean ikusita, nire lagungo gorratagarritik alde egin eban; baña geroago, alango epea ebana nor zan yakin ebanean, bere beso sendoakaz nire iduna estutu ta zeruari eztanda eragiteko añako arnas-otsa egotzi eban; nik nire aitagana bidali neban; eta ak Lear eta berari buruz egundo belarrik artu ez dauena lango ipuin errukarria eralgi euskun: ipuin ori eralgi-ala, nire aitaren naibagea itzalez yoian aziaz, eta biziaren arakk ler egiten asi yakozan: orretan, bigarrenez yo eban adarrak, eta nik an itxi neban ezaguerea galduta.

        Albani'k.— Baña nor zan arako a?

        Edegarta'k.— Kent, yaun, Kent aberritik egotzia, kokomarrotuta bere arerio erregeri yarraitu, ta yopurentzako be egoki ez diran otseintzak egin izan dautsazan Kent.

 

Andiki aurrera iraduz, aizto odolduagaz.

 

        Andikiak.— Lagun, lagun, eneeee, lagun!

        Edegarta'k.— Ze laguntza?

        Albani'k.— Itz egik, gizon.

        Andikiak.— Bero da, lurruna dario: aren bioz-biotzetik ara dator.... Olangorik! no a il da.

        Albani'k.— Nongo no? Itz egik, gizon.

        Andikiak.— Zure anderea, yaun, zure anderea: eta ak bere aiztea edendu dau; berak autortu dau ori.

        Edemunda'k.— Biai ezkontza-itza emona nintzan: orain irurok ezkontzen gara beingoan.

        Edegarta'k.— Emen dator Kent.

        Albani'k.— Bizirik naiz ilik, ekarri aurrera arein soinak ikarea sartzen dauskun zeru-epai onek ez dausku errukiz ukututen. (Andikiak alde.)

 

Kent aurrera.

 

        Ostera! au ete da arako a? Aldi au ezta azikera onak eragiten dauskuzan labankerietan ibiltekoa.

        Kent'ek.— Ni nire errege ta ugazabari betiko gau on emotera etorri naz. Ez ete dago a emen?

        Albani'k.— Zer andi au aiztu egin yaku! Itz egik, Edemunda, non dok errege? Eta non Kordele?

 

(Gonerile ta Erregane'ren gorpuak aurrera.)

 

        Ba-dakusazu ikusteko au, Kent?

        Kent'ek.— Onangorik! Zegaitik onan?

        Edemunda'k.— Orraitiño Edemunda maite eben: nigaitik batak bestea edendu ta gero bere burua il eban.

        Albani'k.— Egin-eginean olantxe... Estali orrein arpegiak.

        Edemunda'k.— Bizitze-arren arnas-oska nago: nire izakerea orretarakoa izan ez-arren, on-iskiren bat egin gura dot. Bidali arin, arin be arin gaztelura; nik idatzia Lear eta Kordele'ren biziarekikoa da-ta: ...Bai, bidali garaiz.

        Albani'k.— Arin egin, arin egin, eneee, arin egin!

        Edegarta'k.— Nogana, ene yaun? Nor da agindua dauena? Ekak agindua ez beteteko ire atza.

        Edemunda'k.— Ondo oldoztua ori be: artu nire ezpatea, emoiok kapitaiari.

        Albani'k.— Ire biziagaitik, abil zoli ta egik arin. (Alde dagi Edegarta'k.)

        Edemunda'k.— Ak zure emaztearen eta nire agindua dau Kordele espetxean eskegiteko, ta ak berak, eginaren errua Kordele'ri ezarteko, etsipenez bere burua eskegi baileuan.

        Albani'k.— Yainkoak yagongo al dabe! Au kendu egizue emendik bein-beinean. (Edemunda atera egiten dabe.).

 

Barrien barri aurrera Lear, Kordele'ren gorpua besartean dauela;

Edegarta, Malla-gudari, ta beste batzuk aizetik datozala.

 

        Lear'ek.— Damu-gedar, damu-gedar, damu-gedar, damu-gedar! Onangorik! Zuok arrizko gizonak zarie: Zuon miñak eta begiak ba'neuz, nik zeru-sapaiari arrakal-eragiteko erabiliko neunkez. A betiko yoan da! Nik ba-dakit iñor noz bizi dan ta noz dagon ilik: au lurra bestean ilik dago. Ekazue ispillu; onen arnaseak leiarra ezatu naiz orbandu ba'dagi, bizi da.

        Kent'ek.— Au ete da aginduko amaia?

        Edegarta'k.— Edo-ta yazopen ikaragarri aren irudia?

        Albani'k.— Yausi, ta amaitu!

        Lear'ek.— Egaki onek zirkin egiten dau: bizirik dago! olan izatekotan, alan bearrezko zer onek nik egundo somatuko naibage guztiak ordaintzen dauz.

        Kent'ek.— Ene ugazaba on ori! (Belauniko yarten da.)

        Lear'ek.— Arren-bai-arren, ken akit ortik.

        Edegarta'k.— Zure adiskide Kent zindoa yatzu ori.

        Lear'ek.— Zigorra zuoi, giza-iltzalleoi, guztiak azpiyale zarie'ta! Nik yarei nengikean au; orain betiko yoana da! Kordele, Kordele! etxon bein. A! Zer diñozu? Onen abotsa beti zan biguna, txeratsua, ta apala, —emakumentzako gauz ederra—. Zu eskegiten eragoion yopua il egin neban nik.

        Malla-Gudariak.— Ori egia da, ene yaunak, orixe egin eban orrek.

        Lear'ek.— Ez ete neban ori egin, lagun? Ikusi dot nik eguna nik nire ezpata zorrotzagaz arei yauzi eragin izango neunskiena; orain zar naz eta naibageok eurok alperrik galdu nabe. Nor zaugu zu? Nire begiok ez yagozak iñozkorik ondoen: argi esaten dauat.

        Kent'ek.— Zoriak arropuzka bi bata maite ta besteari gorroto izan dautsala esan ba'dagi, bietarik bata emen dogu aurrean.

        Lear'ek.— Au ikuskizun baltza da. Ez ete az i Kent?

        Kent'ek.— Axe berbera, zure otsein Kent. Nondik da zure otsein Kai?

        Lear'ek.— A lagun ona dok, bai orixe: ak yaren yakik, eta arin yo be; a ilik eta ustelduta dok.

        Kent'ek.— Ez ene yaun on; neu nozu a gizona berbera.

        Lear'ek.— Bertatik ikusiko yoat ori.

        Kent'ek.— Zure lenengo aldakuntza ta aurberaezkero zure oinatz itunak yarrai dauzana.

        Lear'ek.— I ondo etorria az ona.

        Kent'ek.— Eta ez beste gizonik: emen dana da itun, ilun, eta eriotz-antzeko. Zure alabarik zarrenak euren buruak manatu dabez, eta etsita il dira.

        Lear'ek.— Bai, nik alan uste dot.

        Albani'k.— Orrek eztaki zer diñon: eta alperrik da guk orreri gure buruak iragartea.

        Edegarta'k.— Alper-alperrikoa.

 

Malla-gudari aurrera.

 

        Malla-Gudariak.— Edemunda il da, ene yaun.

        Albani'k.— Ori emen uskeri utsa da. Zuok yaun eta adiskide zindook, yakin gure asmo. Agure zar yausi andi oneri berak izan-ala pozbide emongo yako: gurekiko, guk agintzea itxi egiten dogu; errege zar au bizi dan artean bedi beretzako gure agintza osoa: zuok zuon eskubideetara (Edegarta ta Kent'eri); eta orrez ganera, zuok adeigarriok ondo be ondo irabazi dozuena eraskintzat. Adiskide guztiak txastatuko dabez euren ekandu onen ordainak, eta arerio guztiak euren irabazien edontzikoa. Ostera! Begiratu, begiratu!

        Lear'ek.— Eta nire ergel errukarria eskegi egin dabe! Ez, ez, ez dau bizirik! Zer dala-ta bizi bear ete dau txakurrek, zaldik, sagutok, eta ik arnasarik ez? I ez az etorriko egundo geiago, egundo bez, egundo bez, egundo bez, egundo bez, egundo bez! Otoi, azkatu botoi au: eskerrik asko, yaun. Ikusten dozue au? Begira no ori, begira, orren ezpanak! Begira ara, begira ara!

        Edegarta'k.— Ori larri da! Ene yaun, ene yaun! (Il egiten da.)

        Kent'ek.— Ausi akit, biotz: arren, ausi akit!

        Edegarta'k.— Gora begiak, ene yaun.

        Kent'ek.— Ez kezkatu orren mamua! Eneee, itxi aurrera yoaten! orrek gorroto dautsa ludi latz onetako zildai-ganean luzeagotu gurako leukeanari.

        Edegarta'k.— Ori benetan yoana da.

        Kent'ek.— Orrek orren luzaro yasan izana bai ba-dala andia. Orrek iñori ostuko bizia izan dau.

        Albani'k.— Eroan egizuez emendik. Gure bein-beineko arazo ta arloa illeta orokarra da. Nire biotzeko adiskideok (Kent eta Edegarta'ri), zuok biok agindu bakalderri onetan, eta eutsin bakalderri odoldu oni.

        Kent'ek.— Yaun, nik laster yoateko ibiltaldia dot egiteko; nire ugazaba deiez dot. Nik ezin emon ezetzik.

        Albani'k.— Aldi itun onen zameari men egin bear dautsagu: biotzean doguna esan, ez esan bear geunkeana. Zarrenak yasan dau geien: guk gazteok ez dogu ikusiko egundo orrenbeste, ezta orren luzaro biziko be.

(Alde dagie, il-ibilketa-eresiz.)

 

Amaia

 

(1) EKATE au, Elade ta Erromatarren siniskeraz, su-lezetan agintza andiko andera yatzun. Birgili olerkari andiak: «Eaelo Ereboque potentem» (Eneis VI, 247) bai ortzean, bai su-lezan altsua, ereisten dautso.

(2) Eskitiar.— Eskitia Yosu Kisto aurretik zazpi bat gizaldi Itxaso Baltzaren iparraldeko ertzean bizi zan erriari eresten yako. Ekanduz gordintsuak izan edo-ta eskitiarrak gizon gordin eta biotz-gogortzat artzen dabez idazle zarrak.

(3) APOT, APOLON.— Izen biok darabilguz, baña bigarrena osoagoa da. Apolon au Eladetarren yainko aizun ugarietatik bat yatzu, irakurle. Tzeu ta Leto'ren seme au Delos izaroan yaio ei zan. Eladetarrak igarle anditzat eben eta Delpoi'ko bere yauretxera euretariko asko eltzen ziran etorkizuna yakin-gurarik. Apolon oneri Peba be eresten yako. Omer'ek alan be, eurrez erabilten dau Phoibos Apollon izena yainko aizun au aipatzeko.

(4) TZEU.—Tzeu dalako au Eladetarren artean gorengo yainko aizun, Koronos edo Aldiaren seme. Erromatarrak Yobe nai Yupiter eresten eutsoen.

(5) Lipsbury.— London'go auzoen baten izena dogu au, urrean. Eskuratu al izan dodan iztegitan ezin idoro izan dot. Gure errian (Zeanuri) baitegitzat korta edo itoi nasairen bat artzen eban zorrean Udalak, erri-basoetan baituten zirian ardi, auntz, zaldi-beor, nai basa-beiak ugazaba agertu ta bear zana ordaindu arte an eukiteko. Orain erri-baso ta ganetiko basoak piñu ilunez yantzi dirianezkero, erriak eztau izango zer-baiturik, mixerrak baitu-ezik.

(6) SARUM eta CAMELOT.— Toki biok London bertako edo andik ur-urrekoak diriala nik uste. Eta izan be, Shakespeare'k bere antzerki au London'en antzeztuteko asmoz egin ebanezkero, Londondarrai ezagun yakiezan toki-izenak erabiliko ebazala nik uste, gagokozan gai onetan, bestelangorik yartzea baño egokiago da-ta. Toki orreitan norbaitzuk atak aziko ebazala nik uste, saltzen London'go azokara eroateko.

(7) PEBA.— Ikusi 3'gn. oarra goragoan.

(8) Oin-Oñazkai, Oin-oñazkarriak.— Gizona oñetatik estuta eukiteko oñazkaiak etzirian besterik ol lodi bi baño, ertzik ertz alkarreri eutsienak. Egizu ol bi olan alkarreri deutsiela dagozala ta zuk, ertzok zuloen erdian dirala, urrengorik urrengo gizonaren orkatil-burua beteko zuloak egiten dozuzala. Olan, zuloen erdi bata ol batean, bestea bestean eginda agertuko da. Eragi orain goiko ola, sartu zulo banatan gizonaren orkatil-buruak, eratsi goiko ola bere beko ertza beko olaren goiko ertzari deutsola yarri arte, ta lotu goiko olaren mutur azkea beko olaren alderdi orretako muturrari. Or dozu gizona oin-oñazkaitan yarrita. Oin-oñazkaitan yarriko gizonak nai-ta-nai-ez egon bear aratinik, alan yarriezkero, auzpez, bein auzpez yarriezkero. Egokera latza ta edozelan be gozoa ez. Oin-oñazkaiak, Ingelanda'n beintzat, oraindik 19'gn. gizaldiko lenengo urteetan be erabilten ebezan okerreri andi-andiak etzirianak zigortatzeko.

(9) Turlygod, Toma.— Bata ta bestea, nire ustez, Shakespeare'n aldian London-aldian ezagun-ezagun zirian eskeko sorkitsuen batzuk zirian. Nok eztau ezautu onango eskeko errukarririk urrinego yoateke bere errian? Gure errian, ni ume nintzala, onangoxe eskeko gaxo-errukarriak zirian Mateo Pagape ta Karlos Mekoletako. Zorri ta sorkiz beterik ibilten zirian.

(10) Yune.— Yune au Yupiter edo Tzeu'ren arreba ta emazte yatzun. Ikusi 4'gn. Oarra.

(11) Ikusi 4'gn. oarra.

(12) PARKA-ATAKA.— Lenagoko gizonen parkak etzirian oraingoenak langoxe-langoxeak. Oraingo giza-parkak aurre-aldean daben epaia botoiz isten da ta kitu. Ni ume nintzanean epai ori eztakit botoiz isten zan ala ez, ni aldi atan txiki-txiki nintzan-da, baña dana dala, epai ori etzan egoten agirian; sur-zapi-antzeko eraskinez estaltzen zan. Yakina, ori bai, eraskin ori ta parkak gai berekoak izaten zirian. Erakin ori bealdetik parkai yosi egiten yakien eta goi-aldeko ertza alde banatatik botoiz estu parkai. Olan, parken aurre-aldeko epaia etzan gelditzen agirian, parka-atakaz estalita baño. Parka-atakearen aldamenetako ertzak lotzeke gelditzen zirian. Parken eraskin orreri nik Parka-ataka eretxi dautsat, orretarako izenen bat erabili-bearrez, baña ezin dot gogoratu aldi atako euzkeldunak ze izen emoten eutsen. Gure erritik onen urrin egoteak eztausku emoten erarik yakin leikeanari itanduteko be. Oraindik izango dira zarren batzuk eraski orren euzkel-izena dakienak. Ingelanderaz «cod-pieee» deretxo; gazteleraz, eztakit.

(13) MERLIN.— Merlin dalako au Galetz (eurak Kymry eresten dautsoe) dalako errian, Eskolanda ta Birritanderrian entzute andiko gizona yatzun. Sorgin eta igarle, biak batera ei zan. Erri orreitako ipuin zarrak diñoenez, 5'kn. eta 6'gn. gizaldian bizi izan ei zan Vortigern eta Arthur erregeen yauregietan. Merlin onen sorkeran txerrena tarteko izan ei zan.

(14) Pillicock diño gure Shakespeare'k. Urli au be eskeko ezagun-ezagunen bat, nire ustez. Nik Pelikorotz idatzi dot, euzkel-usain geiago izan dagian, naiz-ta beste usainik be zabaldu izen orrek.

(15) AMESKIN.— Ameskin baño Ameseragile legoke egokiago, baña nik Ameskin idatzi dot. Zuk, gurago ba'dozu, idatzi Ameseragile ta, goazan aurrera adiskide.

        Ameskin naiz Ameseragile dalako au mamu eme yatzu (yakina, ez izatez dana, irudimen bero-biziak asmaua baño). Lotan dagoanaren ganean yezarrita itoteko aleginak egiten ei dauz.

(16) AMARREN.— Amarren, Ingelanda'n, auzo-epaitegi zan. Emen Edegarta'k esan gura dauena, auzorik auzo zigortatzen ebela da.

(16 bis) TEBAI.— Tebai Aigito'ko antxinako uri da. Uri orren ingirumarietan Kisto-aldiko lenengo gizaldietan ainbat kistar bizi zirian bakarka euren txoznatxoetan eta euren soinari laztasum itzalak yasanazoten eutsoezan, eta bizi be erdi billutsik bizi izaten zirian. Au dalata dakar arira uri au Lear'ek.

(17) AZENAI.— Azenai lenagoko Elade'ko uri entzute andikoa ta oraingo Elade'ren uri-buru da. Amaikatxo pilosopizale ibili zan beñolako Azenai'ko etxarte-bideak zear eurak ekiena irakatsi-bear gorrian, euren arteko Sokarte ospetsua zala.

(18) Errolanda dalako au euzkeldunak 8'gn. gizaldian Naparroa'ko Orreaga'n benderatuko Pantzetar gizagurena yatzu.

(19) Geznari onek diñoana ezta osoan egia. Eta izan be, irugarren ekitaldiko zazpigarren agerlekutik agiri danez, Erregane'k, ez Kornuol' ek il eban otseina.

(20) Shakespeare'k dakarren itza «sweet marjoram» da, gaztelerazko «mejorana» sendiko bedarraren izena. Eztot ezagun bedar an, edo obeto esan, eztakit ze bedar dan, bedarretik euzkel-izenera yoteko. Dakianak itz egin begi. Nik «astiñarra» imini dot, ez landare biak dirialakotan, gure zererako ainbaten dalako baño.

(21) Zaldi-gizonak Eladetarren mito-iztiko mamu erdi-gizon, erdizaldi zirianak yatzuz. Irudimenaren asmakeriak.

(22) Toki onetan Shakespeare'k berari ain atsegin yakozan izkirimirietatik bat dakarsku. Izkirimirirako «heavy» (aztun) eta «light» (arin, argi) artzen dauz, ta itzoi polito lan eragiten dautse. Gloster'ek begi-ontzia aztun dau, zizkua, ostera, arin, baña argia be begietan-bearrez, zizkuan. Euzkeraz eztogu «arin» eta «argi» dikurren itzik-eta, euzkeralpenak azkatuegi urten bear. Itz bata, naiz bestea erabili bear, eta ezta bardin.

        Euzkeraz be ba-dau «argi» itzak «arin», «zirtzil», «ziztrin» itzakin ar-emonik, baña osoan besterakoa, irri-esakerakoa. Opatu egiozu etzandera burutsuri oe nai beste gauza zar gai eztanen bat eta laster entzungo dozu: «Bai, oe argia orixe». Eta orrezkero, eztogu etxandera orreri zetan ekin geiago, orrek musturra zelan okertu dauen ikusita.

 

 

Itz gitxi ezagun batzuk

 

ADEI.— Iñorekingo ar-emonetako begirapen eta lotsa.

AIZUN.— Guzurrezko.

ALATU.— Gogoko ez yakon zeren bategaitik asarrea erakutsi.

ALATZ.— Oi dana baño al edo almen andiago iragarten dauen zerbait. Alatzak arriturik eta ago-zabalik isten gau. Euzkel-gaiztoz, «mirari».

ALDARRI.— Ots, zarata.

ALDARRIKATU.— Oska, zarataka, gedarka zerbait iragarri.

ALETZ.— Itz au gitxitan entzun dot. Bein, urrean. Bein nire anai Yon zanak «Auxe dok, ba, aletza» esan eban. Nik aletza zer dan itandu neuntsan. Eta ak: «Aletza gauze txikie dok» erantzun. Beraz gauza uts, zirtzilari esaten yako «aletz».

        Yon nire anaiea zanari entzuneko itz au gaztelerazko «friolera» ta «bagatela» itzen esan-gurakoxea da. Au dala-ta, «Auxe be bok, ba, aletza!» esakerea ta erderazko «qué friolera!», «qué bagatela!», «vaya una friolera! vaya una bagatela!» esakuneak osan-gura berberekoak yatzuz. Ortik atera, irakurle zur, erderatiko olango «que, cuan»-ik euzkeratu bear dogunean, eztogula erabili bear ainbat euzkel-idazletan eurrez ikusiko dogun «ze», «zenbat», «zelako» itzik. Polito dago esanda «Auxe be ba-dok, ba, aletza!». Ori euzkerea yatzu, ez «zelango aletza dan au» naiz beste olangorik. Izkuntza bakotxak bere-bere bideak dauz, bai gureak be. Ez dogu iñonera ezer zorrean artzera yoan-bearrik, ez beintzat etxean doguna alperrik galduta. Ezta yardunbide zurra bear eztala zorrik egitea. Lenen ikusi daigun etxean zer dogun.

ANKER.— Bioz-gogor, odoltzale, gordin.

ANTZERKI.— Norbaitzuen bizitzako atalen bat, idazleak asmauta, Olantxe, LEAR ERREGE lan au be antzerkia yatzu.

ANTZOKI.— Antzerkia erriari erakusten yakon tokia.

ARRASPEL.— Gorbea'ko artzainen txabolak, txabola-ate-aurrean, ormaz inguratuta, azpia arri zabalez estalita lur-arlotxoa dabe, atez itxita, txarririk eta beste abererik sartu ez daiten, eta toki orreri arraspel ereisten dautsoe. Gazteleraz «patio» esaten yakonaren antz andia be andia dau-ta, nik «patio» dalakoari arraspel ereisten dautsat.

ARRI.— Arria zer dan nok eztaki? Baña itz onek ba-dau beste ikurrik be. Baserrietako sukaldeetan, sukaldeko leioan kare naiz arrizko zer bat egoten zan an ontziak garbitzeko-ta. Ur loiak arri orren muturretik bera beko lurrera yausten zirian. Aor, ba; nik arriko sorki edo arriko moltsoa idatzi dodan tokian, au gogoratu egizu. Gonerile'k Albani bere senarrari arriko moltsoa baño aintzakoagotzat eztauela etsi diñotso.

ARRATZ.— Danbor. Oñatin erabilten ei dabe itz au.

ATXINA.— Itz au Zeanuri'n beintzat eurrez erabilten dabe, ta bere ikurra eguzki-aldeko euzkeldunen «aitzin»'ena berbera da. Atxina ta aurrera, biak bat dira.

ATXILO.— Oratua, atzemana, baña baituta eukiteko.

ATXILOTU.— Baitu. Euzkel-gaiztoz, «preso artu».

AUSI.— Txakur edo zakurraren gedar. Txakurrak nai otsoak ausi egin dau; txakurra ausika dago; txakur-ausika bildurtu dabe ta olango beste esakune asko eurrez entzungo dozu Arratia'n.

AZKE.— Lotuta, estuta, atxilotuta eztagona azke dago. Ortik dator «azkatu» itza.

AZKETSI.— Euzkel-gaiztoz «parkatu» nai «barkatu» esaten dana.

AZPIYALE.— Iñori oker egiteko lanetan ixilean dabilena: ixilean eta bai agirian be. Etoi itza be ikur berekoa da.

BAKALDUN.— Errege.

BAKALDERRI.— Errege-erri.

DOLLOR.— Adorebage, bildurti.

EDEN.— Euzkel-gaiztoz, «bereno», «pozoi».

EDONTZI.— Zerbait edateko ontzi.

EPOTX.— Itzalez neurriz berako gizaki. Euzkel-gaiztoz «nanua» esaten dabe.

ERAN.— Ilazo, il eragin. Itz au euzkerazko itz zarra da.

ETOI.— Azpiyale.

GARRANKADA.— Belearen ots edo zaratea.

GEZNARI.— Norbaiteri beren-beregi barrien bat eroan naiz ekarten dautsana.

GEZI.— Ikusi MAKO.

GOTUTS.— Gogo uts; soinbageko izaki adimendun.

GUDAROZTE.— Gudari-talde andi.

IASAN.— Gogoko ez dñna epez nai si eneka eroan.

IDORO.— Ediren, zerbaiten billa ibillita billa gabiltzana begiz yo.

INGI.— Euzkel-gaiztoz, «papel» naiz «paper».

INONDIKO.— Bakan. Gaztelerazko «raro», «estraño». Itz au Arratia'n beintzat, eurrez darabilgu ta andia da euzkel-iztegitan itz au ikur orregaz ez agertzea. «Iñondikoak esan dauz orrek», «Iñondiko yantzia dakazu zeuk», e.a.

INTSIGI.— Erantsi edo erantsigiren guraso, erantzun'en guraso entzun dan lez. Azkue'n iztegiak «intzigi» ei dakar, baña «erantsi» idatzi bear ba'da, «intsigi» idatzi bear da, ez «intzigi». Landarea, sustarren bidez lurrari intsigiten yako; koipea yantziari, oroldia zugatz-enborrari, e.a.

IRANSUGE.— Euzkel-gaiztoz «dragoi» naiz «dragoe».

ITZARO.— Arratia'n «berbaro» ta «berbalots» erabilten dauz erriak itz egiten dabenen itz-otsa iragarteko. «Berbaroa entzun dot», «Berbalotsa» entzun dot, eta beste orretariko esanak eurrez entzun go dozuz an. «Berba» ordez «itz» sartu egizu, bai, ta or dozuz «itzaro» ta «Azots».

ISPEL.— Itz au erriak ez, yakitunak asmaua dala nik uste, baña itz polita ta esangura agirikoa da-ta, nik pozik artzen dot. Bere txatalak «is» eta «pel» dira. «Is» ori, barriz, «itsi, itxi» tik datorrena da. «Pel» ori, ostera, «Bera»'tiko. Beraz, «izpel» itxi-bera da «negarbera» negar-bera dan lez. Ispel itz polit au euzkel-gaitoz «ostra» esaten yakona iragarteko da.

IZERDI.— Gure soinari azalera urteten yakon ezotasunez ganera, landaren azalbarruan gora-beraka dabilen ezatasunari be erriak «Izerdi» ereisten dautso.

IZTEN.— «Barreka istenak egin genduzen» esaten da Arratia'n, gaztelorazko «nos desternillamos de risa»'ren ordez. Beraz, «izten» edo «izten» ori «lertu» itzeko «ler», eta «eztanda» itzeko «eztan»'en kidea yatzu ta ikur berekoa.

KAPAR.— Txozna. Sartu abe lurrean, abe orren barano edo inguruan, andik ur-samar sartu taket batzuk be; doala gero abearen goiko burutik taketetara oialen bat; lotu oiala taketai ta, or dozu kapar edo txoznea, barruan lo nai beste edozer egiteko. Gudariak-eta, mendira doazenean kaparretan lo egiten dabe.

KINATU.— Zirikatu.

KURTXOIN.— Zerbait ezin ikusteko bitartean dingilizka iminten dan oial.

LUDI.— «Mundu», gizon, «mundu».

LUPETZ.— Arratia'n lokatzari esaten yako.

LUPETZA.— Lupetz-tza gogorregi da esateko-ta, lupetza esaten da Arratian.

LUTIRUDI.— Ludi osoaren naiz atalen baten irudi, geien baten papel edo ingian eginda. Euzkel-gaiztoz, «mapa».

MAIZTER.— Etxea bakarrik naiz etxe ta baso-soloak «errentan» darabiltzana. Bizkai'ko baserritarrik geienak maizterrak ei dira ta, orrexegaitik, Bizkai'ko baserrien ondamendia zorioneko piñuak dira. Lurrean yabeak landubako lurretan piñuak sartu dabez, eta baserriak ezin iraun bere basobagarik.

MAKO.— Emen augu i antxiñako izkillu ori. Makoa etzan besterik adaska ausi-gaitz makotu edo okertua baño, muturretik muturrera idizila ten ebana. Mako-ganean, eta idizilari eutsola, gezia iminten zan. Orrezkero, eutsin ezkerreko eskuaz makoari ta eskumeaz idizilari noberaganantza indar egin, alango baten itxi idizilari ta or doa tximistea lez gezia aurrean aurkitu dagianari txerari txarrena egiteko; gizakia ba'da, narrua zulatzeko.

MUSKER.— Nok eztau ikusi udako eguzki berotan arbel-ganean aberetxo bildurgarri au? Berak usigiezkero zazpi elexatako yoaleak yo bear ei dira ak usigi dautsanari izteko. Ara, ba, izen ori bere margo edo koloretik datorko ta, orrexegaitik, musker itzaren lenengo esan-gurea euzkel-gaiztoz «berde» esaten yakon margo edo kolorea da.

SAGUTO.— Euzkel-gaiztoz «arratoi» naiz «arratoe» deritxon pizti iguingarri, salobera ta zikina. «Gizato» gizon andia iragarteko erabilten dogun lez, zegaitik ez erabili «saguto» sagu andia iragarteko? «Sagutzar» be eletorke txarto, baña «saguzar» dogu sagu-antzeko pizti egazkaria iragarteko-ta, itzok alkarren antzekoegi litzatekez, bata bestetzat ez artzeko.

TIRUK.— Ia, mutil; gaioazan, mutil eta tiruk, bardin-samarrak dira.

TXATAR.— Txinpart. Suarria galtzaiduaz yoezkero, txatarrak urteten dira.

TXOZNA.— Ikusi KAPAR.

TXUXO.— Oñati'n «txorimalo» esaten dautsoe. Txuxoa txoriak uxatuteko soloetan iminten dan giza-irudi barregarria yatzu. Arratia'n erriko endoreak endoretzan eskuetan erabilten dauen endore-makileari be «Txuxo» ereisten dautsoe, zegaitik danik nik yakin ezarren.

URUNBI.— Uruna ta ura, alkarregaz nastauta.

URUTU.— Zeanuri Arratia'ko errian beintzat «uin» edo «olatu» iragarteko erabilten da.

USIGI.— Aginka egin. Arratia'n eurrez erabilten da itz au, ta «aginka» ordez, «usika».

ZAMA.— Bizkarrean eroaten dan gauza aztun. «Zama au niretzat aztunegi da». «Asto orreri zama aztunegia bizkarreratu dautsazu». «Nori etorri lekikio burura mutikotxoari olango zamatzarrik leporatzea?». e.a.

ZANAR.— Oinetan naiz eskuetan agertzen dirian narru-gogor-uneak; geienetan mingorrak izaten dira. Euzkel-gaiztoz «galluek» ereisten dautse zañarrai.

ZERUKA.— Leka. Arratia'n leka itzaren ordez «zeruka» erabilten da. «Baba-zerukak», «idar-zerukak» eta abar.

ZILDAI.— Gazteleraz «potro» deretxona da. Giza-asmakune au be, oin-oñazkaien antzera, gizonari min egiteko asmaua da. Zildaian gizonaren soina luzatualean luzatu ta tenka yarten zan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.