Goratzarrez. (1958. iraila-gabonila)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa. Olabide'ren
Goratzarrez. (1958. iraila-gabonila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Paul Gurenaren eskutitzak

 

Orixe

 

Aita Olabide zanaren goratzarretan nondik asi? Eman digu Zaitegi iaunak aukera, zeri eldu. Nik, beinik bein, auta nezazke bi edo iru lan gutienez, lanerako nagixko ez ba'nindago. Lantxo bat ez da ezer nik ainbeste zor diodan gizonari. Bestalde, bai ote da Euskalerrian Aita Erraimun nik bezainbat ezagutu zunik?

        Ba dira oraindik aren lanari muziñ egiten dioten euskalzaleak, ez baitute bear aiña ezagutzen, ez ezagutu nai ere. Olabide'ren lana, gaiñeneko mendietan dagon elur eziñ-urtua iduri zale. Ez da elurrik, gaiñenetan ere, goiz edo berandu urtzen ez danik. Ortarako gaude gu beraxago, ta beren buruak errez-zale egiten dituten idazle oriek beraxago, berriz, Olabide nolabait errira iritxi dedin.

        Norbert Tauer iaunak arrazoi aundiz opa du Biblia ori lenbailen argitara dedin. Baiña iaun onek Credoa galdegin digu, ta nere adiskide Apat-Etxabarne'k Salve'rekin erantzun dio. (EGAN, 1958. 1-2, 88). Bai, Aingeru, bai, aspaldiko urteetan ortan ari gera, alegia, Duvoisin'i ez diola eskerrik eman Euskalerriak, merezi zunaren aldean. Gure Azkue aundiaren oben txikietatik bat, au da: kapitain orri bear ainbat esker ez ematea, berari ere, ustez, adierazi niona. Gure anai laphurtarren pekatu aundia, berriz, ori berori da.

        Zer uste duzu, A.E., Olabide'k etzula ezagutzen «oihanzorri» esaten dioten oien Buruzagietako ori, edo etzula irakurri? Beti begi-aurrean zedukan bere Biblia ontzean. Neronek ere irakurria dut, aurki zuk aiña aldiz, asko baliatu bainintzan artaz nere Misal'a idazteko; baiñan ez nik eta ez zuk, etzait iduri arek aiña bider irauli dugunik. Jakiña, Duvoisin'en euskera gozoago da Olabide'ren Itun Berrikoa baiño, erriarendako, erriak irakurri ba'leza. Baiñan ikasiendako ez aberatsago. Aberatsagorik arkitzen ez dala errez diozu. Egia, baiñan Olabide'rena, bai. Duvoisin'en eta besteen gaiñetik lan latza egin zigun Olabide'k, eta ez alperrik. Bere garaian, eta orain ere, Duvoisin'ek zekin aiña erri-euskera dakinik nor da? Gipuzkera poliki zekin, eta Bizkaitar idazleetara iritxi zala ezagun du, Arrese Beitia'ri egin zition eskutitzetatik. Baiñan Aita Olabide'k askoz geiago zekin. Azkue'ren iztegi osoa buruz, «neronek baiñan obeki» egilleak berak aitortu ziona. Gaiñera Euskalzaindira bakoitzak zekartzin erri-itz ez-ezagunak, batez ere Aita Intzak Naparroan bilduak. Aurreko idazleetaz ere baliatu zan iñork uste baiño geiago, ta erri-euskeraz ere bai. Etzaitela irriz asi. Beti galdezka ari zitzaien bere Lagundiko Anaieri, baita sehieri ere, «au nola esaten da?» Ni ondoan iduki nindun zortzi bat urtez, eta iñori bezainbat galdegin zidan neri ere.

        Olabide aipatuz geroz «euskera berria, berak asmatua» esaten dute ez-ikasiek. Olabide'k ba-ditu zenbait itz berak ederki asmatuak; baiñan, ariora, itz zarrez umelduak askoz geiago ditu, ta oriek gogortzen dute, batez ere, Olabide'ren euskera, ez-ikasiendako. «Norentzat ari zera euskeraz idazten?» galdegin zion bein beste jesuita batek, eta «dakitenentzat» erantzun zion. Beste errietan ez dira ioaiten irakurtzera izkuntza ikasteko, artarako liburuetara ezik. Badakite, agiz, idazlearen izkuntza.

        Aurreratxo noa, baiñan esan bear diran gauzak ba-dira. Zilegi bedi Olabide'z erabateko iritzia. Beude Kempis, ugari arrigarria, Giza-soña ta gaiñerakoak. Zuk ez duzu ezagutzen A-E, nik bezala Itun Zarra, nik ateratzen bainition bost aldaki, ark itzuli-ala. Ikusiko duzu zenbatez goxoago dan ango euskera. Liburu zaillen artean or dauzkazu Dabid'en Eresiak. Zeiñ ederki itzuliak! Elizaren oraingo itzulkizun berriarekin antza aundia dute, lentxago egiñak ba'dira ere. Arritzeko da, euskeraz ezezen, exegesi edo adierazte iakitean zein aintzinatua zegon Eta izkuntza zaillera baldin ba'goaz, or daukazu Lebi'tarren Liburua, dena korapilloz betea. Errezago baita zeina'ren bidez euskerara biurtzea, Duvoisin'ek eta bezala.

        Eta Iob'en liburua? Arrigarri da! Ba'ditezke, eskierki, bein, bietan eta geiagotan irakurriko dutenak. Zein euskera bizia, adierazmen aundikoa, xehe-meherik txikiena ere galtzen uzten ez duna.

        Natorren poliki poliki nere gaiera. Itun Berria gogorrago da, bai, lenago idatzia. Oraindik etzedukan belarria euskerara egiña. Baiña, zenbat gauza ikasi ditut artan! Zenbat lagundu di date nere Misal'erako! Aldez-beste, neri Ebangelioetan zor omen didana —ori ere esan baitu norbaitek— askoz gutiago da. Ez dakit gorderik ete dauden nere iru Ebangelioak —lauga rrena argitara emana nedukan—; baiña Deusto'ko Mensajero' ko zokoren batean baldin ba'daude, aietatik agertuko da. Zanari eman nition Itun Berria argitara baiño len.

        Iritxi naiz, noizbait ere, Paul Gurenaren eskutitzetaz itzegin bear izatera. Ori da, oraiñarte, Olabide'k eta beste iñork euskeraz egin digun lanik izugarriena. Zenbat estualditatik ateratzen nau! Euskeraz idazten danik ez dut bi aldiz irakurten, ez baitira nere gogo-pizgarri kaikukeri baiñon asko geiago ez diran gauzak. Baiña Paul Gurenaren eskutitzetara zenbat aldiz etorri ote naiz? Zergatik? eta, iakite bearrez, erderaz esan, por necesidad cientifica. Ontarako ba-dauzkagu erdal-liburuak euskeraz baiñon obeak, Olabide'ren itzulpen au ezik. Irakurri oi ditut Paul Gurenaren gutun oriek gaztelaniz, prantsesez, latiñez, eta iatorriko izkuntzaz; baiñon illungune aunitz edireiten ditut guzi orietan. Neri argitasunik aundiena Olabide'k emaiten dit.

        Adierazpena, Iainko-itzaren adierazpena bera zailla baldin ba'da, izkera ere ez da errez erreza batzuetan. Gogoan daukat Erromatarreri egindako gutunaren sarrera. Itzulgai neketsurik ba' da, ua bai, dala! Bein batez, Bilbao'ko Euskalzaindi etxean giñaudela, Batzarrez landa, ta Olabide zanak Azkue zanari aina begien aintzinean ipiñi zion. «Azkue iauna, sarrera au euskeraz ongi biurtzen ba'didazu, berreun pezeta emango ditizut.» Azkue aundiak, irakurrita gero, begiak itxiz eta burua makurtuz erantzuna eman zion. Izkera korapillotsu ori ez da euskerarena, ta Olabidek korapilloak askatuz eman zigun, berak al zezaken obekiena. Napar-euskalkiak korapillo-itz bat ba-du, bait, eta zuri gogarakoago zaizukena emanen dautzut geroxago. Obeki egin nai ba-dute euskal-idazle errex oriek, norgeigoka bat ezarri diteke Olabide'ren berreun pezeta aiekin. Griegozko makinarik ez baitut, latiñez emanen dut Iondone Paul'ena:

 

        Paulus, seruus Iesu Christi, segregatus in Euan-gelium Dei, 2 quod ante promiserat per Prophetas suos in Scripturis sanctis de Filio suo, qui factus est ei ex semine Dauid secundum carnem, 4 qui praedestinatus est Filius Dei in virtute secundum Spiritum sanctificationis ex resurrectione mortuorum Domini nostri Iesu Christi: 5 per quem accepimus gratiam et Apostolatum ad obediendum fidei in omnibus gentibus in nomine eius 6, in quibus estis et uos uocati Iesu Christi 7, omnibus qui sunt Romae, dilectis Dei, uocatis sanctis, Gratia uobis et pax a Deo Paire nosiro et Domino Iesu Christo.

 

        Paul'ek, bidalitzat deitu ta Iainkoaren Berri Onerako berezia naizan Iesukistoren morroi onek, 7 zuei, Erroman zaudeten Iainkoaren maite ta deitutako guzioi, Iainko Aitaren ta Iesukisto Iaunaren adeya ta gentza. 2, Berri On au Iainkoak bere Semeaz Idazteunetan bere igarleen bidez agindua da, 3, Iesukristo gure Iauna, berriz, aragitan Dabid'en azitik sortua, 4, deuntasun adorez, Iainkoaren Semetzat alazki azaldu zaigu illartetik berpiztean, 5, Beragandik dut Bidalgoa emaritzat artuta, atzerri guziak Aren izenean siñistera eratortzeko. Ta aietakorik zerate zuek ere, Iesukisto'k deituta.

 

        Txatal bakoitza zenbakarrenka griegoz eta latinez dagon urrenkera berean ematea ez da gauza bearra. Orregatik egin zigun txingo Olabide'k 1'garrenetik 7'garrenera, gero bigarrenera etorteko. Gero, Berri On bi aldiz aipatu bearra zedukan, lenengoa urrunegi gelditzen zitzaiolako.

        Ikus orain, urrenez urren latiñez bezala, bait'en bidez esamaña guziak korapillatuz:

 

        Paul naiz, Iesukristo'ren sehia, Ark deitu ta autatu bainau Iainkoaren Berri Onerako, 2, au agindu baitzien Liburu Sainduetan bere igarleekin, 3, aragiz Dabid'en azitik sortua zan bere Semearengaz: 4 saindutasun kemenez illen artetik berpiztean miragarriro azaldu baitzaigu Iainkoaren Seme Iesukristo gure Iauna, 5, Onen bidez ukan baitugu grazia ta Bidalgoa, atzerri puziek Aren izenean siñesmenari etsi dezaioten, 6, aien artean baitzaudete zuek ere, Iesukristo'k deituak: 7, Iainko Aitaren eta Iesukristo Iaunaren grazia ta pakea zueri, Erroma'n zaiudeten Iainko-maite, saindu deitueri.

 

        Nik naiz itza eratxiki diot, zenbait euskaldunek beren guturnetan egin oi dutena. Astunegi litzake irakurle geienentzat, griegoan edo latiñean dauden ilunguneak Olabide'k nola argitu zitun agertzen leraz, albiñutik xarila esan bearko. Olabide'ri ta guri, lengo gizaldiko gizon batzueri edo geieneri, bidegabez egotzi digute, euskal-idazle zarreri ez diegula eskerik eman. Bai al dakizu, A-E, Olabide'k zein begiratuki irakurri zitun? Neronek ere Axular aundia bost aldiz irakurri nendun gaztezaroan, ez bost aldiz edo askotaldiz, guk esan oi dugun bezala: lau ta bat aldiz esan nai nuke. Beti idaztortza eskuan, eta bosgarren aldian gauza berriak arkitu nitun, lengoetan itzuritakoak. Euskera asko ikasi nendun an, eta euskerarekin nekazariz gaiñeko gaiak nola esan ere bai; baiñan Olabide'rengandik askoz geiago ikasi dudala aitortu bearrean nago.

        Zenbaitek politika zikiña egiten dute euskeraren inguruan. Nere politikakoa ez ba'da, tirrit orri. Euskeraz idazten dan guzia irakurri egin bear genuke. Nik ikasi egin dut Eusko-Gastedi'ko idazleengandik, bai eta karlistengandik, bai eta komunistengandik, bai eta erriarengandik. Guzien ikasle naiz, eta oraindik ikasteko nago. Batak ez ba'da, bestek beti zertanbait asmatu egiten du.

        Ni ez naiz ioaiten euskaldun berrietara ain xuxen euskeraz ikastera; bai, ordea, eguneroko gai arruntetarik goragokoetara euskera nola altxatzen duten ikastera. Euskaldun berriak askotan gogorakizuna guk baiño geiago iraultzen dute buruan, eta zuzenetik ez ba'da gaiñetik, saietsetik, zutetik edo zeiarretik, gerria atzematen diote bidea geiegi luzatu gabe. Ontan daukagu lana, batez ere. Erri-euskera ikastea on da; baiñan orrez gaiñera, erabili ez dan gaietan nola erabilli ikastea batere ez okerrago. Erri-euskera, bai, nai dan guzia, baiñan erriak ez-bezala erabilia.

        Emendik ara, Olabide'ren Biblia geiago irakurriko dute ikasi nai dutenek —ez erri-erriak— Duvoisin'ena baiño. Batez ere Itun Zarrak on aundia egingo dio euskerari etorkizunean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.