L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh Euzkadi (1979-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Gizona bere kulturaren emaitza da eta "herri baten kultura bere mail dominatzailearen kultura da" delakoa jakintzat baztertuta, kuestioa da antropologoek, azterketa lanak zenbaitetan mendebaldeko potentzien aldeko espioitza egitearren profitatzen dituzten jaun hoiek, dozenaka kultura ustez primitiboak deskribatu dizkigutela ikuspegi etnozentrista batetik.

        Ruth Benedit, Niesztchegan oinarriturik, kultura apolineoez eta kultura dionisikoez mintzatzen zaigu, Nuevo Mexicoko Zuñi-ak apolineoaren eredutzat proposatzen dizkigula. Dobu-ei kultura paranoikoa itsasten die. Dobuak Nueva Guinean bizi dira, gehienetan, melanesiako kultura primitiboez iharduterakoan, Nueva Guinean ezarri eta dotore geratzen gara. Kwaktiultak, Amerikako ipar sartaldeko itsas bazterrean, megalomaniakotzat jotzen ditu R. Benedit-ek, "potlach" ohitura dela medio hau da, oparien bitarteko etsaigo-aberastasun demostrazio bezalako bat, arruinatzeraino ere erakartzen dituena. Margaret Mead-ek balinesen kultura eskizofrenikoa aipatzen du. Manu emakumeei (hauek ere malinesiak) portaera eskizofrenikoa itsasten zaie, eta arrazoiarekin, tribuaren barruan bazterreratuak izaten baitira alde guztietatik. Klasifikazio hauek gogoratuz: adinekotik umera, gizonetik emakumera, gizon zuritik gizon koloredunera, burgesetik prolera.

        Y. Roumajon (nomenklatura berrian hau ez da antropologo-espia, zanpatzaile-psikiatra baizik) Afrikako bi tribuz zaigu mintzatzen, bakoitzak psikosi-maniako-depresiboaren alderdi bana erakusten duelarik. Tchad aldeko tribuak dira, Komak bata, gorputzez handiak bezala, indartsuak, alaitasunez beteak, ia beti festetan ari direnak, tribuz tribu opariak eginez. Beren festak guztiko dantza lohiak dira, eta "likiskeria berezikoak". Festa nagusia zezenaren festa da, zeinak Mitra-ren ritoak gogora erazten baititu. Beren distrakzio nagusia da bisitariei emanazio zaratatsu eta inkongruenteak zuzentzea, aurpegira batez ere, nahiz eta benetako akrobaziak egin behar izan" puzkarrak aurpegira zuzentzeko.

        Kometatik pista bat Hego alderago, Logone hibaiaren erriberetan, Nantxi-ak bizi dira, luzera laburragokoak, itxura ahula, jite beltzoidea baina sudur zorrotzekoak, begirada dizdiratsua baina tristea. Beren bi jai nagusiak zirkunzisioa eta hiletak dira. Zirkunzisioa egin ondoren prepuzioa lurperatu egiten da, gizonak izenez aldatzen baitu zeremonian. Hiletek 8 edo 15 egunetan irauten dute, familiaren aberastasunaren arauera. Sekulan ez irrifartsu, badirudi melankonia nazional honetaz atsegin hartzen dutela. Aze etorkizuna: zirkunzisioa eta hiletak, hiletak eta zirkunzisioa Atracción y Turismo bezala.

        Kometatik urruntzen ala Nantxi-ei hurbiltzen ari ote gara?

        Zirkunzisioa ez dakit, uste dut fimosikoren bat edo bestek bakarrik egiten duela ezkontaurreko rito bezala eta zenbaitetan ez oso ondorio gogoangarrirekin, "zikiratze konplejoaren berpizteagatik" edo agian entrenamendu falta hutsagatik. Daramagun martxan hiletak besterik ez zaizkigu geldituko festa nazionala bezala. Euskalduna, Artechek zionez, rabelaistasun polotik barneazpi jansenistaruntz baldin badabil, poloa hotza ari zaigu geratzen (jakina) eta barneazpia besterik ez dugu. Gertatzen ari den bezala, edozein emankizun dionisiako-rabelesianoa, edozein gaupasa debekatu egiten bazaigu (han baitaude beti Caballeria Rusticana edo aldian aldiko Mandarina), zezenaren festa, edo zezena askatzearena (rito mitraikoaren hondar paleofestiboa?) suspenditu eta hiletaren ritoaz aldatu egin behar baldin bada, ez zaigu barneazpi jansenista besterik geldituko azkenean, ez biologikoki, kulturalki determinatua baizik, eta paradojikoa badirudi ere, Jansenioren Agustinus-en etsairik handienek determinatua. Ez ote dugu irtenbiderik izango Baionako Saint Cyran eta bere liberal (?) kontreapartidaren artean Ignacioren jarraitzaileok?

        Gau-pasak izango ote dira berriro gaupasa? "Ekologia ala bizi" pentsatuko ote dugu "ekologia ala hil" ordez?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.