L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh Euzkadi (1979-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Eguzkitan zain

 

Atzo ederra. Lagun batekin. Hamid-ekin topatu eta zati puska ederra, ederra. Koloreak oso argiak.

        Gaua hotzaren erresuma da. Nire gorputza gero eta aisago dabil, ez baitu lehenagoko bizkar minik.

        Kenitra herri nahasia da. Dardarka dabil nire burua, eta besoek buruarekin batera joan nahi lukete, baina ezin. Harmadako kamioi pila azaldu da. Bizikletak, bideetako txingurriak biraka, haizea radio tartetan, urdinez betetako mundu bat sortzen dute. Dizdira urdina egiten dute emakumeen arropek, eta eguzkiaren opari hauek oso azkar pasatzen dira gure aurretik, argi izpiak disolbatu egiten dira eta muinetan edertasunezko saltsa egiten dute. Nork uler ditzake idazten ditudanak? Galdera honek ez nau erabat trublatzen, baina hala ere lasaiago egongo nintzateke besteen buruak hobeto ezagutuko banitu.

        Berdeak itsaso handiaren indarra du, zeruak ozeanoarena. Bilketa estuan, mila miloi argi irristatzen dira. Jendea moskeatuta dago erostearekin. Nik ez du deuserekin moskeatu nahi. Banoa. Bihar, agian gero, laguna esango dizut, nire heriotzako ordua.

        Jendeak makurtuta begiratzen digu. Bide ertzeak ez die gomazko koltxoirik eskaintzen ipurdiak deskantsa ditzaten. Bizkarra aurreruntz, burua alde batera eta bestera, eskuak agian Luziferren koilarearekin jolasten.

        Eukaliptus eta pinuak. Etxeak eta buztin laranja. Ditudan koloreok ez dute pintatzeko balio haatik. Maitasunik gabe ezin baita pintatu. Gaur gauean guztiok etzateko maindirea aterako dut neure barrutik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.