nor
Zer eta zenbat irakurtzen den Euskal Herrian
Xabier Gereño
Esaten ohi da Euskal Herrian oso gutxi irakurtzen dela, baina hau frogatu egin beharko litzateke, eritzi hau egia den ala ez jakin ahal izateko.
Datu zehatzak eta osoak lortzea nekeza da, baina zifra interesgarri batzu jaso ahal izatea lortu dut eta lan honetan eskainiko dizkizuet.
Zerbait asko eta gutxi dela esatea errelatiboa da. Zifra bat handia ala txikia dela esateko, antzeko beste batzurekin gonbaratu behar genuke, eta hori egingo dugu lan honetan.
Zer eta zenbat irakurtzen da Euskal Herrian?
Has gaitezen bibliotekekin. Amerikako Estatu Batuetan, USA-n, 90.000 biblioteka daude. Mosku-n, 4.000, Moskuko hiri bakarrean. Euskal Herri osoko daturik ez dut jaso ahal izan, baina adibidez, "Centro Provincial Coordinador de Bibliotecas de Vizcaya" delakoaren zerrendan, Bizkai osorako, 53 biblioteka agertzen dira. Elkarte hau Bizkaiko Diputazioak eta Kultur Ministeritzako Ordezkaritzak zuzentzen dute. Orain, gonbara ditzakezue Bizkaiko 53 biblioteka hauek Moskuko 4.000kin eta Estatu Batuetako 90.000kin, eta zuek esan dezakezue bibliotekatan ongi gauden ala ez.
Bizkaiko biblioteka publiko garrantzizkoenak bi dira, Bilboko Udalekoa eta Bizkaiko Diputazioarena.
Manuel Basas jaunak esan didanez, Bilboko Biblioteka Munizipalean 75.000 liburu eta liburuxka gordetzen dira, eta 1978 urtean 35.551 irakurle joan ziren hara 40.836 liburu kontsultatzera.
Bizkaiko Diputazioaren Bibliotekan 86.319 liburu gordetzen dira, Sesmero jaunak esan didanez, joan den urtean 44.198 irakurle joan ziren handik liburuak kontsultatzera. Biblioteka honetan 17 enplegatu daude lanean.
Esan dugu Bizkaiko Diputazioaren Bibliotekan 17 enplegatuk egiten dutela lan. Asko da zifra hau? Egin ditzagun gonbaraketa batzu.
Bizkaiko Bibliotekarik handienean 17 enplegatu daude, eta Bizkaiak 1.100.000 bizilagun ditu. Ba al dakizue Dinamarkako biblioteketan zenbat enplegatu dituzten? Ba 1.200 enplegatu. Eta Dinamarkak 4.000.000 bizilagun ditu eta, beraz, ez da koloso bat.
Baina ba dago zifra gehiagorik. Polonian, Varsovia-ko Biblioteka Nazionalean 345 enplegatu daude, Tokio-koan 843, Bruselas-ekoan 402, Nigeriakoan (Afrika beltzean) 75.
Bizkaiko biblioteka nagusienean 86.319 liburu gordetzen direla esan dugu. Hemen ere egin ditzagun gonbaraketa batzu. Mosku-ko Lomorrosov Unibertsitateko bibliotekan 17.000.000 liburu daude, Bretaina Handiko Cambridge-ko Unibertsitatean 5.000.000.
Ondorioz esan dezakegu, biblioteka publikoetan, Euskal Herria oso gaizki dagoela, bai biblioteken kopuruan, bai enplegatuetan eta bai liburuetan. Goazen orain egunkariekin. Hemen aitortu behar dut pena izan dela ezin izan ditudala egunkari desberdinetarako epe berberarako datuak jaso ahal izan, baina arazo hau nola dagoen jakiteko argi nahikorik lor dezakegula uste dut.
1978 urtean "El Correo Espanol"ek 69.132 ale saldu zituen egunean promedioz, "La Gaceta"k 54.313, "La Voz de Espafia"k 30.894, "Diario Vasco"k 25.330 eta "Diario de Navarra"k 38.072. Gonbaratzeko, "El Pais"ek 1978 urteko ekainan 179.923 ale saldu zituen egunero promedioz eta "El Alcazar"ek garai berean 75.785 ale.
"Deia"k, 1979 urtarrila/ekaina bitartean, egunero promedioz 50.283 ale saldu zituen eta "Egin"ek 1978 uztaila/1979 apirila bitartean, 45.731 ale. Ale hauek, (Egin-ekoak) proportzioz, honela banatzen dira: Nafarroan ehuneko 18,10, Araban ehuneko 6,17, Gipuzkoan ehuneko 37,04, Bizkaian ehuneko 36,99 eta kanpoan ehuneko 1,7.
1978 urtetik 1979-ra "Deia" eta "Egin" igon egin dira, eta besteak jaitsi. Beraz, 1978 urterako gaztelaniazko prentsarako eman ditugun zifrak asko jaitsi egin beharko genituzke gaurko ale salduak zenbat diren jakiteko.
Euskal Herriko egunkarien zifrak "El Pais" eta "El Alcazar"ekoekin gonbaratuz ikus dezakegu arlo honetan ez gaudela hain gaizki. Beraz, egunkariak irakurri egiten dira Euskal Herrian liburuak baino proportzio handiagoan. Liburuekiko zaletasuna Euskal Herrian urria da eta bultzatu beharra dago gure kultur maila gorago igon nahi badugu. Euskal Gobernu eta Parlamentu berriak, sortzen eta lanean hasten direnean, honetaz arduratu beharko lirateke.
|