L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk0313>— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Arc-en-ciel

 

Erromako zubiak arko irisaren kolore guztiak hartzen baldin baditu, nire aurpegi monstruosoa ez da gutiago, eta kolorez mudatzeko hartu duen trebeziak harritu egin nau, baita beldurtu ere, ez bainuen honelakorik egundo somatu. Liburu bat reenbolsoz jaso nuen egunetik hasi zitzaidan begitartearen itxuraldatze autonomo etengabeko hau.

        Gorri: Harpidedun nintzela ez nenkien editorial baten liburua jasotzen dut reenbolsoz. Hondar eta gauezko loturak. Felix Maraña. Harria liburuak-5. Ez dut ezer ulertzen. Miatzen dut barruan eta ISBNrena eta dakarren orrialdean Ataduras de noche y arena. Felix Maraña. L. Haranburu Editor dio. Orain edaten dut ura: ni Kriseluko harpideduna izaki, konfundituta igorri didate, kolekzio beronetako aurreneko laurak ez baititut jaso, esan nahi baitut Harri eta Herri, Harrizko Herri Hau, Euskal Harria, Dekamerone Tipi Bat. Arraioa, ez dator kohorte eskasean gure Maraña hau; ondorengoa ere Azken Harria du. Bestalde, ez dakit zer gertatu den Kriselu editorialarekin, Bulebarrean zegoen latoizko plakak ez baitio iada lehengoa, Herria editoriale baizik. Bai, gauza arraroak dira, baina ez da horrenbesterako. Ez ote da txarranpinarena nire gorritze hau?

        Berde: Atzeko azalean edición bilingue dio parentesi artean, baina orrialdeak pasatuz frantsesa, gaztelania eta euskara ikusi uste ditugu. Boskarrena hartuta jazten gara, gaztelaniaz eginiko ohar batetan, Carlos Aurtenechec egin duela frasesezko bersioa, Rafael S. Urrechagac eta adiskide anonimo batek euskarazko zenbait bersio, eta Juan San Martin, Euskaltzaindiko akademiko eta poetak (oharra oharrarena da) itzuli dituela poemarik gehienak euskarara, poemarioaren (sic) osotasuna rebisatuz.

        Ez dakar, ordea, nork egin duen Fernando Aramburu Irigoyenen hitzaurrearen euskarazko traslationea, bi posibilitateren aurrean uzten gaituelarik: Juan San Martinek egin du, edo adiskide anonimo horrek, edo Rafael S. Urrechagak. Bigarren posibilitatea berriz Fernando Aramburu Irigoyenena da (ez da oso probablea, Pernando ez jarria barkatzen diogun arren mb analfabetoarena da).

        Gauza bitxiak esaten dira hitzaurrean. Erdaraz kopiatuko ditugu, eskuineko aldean baitator, eta errazago (ez gara honetaz arituko, beti kejoso gabiltzala esango dute eta): "Felix Maraña no tiene la culpa de ser una puerta, lo mismo que yo nada malicioso hice para convertirme en su llave". "La condición de abridor de personas"... ..."una servidumbre impuesta por el tamaño de la cerradura"... ..."penetramos en las alcobas interiores de este poeta"... ..."husmear los idilios y conciertos que por su dentro se concierten"... ..."Maraña flota"... ..."gitana adormecida de tiernos quejidos"... ..."tren traqueteante en medio de la noche"... ..."materia verbal vestida de encajes"... ..."es el ojo incomprendido, pero ojo de la tierra"... ..."se clava una astilla mientras lava la nave"... ..."no se ha pretendido otra cosa que hacer de alfombra"...

        Ez, ez naiz hasiko inori hitzen konnotazioak zer eta zein diren esplikatzen, baina ze gusto txarra aizue, ze gusto txarra. Delikatuegia ote naiz? Ala izpiritu lujurios bat? Jildaren gainetik garadardoa edateagatik ote da nire berdetasuna?

        More: Poemetan barrena abiatzen naiz ausarki, euskarazkoetan, morbotasun kalenturosoz, aitor dezadan. Itzultzaile Eskola ere badugu (hau ez da Toledo, baina kasi), oraingoz demasa izango bada ere "es más listo que el hambre" "gosea baino listoago da" formulaz itzul ez dadin eskatzea, edo "cerramos la parcela" "itxitzen dugu arloa"z edo "la trajedia se masca" "trajedia maluskatzen ari da"z likida ez daitezen. Baina ez ahal da gehiegixko honelakoak irakurri beharra: "andregaiari soilik maitatzen zaion bezala", "haren bularrari hurbiltzen zatzaio", "zure begiek birikatzen dituzu", "berrehun bitxiloreri bere hostoak kentzea behar da", "Zer egingo dugu lore hauekin udazkena listutzen eta zapaltzen ari dela", "begiak elkarri so egiten dizkiogu", "gizon bakoitzentzarako", "intzentzu bere buruari bere guna kentzen ari da", "lore ezurrak gabe bezala", "langileenok", "gizon bat dabil liburu bat ardoisuri du bitartean"... Kontu handiagoa behar da, eta gauzak zehatz adierazi. Ez baitzaigu esaten Juan San Martinek euskarazkoa ere repasatu duen, nori egin behar diogu errierta eta bronka? Hizkuntza eta itzulpen arazoak koxkadunak dira beti, ez hakiola fido inolako adiskide anonimori, ez inongo akademikori, ez inori. Ez ditek lana kariñoz hartzen, presa izaten ditek, ondo ziok esanda edozer gauza pasa erazten ditek, eta noski, hor ageri zaigula gero adabakia. Maliziatiak ere aukeran dituk mundu honetan, eta igual saltzen ziotek bati uste gabeko sagar ustela, jakinaren gainean, ze uste dik horrek, pentsatzen ditek. Inbidiante ugari zebilek lehenago ere, eta euskararena uniberso petrala duk, egia esan. Baina ez ote naiz mehegi harilkatzen ari? Ez ote dira gogoeta bihurriok berok izan Nazareno kolore triste hau itsasi didatenak?

        Beltza: Berezko bersioa utzezina da, literaturan. Hartara jo dugu argi bila, eta hona hemen jaso ahal izan ditugun ontzurreak: estrías, libado, abirrita, aprisco, diamantinos, rastrojo, páramos, terebintos, taracea, sombra bífida, cítara, clámide, guita, hato, liberto, escancia, sarrapea... Nik eskertzen diat erakusketa hau, zuek ere gu bezalaxe zabiltzatela jakiteko balio ziguk behintzat, ezinean zuek ere, zeuen hizkuntza nola menderatuko. Bai jaun andreok, Euskal Herrian egiten den gaztelaniazko literaturak ez du bere hizkuntza ikasi, oraindik. Euskal literaturak ikasi ez duen bezalaxe. Baina zuena grabeago. Dituzuen bentajekin. Eta honek harritu egin baldin banau "y unos cuantos andamos ocupados en abrir una boquita de esperanza" eta "Hasta que vino Carnaval este pueblo no tenía nombre" versoek guztiz jarri naute ilunbeltz eta hil hurran. Ene Yinko Yauna, zer egin dut nik?

        Honenbestez amaitu beharko dugu nola hala plazaratu ez den liburu honen aipamena (harrikatu haute Gabriel), Donostiako liburudenda batetan aurkeztua izan zen liburu honen azterketa, prentsan ere albiste izan zen (gurutziltzatu haute Aresti) liburu honen laudorioa, poemak Eugenio Montaleri, Cesar Vallejori, Juan Larreari edo igualmentean Juan San Martini, Corori eta karnaba bati eskaintzen dizkien argizko poeta honen deskubrimendua, poemak frantsesera ere itzuliak dakartzan (txiza egin ditek burutik behera Segurola) poemario honen gomendioa, eta hitz bitara biltzeko, azken hamar urte honetan jasan behar izan dugun adar jotze editorial lotsagabeenaren salakuntza ez gogorregia. Ez gogorregia.

        Baina nire aurpegi monstruosoaren arko iris berri honek seguru Erromako zubia margotzeko ere ez duela balio. Ezagutzen dituzue zuek ere, ongi asko. Ez baitute erremediorik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.