L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-3 (1980-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—solasean—

 

Bitaño

 

        Balneario izena du, Alzola, eta balneario batetako airea nahiago lukete ziur asko Karamelo menditik Bilbaoko fabriketako keek dakartena baino bere bronkio akituek. Bronkioak direla eta San Asension pasatzen dito bakantzak, bere hilobia izango den paisaje ingurua dibujatzen, Van Goghen trazoa estudiatzearen poderioz honen helikoidetasuna ezin desasimilaturik. Hogeitabigarrenaren bukaeran jaioa bada ere gizon adindua salatzen dute zenbait zeinuk: Batzuetan hamar urte gehiago izaten ditut, diabetisa, azukerea odolean eta ezin zaindu neure aita ere horrelaxe ibili zan, gizona jatuna eta ezin jateari itxi. Total bi urte gehiago bizitzeko zertarako ibili gauzak kentzen, plazer txikiak. Zoriontsu bizi izan zan eta zaindu izan bazan urte pare bat gehiago baina tristeturik.

        Alzola Guerediaga, Nicolas (Nombre religioso, Hermano Valentin Berriochoa). Nació en Izurza el 30 de diciembre de 1922. Ha empleado numerosos seudónimos, algunos de epos N. de Cortazar, Bitaño, Markue Ozerin-Jauregi, Altzarte, Dolometa, Oxiñondoko Txoria, V. del Parral, Al Iburreta, Bidaurreta, N.A.G., H.V.B Unai Anai. (J. San Martin, escritores euskéricos).

        Fraile izenaren zergatia Valentin de Berriotxoa quiero ser santo para que un santo tenga Vizcaya klaro egon daiteke, beste guztiak benetako izena gordetzeko ahalegin desneurriak, hemen ohizko den herabetasuna beregan desneurrikoa dela.

        — Nik, badakizue, problema izugarria daukat, zuek izan zarielako, bestela ezetz esango nizuen. Problema izugarria nik holako gauzetan. Lehengo egunean Durangon, Ibilketa Larogeira joan ginanean, Jose Mari Iriondok plast jarri zidan mikrofonoa, ez dakizue nolako zera egin nuan, ez, nik ez, eta Juanitori. Aurrez behar izaten da, galderak edo egin, eskema bat, halaz guztiz ere komeria izaten da.

        Seudonimoarena gauza normala izan da aldizkarietan eta kazetalaritzan. Bestaldetik La Salletarren artean ez da ohitura izan lanak firmatzea. Frantzian textu liburuak ere egiten dituzte, eta marka bat dute. El Bidasoako zuzendariak esaten zidan, baina gure artean tradiziñorik ez zegoan eskribitzeko, ez nintzan ausartzen nire izenarekin. El Bidasoan asko idatzi nuan euskeraz eta erderaz. Klaro, sartzen bazara persona batekin, edo konpromisoko gauza bat danean, firmatu egiten duzu, edo kategoriazko lan bat egindakoan, baina bestela ba ez. Amigos del Paísen H.V.B. firmatu izan dut. H.V.B. ez da seudonimoa, siglak dira. Ez dakit Vinsonek, edo Garatek esaten duan, Elizanburu kapitainak bazuan anaia bat La Salletarra, euskal idazlea, eta Innocentius frère, seudonimo de Elizanburu. Ez dakit norainoko seudonimoa dan. Orain ez dute izenik aldatzen, baina denek anaia esaten didate. Anaiak zer esan nahi duan ez dakitenek ere está el hermano Anaia? galdetzen dute.

        Anaia Balentin Berriotxoak ez du garbiegi ikusten gure bisitaren aitzakia, hitzaspertu intimista nahi genukeena ikuspegi zientifistaz hasi nahi dute bere deformazio pedagogikoak eta zaletasun bibliografikoak, gure metodoez arduratzen delarik, ze, fitxetara pasatzen al duzue gero, magnetofonoa martxan ote dagoen bigarrenez galdetzeko segidan. Arestik zioen Bilbao erdal herrian euskal idazlea izatearen angustia nola gainditzen den galdetzen saiatzen garen arazoa ez da arazo, dirudinez, ez baitu jasotzen: gaztearokoak ditu Bilbaorekiko loturak.

        — Ni Izurtzakoa naiz, baserrikoa. Bilbon estudiatu nuan, gogoratzen naiz hamazazpi urterekin nola ez nuan batere erraztasunik subjuntiboak eta erabilteko erderaz. Orain ere ez larregi. Familia tradizionala nuan, eta tradizionalista gainera. Baina Bilbon hartzen ninduan familia adiskide hartako gizona liberala zan, Pio Baroja eta bere anaiarekin estudiatutakoa. Orduan mentalitate bi ziran nire inguruan, baserriko tradizionala eta kaleko liberala. Baina euskaltzalea zan, Arana Goiri ezagutu zuena, baina ez zuan harrapatu ez ideologian eta ez partiduan. Hura beti liberala izan zan.

        Euskera kontuan ere oso gazterik etxean ere bai, liburuak egoten ziran eta, baina batez ere Diputazioko Liburutegian ordu asko sartu nituan. Euskal kulturako liburuak irakurtzen nituan. Esaterako, "Euskal Erria". Kolekzio hori gutxik ezagutzen zuen; ze leku gutxitan dago osorik. Badakizue "Euskal Herria" azaldu zala fueroak galdu eta Arana Goiri ageri artean, Manterolak ateratzen zuan, tisiko hil zan hogeita hamairu urterekin. Orduan Euskal Herria irakiten zegoan, eta euskerari heldu zioten, euskera zan Euskal Herriaren arima salbatzeko azken zera. Izugarri euskalzaletu nintzan ni hura irakurten. Ba hartan ikusten da zer edo zerk irten behar zuala, fueroak galdu eta berotasun hartan Arana Goiri fenomeno guztiz naturala zan. Gipuzkoan sortu izan balitz nazionalismo hori baliteke beste kolore bat izatea. Edo Durangon, bazan mogimendu bat, fueristak. Ez dago estudiatua. Fueroak kendu eta irakitasun hura, eta gerra galdu ostean Txillardegi eta Juanito San Martin ikusita, esan nien Mitxelenari eta Díez de Tuestari —oso personaje interesgarria, ezagutzen ez dana, ze berak sekretoa eskatzen zuen beti— hemen zer odo zerk irten behar du. Konstante historiko bat da hori. ETAren bezperak ziran.

        Manterolaren aldizkariari esker euskalzaletu nintzan, politikan ez nintzan sartu. Ni liburutegietako gizona izan naiz beti. La Sallek Beljikan baditu Bellas Artes eta Arkitektura eskolak, eta nire ideia zan hara joatea, baina Europa hankaz gora zegoan gerratearen ondoan, eta probintzialak hemen gelditzeko, eta zorionez gelditu nintzan, hiru egunetako gelditu ere Irungo nobiziadoan, eta hogeita bost urto daramazkit. Zorionez, ze barruan banengoan kontzientzia hartuta, baina artista gauza gustatzen zitzaidan, eta zait, eta hemen gelditu nintzanean berehala ezagutu nituan Mitxelena, kartzelatik irten berria orduan, eta Fausto Arozena, oso zabala niretzat, hain zabala ze Ulibarriren gutun liburua erakutsi eta hau da zuretzako gauza interesgarria esan zidan, bai baina ni ezin nindeke egunero etorri hau kopiatzen, ba bueno, nire kontzientziaz hemen egon ala zure etxean egon berdin da, esan zidan Arozenak. Bi edo hiru urte egon zan nire etxean liburu hori. Arozenak esan zidan behin han zegoala Mitxelena, errenderiarra, "es un mirlo blanco", intelijentziaz gizon aparta zalako, orduan ezagutu nuan. Ze kasua eh, Mitxelenarena, hain buru argiko gizona eta ni bezelako afizionatuarekin zenbat ordu pasa ditu hitzegiten eta. Politikaz ere hitzegingo genuan, baina kulturaz batez ere. Nik beti pentsatu izan dut Euskal Herriaren alde lan egiteko arlo haundia daukagula kulturan. Kulturalista ere esan izan didate. Baina kulturalista kaskarra.

        Bere apolitizismoan finkatzen bada ere, ez ditu euskal kultur arazoa eta herri baten problematika etetzen, gerrako irudiek suspertuko zuten Durangoaldeko euskalduntasun berezkoa. Gertakizun horrek, garbi adierazten ez badigu ere, bide batez, izan zuen eraginik bere fraile bokazioari erantzuteko.

        — Gerran bertan kontzientziatu nintzan ni euskal nortasunaz. Heldu ziran liburu batzuk nire eskuetara, Bilboko foralista batena eta. Gainera somatu ere bai. Ni gehiago naiz sensitiboa intelektuala baino, ikusten duzuen bezala. Gerrako trajediak oso markatuta utzi ninduan ni. Durangoko bonbardeoa ikusi nuan nik. Hasi nintzan hara eskolara hiru egun lehenago edo hola, eta gogoratzen naiz aurpegia garbitzen ari nintzala, egun ederra zan, eta aireoplanoen zaratea. Eguzkiak joten zuan, eta bonbak botaten zituztenean nik uste nuan papelak zirala, ze eguzkiak dizdiza egiten zuan, eta mementu hartan bertan bom, bentanako gortinak bom, eta ke baltza. Atera egin nintzan etxetik, eta elizako kanpaiak hasi ziran, eta gogoratzen naiz nola zegoan arinezko kura bat egindako miliziano bat, eta señora elegante oso baliente batek eta biok lagundu geniola. Gero ikusi egin behar, ez dakit inbestigadore zera banuan odo, ikusi egin nahi, eta frontoi aldean zegoan ume pilo bat bonbek apurtuta, gainetik trapuak eta horrela. Hamairu urte edo izango nituan. Eta konturatu gabe urtero urtero azaltzen diet trajedia hori umeei eskolan. Ez zuten bonbardeatu Durango Gernikan erabili zuten teknikarekin, baina apurtuta utzi zuten. Gure etxean zuten koartela artilleru euskaldunak, Urkiolara eta joaten ziranak. Eta horrek gauzok markatuta uzten dute euskalduntasuna. Gerrako trajediak markatu eta konbentura joatea erabaki, bat baino gehiagok. Zuek ba al dakizue. Hiroshimako bonba bota zutenetako bat euskalduna zala, ama Itziarkoa eta aita Donostiakoa? Baina ez zekiten zer bonba klase zan. Ba hura gertatutakoan, inpresiñoarekin, fraide sartu zan. Esaten dute Santanderrera etorri zala nobiziadua egitera. Gerra osteetan holako gauzak gertatzen dira. Bueno, ni fraide eta monja familikoa naiz. Hemengo fraidetzan tradiziñoa inportantea da.

        Euskal Herriko kolejioetan eskuak gora Montañas Nevadas; eskuak luze aurreko konpañeroaren bizkarra ozta ukituz —alinearse en fila— distantzia zehatza hartu nahirik; eskuak urduri pupitregainetan —esas manos encima de la mesa—. Anaia Balentin Berriotxoa Irungo La Sallen. Egoera larria euskal ikasleentzat. Euskaltzale baten iritzia jakin nahi genuen.

        — La Sallekoak bai, badute euskal gauzetan tradiziñoa, lehenagotik dator, hemengo komunidadea sortu baino lehen Hasparrenen bazan kolejio bat, hemengo euskaldunendako, dago bibliografia, daogo Elizanburu, dago Frai Juvenal, komertzioko kartak egin zituana, oso interesgarria, nik neronek katezismo apunteak eta ikusi izan ditut euskeraz. Euskerazko klaseak ere bai, Andoainen, Hondarribian, Zarautzen... Nik pentsatzen nuan Franco ez zala beti biziko, eta honek mutilok, ez dute galdu behar euskera, ze geroago beharko dute Euskal Herriko kolejiotan. Hori beti ikusi nuan. Gero gazteagoak etorri ziran, euskera batuaren ikastaldiak antolatzen zituztenak han eta hemen... Milagro bat bezela gertatu da gure artean. Aragoikoak ere ezagutu ditut nik aragoiera ikasten eta idazten.

        La Sallek herriarentzako sortu zuan ordena, guk obrero semeekin egin dugu lana. Frantziako Erreboluziñoan badakizue, agudo bidaltzen zutela beste mundura jendea, ba azkeneraino defenditu zituan herriak La Salletarrak. Herri txikietan eta behartsuekin egiten zuten lana gehienek. Gu lan eginez bizi izan gara, ez gara mendikanteak izan. Gu, fraideen artean, los de buzo izan gara.

        Sistima horretan ikasle izandakook ez dugu imajinatzen bere egungo apaltasunean tortura fisikoak aplikatzen ezagutu genituenak.

        — Lehenago eskua arin erabilten zan, ez eskolan bakarrik, baita familietan ere. Nik neure etxean ez dut baina. Guk hortan badugu arriskua, gu ez gara katedratiko estilokoak izan. Klasea ematen duzu, eta gero esaminak datoz, eta aurrera ateratzeko sakatu egin behar duzu piska bat. Besteak ere ez ote dira antzekoak izango? Ni maristekin egon nintzan urtebete Durangon eta ez nuan holakorik ikusi inoiz, gogorkeriarik. Fama bai. Ni ere ez naiz ideala erakusteko, oso nerbiosoa naiz. Ikusten duzu haurrak lanik egiten ez duala, egun bat eta hurrengoa, eta gero esamina dator. Noski, katedratiko estiloan suspenso jarri eta kito, gurasoak ezer esaten ez badute zu lasai gelditzen zara, baina etorten badira zarataka? Orduan esan behar diozu, kuentea atara artean hemen geratuko haiz gero eh? Laster atara ere, laster. Serio egin behar duzu lana, baina neurriz kanpoko gauzak egitea beste arazoa da.

        "Belaunaldi galduan" sartzen du bere burua. San Martinen aipamen errepikatuak. Juanito. Juanito eta biok. Haren obrarenak, eta osasunarenak ere bai. Biak erdi bizkaitar erdi gipuzkoar. Euskararen zubi sinkronikoa. Biek batuarekiko kezka. Euskararen zubi diakronikoa.

        — Juanito San Martin eta, belaunaldi trunkatua gara gu. Arantzazuko Kongresoan, Eganen inguruan eta hasi ginan poliki poliki biltzen, ze ikusten genuan hautsi egin zala gerra aurreko purismoa. Garbi ikusten zan. Ni eta Juanito herriaganantza hurbiltzeko beldurrik gabekoak izan gara eta gara. Nik Bizkaia aldera jo nuan, Kirikiño irudi hartuta, ze Kirikiño izan zan gerra aurrean niretzako, beldurrik gutxiena izan zuana herrira joteko, batez ere asko zekialako. Gauza batzuetan Villasante ere bai, ez zuan beldurrik izan sintaksi itxi bat zabaltzeko. Mordoillo hitza uste dut Manu Sotak asmatu zuala.

        Egin kontu baturantza hasten garela. Gazteak hasten dira alde batetik, baina zaharrak erdi izkutatuak daude, astiro astiro badoaz. Utzi bakean zaharrak, ez sartu modu txarrean zaharrekin. Eta hasten badira ostikoka, ba biolojikoa da, zaharrak beti doaz gazteen kontra. Baina drama zan niretzat gure jeneraziñoa. Ni ikusten nintzan hanka bat gazte eta bestea zahar. Zer egin orduan? Zer euskerarekin hasi? Trankil joan gaitezen. Orduan, garai hartan, ariniketan egin nahi dana. Askok esaten zuten, gogor hasi dira, pasiñoa dator. Haundiagoa etorri ez zenean! Hori garbi ikusi nuan, Euskerazaintza edo sortuko zala. Baina hori soziolojikoa da, sortu behar zuen. Orduan gazteek izan zuten indar izugarria, ETAren paraleloan bezela, eta zaharrek berriz gerra aurreko bandera. Drama erdikoontzat zan. Loidi eta hasi ginan, astiro, euskera batuarekin Irunen. Ni ez nintzan joan Baionara, baina hangoa larregi izan zan askorentzat. Hau historia egiten danean, oso epoka interesgarria azalduko da. Nik batua oso positiboa ikusten dut.

        Euskal Herriko aldizkari ia guztietan sakabanatutako lanak. Amigos del País. Egan. Fontes. Zeruko Argia. El Bidasoa. Ororen gainetik, ipuinlaria. Bere ametsa, mila ipuin argitaratzea.

        — Ipuiok ez dira kreatibitate hutsa, dira Euskal Herriko sinismen zaharreko mentalitatean bizi den batek sortutakoak balira bezela. Torrealdayk esaten zuan hain tradizio eta folklore aberatseko herria izanik gurea, zein gutxi baliatu dugun ipuigintza gure aintzinatean. Eta hori egia da. Nik hoietan denetan hartu dut arnasa. Transposiziñoak ere egin ditut, baina gutxitan. Ez dut egiten zuzenki Rusiako ipui bat hartu eta hona ekarri, baizik hemen badu oinarri bat. Orain, egin egin daiteke. Adibidez, suzko txoria ez da ageri euskal folklorean, orientala da. Hirugarren tomorako ari naiz prestatzen. Bibliografia larregi. Jon Bilbaoren bibliografiaren bigarren tomoa orain heldu berria da, eta hor aurkitu ditut zazpi zortzi seudonimo neronek gogoratzen ez nituanak. Herrian asko idatzi nuen. Orain ari naiz egiten nortzuk idazten zuten gerra ostean, ez dut tesia egingo, beste batzurentzat balioko du. Baina larregi idatzi dut, orain lotsatu egiten naiz, halako aldizkarietara, Amigos del País eta horietara gauzak ongi eginak bidali behar dira. Baina asko kostatzen zait idazten eta artikulo labur asko egin ditut. Zuei baino gehiago.

        Kantuz Eta Itxaropenez hasi nintzan egiten poema moduan, baina ezin da. Batek esan zidan surrealista zala. Nik hor nahi nuan egin Euskal Herriaren trajedia, gerra osteko gauzak eta horrela, baina hain orientala da, hain tagorianoa da sarritan ze, esaten dituzu gauzak modu batean, eta ezin da ikusi, ez dakienak ez daki. Surrealista hutsa da. Zerak esan zuan estudiatuko zuala, zuen edadekoa, biboteduna, Sarasola, Ibon, ba gero ez zuan ezer idatzi, es ke zaila da euskal kritiko batek Orienteko espresioan hemengo gauzak esatea. Azurmendik esan zidan, zeuk esaten ez baduzu ez ditu inork esango. Lan honi Markue firma jarri nion. Bitaño, Markue eta Balentin Berriotxoa ditut firma inportanteenak. Bitaño, nire ama jaio zan auzategia.

        Hain zuzen ere, Aresti izan zen euskal literaturan eta kazetalaritzan —"ongi esanak gogoan hartu eta gaizki esanak atakatu" amaitzen zuten Arestiren artikulu ahantziak— seudonimoak eta ezizenak erabiltzearen aurka gogorkien borrokatu zenetako bat. Adiskide egin zuen. Ni, gogoratzen naizela behintzat, ez naiz inorekin sartu bere ideiengatik eta. Nik, oso nerbioso naizela ere, serenidade haundiarekin ikusten ditut problemak. Azaletik, izakera honek beste imajin bat eman dezake. El tipo patata esaten dana, sensibilitaterik gabekoa. Oso bestela da. Arestiren azken orduak ezagutu zituen Basurtuko hospitalea ageri da La Salleko leihoetatik. Han ibili zen anaia Balentin, zapatiletan. Lehenago, Alcazar de Toledo kaleko etxean, arratsalde bakartietan, erretrato bat marrazten, gerora "poeta del pueblo" bezala hainbeste goraipatuko zutenek ahantzirik zeukaten garaian.

        — Bueno, ni mundu guztiarekin konpondu naiz ondo. Ez dut uste hasarratu naizenik inorekin. Ideietan edo ez naiz konforme egongo beharbada, baina persona moduan beti ondo. Díaz de Tuestak esan zidan, Vd. ha tenido suerte, bazekian euskeraz baina hitzegiteko haina ez, porque me dice que no ha tenido enemigos, eta egia da. Baliteke ni nola sensitiboa naizen intelektuala baino gehiago, traturako eta aurkitzen badut persona bat egokia ez dana, kirikiñua esaten dana, ba nik beti eskapatu dut kirikiñuetatik. Arestik fama zuan beti zaratakerian ibilten zala, ezta? ba nirekin sekulan ez. Arantzazuko Kongresuan ezagutu nuan, oraindik ez zekian euskeraz ondo, zer edo zer bai, eta "datorren urterako jakingo dut". Kasu interesgarria zan orduan, euskaldun berria, han ezagutu ginan. Gero Baionara joan ginan elkarrekin. Gogoratzen naiz nola esan nion ni konprometidue naiz eta sartu behar dut eliza batean, barkatuko duzu. Azkenengo denboran Juanito San Martinek esan zuan Euskaltzaindian Aresti ez dago ondo, problemak dauzka eta horrela, istimatuko luke bisita egitea Euskaltzaindiaren izenean. Badakizue, oso sensitiboa zan. Ni ez nintzan komisiño horrekin joan, ez dakit nortzuk joango ziran. Baina behin ikusi nuan kolejio ondoan, ni Bilbora etorrita nengoan, zer kontatzen duzu eta, ez nabil ondo. Orduan pentsatu nuan bisitatzea, baina okasiñoa etorri zan aurretik. Axularren urtehurrena zan, Aresti hil baino sei hilabete lehenago, eta Lizundiak esan zidan Aresti ere badoa, Intxaustirekin, ba harekin joan ginan. Automobilan oso ondo. Baina gero herritik Axularren baserrira joateko aldapatxo bat dago, eta ezin zuan igo, oso astiro. Orduan lagundu egin nion. Gogoratzen naiz pika bat bota zuala, ni fraidea nintzalako. Ondo konpondu ginan. Azkoitian ere egon zan batzar bat eta bera bakarrik joan zan, eta ni Kintanarekin eta Irigoienekin etortekoa nintzan, baina gelditzen zan bakarrik, eta esan nion, bakarrik etorri zara Gabriel? eta biok joan ginen. Bidean estropeatu egin zan kotxea, eta kotxearen ardurarik ez guk, ez dakit zenbat denbora egin genuan bidean hizketan Itziarko hortan. Gelditu ginan astero joango nintzala. Asteazkenetan joaten nintzan. Bidaltzen zuan eskaratzera familia guztia. Pozik egoten zan. Orain, han esaten genituan gauzak ez ditut esan ez eta esango ere. Ez dago gauza inportanterik. Literaturaz asko hitzegiten genuan. Eta hortan badago gauza inportanterik, baina ez nuan bere baimenik esateko. Zelaietak eskatu zidanean zerbait esateko inkesta hartan, liburua egiteko, pentsatu nuan isilik egoteagaz zaldunago izango nintzala. Baina oso ondo konpondu. Ze, bizi nahi? eta bai, bizi egin nahi. Ilusiño haundia zeukan bizitzeko. Nik azken konsekuentziataraino errespetatu izan ditut personak. Badakizue Arestik nola botaten zuan askotan "sotana-herri hontan...", ba beharbada egon da intransijentzia bat, karlista zaharrak eta, baina bestelako sotanadunak ere izan dira, bai gure artean eta bai bestetan. Gogoratzen naiz behin nola esan zuan "lehen pentsatzen nituan gauza asko gaur ez ditut berdin pentsatzen". Ez dakit zergaitik esango zuan, baina nik astiro astiro zabaltasun bat ikusi nion. Pena haundia hartu nuan. Niretzat gizon haundia izan zan.

        Deustuko La Salleko euskarazko mintegian gandutu egin du airea zigarroen keak, anaia gazteek ere erre besterik ez dute egiten, ez anaia Balentini gehien komeni zaiona. Argazkilariak azken poseak agintzen dizkio. Gelan daukan lekeitiarra dotore baten estetikotasuna aipatzen du. Berriz ere elkar hizketa fitxetara nola pasako ote dugulako kezka, eta egungo egoerari buruzko zalantzak.

        — Orain urte batzuk dira esan nuala, ez dut ezer ikusten. Baliteke nire osasunagaitik izatea. Diabetikoa naiz eta gutxi zaintzen naiz. Justo Garate medikuak esan zidan garbi, izango dituzu egun batzuk hamar urte gehiago izango bazenitu bezela. Ez hamar, hogei urte gehiago ere izaten ditut nik egun batzuetan. Akabaute bezela. Bronkioekin ere ez naiz ondo ibilten, horregaitik joaten naiz San Asensiora. Ni ez naiz politikoa, ez dut jakingo ikusten, baina beti esaten dudana, gaur ere: niretzako, kulturak uste dan baino gehiago lagunduko digu Euskal Herriaren nortasuna jarraitzen. Ez dakit ondo esan dudan, baina errespetatuz besteen ideiak eta ekintzak, ez naiz sartuko hor, baina niretzako kulturak asko lagunduko digu Euskal Herriaren nortasuna aurrera eramateko. Oso eskema sinplea izango da, beharbada, baina serio esaten dut. Hemen Arestik egon behar zuan. Ideia onak izaten zituan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.