L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-4 (1980-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Anbizioen gatazka

 

Anbizio espiritual eta materialen arteko gatazka sentitzen nuen nire giltzurdin eta esteetan barrena. Izan ere, mundu honetan ez baitago goizean esnatu berria zaudela, komuneko zuloan eseri eta egunkaria letzea bezain gauza materialistarik. Baina periodikuaren partez, Beckerren "rimak" irakurtzen ari nintzen, sukaldetik zetorren amaren ahotsak kafesnea mahaian neukala esan zidanean. Une berean, haur baten nigarra eta goiko harakinaren eruptoa aditzen nuen. Radio baten zurrumurruak anbientatzen zuen patioko giroa. Nik gatazkan gogor jarraitzen nuen, Beckerren dama ederrarekin amets ezin eginaz, horrenbestekoa baitzen borroka materiala. Begiak hertsi eta estutu eta plast! uraren hotsa aditzean neurrigabeko satisfakzioa. Nire ametsetako anderea berriz adimenera. Bitartean kafesnea hoztutzen ari zitzaidan, eta haurrak nigarrari utzi zion. Radioaren albisteak garbiago aditzen ziren. Horrela ezin eraman borroka espirituala! Pikutara nire ametsetako anderea. Papera hartu nuen eskuetan, kruzadetako zaldunak mairua heriotzera bultza behar duenean ezpata erabiltzeko duen maisutasunaz, eta nire faena amaitu. Krixketa ireki nuenean ama ikusi nuen sukaldean. Bera ote zen nire ametsetako dama? Ez, noski. Antza pixka bat bazuen, txikia, gizentxoa... baina ez sukaldeko dama; ez, ez zen posible. Ordurako haurraren nigarrak etsi zuen, eta ez zen goiko harakinaren arrastorik entzuten; zakur baten zaunka bakarrik. Kafesnea hotza. Albisteak amaitu ziren eta bals baten melodia aditzen zen. Azukrea falta zitzaion. Kajoia ireki eta kutxarila hartu nuen. Kafesnea edaten nuen eran, dantzarako grina piztu zitzaidan. Baina norekin? Nire ametsetako dama aurkitzen ez nuenez. Sukaldeko lanek itzaltzen zuten amarekin? Zakurraren zaunkek intensitate pixka bat galdu zuten. Balsaren melodia ozenago aditzen zen. Dantzarako premia, dantzarako premia jabetzen ari zen nitaz. Eta dantzan hasi nintzen nire ametsetako damaren ordezkoarekin. Bi pauso aurrera, bat atzera, beste bi aurrera... Amak txunditurik begiratzen ninduen. Begi politak nituela esana (bale!) didate hamaika aldiz. Baina hura ez zen nire ametsetako dama, ez, ez zen. Geroztik, nire eginbeharrak egitera abiatzen naizenean, Biblia eta Testamentu zahar eta berria eramaten ditut besapean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.