L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gerraurreko eskola literaturaz ohar batzuk

 

Koldo Izagirre

 

Gizarteak oso berandu aitortu du haurtzaroa (berdin zahartzaroa) bizitza-sasoi autonomo bezala. Gizarteak ez zuen adin bereizkuntzarik egiten; kulturak ere ez. Literaturan, XVII. mendeaz geroztik hasi zen produkzioa irakurle posiblearen arabera egiten eta planifikatzen: burgesiaren botereak klase herritarren baztertzea behar zuen, emakumeena eta haurrena partikularzki literaturan. Lehen herri literatura bat zegoen, ipuinak, usteak. Orain literatura herritarra ageri da, herriak irakurri beharrekoa, bestek egina...

        Geroztik tinta asko isuri da literatura "dirijitu" honetaz, eta haurrak mundu infantil eta txatxu batetan ixtearen injustiziaz. Eztabaida honek indar berri bat hartuko zuen nahitaezko irakaskuntza ezarria izan zenez gero; irakurketarena problema nagusienetako bat bihurtu zen, pedagogoen eta literatoen topaleku, kritiko eta teorikoen behaztopa harri. Jostailutan bezalaxe, liburutan ere industria bat eskatzen dute ehundaka miloi umek. Irakaskuntzak premia batzuk ditu, milaka hitz irentsi behar ditu egunero. Liburu pedagogikoak, edo hobe esan, heziketarako literaturak negozio bat suposatuko du aurrerantzean (galde diezaiegun euskal editorialei). Eta editorialek umeentzat zabaltzen dituzten lan hauei literatura izena ere ukatu izan zaie (Benedetto Croce).

        Euskarazko irakaskuntza ez da inoiz nahitaezkoa izan. Zenbait garaitan, eta gehienez, "ametitua" izan da. Luis de Elizaldek zionez, 1919an, eskola euskararen matadero pedagogikoak ziren: "Nolako atrakzioa eragin diezaioke haur euskaldunari historia propinaren aipamen oro, euskarazko hitz guztiak, gure arrazaren abestiak debekatuak dituen, eta alderantziz, eraztunaren instituzio gorrotagarria nola edo hala beti gordetzen duen eskolak?... Haurrak somatu egiten du, eskolarekiko, defensa nazionalaren lehen jestoa den uzkurtasun instintiboa (nahiezikoa baina)".

        Hala ere pedagogiak baditu hemen bere aitzindariak Joannes Etxeberri Sarakoaren latin ikasteko metodo baten albistea dugu behintzat, Pascual Iturriagak sortu nahi zuen ikastetxe aurrerazale batena (zigor fisikoaren debekuan oinarritua...), eta heziketarako literatura bezala sailkatu beharko genituzke, besteak beste, Pascual Iturriagaren Ipuinak eta Dialogos basco castellanos, Duvoisinen Laborantzako Liburua eta Bizenta Mogelen Ipui Onak... Baina azterketa serio baten zain dagoen gaia da, pedagogiaren bilakabidearena Euskal Herrian.

        Gure haur literaturaren zati nagusiena —haurrarentzat espreski egindako ia literatura bakarra— seaska kantak osatu dute mendetan (ihardungo dugu honetaz beste batetan). Hala, euskal liburuzko dilubio bat behar zela zion Elizaldek ("gaur egun askoz ere garrantzi handiagoa du silabario bat egiteak poema heroiko bat egiteak baino"). Eskastasun honetan, ezinbestez, folklorean ageri diren ipuin harngarri eta marabilosoak, haurrentzat bereziki egindako literatura ez izan arren (euskal folklorean, haurra protagonistatzat duten ipuin asko krudelkeria hutsak dira!), harrobi emankorra dira. Xabiertxo ikasle liburuan, esaterako, honela irakurtzen dugu 10. orrialdean: "Xabiertxo'k ikasi du irakurtzen. Martin'ek alperra dalako, ez du irakurtzen ikasi nahi. Beste lagun guziak berehala ikasi zuten. Eta gauz politak irakurtzen zituzten: Manu Zorgin eta Baso Jaunaren edestiak". Lopez Mendizabalek kursibaz aipatzen ditu bi liburuok, eta irakurgai arruntak izango ziren noski garai hartan (1932). Badirudi, gaur egungo haur literatura ere, ipuin marraztuena batez ere, bide berdinetik abiatu dela (Mateo Txistu, Patxi Erremintaria...). Eszepzioren bat badago.

        Ez folkloreaz bakarrik, adinekoentzat egindako obrez baliatu ohi dira pedagogoak, erraztuz eta laburtuz (eta pedagogoen eta are egileen ezustean, adinekoentzat idatzitako obrez jabetu ohi dira haurrak). Hor ditugu Cervantesen Kixotea, Dumas aitaren lanak, Swift-en Guliberen Bidaiak, Defoeren Robinson, Cesare Croceren Bertoldo (Garro'tar Benarta "Otxolua"k 1932an euskaratua), eta beste. Katalanek, esaterako, Verdaguer-en L'Atlantida prosaratu zuten haurrentzat. Beste eskola liburu batetan ere (Lectura i Treball. Joan Pla i Cargol, Girona 1934, geroago 1938an berargitaratua) honela irakurtzen dugu hitzaurrean: "...hem volgut incloure en aquest llibre una innovació. Aquesta consisteix en relacions breus d'obres mestres dela literatura universal, com son L'Odissea, La Ilíada, el Robinson i els viatges de Gulliver (...). La vulgarització que hem volgut fer d'algunes de les obres tingudes universalment per obres mestres respon al nostre desitg que els infants en coneguim el que podríem dir-ne l'esquelet. Aixó els mourá, potser, un altre dia a voler-ne conéixer més detalla, desenvolupantse així en ella l'interés i el gust per la lectura". Xabiertxon bertan, bestalde, Pascual Iturriaga, Elizanburu eta Emeterio Arreseren lanak erabiltzen ditu Lopez Mendizabalek (azken hau Lopez Mendizabalen herritarra eta garaikidea izateak —1954an hilko zen— Lopez-Arrese bikote literario pedagogiko bat suposa zezakeen, baina nahikoa lan izango zuen Arresek Missourin frontoiak egiten: lehendik, 1913an argitaratutako "Nere Bidean" liburua erabiliko zuen Lopezek Arresegana hurbiltzeko. Lan guztiak handik hartuak ditu, behintzat).

        Historian zehar, eskolaren zeregina, hala estaduarena nola pribatuarena, "haur ikasleen arimak bahitzea izan da hemen, pedagogia ofizial huts eta lehorraren arauz moldatutakoez trukatzeko", ezkertiosoaren sospetxarik ez duen Luis de Eleizalde aipatuaren hitzetan: "Lehen mailako eskoletan (...) erakunde ofizialaren izpiritua antieuskalduna da zuzenean". Nekez orduan pedagogia neutro bat aldarrikatu (haurren eskubide aseptiko batzuk kolpatuko ez zituena). Pedagogia askatzaile bat behar behin eta berriz ukatua gertatzen den nazio batetan: lehenengo, euskaldun izateko eskubidea.

        Gerraurreko orain eta hemenean, bi nazionalitate daude irakinean, biak Berpizkunde baten ateetan, estatu españolean. Eta sukar abertzale hau heziketarako literaturan isladatuko da. Arestian aipatu dugun eskola liburu katalanak adibide interesgarriak dakartza: La nostra bandera ("Agermanats per ella en pau i en guerra / marxem contents per viure i per morir / Santa és la causa, catalana terra / bell es el seny en que ha volgut florir"), Montserrat, Grans literats catalans (lamina bat erretratorekin), Grans Patriotes (lamina bat Pau Clarís, Rafael de Casanova, Joan Prim, Prat de la Riba eta Francesc Maciàren erretratorekin), Guillen Tell ("Tots els pobles estimen llur llibertat. Lles lluites més fermes són las que han sostingut els pobles sota el lema d'aquesta paraula: llibertat"), A Catalunya, Les gestes de Guifré el Pilós, Petits Herois (eta artikulu honetan argi eta garbi esaten zaio haurrari: "A Catalunya tenim molts exemples alliçonadors d'actes heroics acomplerts per petits catalans, inflamats d'amor a la pàtria"). Pedagogia aberkoi honen eragina ariketetaraino heltzen da: "Exercici escrit: escriure un elogi de Catalunya. Exercici gráfic: dibuixar i acolorir un escut de Catalunya. Centre d'interés: Catalunya és la nosa patria. Catalunya és un país progressiu, entusiasta, acollidor. Els catalans son actius i emprendedors". Eta baieztapen ez nolanahiko hauen ondotik, konpensazio tipi bat, inor hasarra ez dadin: "Cal, però, que no exagerem els nostres condicions, car llavors, ultra passar per orgullosos, no seríem grats als altres pobles. L'amor que devem i els lligams historics que ens uneixem ala pobles que constituixem Espanya"... (Ideologiak noraino jotzen duen pedagogia ikusteko balio zuen liburu honek, ez ordea gerraurreko pedagogia katalanari buruzko ondorioak ateratzeko: bibliografia ugaria, oso ugaria aztertu beharko genuke horretarako).

        Euskarazko eskola liburuak eskatzen zituen Eleizaldek: "Esanetara idazteko ariketa heltzen da, adibidez: ez beldur izan pedagogus-ak, diktatzeko, A. Mendibururen Otoitz-Gayak zoragarria zabal dezan, ez Mogel bizkaitar insijnearen Peru Abarka, ez Agirreren Garoa moderno eta gustagarria, ez Arrese Beitiaren poesia ederrak, ez beste Arrese tolosarrarenak, are gutiago Aizkibel'dar Bingenen Ipuin Abe´rkoyak: euskal literatura hau dena, ukaezinezko balore duena, guztiz ezezaguna da edo jakinaren gainean ijnoratua, hala normaletan nola "nazionalak" deitu eskoletan". Euskaldungoak hogeitamarkada arte itxoin beharko dio eskola liburuaren lehen boomari.

        Urte haietan argitaratuko zen Martin Txilibitu (Irakurbide labu´ra. Lopez Mendizabal'dar Ixaka, 1967ko berargitarazioa). Hamaika abere izen, irakurtzen ikasteko; lehorrekoak, "legatz" izan ezik. Hiru lanbide izen aipatzen dira, iñude, artzai, aizkolari. Beste izen batzuk ere irakurtzen ahal dira (laya, alki, mats, bide, zubi...) eta honoko esaldiak, besteak beste: zatitu zayozu taloa, ikulluko morrolloa, etxe atadiko txakur txatxua, emeretzi baratza ditu, baratzako arana itsatsi da, kaiku au utsa dago, ttotta edo pattarra txarra da... Hogeitabost errefrau ere baditu, eta azken orrialdean Arrese Beitiaren "Euskaldun jaio nintzan" eresiaren lehen bertsoa.

        Lopez Mendizabalek berak Umearen Laguna argitaratuko zuen 1931 (Irakurtzen ikasteko biderik e´rezena). Hamabi abere izen ditu denak lehorrekoak "legatz" izan ezik. Bost izen gehiago, ama, gizona, iñude, artzai, aizkolari. Esaldi eta errefrau asko ditu: neke gabe bizi nai, nagusi oso ona, alaba aula da, leyoko amona, zatitu zayozu taloa, arto eta arbia, ikulluko morrolloa, ur billa sulla darama, zakurra axatu digute, etxe atadiko txakur txatxua, emeretzi baratza ditu, ama ekatzu muxu, kaiku au utsa dago... Marrazkiak ere ugariak dira: "gaur egin al dekena ez biharko utzi" esaldiaren gainean apaiz bat ageri da, lurrean eserita dagoen hankamotz bati limosna ematen.

        Urte berean Txomin ikasle argitaratu zen (Itu´riotz'tar Pirmin Irakasle apaiza. Bizkaieraz). Hau ere letrak ezagutzen eta ahozkatzen hasteko liburua da. Hogeitahiru abere izen ikasten dira, frutu izen batzuk, eta bestelako hamabost (umea, etxea, ama, auspo, ogi, nini, jaki, oñ, zagi, leyo, ttonttor, biotz, itsaso, meta, gazta). Badakartza esaldiak ere: auspoa topau, seme obea, ume bapo betea, baso betea, denok otoi ona egiten dogu, labea betea dago, labean ogi asko dugu, ori iñude apala, illero illea moztu ta egunero ura edan, aita eta zure anayak layan egiten daue, guk baratz ederra daukagu...

        Haurrari eskaintzen zaion mundua, beraz, baserriarena da batez ere (ez da "autoa" aipatzen, edo "berebilla", ez "kalea", ez "atea" —baina bai "ate" ahate—, ez "herria" —"eliza" ere ez da aipatzen!—. Etxeko ekonomia egunerokoan ageri beharko luketen objetoen izenak aipatzen zaizkio (aulki, laya, meta...) Baserriko animaliak ere mostratzen zaizkio. Emakumeen inguruan kokatzen da beti haurra ("ama", "amama" eta "muxu" errepikatzen dira, baina "gizona" irakurtzen dugun arren, ez da sekula "aita" ageri, "agure" irakurtzen da, baina ez "aitona"). Haurra pasiboa da beti, ez du korrika egiten, ez du jolasten, ez du jaten, ezta eserita egoten ere. Egonean dago beti, emakumezkoren baten esanari erne, gizartetik aparte, eta beste haurrekiko harremanik gabe.

        Xabiertxo (Lopez Mendizabal'dar Ixaka. Tolosa 1932) izan dugu belaunaldi askoren eskola liburua, eta irakurgai printzipalena haurrentzat, urtetan. Hartan haurra mugitu egiten da, irakurri egiten du, hondartzara joaten da, aterkia zabaltzen du. Aitzinako herri ipuinak dakartza, idazleren lanak, eta bestelako irakurgaiak (ludiaren zatiak, ortza edo zerua, mendiak, alaitasuna, soin-enborra...). Irakurgaien artean. Euskalerriaren Edertasuna ("Ez guk onela diogulako, arrotzak ere ala diotelako baizik Euskalerria, ludiko tokirik ederrenetako bat da... Bere erri ezagutuenak Bilbao, Gernika, Tolosa, Azpeiti, Donostia, Gazteiz, Bayona, Donibane, Atarratze, Maule, Iruña ta Lizarra lira... Poztu gaitezen bada, Euskalerri'n jayoak geranok"), Euskal Eresia (E. Arreseren olerkia), eta Elkano ("Elkano euzkotarra izan zan ludi guzia lenbizi inguratu zuena"). Lamina bat dakar, "Euskalerriaren zatiak" (mugarik gabeko zazpi probintzien mapa).

        Geografiaren irakaskuntzak ere garrantzi handia izan dezake ikasiz, eta ez ikusiz, ezagutzen den nazio batetan, eta ez muga baten kontuagatik bakarrik. 1932an argitaratu zuen lehen aipatu Ituriotz'tar Pirmin'ek Lutelesti 1go malla. Hiru zati ditu, eta lehenengoan guzikiko ezagutzak irakasten dira: odeiak, euria ta ibaiak, mendiak eta zelaiak, itsasoa ta itsasaldea, ortzea... Eta ezagutza orokor hauek apaintzeko Otsagabi, Endarlatza, Urantzu ingurua, Agoi'ko inguruan, Bidasoa ibaia Beobi'n, Urrestilla, Lekunberriko Malloa, Mintxate'ko mendatea, Anboto'ko arkaitzak, Getari, Izaro Ugartea, Berastegi neguan, Donosti'ko ondartza, Lekeitio Erronkari'ko segalaria, Araba'ko artzaia, Aitzgorri'ko malloa, ageri zaizkigu argazki zuri beltzetan. Fenomeno unibertsalak bertan kokatzen zaizkigu. Bigarren zatia "Euskalerria" da (mugarik gabeko zazpi probintzien mapa), eta honela aurkezten zaigu: "Euskalerri gure erria da. Euskalerriak biotz baten itxura du" (aurkikunde ona, nemotekniaren pedagogia nazionala, "nuestra patria tiene la forma de una piel de toro"ri erdiz erdi kolpatzeko). Hirugarren zatia "Españia, Ludiko beste erriak" da. Liburuak gehigarri bat du gaztelaniaz, soltean, "Traducción del texto euskérico de la Geografía General", eta hirugarren zati honi dagokion itzulnepak honela dio: "España forma con Portugal una península de Europa, y se encuentra al Suroeste de ésta. Navarra, Alava, Vizcaya y Guipuzcoa son provincias de España". Euskarazko testoak, berriz honela dio: "Espania'k Portugal'ekin lurralde bat egiten du, eta onen egosartaldean dago. Naparroa, Araba, Bizkaia ta Gipuzkoa orain Españia'ko erkidiak dira". Detaile bat, konstatazio historiko huts bat, ikasketa aberkoia bihurtzeko adina indar duena. Hutsegite bat ote? Ez dirudi, batez ere gaztelaniazko gehigarrian "La traducción es más bien literal que libre, para que sirva de guía a los que no conocen bien el euskera" diola hartzen badegu kontuan. Iturriotz hau apaiza zen, eta beste apaiz batek, Emmanuel de Lecuona'k, eman zion nihil obstat-a.

        Hauxe zen, gaingiroki aztertuta, gerraurreko heziketarako literaturaren nondinorakoa, bere kontradikzio guztiekin, baina beti ere euskaldungoak historia, hizkuntza, geografia, matematika eta hitz bitan esateko bere burua euskaraz eta euskaran ezagutzeko duen eskubidea erabiliz. Gaur egungo heziketarako literaturak zer jaso eta zer baztertu duen herentzia honetatik beste batetarako uzten dugun balantzea da. Komeni da, noizean behin, asaba zaharren baratzari behatzea. Euskaldun izateaz lotsatzen gaituzten gauzak aurkituko ditugu (Eleizaldek esana), eta baita ustegabeko sorpresak ere: "Irakaskuntza, Euskal Herri euskaldunean, euskaraz egin behar da, eta Euskal Herri erdaldunean, euskarak ikasgai izan behar du" (Luis de Eleizalde errepikan aipatuaren hitzak, "Cuatro Conferencias", Publicaciones de Editorial Vasca Eusko Argitaldaria, Bilbao 1919).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.