Guk ere hartu genuen gonbitea. Euskal Idazleen Elkarte bat omen sortzekoa, autoreen eskubideak zaintzeko etabar, ez da kontu berria. Aspalditik zebilen asmo hori hor barrena, PEN CLUBen apuntatu behar genuela ere esaten zen.
Gonbitea Euskaltzaindiaren Literatura Batzordeak egin zuen. Azaldu nahi genuen, baina joan ezina sortu zitzaigun. Badakigu ordea ez zirela autore guztiak gonbidatuak izan (liburu bat baino gehiago argitaratutako literato bat baino gehiago ezagutzen dugu, inolako gonbiterik jaso gabea). Biharamonean irakurri genuen prentsan bilera egin zela (hogeitamarren bat bildu zirela ere badakigu), eta Federiko Krutwig jauna (Euskaltzaindiko Literatura Batzordeko Burua) izan zeta hautatua Elkateraren Lehendakari.
Ez dugu maite deialdi hauen modua ez estiloa. Idazleen Elkarteak, idazleena behar du izan, ez zenbait idazlerena, zuhurrenak edo zaharrenak direlarik ere. Eta ez dugu batere maite gure (?) Elkartearen lehendakari bezela agertzea, kolega bati eta ez beraiei sari bat eman diotela eta lainezan hasten diren pertsonak (Teresita Irastortzaren pekatua inongo lehiaketetara presentatu gabe sari bat irabaztea izan zen; horregatik gelditu ote da gonbiterik jaso gabe? Badakigu ordea Krutwig jauna sarietara presentazalea dela, eta orain bi urte Donostiakoan bigarrena eman ziotenean, berak "saritua izateko esperantzarik gabe presentatu zela" esan zuen prentsan, "ordu pare batetan eginiko ipuina izaki". Alegia, lehiaketetara hamorratu hoiek erraz irabaziko diotela krutwigi, denborapasa egiten baitu berak literatura, eta ez baita sarietara saritua izateko presentatzen...).
Guk bestelako, oso bestelako sensibilitatea lukeen pertsona aukeratuko genuke lehendakari (Baina presa handia zuten Gipuzkoako Diputazioko Elkano gelan bildutakoek lanean hasteko, lehendakaria aukeratu behar zen...). Gure sensibilitatea behintzat halako tipoa hautatu dutenenaz arrunt desberdina da. Ez dugu Elkarte horretan geure burua oso gustora ikusten. Literatoen arteko arazotxoak? Bai noski, zer bestela? Federiko Krutwig jaunak ez du euskal idazleen izenean hitzik ateratzeko eskubiderik.