L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-1 (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Arotz txarraren kulpak

 

Balendin Garziarena

 

Jo nahi dio arotz txarrak iltzeari eta egurra hondatzen du, oholari ematen dio kolpea. Era berean, jo nahi diote alderdi agintariek ETAri eta, zenbaitetan behintzat, euskarak edo euskal kulturaren materiale hauskorrak hartzen du kolpea. Besterik pentsatu nahi genuke, alegia ez dagoela tamaina horretako zinikorik —bere antieuskalduntasuna joera itxuraz demokratikoekin babestu nahi duenik—, baina hartu zenbait kasu gogan eta halaxe dirudi. Beste modu batera esanda: UA bezalako talde bat Ajuariaeneako Mahaian ikusteak sortzen duen errezeloa areagotu egiten zaigu askori.

        Lehenengo kasua eliza batean gertatu zen. Apaiza batek euskaraz errezatu zuen ETAk hildako bi polizien hiletan, eta gorpu zeudenen adiskide batzuk protestaka eta alizatik ateraz erantzun zioten. «Normala», esango luke norbaitek, eta ni neroni ere prest nago gertatutakoa ulertzeko, zeren lagun hurkoaren oinazea ez aintzat hartzea miserablea bait litzateke. Baina PSOEko kargu batek protestarien portaera ontzat eman zuenean, hots, Estaduaren eta Gobernuaren ordezkari batek Euskara eta Terrorismoa uztarri berean jarri zituenean, orduan ez zegoen oinaze itsumenik, ez zegoen hasarre demokratikorik edo justiziarik; orduan arotz txar bat besterik ez zegoen ohola kolpatuz eta egurra hondatu nahian.

        Bigarren gertaera telebisioan ikusi ahal izan zen, edo zehatzago, Antena 3-ek Abuztuaren azken astean eman zuen La Clave programan. Bertan, zenbait ETAko presoren erantzunkizun zibilaz ari zirela, honoko hitz horiek bota zituen Sociedad Víctimas del Terrorismo delakoan buru egiten duen alargunak: «Resulta que un terrorista arrepentido que ha salido a la calle y ahora trabaja en una ikastola...». Berriro ere uztarri berbera, alde batean hizkuntza eta bestean ETA bezalako talde militar bat, euskaldunen gehiengoak arbuiatzen duena. Eta berriro ere arestiko gogoeta, hots, ez zela alargunaren planteamendua izan harrigarri, baizik eta programa hartako kazetari eta abarrek planteamenduari emandako baietza.

        Aldian behin artikuluak ateratzen dira prentsan ETAren aurkako erreakzio garbien eske; ea zergatik ez diren euskaldun askoren eztarriak ozenki protestaka hasten. Beharbada, arotz txarrari ere bota beharko zaizkio kulpak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.