L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-1 (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Metaforatik errealitatera

 

Beñat Garziarena

 

Munduko alde honetan dauzkagun arazo mingarri batzuk metafora soilen sasoitik datoz. Urte eta urtetan, diktaduraren mehatxua zela-ta, mututasuna izan zen nagusi eta ikararen ixiltasuna gehitu zitzaion kanposantuek ixuri zutenari. Ondoren, berriz, diktaduraren lehen ahulaldiarekin —1966, 1967—, metaforak zabaldu ziren: kaiolan zegoen txoria, itsaso aldean ageri zen izarra, bultzaka bota zitekeen «l'estaca» hura.

        Egia metaforek jendearen askatasun gogoa adierazten zutela, baina, bestalde, ihesbide eta nahasgarri ere baziren: konpromezu konkretu eta zailagoen ordez kantatzen zirelako, ihesbide; ideia eta interes oso deberdinetako jendeari batasun itxura bat ematen ziotelako, nahasgarri. Gainera, zoritxarrez, metaforak ez dira iristen, ez dira gauza errealitatearen milaka xehetasun, zimur eta tolesdura beraien baitan hartzeko; Euskal Herria errepresentatu ahal izateko txoria baino zerbait gehiago behar da.

        Gauzak hola, hil zen diktadura eta ia inork ez zekien zer, benetan eta zehazki, pentsatzen zuen; zeren, jakina, gauza bat baita frontoian Txori ttikia nintzelarik eztarria marrantatuz errepikatzea, eta bestea, erabat desberdina, Egin behar al da Nafarroan Euskadiri buruzko erreferendunik galderari tajuz erantzutea.

        Dudarik ez zehaztapenak etorri zirela eta jende askok —bere gezurtxo eta disimuloak alde batera utziz—, zegokion lekua hartu zuela. Baina, halere, metaforak ez ziren sobera urritu eta flakatu, eta pertsona multzo handi batek, txoria eta antzekoak gogoan, ez zuen aintzat hartu nahi izan errealitatearen konplexutasuna. Hori dela eta, asko kostatzen zaio nazionalismoari (Neither Spain nor France pankartak jartzen dituen nazionalismo bati, kasu) bere ezkertasuna frogatzea. Izanez ere, ezkerrari jokaera kritikoa dagokio, hots, aztertzailea, zehaztasunaren aldekoa, anti-metaforikoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.