L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-3 (1993-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Liburu honek ez du Eusko Jaurlaritzaren
diru laguntza jaso

 

Alizia Garziarena

 

Urteak dira euskarazko liburuetan «Liburu honek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du» edo antzeko esaldiak irakurtzeko ohitura dugula. Hala ere inor gutxik egin du, edo plazaratu, erreflesiorik gai horri buruz. 1992ko dirulaguntzak abenduaren 18ko boletinean ikusi ondoren, hainbat burutapen izan ditut. Esaterako, zergatik subentzionatzen ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak Desclee de Brouwe-Alfaguarak argitaratutako liburuak, hauek horretarako baldintzak betetzen ez dituztenean? (izan ere, hasierako esalditxo famatua ez dute inoiz jartzen). Edo zergatik baloratzen da gehiago sor lan literarioa (euskaraz produzitzen den arlo zabalena) dibulgazio liburua baino? Edo are grabeagoa, zergatik esaten da diru laguntza bat jasotzen dela, gezurra denean? Espainako gobernoak liburuak erosten ditu liburutegietarako eta horregatik liburu horiek ez dute «esalditxoa» eraman behar; Bretaina Handian ere gauza bera gertatzen da, eta Italian edo Egipton, Txile... Diru laguntza ematea ote da liburuak merkeago —Jaurlaritzak erabakitzen du prezioa— erostea liburutegietarako? Ez zen izan behar Jaurlaritzak berez egin behar zuen ekintza bat? Eskatzen ote diete «esalditxoa» erosten diren erdarazko liburuei? Baina esaldia gora behera, diru laguntzen politikak aldaketa bat behar du. Dauden premiak aztertu eta arlo horietan laguntza handiagoak eman eta normalizaturik dauden arloetan murriztu (liburutegietako erosketak aparte egongo lirateke, horiek ez dira laguntzak); esaterako, zazpi urtetik beherakoentzat ia ia ez dago euskaraz sortutako lanik, edo dibulgazio liburuak —azal gogorra eta koloretakoak—, horiek ere ez daude sortuak. Argazkigintzari buruzko libururik, edo bidai gidak, jolas egitekoak, e.a. falta zaizkigu. Horiek behar dute diru laguntza handia argitaratu ahal izateko. Abenduaren 18ko 243 liburuetatik 145 haur liburuak dira, eta 90 bat helduen literatura. Gainerakoak, zenbat dira?

        Hiru urte dira Torrealdaik utzi ziola euskal liburugintzaren aztertzeari. Eta harrez gero inork ez du bere gain hartu langintza hori. Badakigu ez dela lan samurra, azterketa sakona egin beharko litzatekeela eta hortik ateratzen diren beharren arabera banatu diru laguntzak ahul dauden esparru horiek indartzeko. Lan handia izan daiteke baina gu laguntzeko prest egonda ere, beste batek hartu beharko luke bere gain.

        Lehenago esaten genuen bezala, diru laguntzen politikak aldaketa bat behar du.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.