L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<garz0400>— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Pertsonaia miresgarria

Douglas Gifford

 

Maria Garziarena

 

Eskozian ezagutu nuen, St Andrewseko Unibertsitatean zeukan despatxuan. Gogoan daukat hasieran, lehen begi kolpean, ez nuela ezer apartekorik antzeman bere gela hartan: literatur espainola erakusten zuen profesore baten despatxua zen, espero zitekeen idazmahai, biblioteka eta abarrekin. Ordea pixkanaka beste hainbat gauza ikusten hasi nintzen, halako toki batean harrigarriagoak zirenak: egurrezko lauburu bat zegoen hemen, ikurriña txiki bat han, makila bat haruntzago, beste bat honuntzago, eta hormatik eskegita Euskal Herriko eskudo bat Zazpiyak bat lemarekin. Elkarri lehenengo agurrak eginda, eseri patxadan eta txikitako kontuekin hasi zitzaidan Gifford jauna. Kontatu zidan bere gurasoekin batera Frantziako hegoaldean pasatzen zituela udarako oporrak eta orduan izan zuela aurreneko aldiz euskaldunen berri. Orduan etxeratu omen zituen Euskal Herriko lehen oroigarriak, batipat makilak, makila landuak, despatxuan han eta hemen ikusten nituen haiexek. Giffordek hitzegin ahala, irudipen bat izan nuen, gero denborarekin baieztatuko nuena: aspaldi hartan Euskal Herriak umearen buruan utzi zuen irudia —irudi erromantikoa, dudarik gabe— ez zuela ezerk funtsean aldatu.

        Despatxuko leiho luzeetatik Castlecliff-eko zuhaitz lodi eta urtetsuak ageri ziren, haizeak astintzen zituenak. Hurbil-hurbileko itsasoaren orroea etengabe aditzen zen gure hitzen akonpainamendu bezala. Kemenez hitzegiten zuen Giffordek, nostalgiarik gabe, aurrera begira, nahiz ia-ia bere lanetik eta bere despatxu hartatik erretiratzeko zorian egon. Euskarazko klaseekin noiz hasiko ginen, hori zen bere kezka nagusia. Kexu zen euskara atzendua zeukalako, ez erabiltzearen poderioz. Nafarroako toponimiari buruz egin zuen tesiaz hitzegin zidan, Koldo Mitxelenarekin izan zuen adiskidetasunaz eta biek batera egin zituzten lanetaz. Harro kontatu zidan Pater noster txikia aurkitu zuela Nafarroan, eta bai aurreneko aldiz argitaratu ere M. Molhorekin batera. Denbora askoan berak eman zituen ST Andrewsko Unibertsitatean euskarazko klaseak; bere bitartez izan zuten Departamentu hartatik pasatako ikasle guztiek Euskal Herriaren berri. Horretaz eta beste hainbat gauzetaz hitzegin genuen lehen egun hartan, bere kabuz osatutako euskal gaiekiko liburutegia erakusten zidan bitartean, eta atarian itsasoak orroeka eta zuhaitzak dantzan segitzen zuten bitartean.

        Geroago jakin nuen Douglas Gifford-ek ondo pintatzen zuela, aditua zela antigual-objetuetan eta batez ere unibertsitateko koruaren zuzendari on zela. Ez zen nolanahiko korua, St Andrewseko hura. Han eta hemen ematen zituzten kantaldiak, eta oporretan Alemania, Holanda, Frantzia edo beste nonahira jotzen zuten kantatzera. Nik ere entzun izan nituen, Eskozian bertan, eta konprobatu nuen egia zela ziotena, alegia kantaldi guztiak kanta berarekin bukatzen zituztela, gure Agur Jaunarekin.

        Asmo asko zituen erretiroa hartzen zuenerako. Eskozian Euskal Etxe bat sortzeko ametsa ere bazuen. Bere asmo eta ametsak, berarekin batera joan ziren duela urte t'erdi. Euskaldunok beti egon ginen bere gogoan. Douglas Gifford egon bedi gurean sikiera une batez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.