L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-7 (1993-iraila) —<garz0722>




 

 

Utz ditzagun erromantikokeriak

 

Fermin Garziarena

 

Irlanda alde guztietan famatua dago bere bazterren edertasunaren kausaz, bere aintzira, hegi, ibai, mendi, zelai, oihan eta gazteluen kausaz. Turistak hoien egarriz hurbiltzen zaizkio, eta askotan uste izateko da begien aurrean agertzen zaizkien ikuskizunek baino areago, ikuskizun hoietaz irakurri dituzten liburuen oihartzunek dituztela miraz egonarazten. Funtsean, Irlandako miresgarriak literatura landu eta aberats batek sortuak dira, errealitatea modu berezi batean ikustarazten duen literatura batek. Literatura horren aditzerik ez duen batentzat, Irlanda neurri haundi batean bazter mortu eta soila izango litzateke.

        Aurkintze, herri edo nazio baten oinarrizko ezeria errainu erromantiko edo epikoz beztitzeko artea inoiz baino argiago agertu zitzaidan behin, Irlandako eremu gorri eta gabe baten aurrean nengoela, hartaz mintzo zen turismoko gidaliburu bat irakurri nuenean. Bazter guztia orotaz gabea zen, han-hemenka lapar triste batzuk arindutako desolazio zabala. Haizeak kupidagabe jotzen zuen, begiek ikusi ahala urrun ez zegoen ezer ohartzekorik, gizonaren aztarrena bakar bat ere ez, ez etxe, ez herri, ez bide ez inolako eskulanik. Kuriostua nengoen jakitez zer laudorio egin ote lezakeen gidaliburuak halako paraje bati buruz, eta irakurtzen hasi nintzen.

        Lekura iristeko argitasun labur batzuen ostean, hauxe zioen gidaliburu harek: «O'Kenly bailara, bere grabetasun trantsigarrian, nor bere baitan sartzeko aurkintze hauta da. Bere edertasun naturalaz gain, ordea, badu turistak jakin beharko lukeen beste ezaugarri interesanterik. Bere harrokak, paleozoikoko inarrosaldietan formatuak dira eta beraz 400 miloi urteko historia gordetzen dute».

        Ageri da holako gauzak kontsideratzera jarri ezkero munduko lekurik txatxarrenak ere Capella Sixtinak edo Txinako murruak bezalako ohore eta begiragarritasuna hartze lukeela. Ordea, edozeinek ulertu dezake badela hor tretu txar bat, tronperia ezkutu bat. Zertaz harrotu ez dagoenean, harrien zahartasunera jo. Engainu eta haurkeria hutsa.

        Pasadizu hori Irlandan, Irlanda ederrean, bizi ondoren, Euskal Herrira itzulirik gogoratu zitzaidan gure hizkuntzarekin egiten ari garena ez ote den antzerako zerbait. Ez Grezia, ez Erroma, ez Bizanzio, ez La Meca, ez Berpizkundearen hats sortzailearen bafadarik errezibitu ez zuen Irlandako lur zail eta dorpearen biluztasun monumentala bere harrien paleozoikotasunarekin estaltzea bezain joku trakets eta lohia dirudi batzuetan gure hizkuntzaren, euskeraren, mendez-mendeko ezeria intelektuala (liburu bidez adierazitako intelektoaz mintzo naiz hemen: elizek eta trionfazko arkuek herri baten bizitza artistikoaz informatzen gaituzten bezala, halaxe ematen dute liburuek herri baten atzartasun izpiritualaren berri), bere landertasun endogeno eta tematia, funtsezko tatxa hori, alegia, bere zahartasun preindoeuropeoaren errainu edergarriekin estali nahi izatea. Euskararen begiragarritasun eta balioa bere zahartasunean bilatzeak, bere adin haundiari egozteak, ez du zentzurik. Inor ez dugu tronpatuko hola eginez, Irlandako Tourist Office-ko arduradunek kasu hartan turista bakar bat ere engainatu ez zuten bezala. Turistek, kasu hartan, monumentuak ikusi nahi zituzten, edozelakoak izanik ere, baina giza-izpirituaren marka eraman zezan zerbait, izan zedin trikuharri bat, edo bataila baten oroitarria, edo independentziako gerlako atzindari baten sortetxea, edo nik dakita zer. Gisa berean, euskararekin egiteko duenak, bere zahartasunaz beste zerbait ikusi nahi luke, giza izpirituaren marka eraman dezan zerbait sormen lan berez begiragarri eta amiragarri.

        Hemendik atera behar den konklusioa da ez dugula zertan geure buruak lausengatzen jarraitu behar. Gure hizkuntzaren iragana, gaurko baremo kulturalekin neurturik —eta gaurko baremo kulturala, Mendebaldean behintzat, hitz idatzia da—, iragan hutsa izan da, aztarnarik utzi gabe altxatzen eta hiltzen den haize kolpe bat iduria. Haize kolpe horrek izan ditzala bi mila urte, edo hamar mila, edo ehun mila, gure gaurko eskakizun eta premia kulturalen eretzean gauza tribiala da, eta ez digu ezertarako balio. Beraz, behin eta betiko bota behar dugu bazterrera gauzak pisatzeko modu oker eta biziatu hori eta geure buruarekin kupidagabe jokatu behar dugu. Gaur arte euskarak ez dio munduari deus haundirik eman, eta alferrik da lorefika gaitezen deus ez emate horrek hamar mila urtez iraun duela jakinik. Noski, ez dugu gure iraganaz lotsarik izan behar (azken finean, hizkuntza baten berezko egitekoa ez da "munduari zerbait ematea", bere hiztunei komunikaziorako bidea eskeintzea baizik, eta alde horretatik begiratuta euskara beste edozein hizkuntza bezain egoki eta gai agertu da beti), baina, eraberean, merezi ez duen laudoriorik ere ez diogu egin behar, laudorio hoiek tontoak engainatzeko makinak baizik ez baitira —tontoak, kasu honetan, geroni garelarik, besteek ongi asko baitakite zer espero behar den hizkuntza batengandik. Bestela erreparatu zeinen trebe diren gure instituzio eta entrepresetako marketing-buruek tontoak engainatzeko makina hori esplotatzen euren iragarki eta idazkietan euskara erlikia prehistoriko bezala —hots, fosil ulerkaitz bezala— erabiltzen eta agertarazten dutenean.

        Iragana itxita dagoenean, bide bat baino ez da geratzen: oraina eta etorkizuna. Utz ditzagun erromantikokeriak alde batera, onar dezagun iraganean gutxi baizik ez dugula eman, eta saia gaitezen etorkizuna joriago eta emankorrago egiten. Hola eginez baizik ez dugu egunen batez laudorio zin eta egiazko bat merezi ahal izango.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.