L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Herri baten berezitasunak

 

Mariano José Garziarena

 

Hamaika modu ezberdin dago herri edo nazio bat nolakoa den edo izan den ezagutzeko. Normalean herri horren dohainak, berezitasun on eta aldekoak aipatzen dira beti. Beti ere azalpen positiboak, eta inoiz ere ez ukitu ezezko, txar edo konotazio negatibozkoak baldin eta azterketa hori ez badu, hain juxtu, beste nazio edo herri batek, sarri arerio denak, egiten.

        Betidanik aipatu izan dira, nahiz eta txisteetan izan, nolakoak diren ingelesak edota frantsesak, zein berezitasun klase duten japoniarrek txinoekin gonparatuz edota zerikusi gutxi (ala asko) duten, esate baterako, euskaldunak eta espainolak.

        Ez legoke, hala ere, alferrik herri batean gizarteak gaizki hartzen duen edozein portaera sozial nahiz indibidual kontutan edukitzea halako azterketak egiterakoan. Nola aldatzen den, esate baterako, nazio batetik bestera, mendetan zehar, gizarteak duen alkoholismo, homosexualitate edota suizidioari buruzko erizpidea.

        Har dezagun suizidioaren kasua Euskalerrian. Ugari eman ohi den gaitza (gaitza baldin hada) da gure artean aspalditik. Askotan entzuten dugu halako herritan halako mutilzahar harek bere buruaz beste egin duela edota beste gazte harek, garai batean esan ohi zen bezala, Jainkoari eskua kendu diola.

        Izan dira gure artean suizidioari buruz ikerketak egindako sendagileak ezezik jakintsuak ere, Julio Caro Baroja edo Aita Lafitte adibidez... Hauetako batzuk saiatu dira, horren arabera, "euskal izaera" esplikatzen, esanez, alegia, izaera hori nahiko berezia dela euskalduna oso barnekoi eta itxia delako. Nola izaera horrek erakartzen duen, euskaldunen kasuan eta nahi eta nahi ez, azken momentuan suizidioa beste gaitz guztien sendagarri. Eta gai honi buruz Baionan 1954ean egin zen Kongresuan bitxitasun apartekoak adierazi zituzten bertan bilduriko jakintsuek.

        Esate baterako, bere burua urkatu aurretik gizonezko euskaldunek beti txapela eranzten dutela. Beti lurrean uzten dutela txapela, ez dutela inoiz jazten txapela urkatzerakoan. Eta emakumezkoek ere, bere burua ibaira bota aurretik, oinetakoak ibaiertzean uzten dituztela beti, bata bestearen ondoan ongi parekatuta, txukun elkarren ondoan, eta gero uretara egiten dutela salto.

        Jakitunen eritziz ezin zaio esplikazio zehatzik aurkitu honi. Oso bitxia dela, hori bai; baina ezin diotela azalpen zientifikorik aurkitu. Badirudi, euskaldunengan suizidatzeko unerako badagoela "liturgia ad hoc" bat horretarako. Buruaz beste egiteko modu asko dago dudarik gabe baina badirudi erabiliena, euskaldunen artean, urkatzearena dela, hau delarik modu gogokoena adin guztientzako.

        Azkenaldi honetan gero eta gehiago erabiltzen dena zera da, ehiza eskopeta, oso oso gutxitan erabiltzen delarik pozoia. Esan bezala, emakume euskaldunek itotzearena (uretan) dute nahiago. Noizean behin, halan ere, urkatu kasuak izaten dira baina gehien bat uretan itotako kasuak ditugu.

        Eta ondorio bitxien artean hauxe esaten zen Kongresu hartan: suizidioa gehiago ematen dela Iparraldeko Euskalerrian Hegoaldekoan baino. Eta Espainiako partean lurralde guztietan suizidioen portzentaia antzekoa den bitartean Frantziako partean euskaldunak direla gehien suizidatzen direnak. Eta beste datu bitxia: jendeak agian jakingo du suizidio portzentaia haundiena Suezian ematen dela, baina jendeak ez du jakingo Euskalerriko Iparraldean Lapurdiko jendea dela gehien suizidatzen dena, portzentaia oso gertu dagoela Sueziak daukanetik. Eta behin Lapurdin, Ustaritz zonaldeak duela suizidio kasu gehien.

        Horregatik, erdi brometan, aita Lafittek deitzen zion Ustaritzi "Suizidioaren Hiriburua".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.