L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Herio I versus Herio II
edo Bataren eta Biaren artean gaudenak
ez gaude erdian, baizik eta leku guztietan

 

Banba Garziarena

 

Irteten du Herio Batek eszenariora, eta dio: Ni nolakoa naizen jakin nahi baduzue, begiratu aurrena Herio Biri, eta jakin justu haren kontrakoa naizela. Gogoratzen al zaizue Hipercor? Bada Herio Bik egin zuen hura. Gusanitos pakete bat erosi berria zuten umeak hil ziren han, eta goiz hartan pelukerian egondako etxekoandreak, neska zein mutil gazteak, senar emazteak; pentsatzen jarrita, nor ez ote zen hil han! Eta Andoainen zirtzilatu zuten 78 urtetako goardia hura? Gogoratzen al zaizue bailara guztiko baserritarrekin tratabidea zuen jubilatu hura, Herio Bik kotxebonbaz (kotxebonbaz, bai) erahil zuena? Eta ez al dizue penarik ematen gazte jende horrek, beraien burua errebeldetzat daukanak eta zinez kanaila bezala dabilenak, zeren eta kanaila izan behar baitu pertsona batek sekuestraturik dagoen ingeniari normal bati Julio, paga! esateko; lurrean erorita dagoen pertsonari txistua botatzea bezalako zerbait da hori. Bada gazte horiek ere, Herio Bik dauzka bere eskura; beraien inozentziaz abusatu eta bere inguruan jartzen ditu jiraka halanola zurrunbilo batek ibaiko txotx eta papertxoak... eta bide batez esanda, harritzekoa al da gero gazte horiek —hoolligan parafaxistak bezala— aurrean jartzen zaien guztia txikitzea, hain zuzen ere guztiona dena, publikoa dena, autobus publikoak, telefono publikoak, paperkutxa publikoak, baita museo publiko batean zegoen lokomotora bat ere; jakina, publikoa izan behar nahitaez txikitutakoa, zeren aberatsen auto ederrak gordeta eta bijilatuta egoten baitira. Eta, gauzak hola, harritzekoa al da halaber partiduak, sindikatuak eta gainerako erakunde errepresentatibo ia denak Herio Bi arbuiatzea? Hemen gogoeta hura ekar liteke gogora: Engaina dezakezu norbait askotan, engaina ditzakezu asko behin edo behin, baina asko askotan ezin engaina ditzakezu. Jarrai nezake, baina zertan ugaritu adibideak egia hain bistakoa denean? Bukatzera noa nire iharduna, beraz. Agur denoi. Ikusi duzue zein munstrotsua den Herio Bi. Hortik deduzitu ni zein ona naizen!

 

Irteten du Herio Bik eszenariora eta dio: Ni nolakoa naizen jakin nahi baduzue, begiratu aurrena Herio Bati, eta jakin justu haren kontrakoa naizela. Gogoratzen al zaizue Joxe Arregiri gertatu zitzaiona? Atxilotua izan zen, eta handik aurrera berarekin egin zutenaz pentsatze hutsak larria ematen du. Hil arte jo zuten. Latza izan da, esan omen zuen, baina Arregi baserritar jatorrikoa zen eta sendoa, erresistentzia haundiko mutila, eta gertatu zitzaiona latza baino gehiago ere izango zen. Bada hori Herio Batek egin zuen. Bere botere guztia hobeto eta gogorrago torturatzeko erabili zuen. Eta ez pentsa Herio Bat aldatu denik. Zergatik hil zen, bestela, Mikel Zabalza? Kasu hartan pentsatzeak ere bihotza erorika jartzen du. Zabalza ere atxilotua izan zen, eta handik egun batzuetara erreka batean itoa azaldu zen; barbaroak hobeto portatzen ziren nahi ez zituzten txakurrekin. Herio Batek, egun hartan, Ni ez naiz izan esan zuen zinismoz. Izan ere, hori da bere berezikeria, zinikoa izatea. Gogoratzen al zarete nola ibili ziren GAL-ekin? Bada lehenago Batallón Vasco-español-ekin bezalaxe. Batailoi hartakoak beti kotxe berberan ibiltzen ziren Andoaingo herritik, beti kotxe berdina hilketa baten aurretik (eta ze hilketak! Ansa mutil hura eta antzeko gizarajoak)... bada hotsegiten zuen jendeak poliziagana matrikula eta beste xehetasunak emanez, eta handik aste batzuetara kotxea berriro herrian, eta berriro beste hilketa bat, eta beste bat... Bada GAL-ekin berdin, apur bat disimulatuago baina berdin; tarteko batzuk harrapatu, bai, baina begira orain, begira zein lasai dabilen Amedo gau-lokaletan. Eta azken aldera, zer gertatuko eta Iantzi eta Kalparsororena. Betikoa. Herio Baten betiko krudeltasuna eta betiko zinismoa. Jarrai nezake, baina zertan ugaritu adibideak egia bistakoa denean? Bukatzera noa nire iharduna, beraz. Agur denoi. Ikusi duzue zein munstrotsua den Herio Bat. Hortik deduzitu zein ona naizen!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.